Boltxebikeek Kxesinskaiaren jauregia okupatzen dute

Boltxebikeek  Kxesinskaiaren  jauregia  okupatzen  dute

Announcement Date: 13th martxoa 1917

Martxoaren 13an, boltxebikeek, Petrograden Matilda Kxesinskaia (polonieraz, Matylda Krzesińska) poloniar ballet-dantzari prima ballerina ospetsuaren eta Nikolai IIaren maitale ohiaren jauregia eurena egin zuten. Beraz, sinbolismo handiko tokia zen.

Aurretik, Komite Zentral Boltxebikea Petrogradeko Lan-Burtsaren eraikinean zegoen, han bi gela zituelarik. Toki hori txikiegi geratzen zitzaion alderdiari. Hala ere, okupazioa ez zen planifikatua izan. Otsaileko Egunetan, masak jauregian sartu eta egun batzuk geroago (beraz, jauregia irekita zegoela), Petrogradeko goarnizioko dibisio bat, ibilgailu militarren dibisio bat sartu zen bertan. Dibisio hori boltxebikeen hurbilekoa zen, eta Kxesinskaiarenean, etxe honek garaje handi bat zuelako sartu zen, Behin barruan, Komite Zentral Boltxebikeari eta Petrogradeko Komite Boltxebikeari idatzi zion unitate horrek, jauregira gonbidatuz. Martxoaren 13an joan ziren boltxebikeak Kxesinskaiarenera; bertan, Alderdi Boltxebikeaz gain, Erakunde Militar Boltxebikea eta Pravda Irakuketa Kluba ere ezarri ziren. Zuzendari boltxebike batuzk bertan bizi ziren, Lenin bera ez, nahiz eta egunero han lan egin. Sinbolismoaz gain, Kxesinskaiaren jauregia oso ondo kokatua zegoen, Viborg auzo langiletik gertu, Petropavlovsk gotorlekutik gertu eta Troitski zubitik gertu (zubi honek Neguko Jauregira zeraman).

Kxesinskaiaren Jauregiaren balkoitik bota zuen Leninek Errusiara itzuli zeneko lehen hitzaldia, eta bertara egin zuten Uztaileko Egunetan langileen Alderdi Boltxebikeari euren alde egon zezan konbentzitzen saiatzera.

Uztaileko Egunen ondoko errepresioan, Behin-Behineko Gobernuaren tropak Kxesinskaiaren Jauregian sartu ziren, eta boltxebikeei egoitza kendu zieten (ia-ia ez zen erresistentziarik egon egun hartan), nahiz eta uztailaren 5ean Mikhail Liber mentxebikeak halakorik gertatuko ez zela agindu zion Stalini (boltxebikeek Kronstadteko marinelak Kronstadtera itzularazi eta Petropavlovsk gotorlekua laga behar zuten trukean). Baina uztailaren 6an Behin-behineko Gobernuaren aldeko tropek Kxesinskaiarenea asaltatu zuten. Stalinek berriz negoziatu behar izan zuen, erresistentziarik egon ez zedin, izan ere, Behin-Behineko tropek artilleria astuna bideratu zuten boltxebikeen egoitzara. Boltxebikeak erdi-klandestinitatera pasa ziren, irailaren azken egunetan Smolni Institutuan egoitza finkatu zuten arte.

Eskuineko prentsak Kxesinskaiaren jauregia edota bertako ondasun asko langile boltxebikeek arpilatu, zikindu, suntsitu eta abar egin zutela esan zuen. Egia esan, jauregi hau 1917ko otsailean arpilatu zuten masek, otsaileko egunetan; beraz, masa bortizkeria espontaneoagatik

izan zen, ez Alderdi Boltxebikeak zuzendutako bortizkeria. Boltxebikeak arpilaketa horren ondoren iritsi ziren Kxesinskarenera.

(Argazkian, Leninen lan egiteko gela Kxesinskaiaren Jauregian)