Direktorio-Gobernua eratu da

Direktorio-Gobernua  eratu  da

Announcement Date: 1st iraila 1917

1917ko irailaren 1ean Kerenskik Gobernu berri bat sortu zuen, bost kidez osatutakoa.

Bost kideko Gobernu honek Korniloven kolpearen krisian, eta are aurrerago zituen erroak. Izan ere, Kerenski hein handi batean ados zegoen Korniloven planteatutako erreformekin, nahiz eta Kornilov berak zuzentzearen kontra egon (parte batean, zuzendari bietako nor izan behar zen inguruko eztabaidak eraman zuen bien arteko talkara, edo “Estatu-kolpera”). Erreforma horiek, Gobernuburuan zentratutako botere politiko indartsu bat aurreikusten zuten; eta Kerenski Korniloven kolpearen aurretik programa hori ezartzera konprometitu zenez, halako direktorio-Gobernu bat izendatzea logika horretan sartzen zen. John Reed kazetariak beste interpretazio bat eskaintzen digu, bere arabera “Kerenskik kadeteekin Gobernua errepikatu nahi zuen, baina Alderdi Eseristak ezezkoa eman zion, eta Kerenskik dimititzearekin mehatxatu zuen (…) Gobernu berriaren osaketaren arazoa konpondu artean, bost kidetako behin-behineko direktorioa osatu zuen”.

Direktorio berrian, Kerenskiz gain, Guda ministro gisa Aleksandr Verkhovski jenerala, Itsas-Armadarako ministro bezala Dmitri Verderevski almirantea, Kanpo Arazoetarako ministro bezala Mikhailo Terextxenko alderdirik gabeko liberala eta Posta eta Telegrafoen ministro bezala Aleksei Nikitin mentxebikea ageri ziren. Armadaburu Kerenskik berak jarraitu zuen, abuztuaren 29an hala izendatua izan zelarik, eta Mikhail Alekseiev Estatu Nagusiko buru izendatu zuten (hasierako asmoa Alekseiev armadaburu izendatzea izan zen, baina Alekseievek ez zuen postu hori nahi izan, are gutxiago Kerenski-Kornilov krisian izendatzekoa bazen). Sobieten VTsIKek irailaren 2an onartu zuen Direktorio-Gobernua.

Stalinen arabera, Gobernu honek “kadeterik ez badu ere, hori kadeteekiko erabateko menperakuntza disimulatzeko amarru bat da”. Stalinek, Gobernuan gehien agintzen zuen gizona Mikhail Alekseiev militarra zela salatu zuen (hala ere, irailaren 10ean Nikolai Dukhonin jeneralak Alekseiev ordeztu zuen Estatu Nagusiko buru bezala). Stalinen arabera “datorren konferentzia berriak (Konferentzia Demokratikoak) direktorio honen eta demokrata konstituzionalisten arteko akordioa “zilegiztatuko” du”. Stalinek deitoratzen zuenez, “krisia dagoen bakoitzean, alderdi burges-ttipiek burgesiarekin akordioa eginez konpontzen dute (…) are Korniloven krisian zehar hiru egunez alderdi burges-ttipi horiek demokrata konstituzionalisten traizioak intzirika aritu izan baziren ere”. Stalinen ustez Direktorio-Gobernuarekin, eseristek eta mentxebikeek apirileko eta uztaileko krisietan egin zuten bera egin zuten: boltxebikeekin alderdi sozialista guztien akordio bat sinatzea baino, burgesiarekin akordioa sinatu. Trotskiren arabera, burgesiarekiko menperakuntza burgesiak eskatu ondoren Gobernutik Txernov botatzeak erakusten zuen. Leninen arabera, Direktorioa “Kornilovekin kasualitatez haserretutako kornilovzaleen Gobernu bat da”.

Direktorio Gobernuak, irailaren 1ean Errusia ofizialki errepublika bezala izendatu zuen. Ohiko usteak, otsaileko iraultzarekin eta tsarraren dimisioarekin batera Errusia errepublika bilakatu zela hedatu badu ere, egia esan, otsail-martxoan Estatu-forma ofizialki ez zen definitu: irailean Kerenski izan zen Errepublika aldarrikatu zuena. Direktorio-Gobernuak Duma ere disolbatu zuen. Direktorioak, “Gobernu indartsuaren programari” jarraiki, irailaren 4an “gobernuz kanpoko komiteak” (hau da, Korniloven kontrako borrokarako sortu ziren komiteak) debekatu egin zituen. Hala ere, neurri hori erabat formala izan zen: Kerenskik ez zuen ia indar politikorik eta ezta ere bere autoritatea ezartzeko modurik, are gutxiago Sobietak erradikaltze prozesu betean sarturik zirenean.

Gobernu honek, irailaren 25a arte iraun zuen, egun horretan, Konferentzia Demokratikoak  Gobernu berri bat, berriz ere sozialisten eta liberalen arteko koaliziozkoa eratzea onartu zuelako.