Asanblada Konstituziogilerako hauteskundeak

Asanblada  Konstituziogilerako  hauteskundeak

Announcement Date: 12th azaroa 1917

Asanblada Konstituziogilerako hauteskundeak 1917ko azaroaren 12an izan ziren, nahiz eta toki batzuetan hurrengo datetan burutu ziren (Richard Pipesen arabera, Moskun azaroaren 19 eta 21 artean bozkatu zuten). Luzaroan izan ziren hauteskunde hauek deitzekotan, baina azkenean atzeratuz joan ziren, egun honetan deitu izan ziren arte. Izan ere, Behin-behineko Gobernuak atzeratu zituen data honetara arte, eta azkenean boltxebikeen Gobernupean burutu izan ziren.

Asanblada Konstituziogilea deitzea, errusiar talde ezberdinentzat, iraultzaren berme nagusia eta honen arrakastaren oinarri zian zen. Baina kontuan izan behar da iraultza egin zenetik zortzi hilabetetara deitu zirela honetarako hauteskundeak, bitartean herriak beste ordezkaritza modu batzuk topatu zituelarik, Sobietak adibidez. Beraz, Asanblada Konstituziogileak 1917an zehar egin ziren diskurtsoetan izan zuen tokia galdu zuen, izan ere, Estatu berria Sobietetan oinarritutakoa zen. Beraz, Estatuaren organo-goren moduan proiektatu zen Asanblada Konstituziogilerako hauteskundeak egin ziren hain zuen ere hau organo-goren gisa aintzatesten ez zuen Botere Sobietarra indarrean zenean. Paradoxa bat zen: izan ere Asanblada Konstituziogilearen paper gorena aldarrikatzen zutenek hau biltzeko hauteskundeak ez zituzten bildu, baina bai paper hori aldarrikatzen ez zuten boltxebikeek.

Hauteskundeetarako boltxebikeen kartela

Eseristak hauteskunde honetara zerrenda bakarrean joan ziren, praktikan bi alderdi baziren ere. Izan ere, hauteskundeak deitu izan zirenean (uztailean) oraindik alderdi bakarra ziren. Honen ondorioa, eseristen emaitza handiaz gain, Oliver Radkeyk frogatu duenaren arabera,  eskuineko eseristen gain-ordezkaritza izan zen, ildo hau zuzendaritzaren aldekoa zenez, gehienetan probintzia bakoitzeko zerrenden buruan eskuineko eseristak ezartzen zituzten, zerrenda horrek bai eskuineko zein ezkerreko eseristen botoak jasotzen zituelarik. Richard Pipes historiagile antikomunistaren arabera: “sozialisten artean boltxebikeak izan ziren programarik gabe kanpaina egin zuten bakarrak” (hain zuzen ere, Asanblada hau beren instituzio moduan jotzen ez zutelako). Herrialdea oso egoera tentsoan bazegoen ere, hauteskundeen eguna lasaia izan zen, ia istilurik eta erasorik gabekoa. Hauteskunde hauetan, Alemaniaren okupaziopeko lurraldeetan ez zuten bozkatu, eta ezta ere Finlandian (nominalki oraindik Errusiaren parte zen, baina autonomia oso zabala zuen eta gainera independentzia prozesu batean murgilduta zegoen).

Aurkeztu ziren talde eta koalizio kopuru handia zela eta, Errusiako zabalera handia (eta orduko komunikazio falta) kontuan izanik, Errusiako egoera zein zena kontuan izanik (matxinada kontrairaultzaileak eta funtzionarioen sektore bat Gobernuaren aurka) eta iturri aniztasun handia ere kontuan izanik, datu zehatzak ematea zaila da. Kasu batzuetan funtzionarioek ez zituzten emaitzak behar bezala kontatu edo datuak helarazi. E.H. Carren zein Sam Farberren  arabera “toki batzuetan hauteskunderik ere ez zen egin”. Carrek gehitzen duena, Gobernuak Moisei Uritski  jarri zuen hauteskundeetarako komisario moduan, baina komisioko kide batzuek ez zuten Uritskirekin lanik egin nahi. Ondorio bezala, probintzia batzuetako emaitzak betirako galdu dira. John Rees britainiar historiagilearen arabera, fronteko sektore batzuetan ofizialek ez zieten soldaduei egoera politiko berria jakinarazi, beraz hauteskundeak ez ziren askeak izan. Egun aukeratutako diputatu denen izena ere ez dugu ezagutzen, 800 eserleku baino gehiago zeuden eta 700 diputatu pasatxo soilik identifikatu dira.

