Barrikadak eta bortizkeria Petrograden

Barrikadak  eta  bortizkeria  Petrograden

Announcement Date: 25th otsaila 1917

Otsailaren 25ean, aurreko egunetako matxinada handiagoa izan zen: 250.000 bat langile atera ziren kalera. Izan ere, egun hauetan, ez soilik industri langileak, baizik eta baita ere tranbien zirkulazioa zein egunkarien salmenta geratu ziren. Egun horretan masak “armaturik” atera ziren kalera. Gainera, Putilov lantegia era grebara batu zen egun honetan. Aurreko egunean bezalaxe, matxinadaren izaera ez soilik ekonomikoa, baizik eta politikoa izan zen, eta langileek bandera gorriak altxatu zituzten. Lehen egunetan ez bezala, ordenaren aldeko indarren eta matxinatuen arteko lehen talka gogorrak izan ziren, lehenak Aleksandrovski zubian, goizean, non masek poliziaren lotinant bat, Xalfeiev, hil zuten, kosakoek polizia defendatu ez zutelarik. Arratsaldean, soldaduek Nevski Etorbidean langileen kontra tiro egin zuten.

Goizetik poliziak karga batzuk egin zituen manifestarien kontra, baina ezin izan zituen manifestazio hain handirik disolbatu, masen artean hildako batzuk eragin bazituen arren. Arratsaldean, gainera, Znamenskaia enparantzan ordena mantentzearen aldekoentzat oso latza izan zen gertaera bat gertatu zen: poliziak masak disolbatzeko kargatu zuelarik, kosakoek poliziaren kontra kargatu zuen, polizia disolbatu zutelarik (poliziaburua hilik suertatu zen). Masek “gora kosakoak!” oihukatu zuten (Figesen arabera, otsaileko egunetan “kosako burkideak” bezalako esapide arraroa nahiko ezaguna egin zen). Egun horretako arratsaldean, barrikadak ere altxatu egin ziren. Soldaduen artean lehen zalantzak areagotu ziren, batzuek langileekin bat egin zutelarik. Halako arrakalak hurrengo egunetan handitu egin ziren. Beste batzuek masen kontra tiro egin zuten: Dumatik hurbil bederatzi langile hil zituzten, eta azokatik gertu, beste hiru.

Egun honetan, iraultzaileek Viborg auzo proletarioa kontrolpean izatea lortu zuten, auzo horretako komisaldegiak asaltatu zituztelarik. Egun honetan baita, protestak koordinatzeko organo bat sortu zuten alderdi sozialista ezberdinek.

Egun honetan tsarrak bere lehen adierazpenak egin zituen fronteko kuartel jeneraletik: besterik gabe matxinada zapaltzea eta istiluak bukaraztea agindu zion Sergei Khabalov gobernadore militarrari. Horren aurrean Khabalovek Petrogradeko unitate militarrak mobilizatzea erabaki zuen, eta hurrengo egunerako aginduen artean, obeditzen ez zuten manifestariei tiro egitekoa eman zuen. Khabalovek lanuzte guztiak eta bilera guztiak debekatu zituen adierazpen publikoen bidez, eta 28rako lanera itzultzen ez zirenak frontera bidaltzeaz mehatxatu zuen. Figesen arabera, erabaki horrek “erakutsi zuen tsarraren eta errealitatearen arteko deskonexioa zein handia zen”. Richard Pipesek dio Khabalov bera ere zur eta lur geratu zela halako ordenak jaso zituenean.

(Argazkian: Langileak Znamenskaia enparantzan otsailaren 25ean, poliziak kargatu aurretik).