Emakume Langileen Nazioarteko Eguneko manifestazioak

Emakume  Langileen  Nazioarteko  Eguneko  manifestazioak

Announcement Date: 23rd otsaila 1917

Petrograden, otsailaren 23an (egun horretan  bai Errusian eta bai nazioartean Emakume Langileen Nazioarteko Eguna ospatzen zen, nazioartean martxoaren 8a zen, orduko errusiar egutegia 13 egun atzerago zihoan eta) manifestazio handiak izan ziren tsarismoaren kontra. Nahiz eta manifestazio hauek aurretik zetorren ezinegon handi baten jarraipena izan (urtarrilean “Igande Odoltsua” gogorarazteko mobilizazioak izan ziren eta otsailaren 14an greba izan zen Petrograden), eta tsarra kolpean ez bota, historiagileen arteko kontsentsuaren arabera, otsaileko iraultza egun honetako manifestazioekin hasi zen.

Aurreko egunetan, Gobernuak janari-murrizketak agindu zituen, eta erregai faltak fabrika batzuen itxiera ekarri zuen (otsailaren 21ean Putilov itxi zen). Otsailaren 21ean tsarra frontera joan zen, Bielorrusiako Mogilev hirira. Beste alde batetik herriaren  ezinegona gora zihoan, eta Emakumeen Nazioarteko Eguna (egutegi sozialistan egun garrantzitsua zena) egun aproposa zen halako ezinegona publikoki erakusteko: Viborg auzoko oihalgintza sektoreko emakume-langileak grebara deitu zuten. Bestetik, ogia lortzeko ilaretan istiluak ere sortu ziren (ilara horiek egiten zituzten gehienak emakumeak izan ziren, beraz, laster gehitu ziren Emakume Langilearen Eguna zela eta egiten ziren mitinetara). Aldi berean, Duman Kerenskik gosearen kontra kalera ateratzeko deia egin zuen. Eguerdirako, jada 50.000 emakume zeuden kalean, eta lantegiz lantegi joaten ziren langileak bertatik ateratzera (21 lantegi greban jarri ziren eguerdirako, eta eguna bukatzerako, %80 bat). Egun hartan, Richard Pipes historiagilearen arabera, 78.000 eta 128.000 pertsona atera ziren kalera Petrograden (Pipesek dio negu gogor baten osteko eguraldi onak jendea etxetik ateratzera lagundu egin zuela), eta Rex Waderen arabera, 90.000, Trotskik ere zifra hori baliozkotzen duelarik (arratsaldean, gizonezko langile batzuk gehitu ziren, batez ere greban zeuden metal-langileak). Hainbeste jende bildu ziren, ezen agintari militarrek tropei tirorik ez egiteko agindu zien, kasu askotan emakumeak izaten ziren poliziei ea herriari tiro egitera ausartuko ziren galdetzen zietenak, eta ezezko erantzuna jasotzean, protestariak adoretu egiten ziren (Okhrana polizia sekretuaren txotenen arabera, soldaduek ere ez zuten tirorik egin nahi). Zirkunstantzia honek (kontuan izanik Gobernu tsarista errepresiora ohitua zela), hurrengo egunetan gehiago atera zedin lagundu zuen (Orlando Figes historiagilearen arabera “Gobernuaren ahuldadea publikoki azaleratu zen”; Figesek zioen, kosako gehienak erreserbistak eta Petrograd ezagutzen ez zutenak zirela). Istilu gutxi izan ziren, denda batzuetan lapurretak besterik ez.

Historiagileen arabera, alderdi sozialistek ez zuten espero Emakume Langileen Nazioarteko egunean halako protesta handirik egongo zenik, fakzio guztiek errutinazko propaganda-mitinak prestatu zituzten (Kaiurov langile boltxebikeak, Viborgeko boltxebikeen arduradunak esan zuen alderdi sozialistek Maiatzaren Lehenaren aldeko apustua egin zutela mobilizazio handiak egiteko). Beraz, emakumeen protestak gainezka egin zien (Trotskik bat egiten du ikuspegi horrekin: “inori ez zitzaion bururatu Emakume Langileen Nazioarteko Eguna iraultzaren lehen eguna izango zatekeenik”). Egia bada ere, alderdi sozialistetako behe-mailako koadroek (batez ere emakumezkoek) grebaren alde agitatu zutela, eta lantegi batzuetan emakumeak kalera atera zituztela, greba ez zegoen inongo alderdi sozialistaren planetan (gainera, alderdiak zuzendaritza efektiborik gabe zeuden, euren zuzendari gehienak erbestean edo atxilo-aldian zeudelarik, ez zuten halako manifestazio espontaneo handi bat egun batetik bestera antolatzeko indarrik); adibidez greba hasi zen Viborg auzoko komite boltxebikeak aurreko egunean ahobatez erabaki zuen greba orokorrik ez deitzea eta “manifestazio diziplinatuak” egitea. Berezko energia hau azaleratzeak, alderdi iraultzaileak hurrengo egunetarako protesta egun gehiago konbokatzera animatu zituen. Egun honetan protestak, hasieran ekonomikoak ziren, ogi-banaketa bidezkoago baten aldekoak; baina Emakume Langileen Nazioarteko Eguna bezalako egun batean egin izanak, nolabaiteko zantzu politikoa eman zien, eta arratsaldean eskakizun politikoak entzuten hasi ziren. Hurrengo egunetan protestak erabat politikoak izango ziren.

(Argazkian, Petrograden Emakume Langileen Nazioarteko Eguna zela eta eginiko manifestazioen irudi bat).