1918an Sviatitski eskuineko eseristak, Asanblada Konstituziogilearen idazkari izandakoak bere datuak eman zituen. Datu hauetan ere, Sviatitskik ezin izan zuen koadro oso bat eman, 79 hautes-barrutitik 56 soilik aztertu ahal izan baitzituen (botoen %90). Datu hauek ematen ditu:

Eseristek: 16.500.000 boto
Boltxebikeek: 9.023.963 boto
Eserista ez errusiarrek: 4.400.000 boto
Kadeteek: 1.856.639 boto
Mentxebikeek: 668.064 boto
Nazionalista musulmanek: 576.000 boto
Bundek: 550.000 boto
Ukrainar sozialista-nazionalista koalizioak: 507.000 boto
Enesistek: 312.000 boto
Eskuindar talde ezberdinek: 292.000 boto
Lurjabeen elkarteek: 215.000 boto
Nazionalista baxkiriarrek: 195.000 boto
Nazionalista poloniarrek: 155.000 boto
Nazionalista alemaniarrek: 130.000 boto
Ukrainako Alderdi Sozialdemokratak: 95.000 boto
Nazionalista kosakoek: 79.000 boto
Sinesmen Zaharraren aldekoek: 73.000 boto
Nazionalista letoniarrek: 67.000 boto
Elkarte Kooperatiboek: 51.000 boto
Sozialista alemaniarrek: 44.000 boto
Jedinstvo taldeak: 25.000 boto
Sozialista finlandiarrek: 14.000 boto
Nazionalista bielorrusiarrek: 12.000 boto

Datu hauetan, botoen %10a kontatu gabe dago, tartean Kaukasoko botoarena.

1950ean, Sviatitskiren datuetan hein handi batean oinarritutako ikerketa baten arabera, Oliver Radkeyk datu hauek ematen ditu, zehazkiago taldekatuz):

Eseristek: 15.848.004 boto, 338 diputatu (299 eskuineko eta 39 ezkerreko)
Boltxebikeek: 9.844.637 boto, 168 diputatu
Ukrainar eseristek eta hauek bultzatutako ukrainar koalizio nazionalistek: 4.846.957 boto, 81 diputatu
Kadeteek: 1.986.601 boto, 15 diputatu.
Mentxebikeek: 1.364.826 boto, 18 diputatu
Errusiar eseristen eta ukrainar eseristen arteko koalizio ezberdinek: 1.203.135 boto (diputatu bakoitza bere taldearekin eseri zen)
Bestelako nazio txikietako nazionalistek (sozialistak barne): 2.620.967 boto, 77 diputatu
Bestelako eskuineko taldeek: 1.262.418, 2 diputatu
Bestelako talde sozialistek: 601.707 boto, 4 diputatu (enesistak).

Zenbait historiagile antiboltxebikek hauteskunde hauek errusiar demokrazia-adierazpenaren gailurtzat badituzte ere, parte-hartzea %48koa izan zen, Sobieteko hauteskundeetan baino askoz ere txikiagoa. Kontuan izan behar da berriki egin zirela Langile eta Soldaduen Sobieten II Biltzar Nagusirako hauteskundeak, eta Biltzar Nagusi horren erabakien ingurukoa (zilegitasuna onartzeko edo ukatzeko) zela Errusian bizi zen eztabaida politikoa, beraz, horrek jende asko hauteskunde hauekiko desmotibatua egoteak ere azal lezakeela parte-hartze baxu hori. Radkeyren arabera, hirietan izan zen parte-hartze txikiagoa, hain zuzen ere, Sobietetarako hauteskundeetan indar handienaz bozkatu zuten eta boltxebikeek aldekotasun handiagoa zuten zonaldean (Richard Pipesen arabera “ parte-hartzea oso handia izan zen: Petrograden eta Moskun %70ak baino gehiagok bozkatu zuen (…) eta landaguneko zenbait zonaldeetan nekazari guztiek bozkatu zuten”, baina bakarra da iritzi hori mantentzen duena). Boris Sokolov eseristaren arabera, “eseristek Asanblada Konstituziogilearen ideiarekin lotura handia zuten (…) baina hori ez zen herritar gehienen ustea (…) Fronteko soldaduek, langile gehienek… Sobietak hartzen zituzten euren erakundetzat, Asanblada Konstituziogilea zer zen ere ez zekiten”.

