Armada Zuriaren nukleoaren sorrera Don Eskualdean

Armada  Zuriaren  nukleoaren  sorrera  Don  Eskualdean

Announcement Date: 20th abendua 1917

1917ko abendu aldera, boltxebikeen aurkako militarren eta politikarien bilgune bihurtu zen Don Eskualde Kosakoa. Egia esan, Urriko Iraultzaren aurretik, Dongo Kosakoen Atamana zen Aleksei Kaledinek jada esan zuen Behin-behineko Gobernuaren aginduak beteko ez zituela. Beraz Urriaren aurretikako egoerarekin nolabaiteko jarraipen bat egon zen Don Eskualdean; hala ere, Urriaren ostean, Petrogradeko politikari eta militar asko, kosakoak ez zirenak, Donera joan ziren han “Errusiako Gobernu” bat osatzeko.

1917ko abuztuan Aleksei Kaledinek, Dongo kosakoen buruzagiak (atamanak) Behin-behineko Gobernua onartzen ez zuela esan zuen, Zortzigarren Armadaren buruzagitza kendu ziotenean. Irailean Behin-behineko Gobernuak Kaledin atxilotzeko agindua eman zuen, baina Donen zeuden tropek agindu hori betetzeari uko egin zioten. Gainera beste arrazoi bat zuen Kaledinek, Behin-behineko Gobernuak iragartzen zuen (eta sekula martxan jarri ez zuen, baina boltxebikeek bai martxan jarri zezaketen) nekazal erreformarekiko aurkakotasuna: Kaledinek  kosakoen lurrak birbanatzearen eta are baserritar errusiar ez-kosakoen esku uztearen arriskua politikoki erabili zuen. Beraz, Donen Errusiako eskuineko sektorea indartsu agertu zen, eta argi zegoen Urriko Iraultzaren ostean boltxebikeen kontrako gunerik indartsuena hori izango zela (urriaren 26an bertan Kaledinek ordura arte kontra zegoen Behin-behineko Gobernuaren aldeko adierazpena egin zuen). Kontuan izan behar dago langileen Sobieten artean, donen ere boltxebikeek eta aliatuek ez zutela gehiengoa: Don Eskualdean Taganrog hirikoa zen boltxebikeen alde egin zuen hiri handiko Sobiet bakarra (gehienak mentxebikeen eskuetan zeuden), eta hiri txikietan, Kamenskaia hirikoa. Bestalde, Asanblada Konstituziogilean, Don Eskualdeak eskuineko hautagaien alde bozkatu zuen, boltxebikeak hirugarren indarra zirelarik

Urriaren 27an, Aleksei Kaledinek hartu zuen Gobernu antiboltxebike bat eratzeko ekimena, boltxebikeen kontrako politikari eta ofizial denak Don Eskualdera gonbidatuz. Hasiera batean, oso gutxik egin zioten jaramon, hasieran kontrairaultzaile gehienek boltxebikeek oso gutxi iraungo zutela eta Petrograden edo Moskun egindako ekintza erabakigarri baten bidez eroriko zirela uste baitzuen, baina pixkanaka gehiago joaten hasi ziren (eskuineko monarkikoetan hasi, eta eseristengan bukatuta). Azaroaren 2an, Kaledinen aginduz, Sobieten II Biltzar Nagusian parte hartu zuten ordezkari kosakoak atxilotu zituzten, eta baita ere Doneko Sobietak itxi. Azaroan eta abenduan, Errusiatik ofizial kontrairaultzaile geroz eta gehiago iritsi ziren Don Eskualdera, armada oso bat eratzeko gai izan ziren arte; adibidez, azaroaren 2an Mikhail Alekseiev armadaburua izan zena iritsi zen, “Alekseiev Antolakundea” osatua zuelarik, bere aldera boluntarioak deituz (Alekseieven , egia esan bere menpeko boluntarioak Urriko Iraultza baino lehen biltzen hasi zen, baina dei horiek Urriko Iraultzaren ostean izan zuten benetako arrakasta). Karpenko historiagilearen arabera, Alekseieven ideia zahar bat zen Gobernu iraultzaile baten aurka Errusiako zonalderen bat lurralde-oinarritzat hartuz “Estatu antiiraultzaile” bat eraikitzeko eta eusteko adinako armada eraikitzea; eta Donen topatu zuen horretarako babesa (hala ere, hasieran Kaledin ez zegoen oso pozik Alekseievek hartutako protagonismoarekin, ez baitzuen ondo ikusten Dongoak ez zirenak Don Eskualdean agintzerik, eta azaroan, Rostoveko borroka hasi aurretik, Alekseiev joan zedin ere eskatzera iritsi zen). Azaroaren 7an Kaledinek “Errusian Gobernu zilegizko bat izan arte Donen independentzia” aldarrikatu zuen. Abenduaren 6an Lavr Kornilov jeneral eskuindar karismatikoa iritsi zen Don Eskualdera.

Armada Zuriko (Boluntarioko) soldadu batzuk, 1918ko urtarrilean.

