Boltxebikeen kontrako jazarpena

Boltxebikeen  kontrako  jazarpena

Announcement Date: 6th uztaila 1917

Uztaileko krisiaren manifestazioak zirela eta, Gobernuak boltxebikeak egin zituen errudun. Uztailaren 5ean bertan, Polovtsevek gidatutako junker tropek,  Pravda eta Soldatskaia Pravda egunkariak eta Trud inprimategia itxi egin zituzten, eta uztailaren 6an Alderdi Boltxebikearen egoitzan sartu ziren eta hiru zuzendariren kontrako (Lenin, Zinoviev, Kamenev) kontrako atxilotze agindua eman zuten. Horrez gain, legez kanpoko jazarpena ere hasi zen, izan ere, kalean poliziak eta paramilitarrek langile boltxebikeak jotzen baitzituzten. Bestetik, matxinoak edo ezkerrekoak izan zitezkeen armadaren unitateak ere disolbatu egin zituzten.

Listok Pravdi (“Pravdaren Orrialdea”) garai horietan boltxebikeen euren posturak adierazteko ad hoc atera zuten argitalpen bat.

Stalinen arabera (uztailaren 23an idatzi zuen “Kontrairaultzaren garaipena” artikuluan dakarren moduan), kanpaina honen abiatzaileak demokrata-konstituzionalistak izan ziren, eta Sobieteko zuzendariek eta hauen alderdiek kadeteen eskakizunak betetzera mugatu ziren. (Esan beharra dago, uztailaren 4ean Stalinek berak Sobieten lehendakari Txkheidzerekin negoziazioak burutu zituela, gezur hauek prentsan atera ez zitezen. Uztailaren 5ea, Txkheidzek deituta, egunkari gehienek gezurrak argitaratzeari uko egin zioten –eskuin muturrekoak ezik- baina hurrengo egunetan gezurren hedapenean egunkari eta alderdi gehiagok hartu zuten parte). Boltxebikeek egunkari berriak (Rabotxi i Soldat, edo Listok “Pravdi” (“Pravdaren Orrialdea”, adibidez) sortu behar izan zuten, ilegalizatu gabeko beste egunkari batzuek erabili behar zituzten (Rabotnitsa (“Emakume Langilea”) feminista, edo Kronstadteko boltxebikeena zen Proletarskoie Dielo (“Kausa proletarioa”)) eta kasu batzuetan euren adierazpenak Maksim Gorki idazlearen Novaia Zhizn egunkaria atera behar izan zituzten adierazpen batzuk. Prentsa boltxebikearen kontrako jazarpen hau, uztailaren 6an Ivan Voinov mlitante boltxebikea Listok “Pravdi” banatzen ari zela tiroz hiltzea izan zen.

Uztailaren 6an Leninen eta beste zuzendari boltxebike batzuen kontrako atxiloketa agindua heldu zen. Alderditik kanpo, Mezhraionka taldeko kide batzuk ere atxilotuak eta kartzelaratuak izan ziren, Trotski eta Lunatxarski, adibidez. Leninek hurrengo bost egunetan hiru aldiz aldatu behar izan zuen etxez (Stalinek gidaturik). Leninek eta Zinovievek alde egitea erabaki zuten (Simon Sebag Montefioreren arabera, uztailaren 12an atera ziren Petrogradetik Finlandiara; Robert Serviceren arabera, 9an), eta beste zuzendari boltxebike batzuk, Kollontai eta Kamenev adibidez, atxilotuak izan ziren.

Bestetik, boltxebikeen kontrako difamazio kanpaina bat hasi zuen Gobernuak, alemaniarren dirua jasotzen zuela eta (ordura arte, Lenin trenez itzuli zenean baita, akusazio hauek apenas ziren entzunak edota esanak, uztailetik aurrera hedatu ziren susmo horiek). Kanpaina horren buru, Pavel Pereverzev Justizia ministroa (“alderdirik gabeko sozialista”) eta Grigori Aleksinski, Jedinstvoko kidea (Boltxebike ohia) aritu ziren. Richard Pipes historiagile antiboltxebikeak (Uztaileko Krisia boltxebikeen Estatu-kolpe saiakera bezala deskribatzen dituenak) ere onartzen du Pereverzeven akusazioak faltsuak zirela, eta Gobernuaren “erreakzio desesperatu” bat izan zirela.

Stalinek uztailaren 10ean “Nor da erantzulea?” deitutako artikulu batean azaldu zuen moduan “mentxebikeek eta eseristek, langile iraultzaileekin baino nahiago izan zuten kadeteekin eta kosakoekin bat egitea (…) eta ezkutuan zegoen kontrairaultza publikoki agertu zen”. Izan ere azken hauek izan ziren kanpaina bortizkeriara eraman zutenak, aurrekoek “zilegitasuna” eman zutelarik. Leninek esan zuenez “boterea kontrairaultzaren ondora pasa da, botere bikoitzaren aroa bukatu da (…) burgesiak, Cavaignac antzeko militarrek eta kosakoek dute boterea, eta euren menpe dituzte eseristak eta mentxebikeak (…) Tsereteli eta Txernov botererik gabeko ministroak dira”. Uztailaren 14an, Sobieten Komite Exekutiboaren bilera batean, “traizio-elementuak (hots, boltxebikeak) salatzea” erabaki zuen gehiengo mentxebike-eseristak, eta boltxebikeak VTsIKetik botatzea erabaki zuen. Uztailaren 15ean boltxebikeak Sebastoolen eta Kieven ere erasotu zituzten eskuindarrek.

Petrograd eta Kronstadtetik at ere egon ziren boltxebikeen kontrako jazarpenak: uztailaren 7an Baltikoko itsas-armadako marinelen ordezkariak atxilotu zituzten, eta uztailaren 11an Sestrorietskeko langileak, boltxebikeak zirelakoan. Boltxebikeen kontra izateaz gain, Txernov nekazaritza ministroaren kontra ere egin zuen kanpaina honek, bere gudaren aurkako iraganeko postura zela eta. Stalinen arabera, “boltxebikeak ez ziren erakundeak ere jomugan jarri zituzten (…) Metalgintza Sindikatua asaltatu zuten, baita ere auzo bitako erakunde mentxebikeen egoitzak, Petrogradeko Sobieteko Sakharov diputatua atxilotu zuten (…) Komite Exekutiboa atxilotzeko zurrumurruak ere entzun ziren”. Gainera, horrez gain, Behin-Behineko Gobernuak Finlandiako Sejm parlamentua itxi egin zuen.

(Argazkian: Lenin, orduan hes egiteko erabili zuen mozorroarekin. Stalinek moztu zion bizarra. Pasaporte faltsu bat ere erabili zuen “K. Ivanovitx” izenarekin).