Ekaineko manifestazioa

Ekaineko  manifestazioa

Announcement Date: 18th ekaina 1917

Ekainean guda inperialistaren jarraipenaren aurka eta Botere Sobietarraren alde burututako manifestaldi iraultzaile bat izan zen.

Hasieran, Alderdi Boltxebikeak, ekainaren 10erako manifestaldi armatu bat deitu nahi izan zuen (data horietan, Behin-behineko Gobernuaren asmoa, guda inperialistan beste ofentsiba militar bat egitea zen, bizia eman behar izango zuten soldaduek ofentsiba hori errefusatu egiten zuten arren), guda inperialistaren aurkako iritziaren indarra erakusteko. Manifestazioa deitzeko ideia maiatzaren 23an bota zuen lehen aldiz Erakunde Militar Boltxebikeak, eta ekainaren 1ean Erakunde Militar Boltxebikeak eta Kronstadteko Sobietak manifestazio armatu baten aldeko deialdia egin zuten. Ekainaren 6an hartu zuen Alderdi Boltxebikearen zuzendaritzak manifestazioa egiteko erabakia, eta ekainaren 8an Komite Zentra Boltxebikeak berretsi egin zuen (131 bozka alde, 6 kontra eta 22 abstentzio), manifestazioaren izaera baketsua izango zela esanez. Manifestazio-asmo horrekin bat egin zuen Mezhraionka erakundeak (oraindik ez zen alderdiarekin batu).

Baina aurreko egunetan gertatu izandako istiluak zirela eta (Viborg auzoan, Durnovo etxaldeko okupazioa zela eta), Errusia Osoko Sobieten Biltzar Nagusiak (oraindik ere, mentxebikeek eta eseristek gehiengoa zutelarik), manifestaldi hori debekatu egin zuen; eta Alderdi Boltxebikeak, Sobietekin talka ez izateko (oraindik euren indarrak kontziliatzaileen ondoan ez baitziren hain handiak), deialdia bertan behera utzi zuen. Boltxebikeek 11n bertan egin zuten adierazpenaren arabera, “manifestazioa egin ez bazen, ez zen Sobieten Biltzar Nagusiaren gehiengo mentxebike eta eseristak debekatu zuelako, boltxebikeok bertan behera utzi genuelako baizik (…) boltxebikeok, eseristek eta mentxebikeek konplot militar bat asmatuz kontrairaultzarekin bat egin zutela (…) eta langile iraultzaileak desarmatu nahi zituztela azalerazi nahi genuen”. Adierazpen hau ekainaren 12an irakurtzekoa izan zen, baina ordezkari boltxebikeari ez zitzaion hitz-txandarik eman. Tseretelik, ekainaren 11n bertan, egindako hitzaldi batean, boltxebikeek “Gobernua uzkailtzeko eta boterea hartzeko konplot gisa prestatutako manifestazioa zen hau” esan zuen, erabat faltsua zena (egia esan, Tsereteli beste mentxebike batengan, Sukhanovengan oinarritu zen akusazio horiek botatzeko), eta boltxebikeak “desarmatzeko” eskaera egin zuen. Akusazio horien aurrean Kamenev boltxebikeak Tsereteliri bere burua eskaini zion atxilotu zezan, akusazio horiek benetakoak baino demagogia zirela frogatuz.

Leninek 11n esan zuen “guk ez dugu gure borroka defensisten eta erreformisten “borrokarekin” koordinatuko (…) Guk gure propaganda askatasuna defendatuko dugu (…) Manifestazioa debekatzeko arrazoietatik bakarra jotzen dugu zuzentzat: kontrairaultzaileak ezkutatuta abantaila atera dezaketela. Baina kasu horretan Sobietak kontrairaultzaile horiek atxilotu beharko zituen”. Leninek Tsereteliren akusazioak “histeriazkotzat” jo zituen, eta Tsereteli bera “kontrairaultzailetzat” jo zuen, langileak desarmatzeko asmoa zuela salatuz; manifestazioaren izaera baketsua zela berretsiz. Artikulu hori batez ere oinarriko militante boltxebikeei zuzendu zien, hauek izan baitziren manifestazio armatua egin nahi zutenak eta bertan behera uztea atsekabez hartu zutenak (Petrogradeko Komite Boltxebikea manifestazioa bertan behera uztearen kontra zegoen, Petrogradeko Komiteak “Alderdi Boltxebikeak mugimendu honen zuzendaritza hartzea” nahi izan zuen).

