Boltxebikeak kartzelatik ateratzen hasi dira

Boltxebikeak  kartzelatik  ateratzen  hasi  dira

Announcement Date: 4th iraila 1917

Boltxebikeak, Korniloven kontrako borroka antolatu ostean, eta Goardia Gorria berriz armatu ostean, Alderdi bezala errehabilitatuta geratu ziren. Gainera, argi zegoen, abuztuaren 31ko bilerak erakutsi  bezala, Petrogradeko Sobietean gehiengoa zirela. Hori zela eta, egoera berrian, zuzendari boltxebikeek kartzelan jarraitzea anomalia bat bihurtu zen, hain zuzen ere boltxebikeak jada Petrograden indar gehien zuten alderdia zirelarik.

Lev Trotski, orain boltxebikea zena (kartzelan sartu zenean Mezhraionkako kide zen) 1917ko irailaren 4an atera zen kartzelatik, Vladimir Antonov-Ovseienkorekin, Nikolai Krilenkorekin eta Pavel Dibenkorekin batera. Antzeko datetan atera zen Liev Kamenev espetxetik. Boltxebike batuk lehenago atera ziren: Anatoli Lunatxarski bermea ordainduta abuztuaren 14an atera zen. Aleksandra Kollontaik ere bermea ordaindu zuen eta abuztuaren 21ean atera zen, baina etxeko atxilo-aldian egoteko; soilik irailaren 9an lortu zuen askatasuna. Kollontaik, etxeko atxilo-aldian egon artean, Avksentiev Barne-ministroak jarritako bi polizia zituen ihes egin ez zezan zaintzen. Fiodor Raskolnikov urrian atera zen.

Uztailean kartzelaratutako “bigarren lerroko” beste boltxebike asko ere kartzelatik atera ziren garai hartan: Semion Roxal, Juri Kotsiubinski, Konstantin Menokhoxin, Khaustov, Unxlikht, Khovrin, Daxkevitx, Vixnevetski…

Boltxebike hauek kartzelatik atera ostean, askatasunean ez zeuden zuzendari boltxebike bakarrak Lenin eta Zinoviev ziren, biak ihesean zeudela.

(Argazkia: Aleksandra Kollontai eta Pavel Dibenko, garai hauetan kartzelatik atera ziren boltxebikeetako bi).