Alemaniarekin bake-negoziazioak eta lehen suetenaren akordioa

Alemaniarekin  bake-negoziazioak  eta  lehen  suetenaren  akordioa

Announcement Date: 2nd abendua 1917

1917ko abenduan, Errusia Sobietarrak nazioarteko bere lehen akordio handia lortu zuen, alemaniar tropekin su-etena sinatuz. Bi arrazoi zeuden horren atzean, alde batetik bakearen aldeko herri-eskakizuna, eta beste batetik iraultza salbatzeko beharra. Bakea eta guda inperialistaren aurkako kanpaina, boltxebikeen politikaren bi ardatz izan ziren. Ez da kasualitatea boltxebikeek boterea lortu eta berehala atera zuten lehen dekretua Bakearen inguruko Dekretua izatea.

Alemaniarekin lehen negoziazioak azaro hasieran hasi nahi izan ziren, azaroaren 7an bidali zuen bere proposamena Sovnarkomek (bake-proposamena alde gudukatzaile denei bidaltzearena), baina orduko Errusiar Armadak eta armadaburuak, Nikolai Dukhonin jeneralak, saboteatu egin zituzten; Dukhoninen arabera, Alemaniarekin bakea soilik “armadak eta herriak aintzatetsitako Gobernu batek” sina zezakeen (hau da, Gobernu boltxebikea ez zuen aintzatesten); benetako arrazoia, Dukhonin inperialismoaren interesen ordezkari izatean zetzan. Aliatuen aldeko inperialistek ere Dukhoninen antzeko erantzuna eman zuten: azaroaren 8an Sovnarkomek Errusian potentzia aliatuek zuten enbaxadore guztiei bake-proposamena bidali zien, baina hauek, azaroaren 9an AEBren enbaxadan bildurik, Sovnarkomen oharrari ez entzunarena egitea erabaki zuten.

Boltxebikeek, azaroaren 14an Armadaren Estatu Nagusiaren kontrola hartzerakoan, Alemaniarekin negoziazioak berriz hasi ziren. Alemaniarrek, azaroaren 14an bertan bake-proposamena aintzat hartzen zutela komunikatu zuten, eta azaroaren 15ean Sovnarkomek berriz aliatuei bake-proposamena luzatu zien, erantzunik gabe.

Beraz, negoziazioak Alemaniarekin azaroaren 19an hasi ziren, Adolf Joffe ordezkaritza sobietarraren buru zelarik, eta beste batzuen artean, Liev Kamenev, Anastasija Bitsenko eta Liev Karakhan eta Sergei Mstislavski ezkerreko eserista zihoazela. Beste aldean, Potentzia Zentralen lau Estatuen ordezkariak zeuden: alemaniarrak (Kühlmann kanpo Arazoetarako ministroa buru), austro-hungariarrak (Ottokar Czernin buru), turkiarrak (Talat Paxa buru) eta bulgariarrak (Petar Gantxev buru). Azaroaren 20 eta 22an lehen su-gelditzea sinatu zuten, hamar egunetarako. Sobietarren arabera, bakea “anexiorik eta guda-ordainketarik gabe” sinatu behar zen, herri guztiei autodeterminazio-eskubidea bermatuz (sobietarren arabera, “anexioei uko egitea” ez zen statu ante quo-ra itzultzea, autodeterminazioa bermatzea baino).

1917ko abenduaren 2an sinatu zen suetena. Hasieran, hilabete batetarako suetena sinatu zuten, sobietarrek sei hilabetetako suetena eta alemaniarrek Riga uztea nahi bazuten ere (hala ere, Mendebaldeko Potentzien ezetzak, Errusia Alemaniaren aurrean egoera ahul batean utzi zuen). Suetena automatikoki beste hilabetez hedatuko zen baldin epemugara iritsi baino zazpi egun lehenago bi aldeetako batek apurtzeko arrazoirik ematen ez bazuen. Suetenean, bi armaden arteko “ahaidetasuna” bultzatzea, eta alemaniarrek troparik ez mugitzea agertzen zen. Sueten bereizi honen ostean, boltxebikeen lehentasuna Europako Estatu guztietan egin beharreko kanpaina bakezale bat egiteko denbora irabaztea bilakatu zen, behin-betiko negoziazioak ahalik eta gehien atzeratzea.

