Baltikoko ofizialen hilketak

Baltikoko  ofizialen  hilketak

Announcement Date: 2nd martxoa 1917

Otsaileko iraultza erradikalen izan zen tokia, Itsaso Baltikoa izan zen, Petrograden bertan baino erradikalagoa; bai hirietan eta bai Itsas-Armadaren artean.

Itsas-armadako arauak historikoki zeinen gogorrak izandiren kontuan izanik, eta bertako klase hierarkia zein zorrotza zen kontuan izanik, gogorkeriak eta bidegabekeriak aise ematen ziren (eta are gehiago entrenamenduan zeuden soldaduei, horiek armadaren arau ofizialen babesik ez baitzuten. Kronstadten zeuden itsasontzi asko entrenamenduan zeuden). Behe mailako soldadu askok euren kontrako umiliazioak eta zapalketa klase-logika baten barruan ulertzen zuten edo ulertzeko arrazoi asko zuten (hierarkizazio hori gizartean ere ematen zen, eta Itsas-Armada barruko “diziplina” hierarkia horren luzapen bortitz bezala ulertzen zuten). Trotskiren arabera “hango soldaduen bizi-baldintzak presoenen antzekoak ziren”. Egia zen baita, Baltikoko Itsas-Aramda alderdi sozialista ezberdinek presentzia handia zuten gunea izan zela. Hori dela eta, askok mendekua hartzeko parada ikusi zuten, batez ere Petrograden sistema zaharra uzkaili zuen iraultzaren berrian Kronstadtera iritsi zirenean. Skobelev eta Sukhanov mentxebikeek gerora esango zutenaren arabera: “halakoren bat gertatzea aurreikus zitekeen, gogorragoa ere gerta zitekeen”.

Kronstadten, Petrograden eta gainontzeko hirietan joan zirena baino urrutiago joan nahi zuten, askok iraultza sozialista berehala proklamatu nahi zutelarik  (boltxebikeek otsailaren 28an Petrogradeko Sobietean aurkeztu zuten mozioa “Gobernua iraultzaile sobietarra” ezartzearena, Kronstadtetik inspiratua izan omen zen). Kronstadt eta Helsingfors ziren Baltikoko gunerik erradikalenak, Reval (egun, Tallinn) baino gehiago. Baltikoko erradikaltasuna frogatzen du Itsas-Armadako marinelek, euren Sobieten Komite Exekutibo propioa, Tsentrobalt, aukeratzea, Petrogradon marinelak ordezkatzeko sortu zen Tsentroflot delakoaren gainetik.

Bandera gorria Revalgo portuan, “Azoven oroimena” ontzian, marinelek hartu ostean.