Boltxebikeen presioa zela eta, Errusia Osoko Sobieten Biltzar Nagusiak, ekainaren 12an (Bogdanov eta Khintxuk mentxebikeen ahotik), ekainaren 18rako beste manifestaldi bat konbokatu zuen, lelo konkreturik gabe “Sobieten alde” aldarrikatuz; halere, boltxebikeak izan ziren manifestaldiarekin konprometitu ziren bakarrak, beraz, manifestaldi hori Botere Sobietarraren aldeko (eta zeharka Behin-behineko Gobernuaren, kontziliatzaileen eta batzuen zein besteen politika burges-inperialistaren aurkako) indar erakustaldi bat bihurtzea lortu zuten, Alderdiak masak bereganatzeko pausu garrantzitsu bat emanez. Boltxebikeek ekainaren 13an egin zuten bat manifestazio horrekin; Pravdaren arabera “18ko manifestaziora 10ean erakutsi nahi genituen leloen alde borrokatzera goaz”.

Stalinen (zeina alderdi barruan manifestazio honen antolatzaile eta bultzatzaile nagusia izan zen) datuen arabera, manifestazioa arrakastatsua izan zen: “jende eta bandera uholde bat (…) lantegi guztiak itxi egin ziren”. Djugaxvilik dioenez, “400.000 eta 500.000 artean agertu ziren manifestaziora” (Alexander Rabinowitch historialariak 400.000ko kopurua ematen du, eta Leninen “500.000 ingurukoa”). Bai Marsellaise zein Internazionala abestu zuten (bai iraultza demokratikoaren zein iraultza sozialistaren ereserkiak), baina pankarta gehienak boltxebikeen ildoaren aldekoak ziren: “Behera hamar ministro kapitalistak!” edo “Botere osoa Langileen Sobietentzat!”. Iraultzaile georgiarraren arabera, “manifestazioa erabat proletarioa izan zen, burgesen presentziarik gabekoa (…) ez zen desfile bat izan, manifestazioak protesta-izaera izan zuen”. Stalinek dioenez, “mentxebikeak eta eseristak ere ahaztu egin ziren (edo beldurtu egin ziren!) koalizioaren aldeko leloak eramateaz (…) eta lelo nahasgarriak eraman zituzten: “Zatiketarik ez!”, “Batasuna!”, “Gora Sobieta!” eta halakoak (…) Soilik hiru taldek eraman zituzten Behin-behineko Gobernuaren aldeko leloak: Jedinstvok, Bundek eta kosakoek, eta damutzeko parada ere izan zuten”. Sukhanov historialari mentxebikeak ere onartu zuen: “noizbehinka bandera boltxebikeen artean Biltzar Nagusiaren edo eseristen aldeko banderaren bat agertzen zen, baina segituan galtzen zen masan barrena”. Leninen arabera, manifestazio hau “Errusiar Iraultzaren historian biraketa historiko bat izango da (…) langileria iraultzailea iraultzaren norabidea markatzen ari delako”.

Manifestazioak Sobieten Kongresuko lehendakari Txkheidzek Khaustov boltxebikea aske uzteko hitza ematea lortu zuen. Azkenean Khaustov anarkistek hurrengo egunean (ekainaren 19an) kartzela bat asaltatu ostean askatu zuten. Hurrengo egunean baita Petrograden eskuineko manifestazio bat egin zen, askoz ere txikiagoa, eta Gobernuak Durnovoren etxaldea asaltatzeko erabakia hartu zuen.