Armada berria, abenduaren 20an sortua, ofizialki “Armada Boluntarioa” (Dobrovoltxeskaia Armija) deitzen zen (Karpenko historiagilearen arabera, izen hori Kornilovek aukeratu zuen, “Alekseiev Antolakundea” ez baitzitzaion gustatzen). Bertako buruak, abenduaren 18ko adostasun baten ostean, hiru ziren: Mikhail Alekseiev, Lavr Kornilov eta Aleksei Kaledin; lehen biak Errusiako armadaburu izandakoak, eta azkena Dongo Atamana. Baina benetako buruzagiak bi lehenak ziren eta euren arteko harremanak oso txarrak izan ziren, bai taktika militarraren inguruan zein politika-ikuspegien inguruan. Azkenean Kornilovek soldaduen gaineko agintea izango zuela, eta Alekseievek diruaren eta politikaren gainekoa, adostu zuten. Bestalde, Kaledinen alde zeuden bertako kosakoak ez ziren Donen mugetatik haratago borrokatzearen oso aldekoak, agian boltxebismoaren programaren aurkakoak ziren, baina ez euren eskualdea Errusia osoko guda batean inplikatzearen aldekoak. Gainera beste arazo bat zegoen, Armada honek zuen ofizial kopuru handia eta soldadu kopuru txikia. Armada honek finantza handia zuen, bai errusiar burgesiarengandik zein atzerriko potentzien aldetik, baina errekrutaziorako arazo kronikoak ere izan zituen. 1918ko udazkenerako, hiru liderrak hilak zeuden eta fronte honetako Armada Zuriaren zuzendaritza Anton Denikin jeneralak hartu zuen.

Orlando Figesen arabera, hasiera batean zuriek Donen eta Kubanen ere ez zuten herri-babes handirik, kosako asko ez baitziren euren programarekin oso ados (historiagile honen arabera, kosakoak erregimen zaharreran aldeko sutsu zirenekoa “mito” bat zen). Figesen arabera, kosako pobreentzat Sobieten lur-birbanaketa programa oso erakargarria zen (kosako gorri hauek euren ataman propioa zuten: Filip Mironov), eta beste alde batetik kosako gazteek ez zuten hierarkia kosakoaren kontserbakortasunarekiko berezko atxikimendu handirik. Dongo kosakoen artean ere, adin- eta klase- zatiketaz gain, nolabaiteko eta geografia-ezberdintasunak zeuden: Itsaso Beltzaren ingurukoak zurien aldekoagoak ziren, eta barnealdekoak gorrien aldekoagoak. Beste alde batetik Don Eskualdean, hirietan batez ere, kosakoak ez ziren errusiar asko ere bizi ziren (eta kosakoen eta hauen arteko harremana ez zen oso ona ezta, Donen boltxebikeak asko ez izan arren). Figesen arabera, komunismoaren kontrako kosako asko ere ez ziren “Errusia Osoko” guda batean sartzeko gogotsu, euren lurren gaineko jabetza eta autogobernu kosakoa mantendu nahi zuten, Eskualdean bizitza tradizionala eustea lehentasuna bazen, Erdialdeko Errusian gailentzen zen politikarekiko axolagabetasuna zuten. Azkenik, kosakoen artean ere, gudarekiko nekea ere bazegoen. Historiagile honen arabera, masa kosako “axolagabe” hori gehiago batu zen zuriekin gorrien kontrako erreakzio gisa berezko aldekotasunagatik baino:  1918ko udaberrian, Dongo Sobietar Errepublikak eginiko muturreko kudeaketaren ondoren batu ziren kosako gehienak zurien kausara, eta antzeko jazokizun bat gertatu zen 1919an (hots, Figesen arabera, kosakoak gehiago mobilizatu ziren gorrien aurkako erreakzio bat zela eta berezko zuriekiko atxikimendua zela eta baino). Laburbilduz, kosako antikomunisten artean, kosakoen historiako paradoxa betierekoa eman zen: kosakoak errusiar patriotismoaren abangoardia eta tokiko autogobernuaren aldeko izaeren bikoiztasun-paradoxa; eta errusiar leial gisa agertzearen baina euren kasta militar statusa gordetzearen arteko bikoiztasunaren bigarren paradoxa. Egoera honek zurien artean arazo batzuk sor zitzazkeen; adibidez 1918ko udaberrian Dongo Krug Kosakoak (Zirkuluak, kosakoen ordezkaritza-organoak), alemaniarren babespean, Piotr Krasnov ataman berriaren lehendakaritzapean Dongo Errepublika aldarrikatu zuen, eta Kubanen antzeko fenomeno bat eman zen, Kubango Errepublika Nazionala aldarrikatuz (Luka Bitx lehendakari). Hasiera batean, Kaledinek ere ez zuen hain ondo ikusi Alekseievek bere operazioetarako oinarri moduan Don Eskualdea aukeratzea. Hala ere, halako arazoak eta tira-birak egon baziren ere, 1917ko bukaeran errusiar nukleo antiiraultzaile bat osatzeko nahikoa baldintza zuen zonalde bakarra (errusiarrak ez ziren herrietako Gobernu nazionalistak aparte) Don Eskualdea (eta hein batean Kuban Eskualdea) zen; aurretik esan bezala, boltxebikeek oso babes txikia zuten eta (nahiz eta jende askok aktiboki zuriekin bat ez egin, kontra ere ez zien egin). Kontuan izan behar dugu baita Ukrainako Errepublika Nazionalak Dongo eta Kubango Gobernuei babesa ematen ziela baita. Donen bertan Guda Zibilerako baldintzak bazeuden, kosakoen artean, kosako eta ez-kosakoen artean eta ideologia ezberdinen artean; baina zuriak ziren bertan indar handienak zutenak. Horregatik, “Guda Zibil” fenomenoa Donetik gainontzeko eskualdeetara zabaldu zen.