Hori izan zen almiranteen kontrako matxinadaren testuingurua. Nepenin almirantearen arabera, martxoaren 2an bertan Pavel I, Andrei eta Slava ontziak matxinatu egin ziren, eta “Baltikoko Itsas-armada, guda-indar bezala existitzen ez dela esan genezake”, Rodziankori bidali zion telegrama baten arabera. Telegrama horretan Nebolsin almirante-ordea hil zutela komunikatzen du Nepeninek. Hala ere, badirudi lehen hildakoa Bubnov lotinanta izan zela, Andrei ontziaren bandera aldatzeari uko egitearren. Andrei izan zen bortizkeria jaso zuen lehen ontzia, Arkadi Nebolsin almiranteordea ere han hil zutelarik. Kronstadten Robert Viren almirantea baionetez sastakatu eta hil zuten marinelek. Viren ofizialik gorrotatuenetako bat zen, eta Ewan Mawdsley historiagilearen arabera, “oso estriktoa eta gorrotatua” zen. Mawdsley berak aipatzen duen marinel baten arabera, “deabru bat zen (…) terrorista bat”. Martxoaren 4an, Helsingforseko portuan, Adrian Nepenin almiranteordea bera, Baltikoko Itsas-Armadako burua hil zuten, beste 50 ofizialekin batera (Mawdsley historiagileak beste pentsaera bat du Nepeninez, “marinelentzako klubak” sortzen saiatu zela dio, hala ere “agur militarra beharrezko egin zuen eta horregatik zigorrak ezartzen zituen, eta horrek zenbait gazteren artean ez maitatua izatea ekarri zion”: Mawdsleyk esaten duenaren arabera “Nepeninek otsailaren 28an Behin-behineko Gobernua onartu zuen, Itsas-armadako lehen goi-ofiziala izan zen horretan” –kontuan izan behar dugu martxoaren 2an Mikhail Alekseiev armadaburuak Nepenini tsarraren dimisioaz iritzia eskatu ziola-). Ewan Mawdsleyren arabera, Nepeninek jada dimititu egin zuen Tsentrobaltek aukeratutako Baltikoko komandante berria, Andrei Maksimov, aukeratua izan zenean. Trotskik bestelako kontakizun bat ematen digu “Nepeninek ez zuen iraultzaren berririk pasatu nahi izan”. Soldaduek Nepenin hiltzeko proklaman, “tirano” deitu zuten, 1916an beharrezko agurra ezarri zuela gogoraraziz, bere keinu “aurrerakoiak” “fidagarriak ez zirela” ebatziz. Beraz, Nepeninen kasu honetan ikusten dugu, marinelentzat, iraultzak, politikoa baino gehiago, soziala izan behar zuela, hau da, klase pribilegiatuen kontrakoa, hauen tsarismoarekiko eta Gobernu berriarekiko iritziak hainbeste kontutan hartu gabe. Egun horretan Krechet ontzia matxinatu zen Helsingforsen. Beste hildako batzuk, Aurora ontziko kapitain Nikolski, Aleksandr Enperadorea ontziko komandante Povalixin, Itsas-Armadako lotinant-jeneral Veniamin Protopopov, Viborgeko gotorlekuko komandante Pioyr Tikhonovitx, Viborgeko gotorlekuko artilleria komandante Nikolai Fedtxenko, Iso-Mustasaari irlako komandante Aleksandr Sviatski eta Kronstadteko portuko komandante Butakov izan ziren. Baltikoan gertatutako gertakari hauek ez ziren Itsas-Armadaren beste koarteletara zabaldu.

Datu batzuen arabera, martxoko lehen egunetan 120 ofizial hil zituzten, eta 600 bat atxilotu. Kilitxenkov historiagilearen arabera, Helsingforsen gutxienez 45 ofizial hil zituzten, Kronstadten 24 (gehi, lurreko armadako beste 12 ofizial), Revelen 5 eta Petrograden 2; beste bik bere buruaz beste egin zutelarik eta hamaika desagertu egin zirelarik. Hilketen inguruan Behin-behineko Gobernuak ikerketa bat hasi nahi izan zuen, baina soldaduek ezetz esan zuten, (Petropavlovsk ontziak “Barne afera” bezala deskribatu zituen) eta Gobernuak ez zuen indarrik Baltikoko langile eta soldadu antolatuei ikerketarik inposatzeko. Gobernuak uztailean amore eman zuen.

1917ko maiatzaren 16an, Kronstadteko Sobietak, hirian Errepublika Sobietarra aldarrikatu zuen, praktikoki uharte sobietar bat bihurtu zelarik. 1917ko ekainean, Tsentrobaltek, Gobernuak Baltikoko tropen gaineko bere ahalmena komandanteen gainetik egotea onartu zezan lortu zuen.

(Irudian, “Rurik” ontziko matxinatutako marinelak ofizial bati bere maila erakusten duten txarratelak kentzen. Ofizialei txarratelak kentzea iraultza honetan ekintza sinboliko oso hedatua izan zen, klase gorrotoa eta mendekua adierazten zuen ekintza gisa).