Baserritarren Sobieten II Biltzar Nagusia

Baserritarren  Sobieten  II  Biltzar  Nagusia

Announcement Date: 26th azaroa 1917

Baserritarren Sobieten Komite Exekutiboa, Urriko Iraultzaren kontra azaldu zelarik (ez soilik Sobieten II Biltzar Nagusian parte hartzeari uko eginez, baizik eta baita ere Aberria eta Iraultza Salbatzeko Komitea bezalako erakunde kontrairaultzaileetan parte hartuz), baserritarren ordezkaritza bitan zatituta geratu zen (izan ere, baserritar pobreenak ez ziren Baserritarren Sobieten zuzendaritzarekin identifikatzen, are gutxiago Sovnarkomen Lurraren Dekretuaren ostean). Bestetik, nekazalgoaren artean nagusi zen Alderdi Eserista jada bitan zatitua zegoen. Boltxebikeei eta Sovnarkomi ere ez zitzaien komeni Baserritarren Sobietak alderdi kontrairaultzaile baten esku egoterik.

Azaroaren 10erako boltxebikeek Petrograden Baserritarren Sobieten Biltzar Nagusi bat deitu zuten, indarrean jarritako Lurraren gaineko Dekretuaren zilegitasuna frogatzeko. Hala ere, parte-hartzaile gutxi egon zirenez (400 bat ordezkari), Ohizkanpoko Biltzar Nagusi bezala hartu izan zen, azaroaren 26an II Biltzar Nagusia deitu zelarik. Ohizkanpoko biltzar nagusi horrek boltxebikeen eta ezkerreko eseristen arteko hurbilketa argira ekarri zuen, ezkerreko eseristak Gobernuan sartzeko deia egin zelarik. Biltzar horretan baserritar iraultzaileek euren lider moduan Marija Spiridonova aukeratu zuten. Hala ere, Ohizkanpoko Biltzarra izanik, erabakiak lotesleak izan ez zirenez, azaroaren bukaerarako Baserritarren Sobieten II Biltzar Nagusia deitu zuten.

Baserritarren Sobieten II Biltzar honetan, Urriko Iraultza batez ere ezkerreko eseristek defendatu behar zuten, baserritarren artean boltxebikeek azken hilabeteetan indarra hartu bazuten ere, oraindik ahulak zirelako (455 baserritar Sobiet zeuden, eta horietako 264tan oraindik ez zegoen ordezkari boltxebikerik). Gaisinski historiagile sobietarraren eta Oskar Anweilerren arabera, 789 ordezkari zian ziren bertan: 350 ezkerreko eserista, 305 eskuineko eserista eta 91 boltxebike, beste denak alderdi txikiagoetako kideak izan zirelarik. Anweilerrek dionaren arabera, 300 baserritar eskualde-Sobietetatik zetozen, 189 probintziako Sobietetatik eta 300 armadan ari ziren baserritarren ordezkari gisa. Biltzarraren hasierako puntu polemikoetako bat eskualde-Sobietak onartzea ala ez izan zen, azkenean  onartu bazituzten ere.

Kongresuaren (eta Baserritarren Sobieten Komite Exekutiboaren) lehendakari posturako bi hautagai aurkeztu ziren: alde batetik, orduko lehendakari Nikolai Avksentieven ildokoa zen Viktor Txernov, Urriko Iraultzaren kontrako indarrak ordezkatzen zituelarik; eta bestetik, Marija Spiridonova ezkerreko eserista, boltxebikeek bultzatua, Urriko Iraultzaren aldeko indarrak ordezkatzen zituelarik. Biak eserismoa ulertzeko bi modu ezberdin gizaki egiten zituzten, 1917an agertu ziren eserismoaren ildo bakoitzaren bururik ezagunak baitziren. Spiridonova atera zen garaile. Eskuineko eta ezkerreko eseristen arteko zatiketa erabatekoa izan zen. Langileen Sobieten II Biltzar Nagusian izan zen moduan, eskuineko eseristek Estatuaren botere-organo goren moduan Asanblada Konstituziogilea zela esaten zuten, eta ezkerrekoek aldiz Sobietan Boterea (berriki izandako hauteskundeetan eskuineko eseristak garaile atera izanak eztabaida hau gogortu zuen). Txernovek Biltzarrean Urriko iraultzaren aldekoek “soilik baserritarrik pobreenak defendatzen” zituztela esan zuen “nekazalgoaren gehian burges-ttipi edo etsai gisa ikusten” zutelarik.

Eskuineko eseristen aldetik giroa oso gogorra izan zen: boltxebikeek “Nikolai tsarraren ordez Lenin buru izango duen autokrazia berregitea” leporatu zieten, eta abenduaren 2an Trotski biltzarrera azaldu zenean txistukatu egin zuten. Lenini “eseristen programa lapurtzea” leporatu zioten, eta Leninen erantzuna “ba eskerrik asko, gehiagorik ez dizuegu emango” izan zen. Abenduaren 4rako, bi eriak bakoitza bere aldetik biltzen hasi ziren, eta abenduaren 6rako Biltzar Nagusia bukatu egin zen, lanarekin jarraitzea alferrikakoa egin baitzen.

Ezkerreko eseristen gehiengoak Baserritarren Sobieten Komite Exekutibo berria aukeratu zuen, Oskar Anweilerren arabera 81 ezkerreko eserista eta 20 boltxebike kide zirelarik. Komite Exekutibo honek, Baserritarren Sobietek eta Langile eta Soldaduen Sobietek bat egitea onartu zuen, 1917an egon zen klaseen araberako sobieten zatiketari bukaera emanez. Eskuineko eseristek euren “Baserritarren Sobieten Komite Exekutiboa” aukeratu zuten, Viktor Txernov buru, eta honek Baserritarren Sobieten Biltzar Nagusi berri bat deitu zuen 1918ko urtarrilaren 8rako, Asanblada Konstituziogilea bildu behar zen datetarako (hau babestea zuen helburu).

Baserritarren Sobieten Komite Exekutiboa ezkerreko eseristen eskuetara pasatu izanak, ondorio nagusi gisa, Baserritarren Sobietak Langile eta Soldaduen Sobietekin bat egiteaz gain, ezkerreko eseristak Sovnarkomen sartzea izan zen.

(Goian, Baserritarren Sobieten II Biltzar Nagusiaren ordezkariak. Beheko ilaran, erdian, Marija Sporidonova, biltzarraren buru aukeratua).