Alemaniarrek Riga hartzen dute

Alemaniarrek  Riga  hartzen  dute

Announcement Date: 21st abuztua 1917

1917ko abuztuaren 21ean, alemaniar armadak Riga, Baltikoko hiri garrantzitsua, egun Letoniako hiriburua (orduan alemaniar etniako pertsona askoz populatua) hartu zuten. Baltikoko frontean, lerroak 1915etik alde bietatik geldituak zeuden, eta honek fronte errusiarra puskatzea ekarri zuen. Alemaniarrentzat garaipen handia izan zen, Wilhelm II enperadorea ere hurbildu zen ospakizunetara.

Riga hartzeak, Petrograd mehatxatzen zuen. Hala ere, zenbaiten arabera, Riga hartzea eskuinak, Korniloven Estatu-kolpearen fiaskoaren ostean, iraultza bidetik ateratzeko egin zuten saiakera izan zen; hau da, behintzat erregimen burgesa salbatua izan zedin alemaniarrei bidea ireki zietela, bai alemaniarrek iraultza zanpa zezaten itxaropenez, edota alemaniarren aurrerapenak jendea boltxebikeen kontra berriz biratuko zuenaren itxaropenez.

Abuztuaren 22an, Leninek Riga alemaniarrek hartzeaz ilegalki banatu beharreko esku-orrien testua idatzi zuen eta Alderdiaren izenean baino, ezinez batez (“Boltxebike jazarriak” edo halako zerbaitez) sinatzea proposatu zuen. Eskuorri horretan, gudaren izaera inperialista salatu eta bi aldeen zakuraketa politika kritikatu zituen Leninek, gudaren kontra hitz eginez, bakea ezartzeko langile Gobernua ezartzea bide bakarra zela defendatuz eta herrien autodeterminazioa (“Letoniar Herrialdearena” barne) defendatuz, azken puntu hau “anexiorik gabeko pakearekin” lotuz. Leninen ustez “Riga galtzearen” inguruko burgesiaren izu-hitzak “xantaia” ziren. Leninek behin baino gehiagotan salatu zuen (irailaren 16an, adibidez, “Errusiako Iraultza eta Guda Zibila” deitutako artikuluan) “jeneral kornilovistak gai zirela Riga zein Petrogradeko fronteak irekitzeko”. Abuztuaren 30ean Leninek Alderdi Boltxebikearen Komite Zentralari klandestinitatetik idatzi zion gutun batean, Alderdi Boltxebikea eseristekin eta Behin-behineko Gobernuarekin aliantza egitearen kontra agertu zen, eta hura proposatzen zituenak (Volodarski aipatzen zuen, nahiz eta gero honek atzera egiten zuen) kritikatu zituen. Hauxe esan zuen Leninek gutun horretan: “Ez Riga erortzeak, ez Petrograd erortzeak ez gaituzte defentsista egingo”. Irailaren 13 eta 14 artean idatzitako artikulu ezagun batean (Marxismoa eta matxinada), Leninek “gure Alderdia Petrograd salbatzeko gai den bakarra da” idatzi zuen. Irailaren 26 eta 27 artean ateratako artikulu batean (“Iraultzaren eginbeharrak”) “Rigan eta Galitzian jeneral kornilovistek frontea nahita zabaldu zutela” salatu zuen. Stalinek, abuztuaren 25ean idatzi zuen artikulu batean (“Aliantza horia”), prentsa burgesak eta frantziar eta britainiar inperialistek Rigaren porrota “errusiar iraultzaren kontra gaizki-esanak eta gezurrak esateko” eta euren programa berrezartzeko (“Armadan diziplina ezarri”) aprobetxatu nahi zutela salatu zuen. Abuztuaren 28an, Korniloven Estatu-kolpea zela eta, “Kornilovek Riga alemaniarrei eman ondoren, Petrograd ere emango zukeen” idatzi zuen.

Garai horietan asko entzuten ziren Gobernuak Petrograd ebakuatu nahi izan zuenaren inguruko zurrumurruak, eta horrek iraultzaileen artean kezka handitu besterik ez zuen egiten (kontuan izan behar da baita Korniloven kolpea edota kolpe-asmoak ere atzerritarren laguntzaz –britainiarrak kasu honetan- bultzatu zirela; beraz beste atzerritar batzuk iraultzaren kontra erabiltzea ez zitzaion arrotz egiten jendeari).

John Reed estatubatuar kazetariak garai hartako giroa hitz hauekin deskribatu zuen: “Behin, irailean (beraz, Korniloven kolpearen ostean eta boltxebikeak indartsu egiten ari zirelarik) Moskuko merkatari aberats baten etxera gonbidatu ninduten. Hamaika pertsona eta ni geunden han. Galdetu nien ea Wilhelm ala boltxebikeak nahiago baldin bazituzten. Hamar baten kontra, Wilhelm erantzun zuten”. Reedek ere Petrogradeko ebakuazioaren zurrumurruak aipatzen zituen, eta Korniloven adierazpen batzuk ekarri zituen gogora: “Errusia salbatzeko Riga laga behar bada, hala izan dadila”. Reedek Rigarekin gertatutakoa, ekonomian, enpresa-jabe batzuek ekoizpena desorganizatzearekin eta saboteatzearekin lotzen zuen. Reedek Mikhail Rodziankorekin izan zuen elkarrizketa bat ere gogoratzen du, non Rodziankok “Petrograd arriskuan badago, pikutara joan dadila” esan zuen; “alemaniarrek agian desordenatik salbatuko gaituzte” gehituz.

Brest-Litovskeko Itunaren ondorioz (1918-III-3), ofizialki, Letonia alemaniar orbitan jarri zen, formalki independentea bazen ere. Azaroan, Alemaniak I Mundu Guda galdu ostean, alemaniar azken tropak Rigatik eta Letoniar Errepublikatik erretiratu egin ziren.

(Argazkian, Rigan alemaniarrek egin zuten garaipen-desfilea)