Alderdi Boltxebikearen VI Biltzar Nagusia

Alderdi  Boltxebikearen  VI  Biltzar  Nagusia

Announcement Date: 26th uztaila 1917

Uztailaren 26an hasi zen Alderdi Boltxebikearen VI Biltzar Nagusia, eta abuztuaren 3an bukatu zen. Biltzar Nagusia klandestinitate egoeran egin behar izan zen: Alderdia ilegalizatzeko ertzean zegoen, VTsIKetik kanporatua izan zen eta alderdiaren komunikabide nagusiak itxiak zeuden.

Aurretik, Alderdi Boltxebikeak bazuen Petrogradeko Erakundearen II Konferentzia deitua, uztailaren 1erako, baina Uztaileko Egunak zirela eta, uztailaren 16tik 20ra egin behar izan zen. Konferentzia horretan, 145 ordezkari bildu ziren, Petrogradeko 33.220 militante boltxebike ordezkatuz. Konferentzia hori Stalinek zuzendu zuen, geroagoko Biltzar Nagusiarekin egin zuen bezala. Stalinek Konferentzia horretan Alderdiaren kontrako akusazioak ihardetsi zituen eta Uztaileko Egunetan Alderdiak zuen papera defendatu zuen: “Gure ustez langile eta soldaduen ekimena ez zen komenigarria (…) baina halako egoera batean, Alderdia ezin zen alde batean gelditu; ez zuen eskubiderik, proletalgoaren alderdi bezala, manifestazioan parte hartu eta honi izaera baketsua eman behar izan genion”. Bestetik esan zuen “Mentxebike eta eseristek, 400.000 langile guri jarraika ikusterakoan, manifestazioa Sobieten aurkako manifestazioa zela ebatsi zuten (….) boltxebikeak traizioz akusatzean, mentxebike eta eseristek iraultza traizionatu zuten, iraultzaren frontea bakarra hautsi zuten”. Stalinek mentxebikeekin eta eseristekin, behintzat euren zuzendaritzekin, hitz egiteko politika deitoratu zuen, eta alderdi hauen ezkerreko adarrak erakartzeko deia egin zuen. Stalinek baita, Konferentzia horretan “Botere osoa Sobietentzat!” kontsigna alde batera uztea eta “Botere osoa langileentzat eta baserritar txiroentzat!” kontsigna proposatu zuen: “Gu boterea Sobietek izatearen alde gaude, gure gehiengodun Sobietek izatea (…) Saiatuko gara Sobiet horiek sortzen, baina bitarteak ezin dugu kontrairaultzarekin bat ari diren Sobietentzat boterea eskatu”. Leninek uztailaren erdi-aldera idatzi zuen beste artikulu batean ere, antzeko iritziak erakutsi zituen: “boterea Sobietek lortuko dute, baina ez gaur egungo Sobietek”.

Biltzarra Petrograd hiriko Viborg langile auzoan egin zen, eta 266 ordezkarik hartu zuten parte, batzuk Mezhraionka taldekoak ziren, izan ere, Biltzar Nagusi honetan erabaki zen Mezhraionka Alderdi Boltxebikean sartzea. Alderdiaren zuzendari batzuek ezin zuten parterik hartu: Lenin bera, Zinoviev eta Bontx-Bruievitx ihesean zeuden, eta Kamenev eta Kollontai kartzelan zeuden. Mezhraionkaren buru ezagun bi, Trotski eta Lunatxarski ere kartzelan zeuden.

Biltzar Nagusi honen zuzendari praktikoa Josif Stalin izan zen (bera izan zen Komite Zentralaren txostena aurkeztu zuena), Jakov Sverdloven laguntzaz. Berez, gai hauek jorratu ziren: Komite Zentralaren txostena, tokiko antolakundeen txostena, egoera politiko eta ekonomikoa, guda eta nazioarteko egoera, mugimendu sindikala eta Asanblada Konstituziogilerako hauteskundeetako kanpaina. Stalinek txosten batzuk aurkeztu zituen. Adibidez, “Komite Zentralaren kudeaketari buruzko txostenean”, Sobietetan modu baketsuan gehiengoa lortzeko eta hala Sobietak modu baketsuan boterera eramateko politikaren aroa bukatu dela hauteman zuen; hala ere, Sobeitetan “langileen erdia eta soldaduen laurdena gurekin daude” esan zuen. Stalinek txosten horretan ekaineko eta uztaileko manifestazioei buruzko errepasoa egin zuen; eta alderdiak nekazal probintzietan zuen pisu txikiagatik autokritika egin zuen eta Lenin eta Zinoviev epaitegietara ez aurkezteko erabakia justifikatu zuen. Egoera politikoari buruzko txostenean, Errusian iraultza sozialista egitea posible zela ikusten zuen eta “Europan iraultza “hasi arte” Errusiari “itxaroteko” eskatzea” jakintsumarikeria bezala jo zuen. Bestetik, aliatuen kapitalak Behin-Behineko Gobernuan zuen eraginari buruz mintzatu zen Stalin. Stalinen ondorioa izan zen iraultzaren bakezko garapen-aroa bukatu zela eta ez zegoela Sobietek modu baketsuan boterea hartzeko aukerarik, beraz, Sobietentzat botere osoa eskatzea ezinezkoa zela. “Botere osoa Sobietentzat!” kontsigna erretiratu eta “Botere osoa proletalgoarentzat eta baserritar txiroentzat!” kontsigna proposatu eta onartu zuen, baina ez zuen Sobietak ez ziren beste erakunderik sortzerik planteatu: “Sobietak dira iraultzaren antolaketarako errusiar forma (…) baina gaur egungo Sobieten Komite Exekutibo Zentralak bat egiten du burgesiarekin eta kontrairaultzarekin (…) tokiko Sobietak, gure gehiengoa dutenak, Behin-Behineko Gobernuaren kontra babes genitzazke (…) “Botere osoa Sobietentzat!” kontsigna erretiratzeak ez du esannahi “Behera Sobietak!” oihukatu behar dugunik”.

Biltzar honetan Alderdiaren Estatutu berri batzuk onartu ziren, eta programa berria idazteko biltzar “txiki” bat egitea adostu zuten. Leninek irailaren 3an, programa berria, “hilabete batean” idatzia egon behar zela idatzi zuen. Leninek, orduan azaldu zuen lehen aldiz “III Internazionala sortu” kontzeptua. Leninek, bere zirriborra, 1917ko urriaren hasieran, 6 eta 8 artean idatzi zuen, non iraultza armaturako plana aurreikusten zen.

Urriaren hasierako Petrogradeko Konferentzia Boltxebikean “Botere osoa Sobietentzat!” kontsigna boltxebikeek bere egin zuten berriz, izan ere, jada Sobiet nagusiek boltxebikeen eta euren aliatuen gehiengoa zuten, jada ez zeuden kontrairaultzari lotuak, eta gainera, Gobernu burgesak Asanblada Konstituziogilerako hauteskundeak lehenik eta behin deitu nahi zituen. Beraz, Gobernu burgesak behin Asanblada Konstituziogilean itxaropenak jarrita eta Sobietek gehiengo boltxebikea zutela, egoera berri horretan Sobieten eta Asanblada Konstituziogilearen arteko borroka aurreikusten zuten boltxebikeek, beraz “Botere osoa Sobietentzat!” kontsigna berrezartzea ondo ikusten zuten.

(Argazkian, goiko ilaran Kngresu honetara azaldu ezin zuten zuzendariak. Beheko lerroan Kongresu hau zuzendu zutenak).