Abenduaren 9an hastekoa zen Bake Konferentzia bat eratzea ere sueten horren beste baldintzetako bat izan zen. Han bildu ziren Potentzia Zentralen lau ordezkaritzak eta Sobietar Errusiarena. Negoziazio berri hauetan, sobietar ordezkaria Kanpo Arazoetarako Herri-Komisario Trotski izan zen. Trotski bezalako erretolika gaitasun handiko pertsona bat aukeratzea ez zen alferrik, izan ere, berak zioen moduan “Negoziazioak atzera daitezen, atzeratzeko gai den norbait beharko dugu”. Hala ere, gaizki hasi ziren negoziazioak, izan ere Alemaniak, abenduaren 12an sobieetar proposamena itxuraz onartu bazuen ere, konkretuan proposamen anexionista bat egin zuen Ukraina, Bielorrusia, Polonia eta Baltiar Herrialdeen “autodeterminazioa” onartzearen itxurarekin (Errusia bertatik erretiratzea eta Alemaniaren orbitako Estatuak eratzea). Izan ere, abenduan, alemaniar negoziazio-taldera Max Von Hoffmann jenerala batu zen, Kühlmann baino askoz ere gogorragoa (Hoffmannek Ottokar Czernin austrohungariarrarekin kontrastatzen zuen, honek bere aldetik bakea sinatzeko keinua ere egin zuelarik). Urtarrilaren 5ean Hoffmannek behin-betiko proposamena egin zuen, aurreko eskaerak biltzen zituena. Halako proposamen batek Alderdian lehen arrakalak eragin zituen, kosta ala kosta bakea sinatzearen aldekoen (Lenin buru) eta bakea “lotsagarria” zela esanez, hura ez sinatzearen eta “guda iraultzailea” jarraitzearen ezkerreko fakzioaren artean (Bukharin buru). Azken fakzio hau Moskuko Alderdi Boltxebikean nagusi zen (gainera kontuan hartu behar da, Gobernuko beste alderdia, ezkerreko eseristak, bakea sinatzearen erabat kontrakoa zela). Tartean, “ez bakerik ez gudarik” fakzioa genuen, Trotski buru zelarik. Alderdiaren barneko eztabaida hau, Mendebaldean iraultza pizteko ikusten zuten aukerekin lotua zegoen: Bukharin eta Trotskiren arabera, bat-batekoa izango zen, eta beraz, negoziazioak atzeratzeko edo ez sinatzeko arriskurik ez zegoen (bakea sinatzeko bigarren mailako helburutzat zuten), Leninen arabera, ez zegoen halako aukerarik, beraz, bakea kosta ala kosta sinatu beharra zegoen. Gainera, Krilenko armadaburu eta Gudarako Herri-Komisarioak esan zuen ezinezkoa zela Errusiar Armadaren egoeran borrokan jarraitzea. Azkenik, Alderdiaren posizioa “negoziazioak berariaz atzeratzea, alemaniarrek ultimatum bat aurkeztu arte” izan zen.

Negoziazioek aurrera egiten zutela, Potentzia Zentralek Ukrainako Errepublika Nazionalarekin “adiskidetasun-akordio” bat sinatu zuten. Ofizialki, akordioa urtarrilaren 27an sinatu zuten, baina abendu-erdialdetik zituzten negoziazioak. Itun honen arabera, Potentzia Zentralek Ukrainako Errepublika Nazionalaren independentzia onartzen zuten Estatu-satelite gisa, alemaniar tropak Ukrainan ezartzearen truke, eta Ukrainak gari kopuru bat Alemaniari ematearen truke. Ukrainaren atxikimenduak indartuta, Alemaniak 1918ko urtarrilaren 28an bake-ultimatuma bat aurkeztu zion Errusiari, urtarrilaren 5eko Hoffmannen eskaerak bilduz. Paradoxikoki, Alemaniaren “autodeterminazio-ariketa” honek, Ukrainan benetan existitzen ez zen Gobernu bat aintzatesten zuen, Ukraina ia osoa ordurako Ukrainako Errepublika Sobietarraren pe baitzegoen; baina alemaniarrek Brest-Litovsken ordezkaritza ukrainar sobietarra betatu egin zuten. Errusia Sobietarraren ordezkaritzak Lenini galdetu zion zer egin beharra zegoen, eta honek onartzea agindu zuen. Hala ere, Trotskik “Errusia guda uzten ari da, beraz ez du bakea sinatzen” esan zuen (“Ez gudarik, ez bakerik” leloari jarraiki), eta beraz, alemaniarrek erantzun hori ez zuten kontutan hartu (Hoffmannek haserre “sinesgaintza!” esan omen zuen). 1918ko otsailaren 18an (gogoratu beharra dago tarte horretan sobietarrek egutegia aldatu zutela, egutegi zaharraren arabera, otsailaren 5 zatekeen) Max Von Hoffmann jeneralak Alemaniak berriz guda hasiko zuela esan zuen. Modu honetan, gero sobietar historiografian “Hamaika Egunetako Guda” deitutakoa hasi zen, non Alemaniak Ukraina osoa okupatu zuen (Leninek otsailaren 23an bidali zuen bakea sinatzeko mezua, baina alemaniarrak motel ibili ziren erantzuten, ahalik eta lur gehiena okupatzeko). “Guda” labur honetan, sobietarrek euren Armada Gorria borondatezkoa baino, errekrutatzezkoa izan behar zela jabetu ziren, eta hala, otsailaren 23an bertan “Aberri Sozialista arriskuan dago!” deitutako dekretua publikatu zuten, Errepublika defendatzeko herritarren betebeharra ezarriz. Azkenean Errusia Sobietarrak martxoaren 3an bakea sinatu behar izan zuen, askoz ere egoera txarragoan (Brest-Litovskeko Ituna). Honek, Alderdian ezinegona ekarri zuen, alderdikide asko Brest-Litovskeko Ituna sinatzearen aurkakoak ziren eta. Gainera, ezkerreko eseristek Sovnarkom utzi zuten protesta gisa (VTsIKen eta Txekan jarraitu zuten arren).

(Goiko irudian bi ordezkaritzak suetena sinatzen. Sobietar ordezkaritza eskuinean; eserita, behetik gora, Liev Kamenev, Adolf Joffe (ordezkaritza-burua), Anastasija Bitsenko eta Altwater almirantea. Zutik, behetik gora, Lipski jenerala, Liev Karakhan eta Fokke jenerala (aurrera begira dagoena). Potentzia Zentralen ordezkaritza ezkerrean; eserita, behetik gora, Zekki-Paxa (turkiarra), Von Merey (austrohungariarra), Leopold Bavariakoa (alemaniarra, ordezkaritza-burua), Max Von Hoffman (alemaniarra) eta Petar Gantxev (bulgarriarra).