Armada Gorriaren sorrera-dekretua

Armada  Gorriaren  sorrera-dekretua

Announcement Date: 15th urtarrila 1918

1918ko urtarrilaren 15ean, Sovnarkomek ofizialki Armada Gorriaren antolakuntzari buruzkoa deitutako dekretua eman zuen. Beraz, Langileen eta Nekazarien Armada Gorria fundatzeko agindua eman zuen. Mikola Podvoiski Defentsarako Herri Komisarioa izan zen agindu horren erantzulea.

Armada iraultzaile bat osatzeko asmoa aurretik erabaki izan zen. 1917ko azaroan, boltxebikeek Errusiar Armadaren Estatu Nagusia (Stavka) kontrolatzea lortu zuten, baina oraindik ez zuten armada propiorik, antolakunde propiodun armadarik. Behin Stavkaren kontrola hartuta, Errusiar Armada zaharrari “kolore gorria” ematea, edo armada berri bat osatzea izan zen eztabaida. Eztabaida definitu izan zuena, armada zaharraren tropen borrokarako grina eskasa izan zen. 1917ko abenduaren 16an, Sovnarkomek Armadako kargu guztiak soldaduek aukeratutakoak izango zirela erabaki zuen. Geroago onartu zuten behin-betiko Armada berri bat osatzeko erabakia; izan ere, abenduaren 26an Komite Zentral Boltxebikeak eta Erakunde Militar Boltxebikeak egin zuten bilera batetan onartu zen hori. Segituan, Mikola Podvoiski Defentsarako Herri Komisarioak eta Erakunde Militar Boltxebikeko buruak armada berri hori osatzeko modua aztertzen zuen txosten bat idatzi zuen. Gainera, lehen arazoa moral eskasa izanik, boltxebikeek, hasiera batean, Armada berria borondatezkoa izango zenaren erabakia hartu zuten.

Dekretuak hiru artikulu labur zituen, eta hitzaurrean boterea langileek hartzearen ondorioz etorritako baldintza aldaketen ostean, Armada zaharra klase zanpatzaileen tresna bat zenez, “Sobietar boterearen zutarri izateko (…)  eta Europako iraultza sozialistarako” armada berri bat sortu behar zela zioen. Lehen artikuluan, Armada “langileriaren elementurik kontzienteenek” osatuko zutela, eta bertan sartzea “18 urtetik gorako denei zabalik” zegoela zioen, betiere “bi kideren bermea izanez gero”. Historiagile batzuen arabera, dekretu hau publikatzerakoan. Boltxebikeen asmoa 1791ko Frantziako armada iraultzailearen ereduko armada bat osatzea zen. (Beraz, ez zen beharreko armada bat, hasiera batean boltxebikeek “barneko frontean” –kontrairaultzaren aurka- borrokatzeko armada bat bilatzen zuten). Bigarren puntuan soldatak eta pentsioak zehazten ziren. Hirugarrenean, Armada Herri Komisarioen Batzordearen pe egongo zela esaten zuten. Dekretua, Leninek Sovnarkomeko lehendakari gisa, Krilenkok “komandante goren” gisa, Podvoiskik Defentsarako Herri Komisario gisa, Dibenkok Itsasrmadarako Herri Komisario gisa, Proxian, Zatonski eta Steinberg Herri Komisarioek, Bontx-Bruievitxek Sovnarkomeko Administrazio-departamenduko arduradun gisa, eta Gorbunovek Sovnarkomeko idazkari gisa sinatu zuten.

Mitoak dionaren kontra, Liev Trotski ez zen Armada Gorriaren fundatzailea izan (izan ere, momentu horretan, Kanpo Arazoetarako Herri Komisarioa zen). Trotski 1918an sortu zen Armada Gorriaren zuzendaritza-organuaren, Sobiet Militar iraultzailearen burua izan zen, beraz, Armada Gorriaren lehen lehendakaria izan zela esan genezake. Trotskiren eta Armada Gorriaren arteko lotura historikoa gehiago dator Trotskik otsailaren 23an Aberri Sozialista arriskuan dago! dekretua sinatzeagatik (hala uste da, guztiz garbi ez badago ere), bere tren famatuan Armada Gorrien fronteetara egiten zituen bidaiengatik eta han ematen zituen hitzaldiengatik, propaganda balio handia zutenak (Trotski zuzendarien artean “armadaren gizona” izan zen).

Hala ere, Armada Gorriaren eguna (egun Errusian “Armadaren Egun” bezala soilik ospatzen dena) ez zen urtarrilaren 15ean ospatzen, otsailaren 23an baino. 1918ko otsailaren 23an, Gobernu Sobietarrak “Aberri Sozialista arriskuan dago!” deitutako adierazpen-dekretua (ez agindu-dekretua) egin zuen. Dekretu horrek sobietak eta erakunde iraultzaileak Estatu Sobietarra defendatzera, eta langilea eta baserritarrak laguntza-lanak egitera (lubakiak egitera) deitzen zituen, baina ez zuen beharrezko errekrutatzea ezarri (burgesak izan ezik, hauek laguntza-lanak egitera bidali zituzten). Horrez gain, alemaniarrek aurrera ez egiteko, eurak pasa beharreko trenbideak puskatzera eta espioiak exekutatzera ere deitzen zuen. Dekretu hori Alemaniak beste ofentsiba bat hasi zuenean sinatu zuten (otsailaren 18an).

Armada Gorria sortzeak, 1918ko martxoan Erakunde Militar Boltxebikea eta 1918ko apirilean Goardia Gorria desagertzea ekarri zuen.