Armada Boluntarioa izena izan zuenak, laster “zuri” ezizena hartu zuen. Izen hori, Urriko Iraultzaren egunetan Moskuko antiboltxebikeek jada erabili zuten. Armada Boluntarioa, hasieran Mugimendu Zuriaren armada izan zen; 1918ko udaberritik aurrera Mugimendu Zuriaren barruan beste fronte eta armada gehiago sortu ziren arte. Mugimendu Zuriaren helburua, mitoak dionaren kontra, ez zen Romanov dinastiaren berrezarkuntza izan, baizik eta Asanblada Konstituziogilea deitzea (horregatik batu zitzaizkion hainbeste politikari kadete eta eserista Armada Boluntarioari), egia bazen ere militar zuri asko monarkikoak zirela.

Gorrien (oraindik “Armada” bezala estrukturatuta ez zeudenak) eta zurien lehenengo borroka Dongo eskualdeko Rostov inguruan izan zen, azaroaren 26tik aurrera. Rostov egun batzuk lehenago bertako langileek eta Itsaso Beltzeko Itsas-Armadako marinelek askatu zuten han Botere Sobietarra ezarriz, eta azaroaren 26an Armada Boluntarioak eraso egin zuen. Ondorio bezala, Kaledinen eta Alekseieven arteko aliantza estutu egin zen. Hau izan zen Orlando Figesen arabera “Guda Zibileko lehen borroka garrantzitsua” Gudan Zibileko lehen borrokaldia (ordura arte borroka ia denak hiri barneko kalez-kaleko borrokak izan baitziren). Figesen arabera, borrokaldi hau, Guda Zibilaren lehen hilabeteetan ematen zen trenbideetako gudaren eredu ohikoa izan zen Rostoveko borroka: mugimendu handiko fase honetan, armadarik diziplinatuen zuenak trenbidez bidaiatu eta hiri bat bestearen atzean har zezakeen, fronteak ez baitzeuden argi delimitatuta. Zuriek Rostov konkistatzea lortu zuten, baina 1918ko otsailean gorriek Taganrog hiri industrialean matxinada arrakastatsu bat egin ostean, otsailaren 23 Rostov berriz hartu zuten, zuriak Kubanera atzera egitera behartuz. Zuriak apirilean iritsi ziren Donera, alemaniarren laguntzaz (alemaniarrak Krasnov atamanarekin harreman onetan zeuden).

Donen zuriak antolatzen hasi ziren aldi berean, azaroaren 18an, Ekialde Urrunean, Grigori Semionov izeneko kosako baten menpean zuriak (gehienak kosako mongoliar eta buriatiarrak) matxinatu egin ziren eta Txita hiria erasotzen saiatu ziren. Hala ere, matxinada horrek ez zuen arrakastarik zian, eta hurrengo urtean Semionov Errusia eta Mongolia arteko eta Errusia eta Txina arteko mugetan egon behar izan zen, noizbehinka mugetako erasoak eginez. Praktikoki, “Japoniar Inperioaren gizona” bihurtu zen.

1918ko apirilean, Armada Boluntarioa “Dongo Armada” deitutako estruktura berri batean sartua geratu zen, eta gerora hau “Hego-Errusiako Indar Armatuak” deitutako egitura berri baten barruan. 1918ko apirilean, Ukrainan aurrera egiten alemaniarrek Rostov hartu zuten eta Krasnoven kosakoen esku utzi zuten, horrela zuriek Don osoarenganako kontrola ziurtatu zuten (errusiar zuri gehienak alemaniarren aurkakoak baziren ere, Dongo kosakoen Krasnov atamana oso alemaniarzalea zen).Hau Armada Zuriaren lehen nukleoa bazen ere, lehenengo hilabeteetan guda Armada Zuria ez zen Don, Kuban eta Terek eskualdeetatik haratago zabaldu: 1918ko maiatza arte, hau da, txekoslovakiarren matxinadak Uraletan eta Siberian hiri asko zurien esku utzi artean, Guda Zibila Errusiaren Hegoaldean kontzentratuta egon zen.

(Goiko irudin