Dumako Kideen Komitearen sorrera

Dumako  Kideen  Komitearen  sorrera

Announcement Date: 27th otsaila 1917

Izen osoa “Norbanakoekin eta Erakundeekin Harremanak Arautzeko eta Hiriburuan Ordena Berrezartzen Laguntzeko Dumako Kideen Behin-Behineko Komitea” izena zuen organo hau otsailaren 27an sortu zen; joera liberaleko (bai kadeteek, zein oktubristek, zein alderdi nazionalistakoek; eta baita ere bi sozialistek, Kerenski eseristak eta Txkheidze mentxebikeak) Dumako diputatu batzuek osatutakoa. Dumako lehendakari Rodziankok aurreko egunean egin zuen halako komite bat sortzeko deialdia. Komite hau, tsarrak Duma protestak bukatu arte disolbatzeko aginduaren ostean, Dumako kide batzuek uko egin ostean sortu zuten, kalean zeuden protesten aurrean nolabaiteko ordezkaritza izateko (kalean zeuden protestari asko Dumaren egoitza zen Tauride jauregira hurbildu ziren botere har zezaten eskatzeko). Beren lehendakaria Mikhail Rodzianko oktubrista zen, Dumako lehendakaria ere bazena. Erakunde hau, aurreko urteetan, monarkia konstituzional bat ezartzeko Estatu-kolpe edo jauregi-kolpe (“goitikako iraultza” edo “aretoetako iraultza”) planetan murgildutako (eta berez Gortearekiko aurkakotasun handia zuten, gehienak monarkikoak izan arren) politikariek osatzen zuten. Kide askoren asmoa, hasiera batean, Nikolai IIak monarkia konstituzional bat onartzeko konbentzitzea zen (Mikhail Rodziankok otsailaren 26an bertan tsarrari “Dumaren konfidantzan oinarritutako Gobernu bat” izenda zezan eskatu zion telegramaz, Nikolaik ez zion kasurik egin, eta gainera “gizen trakets” deitu zuen Rodzianko), baina kalearen botereaz jabetuta, hura ezinezkoa zela kontutan izanik, beste konstituzionalismoranzko joera handiagoa izan zezakeen beste tsar batez ordeztea izan zen. Historiagile ezberdinen arabera (Orlando Figes edo Richard Pipes) halako izen luze eta anbiguoa, euren asmoak garbi ez izatearen adierazle zen. Hala ere, Nikolaik berriz ere parlamentarismoari uko egin zionean, otsailaren 27an, Komite honek bere burua de facto Gobernu bezala izendatzea erabaki zuen. Bestetik, Nikolairen ukoek eta errepresioa erantzun bakar gisa agintzeak, bere hurbileko jeneral batzuek atsekabetu zituen, hauek tsarraren dimisioa eskatzera pasa zirelarik. Gainera, otsailaren 27an Gobernu tsaristak ofizialki dimisioa eman zuen, honek, Vasili Xulgin eskuindarraren arabera, Komitea boterea hartzeko adoretu zuen “ministrorik ez badago, norbaitek hartu beharko du euren tokia”. Otsailaren 27an bertan Komite honek ministro ohi hauek atxilotzea agindu zuen. Otsailaren 28an Behin-Behineko Komiteak soldaduak koarteletara itzultzea erabaki zuen, hala ere, Sobietak bermeak eman ostean (“Lehen Dekretua”) soilik itzuli ziren.

Dumako Kideen Komitea, Behin-Behineko Gobernuaren nukleoa izan zen, izenez behintzat, hala ere, egun batzuez hala aurkezteari uko egin zion, eta “komite pribatu” bezala aurkezten zuen bere burua. Bi arrazoi egon zitezkeen horretarako: bata, iraultzak porrot eginez gero jazarpen juridikoa saihesteko, eta bigarrena, aintzatespen falta (edo irakurketa batzuen arabera, botereari beldurra; Figesek azaltzen zuen moduan “legearen atzean ezkutatzeak, Komite honetako kideak saiatu bezala, ez du balio iraultza gertatzen denean, iraultzak berez ilegalak baitira”). Kontuan izanik otsailaren 27an bertan Petrograden beste organo ordezkatzaileago bat sortu zela, Petrogradeko Sobieta hain zuzen, honekin negoziatu behar izan zuen “Gobernu” gisa aintzatetsia izateko. Martxoaren 1ean izan ziren negoziazio horiek, eta Sobietak aurkeztutako programa onartu behar izan zuen, baita ere honek aurreko egunetan egindako legeak (“Lehen Dekretua”; adibidez). Gainera, Dumako liberalek, monarkia konstituzionalari uko egin behar izan zioten: gai hori (Herriak monarkiari zion gorrotoa zela eta), “Asanblada Konstituziogilearen erabakiaren menpe” uztea negoziatu zuten bi aldeek.

Komite honetako kide bi, Aleksandr Gutxkov eta Vasili Xulgin izan ziren tsarrari abdikatzeko esatera hurbildu zitzaizkionak, martxoaren 2an honen abdikazioa jasoz.