Durnovoren etxaldearen okupazioa

Durnovoren  etxaldearen  okupazioa

Announcement Date: 19th ekaina 1917

Pavel Durnovo tsarraren barne ministro ohi atzerakoi eta gorrotatuak Petrogradeko Viborg auzoan zuen etxaldea Otsailean Viborgeko zenbait langile erakundek (sindikatu anitz), anarkistek zuzendurik, okupatu egin zuten. Ekain bukaeran polemika bat piztu zen, eskuineko prentsak Viborgeko etxalde hartan orgiak egiten zirela eta dena zikin-zikin zegoela eta eskandalu bat egin zuelako. Ekainaren 8an, Sobieten Biltzar Nagusiak Durnovoren etxaldearen okupazioa onartezina zela esan zuen Abraham Gots eseristaren ezpainetatik eta ultimatuma ezarri zuen, baina anarkistak Gobernuaren tropen aurka defendatu zuten euren gunea (Gobernuak bere burua justifikatu zuen Justizia ministro Pereverzeven hitzekin: bere arabera, Gobernuak ez zien etxaldea langile-antolakundeei kendu nahi, “anarkista batzuk atxilotu” baizik). Viborgeko langileak okupazioa desalojatzearen kontra zeuden, eta honek Gobernuaren (eta Sobietaren zuzendaritzaren) eta langile armatuen arteko tentsioa handitu egin zuen, tartean, Sobieten Komite Exekutiboak Viborgeko langile armatuak “Kontrairaultzaren gaizkidetzat” jo zituelarik. Azkenean ekainaren 19an Gobernuak Durnovoren etxaldea hartu zuen 59 pertsona atxilotu zituelarik (hildako anarkista bat ere izan zen), baina 21ean, Viborgeko langileek greba orokorrarekin erantzun zuten. Ekainaren 23an Kronstadteko marinelek atxilotutako anarkistak askatzeko eskatu zuten, bestela indarra erabiliko zutela eta.

Operazio hau, Gobernuak boltxebikeek Petrograden ekainaren 10ean egin behar zuten manifestazioarekin lotu zuten, Durnovoren etxaldean ekainaren 8-9an gertatutako istiluak manifestazio-asmo haren kontrako psikologia eragiteko egin zuten. Gainera, ziurrenik, ekainaren 19ko etxe okupatuaren kontrako erasoa, aurreko eguneko (18ko) manifestazioan boltxebikeek lortutako arrakasta politikoa itzaltzeko modu bat izan zitekeen.

Esan beharra dago Durnovoren etxaldean ez zegoela inolako orgiarik ez eskandalurik, Gobernuaren fiskala hara iritsitakoan, bere txostenean Durnovoko okupazioaren zerbitzuak (bulegoak, liburutegiak, umeentzako jolastokiak) eta ordena eredugarriak zirela idatzi zuen.

(Argazkian: Durnovo etxaldearen irudi bat, okupazioa gertatu aurretik).