Armadaren Estatu Nagusia boltxebikeen kontrolpean

Armadaren  Estatu  Nagusia  boltxebikeen  kontrolpean

Announcement Date: 19th azaroa 1917

1917ko azaroan, boltxebikeek, Bielorrusiako Mogilev (Mahialau) herrian zegoen Errusiar Armadaren Estatu Nagusiaren (Stavka) kontrola hartu zuten, iraultzaren boterea finkatzeko urratsa garrantzitsua eman zutelarik. Izan ere, nahiz eta Petrograden eta hiri nagusietan nagusitu eta tropako soldadu asko alde izan, jeneralen eta ofizialen gehiengoa ez zegoen boltxebikeen alde, eta hauek Armada eta honen Estatu Nagusiaren lotura organikoa zutelarik kontrairaultzaren asmoen iturri bihurtu zitezkeen (kontuan izan behar dugu Stavkako buru Nikoilai Dukhonin jeneralak urriaren 26an boltxebikeen boterea desobeditzera deitu zuela). Esaterako, eskuineko eseristen buru Viktor Txernov ere, azaroaren lehen egunetan Stavkako ofizialak matxinada kontrairaultzaile batetarako (edo euren aldeko beste Gobernu bat eratzeko) konbentzitzen aritu zen, Stavkaren babesarekin errusiar gobernu alternatibo bat aldarrika zedin. Azkenik, azaroaren 1ean, Kerenski-Krasnov matxinadaren erabateko porrotaren aurretik, Kerenskik Dukhonin armadaburu postuan ezarri zuen. Azaroaren 7an Sovnarkomek Stavkara telegrama bat bidali zuen, Stavka bere menpe jartzeko eskatuz, eta alemaniarrekin negoziazioak has zitzan aginduz, baina Dukhoninek ez zuen telegrama hori jaso nahi eta ordena betetzea atzeratu egin nahi zuen (aitzakia lehenengo telegramaren “egiazkotasuna frogatzea” izan zen, eta geroago misio batean zegoenez, hartu ezin zuela). Azaroaren 9an, Leninek, Stalinek eta Krilenkok Dukhoninekin elkarrizketa bat izan zuten telegrafoz, honek, Sovnarkomen aldetik bidalitako telegramei entzungor egin ziela argi geratzen zelarik. Dukhoninek ordena horiek desobeditu egin zituen, “Gobernu zentral batek” soilik eman ahal zituela argudiatuz, beraz Sovnarkom ez zuen hala aintzatesten. Beraz, boltxebikeei argi geratu zitzaien errusiar armada zaharra, eta batez ere bere inertzia politikoa desaktibatzeko beharra zutela: elkarrizketa horren bukaeran Dukhonin kargugabetua geratu zen desobedientziagatik eta Krilenko ezarri zuten karguan.

Nikolai Krilenkok gudan eta karrera militarrean esperientzia zuen. Azaroaren 9an izendatu zuten Krilenko “herriaren etsai” bezala definitua zen Dukhoninen postuan, baina azken honek aliatuen aintzatespena zuen. Azaroaren 10ean Krilenkoren izendapena VTsIKek onartua izan zen (Grigori Txudnovskik kritikatu egin zuen hura VTsIKi fait accompli bezala aurkeztu izana). Krilenko azaroaren 11n iritsi zen Pskovera, eta segituen atxiloketa batzuk zein kargugabetze batzuk egin zituen (adibidez, Iparraldeko Fronteko Txeremisov jenerala kargugabetu zuen), aldi berean, alemaniarrekin  suetenerako negoziazioak hasi zituelarik. Egun batzuk geroago, boltxebikeek tropak mugitu zituzten Mogilevera, batez ere Lituania erregimentuko soldaduak eta Helsingforseko marinelak. Boltxebikeen aurrerapena ikusita, Dukhoninek ukrainar Radarekin Stavka Kievera lekualdatzea negoziatu zuen, baina negoziazioak ez ziren toki onera iritsi (ukrainar Radak, momentu horretan Ukraina federala baina ez independentea aldarrikatu zuen, eta Errusiako beste indar antiboltxebikeekin tratuetan zegoen, Errusia osoan “koalizio sozialistako Gobernu bat” ezar zedin). Azaroaren 14rako, jada Mogileven inguru osoa boltxebikeen kontrolpean zegoen fisikoki.

Egoera beretzat desesperatua zela ikusita, Dukhoninek Krilenkori kargua eta honen ardurak pasa zizkion azaroaren 19an, Odintsov jenerala bitartekari ibili zelarik. Hala ere, botere-eskualdatzea egin aurretik, Korniloven kolpea zela eta atxilotutako jeneralen askatzea agindu zuen Dukhoninek. Honek soldadu iraultzaileak haserrarazi zituen, eta azaroaren 20an Dukhonin jipoitua izan zen, jipoiaren ondorioz hil egin zelarik (Krilenko jipoia ekiditen saiatu bazen ere). Nikolai Krilenko armadaburu izendatua izan zen, eta Estatu Nagusiko buru berri moduan Mikhail Bontx-Bruievitx (Vladimir Bontx-Bruievitx zuzendari boltxebikearen anaia).

Jeneral eta ofizial batzuk, “boterean zegoenari men egitea” lelo militar apolitikoari jarraiki, Estatu Sobietarraren alde paratu ziren.. Euren artean, adibidez Aleksandr Samoilo, Pavel Lebedev, Andrei Zaiontxkovski, Jukums Vacietis edo Armada Gorriko buru izan zen Sergei Kamenev. Are tsarraren garaian guda ministro izandako Aleksei Polivanov eta Dmitri Xuvaiev ere gorrien aldera pasa ziren. Hauetako asko, geroago sortu zen Armada Gorrian aritu ziren, batzuk “aditu” bezala, eta beste batzuk goi kargu bezala baita.

Behin Armada zaharraren Estatu Nagusiaren kontrola lortuta, boltxebikeek hura itxuraldatu edo armada berri bat sortzeko dilema izan zuten. Hasiera batean, armada zaharreko zenbait jeneral eta ofizial gorrien aldera pasatu ziren, eta hauek unitate zaharrak ahalik eta gehien gordetzeko ahalegina egin zuten. 1917ko abenduan, Nikolai Krilenkok esan zuen Armadak ez zuela borrokarako gaitasunik. Hau izan zen Armada berri bat sortzeko arrazoietako bat (eta baita zuzendari boltxebikeak Alemaniarekin Ituna bilatzera bultzatu zituen arrazoi bat). Hasiera batean, armada berri hori, Armada Gorria, borondatezko errekrutatzez sortu zen, boltxebikeek uste baitzuten izpiritu borrokalaria behar zutela frontea eusteko, eta huraxe bilakatu baitzen euren lehen kezka.

(Goiko irudian Krilenko bere Stavkaren bulegoan)