Behin-Behineko Gobernuaren eraketa

Behin-Behineko  Gobernuaren  eraketa

Announcement Date: 1st martxoa 1917

Otsaileko Iraultzaren egunetan, otsailaren 27an zehazki bi botere-gune sortu ziren: alde batetik Dumako Kideen Behin-Behineko Komitea eta beste alde batetik Petrogradeko Sobieta: lehena, batez ere politikari liberalek osatua (sozialista bi ere batzen bazuen) eta burgesiaren oniritzia zuena, eta bigarrena langileek eta langile-jatorriko soldaduek osatutakoa, Petrogradeko lantoki eta konpainia militar gehienen aintzatespena zuena; hark politikari ezagunak eta “Gobernu tekniketan adituak” biltzen zituen eta honek kaleetan iraultza egin zuen jendea. Beraz bi Gobernu, eta bi botere paralelo osatzeko arriskua zegoen. Gainera, oraindik ez zegoen oso argi tsarismoa eroriko bazen, tsarrak tropak bidali zituen frontetik “Petrograden ordena berrezartzeko”.

Bi aldeek nahi izan zuten nolabaiteko elkarketa bat. Alde batetik, Dumako Kideen Behin-Behineko Komiteak, nolabaiteko aintzatespena bazuen (batez ere osatzen zuten politikarien fama zela eta) eta otsailaren 27an praktikoki bere burua Estatuko Gobernu gisa aldarrikatu bazuen, ez zuen botere errealik (Aleksandr Gutxkovek onartu bezala), eta Sobietak botere hori eman ahal izan ziola uste zuen. Beste alde batetik, Sobietean gehiengoa zuten alderdiek, euren kontzepzio teorikoen arabera, Errusiari “iraultza burgesa” zegokiola uste zuten, eta hori zela eta, iraultzarik eratorritako Gobernua ere burgesa behar zela izan uste zuten.

Martxoaren 1ean egin ziren bi botereak elkartzeko negoziazioak. Negoziazioak hasteko arrazoiak hainbat ziren (Oskar Anweiler eta Orlando Figes historiagileen arabera). Sobietaren aldetik, lehen esan dugun bezala “iraultza burgesarentzat gobernu burgesa” lortu behar zela ustea zegoen. Beste alde batetik, Sobietak uste zuen, berak bakarrik ezin zuela Gobernua hartu, Gobernu Sobietar bat herrialdearen gehiengoaren aurrean (nekazariak eta baserritarrak) bakartua egongo omen zelako eta kontrairaultzaren arriskua izan zitekeelako (uste okerra). Hirugarrenik, politikari sobietar batzuen arabera, Armadako jeneral batzuen kontrairaultzarako asmoak edo nahiak uxatzeko, euren konfidantzazkoak izan zitezkeen politikari burgesak Gobernuan jartzea (martxoaren 1ean tsarrak oraindik ez zuen dimititu) egokia izan zitekeen. Laugarrenik, ez batzuk ez besteak ez zirelako boterea bakarrik hartzen ausartzen. Orlando Figesen arabera, beste arrazoi bat ere izan zen: otsailaren 28an Petrogradeko Sobietan, boltxebikeek, Mezhraionkak eta eserista batzuek “Gobernu sobietar iraultzailea” ezartzeko mozioa aurkeztu zuten. Mozio hori Sobietaren gehiengoak (mentxebikeek eta eseristek) garaitu egin zuten, baina bazegoen halako egun nahasi eta balantzakoietan langileek mozio horretan azaltzean ziren asmoei babesa emateko eta de facto Gobernu sozialista sobietar bat ezartzeko aukera. Aukera hau deuseztea izan zitekeen negoziazioak hasteko arrazoi bat.