Hauteskundeetako mapa bat, hungarieraz, probintzia bakoitzeko irabazlea adieraziz (Errusiako “europar” probintziak soilik): laukitxoetan, eseristak nagusi ziren probintziak; lerro oblikuo estuetan, boltxebikeak nagusi ziren probintziak; lerro oblikuo zabaletan, mentxebikeak nagusi ziren probintziak; lerro horizontaletan, indar nazionalista ez-errusiarrak nagusi ziren probintziak.

Eseristen garaipena batez ere baserriguneetan bozkatuak izan zirelako gertatu zen. Eseristek gune indartsuak Errusiako Hegoaldea eta Ekialdea (Uralak, Volga eta Siberia) izan ziren. Hala ere, eztabaida zabala dago historiografian bi alderdi bereizi bezala aurkeztuko balira ezkerreko eseristek jasoko zuketen bozka kopuruaren inguruan; ezkerreko eseristak boltxebikeen aliatu, eta eskuinekoak (ofizialistak) kontrakoak izanik, botoen bereizketaren inguruko eztabaida hau Urriko Iraultzaren eta Sovnarkom boltxebikearen zilegitasunaren inguruko auzi bat izango bailitzan. John Reesen arabera, “ezkerreko eseristek, bakarrik aurkeztea izan zuten tokietan (Moskun, Kazanen) emaitza onak atera zituzten, beraz bakarrik aurkeztuko balira emaitza onak izango zituzketen” (Oliver Radkey eta Sam Farber iritzi berekoak dira, Radkeyren arabera, bi erdiek antzeko bozka kopurua izan zuten; Richard Pipes kontrako iritzikoa. Orlando Figes bezalako historialari antikomunista batek onartzen du ez zela erraza ezkerreko eseristen bozka kopurua kalkulatzea, beraz ezin zela jakin ziurki “herriak eta nekazariek bereziki boltxebikeez zein iritzi zuten”, baina “oro har, nekazaririk zaharrenek eskuineko eseristen alde, eta gazteenek ezkerreko eseristen alde bozkatu zutela” gehitzen du). Boltxebikeak hirietan gailendu ziren, Errusia erdialdean, Iparraldean (Petrograden eta Moskun barne), Bielorrusian eta Baltikoan (azken bi hauetan, alemaniarrek oraindik okupatu ez zituzten lurretan). Ukrainako probintzia gehienetan ukrainar nazionalistak gailendu ziren. Transkaukasiako hautes-barrutian mentxebikeak gailendu ziren, dudarik gabe georgiarren artean zuten indar handiari esker, eta hango etnia eta alderdi ezberdinen dispertsioak lagunduta (konparazioz, Errusian oso boto gutxi lortu zituzten: alderatzekoak dira Sviatitskik ematen dituen datuak, zeintzuetan Transkaukasia hartu gabe 670.000 bat boto ematen dizkien mentxebikeei, eta Radkeyk ematen dituen datuak, Transkaukasia hartuta 1.365.000 boto ematen dizkien mentxebikeei -beraz boto gehiago Transkaukasian Errusian baino-. Brian Caplanek datu hauek pixka bat ñabartzen ditu: 1.144.000 boto errusiar mentxebikeek eta 662.000 kaukasiar mentxebikeek. Radkeyk dionaren arabera, Transkaukasiako botoen %30 eta georgiarren %75 jaso zuten mentxebikeek, oro har %3,3 soilik jaso zutenean). Kadeteen botoa ere hirietan kontzentratu zen: bai Moskun zein Petrograden bigarren indarra izan ziren boltxebikeen atzetik. Dongo Eskualdearen barrutian, kosakoen erakunde zuri batek irabazi zuen (zenbait iturritan alderdi hau “nazionalista” gisa ere agertzen da, izan ere, erakunde hauetako ordezkari batzuk “nazionalismo kosakoaren” jarraitzaile ziren). Sviatitskik “zazpi eskualde handitan” banatzen ditu barrutiak; eseristak garaile ateratzen dira “Volgako Lur Beltzen Eskualdea”, Ural Ekialdean, Samaran eta Ukrainan; boltxebikeak aldiz Iparraldean (Petrograd inguruetan eta Baltikoan) eta Mosku-Errusia Erdian; Bielorrusian boltxebikeak pixka bategatik irabazten dute, eta Armadan eseristek tarte txikiz bata ere. Armadako zazpi fronteetatik boltxebikeek hirutan irabazi zuten: Iparraldeko Frontean, Mendebaldeko Frontean eta Baltikoko Itsas-Armadan; eseristek lautan, Hego-Mendebaldeko Frontean, Errumaniako Frontean, Kaukasoko Frontean eta Itsaso Beltzeko Itsas-Armadan irabazi zutelarik. Richard Pipesen arabera, Petrogradeko zein Moskuko goarnizioak boltxebikeen aldeko botoa eman zuten.

