Boltxebikeak Aurre-parlamentutik ateratzen dira

Boltxebikeak  Aurre-parlamentutik  ateratzen  dira

Announcement Date: 7th urria 1917

Urriaren 7an boltxebikeek aurre-parlamentutik ateratzea erabaki zuten. Aurre-parlamentutik aterako zirenaren adierazpena Trotskik irakurri zuen, eskuineko, eseristen eta mentxebikeen ordezkariek etengabe mozten eta iraintzen zutelarik. Urriaren 7koa, Aurre-parlamentuak “konposaketa berriarekin” burutzen zuen lehen saioa izan zen, hau da, ordezkari burgesak onartu osteko lehen saioa.

Erabaki hau, egia esan, Alderdiaren barruko korrelazio indarren aldaketa bat zela eta eman zen. Konferentzia Demokratikoaren garian, Alderdiaren gehiengoa Lev Kamenevek ildo “parte hartzailearekin” bat zegoen; eta han parte hartzearen inertziak, Aurre-parlamentu hau deitzerakoan, oraindik ildo hau nagusi izatea zekarren. Leninek boikotaren alde egitea erabakigarria izan zen boikotaren aldeko fakzioa gailendu zedin (egia esan, irailaren bigarren hamabostaldia, Leninengan, Konferentzia Demokratikoan parte hartzea akatsa ote zeneko ideia nagusitzen hasi zen). Leninen arabera, egoera hain polarizatua zegoen, ezen kontrairaultzaren aurka egiteko modu eta berme bakarra iraultza sobietarra zen, eta berehalako matxinadaren alde agitatzen hasi zen. Richard Abraham eta Alexander Rabinowitch historiagileen arabera, Aurre-parlamentuan kooptazioz (eta ez aukeraketaz) ordezkari burgesak onartzeak Alderdi Boltxebikearen barnean korrelazioa aldatzea ekarri zuen: Trotskik dioenez erabaki hori “urriaren 5ean hartu genuen (…) Komite Zentral Boltxebike ia osoa alde agertu zen, soilik Kamenev mantendu zen hasierako postura parte hartzailearen alde”.  Trotskik gogoratzen zuen moduan, aurreko egunean, urriaren 6an, Petrogradeko Sobieteko soldaduen sekzioak, gobernuaren ebakuazio planez “Gobernuak Petrograd defendatu ezin badu, bere lekua beste Gobernu bati utzi beharko ziokeen” zioen ebazpena aurkeztu zuen. Halako adierazpena batek langileen eta euren ordezkariek eta Gobernuaren arteko zanga zein handia zen bistaratzen laguntzen zuen. Hala ere, aurretik bazeuden Aurre-parlamentua uztearen aldeko ahotsak: irailaren 27an Reval hiriko (egun Tallinn) Sobietak Aurre-parlamentuaren disoluzioa eta Sobieten Biltzar Nagusiaren deialdia eskatu zuen.

Leninek hasieratik egin zuen boikotaren alde, irailaren 23an jada esan zuen boikota egin behar zela, eta “gure Alderdiko goi-mailetan dauden zalantzak” deitoratu zituen. Egia esan, Lenin, hurrengo egunetan ez zen asko luzatu Aurre-parlamentutik ateratzearen kontuarekin, Alderdiari behin eta berriz gogorarazi zion “Matxinada iraultzailea berehala” prestatu behar zela, eta “Konferentzia demokratikoan” parte hartzearen akatsaz hitz egin zuen gehiago (beraz horrekin eratortzen zen, berarentzat Aurre-parlamentuan parte hartzea ere akatsa zela). Erabaki hau Stalinek urriaren 10ean atera zen artikulu batean justifikatu zuen (Nork behar du Aurre-parlamentua?). Artikulu horretan, “aurre-parlamentu kornilovtar” kontzeptua ageri zen. Stalinen arabera, “Korniloven matxinada “zapaldu” ostean, Kerenskik, kadeteek, Txernovek eta Moskuko enpresariek koaliziozko diktadura burges berri bat antolatuz, aldi berean, kornilovtar aurre-parlamentua deitu zuten. Zertarako? Sobieten kontra borrokatzeko? Kerenskiren agintaldia, Korniloven kolpearengandik bereizten ez  dena, zilegiztatzeko akaso?”. Stalinek esatez zuenaren arabera “Txernovek dio aurre-parlamentu hau “aberria eta iraultza salbatzeko” deitu dutela. Kornilovek ere, bere kolpea “aberia eta iraultza salbatzeko” eman zituen. Zein da ezberdintasuna?”. Adzhemov kadeteak esandako hitzak errepikatuz, Stalinen arabera, aurre-parlamentua “Sobietei erantzuteko erakunde bat da”.

Fiodor Dan politikari mentxebikeak oso gaizki ikusi zuen boltxebikeak aurre-parlamentutik ateratzea; bere ustez, honek bai “ezkerreko gehiengo bat eratzea” (Fiodor Dan garai horietan mentxebismoaren ezker ildoarekin kokatua zegoen, eta ez zen Kameneven ikuspuntuengandik hainbeste bereizten) eta bai “aurre-parlamentuaren lana bera, ezker mutureko presio handien menpe dagoelarik” kinkan ezartzen zituelako. Nikolai Sukhanov, politikari mentxebikearen eta historiagilearen arabera, boltxebikeak Aurre-parlamentutik ateratzea “Aurre-parlamentuaren kontrako pistola-tiroa” izan zen. Izan ere, Sukhanovek bazekien boltxebikeen babesik gabe, Aurre-parlamentuak ezingo zuela bere helbururik bete. Pavel MIliukov mentebikeek liderraren arabera “Boltebikeek boterea duen eta dutela badakien talde gisa jokatu dute”. Hala ere, hori ez zen Aurre-parlamentuan parte hartzen zuten talde gehienen iritzia: gehienen arabera, joan egin ziren “erraz erriprimitu daitekeen koadrila bat” zen.

Urriaren 9an Petrogradeko Sobietan Alderdi Boltxebikearekin bat egin zuen, eta Aurre-parlamentutik ateratzea erabaki zuen.

(Goiko irudian, Aurre-parlamentuaren lan-saio bat, boltxebikeak berau utzi ondoren).