Negoziazioak, Sobietaren aldetik bai bi erakundeetako kide bik (Txkheidzek eta Kerenskik), eta Sobietak aukeratutako beste ordezkari batzuek (Sukhanovek, Sokolovek eta Stieklovek) parte hartu zuten, eta Dumako Komitearen partetik, batez ere Pavel Miliukov kadeteak eta Aleksandr Gutxkov oktubristak. Negoziazioetan, Sobietak programa bateraturako zortzi baldintza jarri zituen, hauetxek hain zuzen: 1) Amnistia; 2) Prentsa, adierazpen eta greba askatasuna, 1905ean tsarrak onartu bezalaxe; 3) Nazionalitate-, erlijio- eta klase- diskriminazioak bukatzea; 4) Asanblada Konstituziogilea, sufragio unibertsalez aukeratu beharrekoa, aukeratzeko hauteskundeak egiten prestakuntza berehala hastea; 5) Polizia zaharra disolbatzea eta aukeratutako milizia batek ordeztea; 6) Tokiko autogobernuko organoetarako hauteskunde berriak egitea; 7) Iraultzan parte hartu zuten unitate militarrak (hots, Petrogradeko Goarnizioa), ez disolbatzea eta frontera ez bidaltzea; eta 8) Soldaduek zibilek adinako eskubide zibilak izatea. Gainera “Lehen Ordena” (soldaduen eskubideei buruzkoa, eta unitateen Sobietaren kontrolari buruzkoa) onartu behar izan zuen Dumako Kideen Komiteak. Hala ere, hor eskakizun politiko formal asko bazeuden arren, botere ekonomikoari buruzko eskakizunik ez zuen egin Petrogradeko Sobietak. Ondorioz, Sobieta boterea baldintzatzeko organu bezala ezarri zen, baina ez klase-boterea ezartzeko organu bezala. Hala, iraultza honen fenomenoa “Botere bikoiztasuna” izan zen, baina errusiar berezitasun batekin: iraultzen forma klasikoan, bi klase sozial ezberdinen bi botere ezberdinek botere osoagatik lehiatzen duten, eta bakoitzak bere botere bakarra ezarri nahi duen lehia behin-behineko oreka-egoera bezala agertzen da botere-bikoiztasuna (beraz bikoiztasunaren fenomenoa berez bikoiztasun hau ukatzen duten bi sektoreren arteko lehiaren behin-behineko emaitza da); Errusian emandako bikoiztasun-fenomenoa, ordea, klase batek edo hauen ordezkariek (Sobietek ordezkaturik), botere faktuala izanda eta hegemonia praktikoa izanda baina boterea nahi ez izanda, botere osoa hartu ezin duen beste bati, burgesiari, eta honen ordezkariei (Dumako Kideen Komiteari) boterea lagatzearen (beraz ez lehia baten) emaitza bezala planteatu zen, eta ondorioz, ez zen behin-behineko egoera moduan planteatu. Errusian, botere-bikoiztasunak izaera “ia-konstituzionala” izan zuen, forma klasikoan fenomeno ez konstituzional bat, baizik eta iraultzaren produktu zelarik.

Beraz, behin Dumako Kideen Komiteak programa hau onartuta, martxoaren 1ean bertan Behin-Behineko Gobernua eratu egin zen. Sobietak bertan parte ez hartzea erabaki zuen, hasieran esan bezala, sozialistek “Gobernu burges” batean parte hartzeari uko egin ziotelako. Beraz, Sobietak Behin-Behineko Gobernua babestuko zuen Gobernu honek programa hori betetzen “zuen heinean” (postolku poskolku, orduan erabiltzen zen formularen arabera). Paktu honekin, Petrogradeko Sobietak, mentxebikeek eta eseristek nahi bezala, “kontrol-organu” bat bihurtu zen (batez ere Lotura Komisioak hori bermatzen zuelarik), ez “Botere-organu” bat, boltxebikeek nahiko zuten bezalaxe. (1917ko otsailetik urrira eta are urriaren osteko hilabeteetara doan epean errusiar iraultzaren historia, hein handi batean, bi kontzepzio horien arteko borrokaren historia da).

Gobernu berria Pavel Miliukovek “aukeratu” zuen batez ere. Berarentzat, Kanpo Arazoetarako Ministerioa gorde zuen, eta ez lehen ministro postua. Lehen ministro Georgi Lvov liberala ezarri zuten, teoria politikoan eta alderdi-bizitzan oso murgildua ez zegoen gizona, baina “izpiritu praktiko” eta “adostasunak lortzeko gaitasun” handia omen zituena. Hain zuzen, alderdiari hain lotua ez egotea, postu horretarako aukeratua izateko arrazoi bat izan zitekeen, “adostasun-gizon” bezala ikusia baitzegoen. Aleksandr Gutxkov oktubrista Guda ministro postuan jarri zuten, eta Mikhailo Terextxenko alderdirik gabeko liberala eta azukre-enpresari handia Finantza Ministro. Justizia Ministro Aleksandr Kerenski izendatu zuten, bai Dumako Komiteko zein Sobieteko exekutibakoa zena. Berez, ezin zuen kargu hori hartu, Sobietak Gobernua osatu bai, baina Gobernuan parterik ez hartzea erabaki zuelako. Sobietaren Komite Exekutiboak hasieran Kerenskiri ez zion Gobernukide izateko baimenik eman, baina Kerenskik Sobietaren asanbladari egin zion diskurtsu melodramatiko batean Sobietari baimena emateko apelatu zion. Mikhail Rodzianko Dumako eta Dumako Kideen Komiteko lehendakaria ez zen Gobernuan sartu. Publikoari martxoaren 2an  Miliukovek ezagutarazi zion Gobernu berria (eta “Nork aukeratu zaitu?” galdera deserosoari erantzun behar izan zion, inork ez baitzuen aukeratu. Miliukovek topatu zuen erantzun bakarra “iraultzak aukeratu gaitu” izan zen).

Gobernu berriak aidean utzi zuen sortzen ari zen Estatu berria monarkia edo errepublika izatearen afera; izan ere, Sobietetik zetozen ordezkariak errepublika nahiago baitzuten, eta Dumako Komitetik zetozenek monarkia konstituzionala. Edonola ere, martxoaren 1erako argi zegoen monarkia konstituzionala izango bazen, ez zela Nikolai II tsarraren pe izango (martxoaren 2an Miliukovek Gobernua ezagutarazi zuenean, Nikolairen seme Aleksei tsar izango zela esan zuen). Behin-Behineko Gobernuak, Dumako Komiteko kide bi, Xulgin eta Gutxkov, Nikolai tsarrarengana Gobernu berria aintzatetsi dezan eta abdikatu dezan konbentzitzera bidaltzea erabaki zuen.