Boto boltxebikea probintziaka erakusten duen mapa, hungarieraz (Errusiako “europar” probintziak soilik). Ezkerreko zutabean agertzen diren ikurrak boltxebikeak garaile atera ziren probintziekikoak dira, boto-kopuruaren arabera; eta eskuineko zutabean agertzen direnak, garaile atera ez zirenenak.

1919ko abenduan Leninek emaitza horiek komentatu zituen, N. Sviatitski eseristaren artikuluaren iruzkina egiten ari zelarik. Sviatitskiren datuak desglosatzerakoan, Leninek esaten zuenez; “eserista errusiarrek eta beste herrietako eseristek” 20.900.000 bozka lortu zituzten (58%), mentxebikeek “eta antzeko taldeek”  1.700.000 bozka (beraz, “demokrazia burges-ttipiaren blokeak” 22.620.000 bozka, %62), boltxebikeek 9.023.963 bozka (%25) eta “kadeteek, nazionalistek eta antzekoek, lurjabeen eta burgesiaren alderdiek” 4.600.000 bozka (%13).  Leninen ondorioa “boltxebikeak langileriaren alderdia eta eseristak nekazalgoaren alderdia” direla da, beraz, mentxebikeen ustea, “langile klasearen gutxiengo batek babesten ditu boltxebikeak” ez da egia. Leninen lehen argudioa, baldintza horietan hiriak landagunea gidatzen duela” eta “landaguneak hiriari jarraitzen” diola, eta kasu honetan “hiri-klase nagusia” proletalgoa zenez, normalena landa-guenak proletalgoa (eta ez burgesia edo demokrazia burges-ttipia) jarraitzea zela. Leninen ondorioen arabera, berdinketa teknikoa egon zen Armadan. Leninek dionez, bai proletalgoaren gehiengoa izateak zein Armadaren erdia alde izateak ahalbideratu zuen 1917ko Urriko iraultzaren garaipena.

Artikulu horretan, Leninek Asanblada Konstituziogilearekiko Sobieten nagusigoa defendatzen zuen, Sobieten bidez proletalgoak botere politikoa lortu zuela defendatuz. Aldi berean, nekazarien askapena langileek ekarriko zutela defendatzen du. Leninen ondorio bat, zuriek eta gainontzeko indar antiboltxebikeek arrakasta gehien izandako zonaldeak 1917ko azaroan boltxebikeen kontrako bozka gehien izan zituzten zonalde berak izan zirela da; hots, langileria politikoki hain indartsu ez den tokian nekazalgoak kontrairaultzarekin bat egiteko tentaldi handiagoa duela (Leninen hitzetan “langileriaren diktadura ez zitzaien baserritarrei atsegin, are gutxiago zerealen soberakina zuten probintzietako baserritarrei”). Leninen arabera, nekazarien “zalantzek” egin zuten “borroka gogor baten ondorioz” hauek Denikini eta Koltxaki bizkarra ematea, eta azkenean gorrien garaipena onartzea. Beste ondorio bat, jada hauteskunde horietan Ukrainan bertako alderdi nazionalistek izan zuten garrantzia, eta honen bidez, Ukrainan Guda Zibilak izan zuen konplexutasuna (beraz Ukrainako auzi nazionalari eman beharreko arreta) da. Beraz, Leninen ondorio nagusia, iraultza batean, borroka hauteskundeak baino garrantzitsuagoa dela da. Bere iruzkinean Leninek ez du hainbeste “zilegitasunari” buruz eztabaidatzen, baizik eta emaitza horiek modu “historiko” batetan interpretatzen ditu, geroagoko Guda Zibilarekin batuz.

(Goiko irudian, hauteskundeei buruzko hainbat kartel).