Stučka, Pēteris

Boltxebike letoniarra, militantea eta idazlea, baina batez ere legalari bezala ezaguna. Gaztetatik izan zuen abokatutzarako joera, 1888an San Petersburgeko Unibertsitatean Zuzenbide karrera bukatu zuen. Unibertsitatea bukatuta, Jaunstravnieki (“Korronte Berria”) deitutako talde marxista batekin egin zuen bat, eta hortik gutxira, Dienas Lapa (“Eguneko Berriak”) egunkaria ateratzen hasi zen. 1897an lehen atxiloketa jasan zuen eta barne-deportazioan Viatka probintziara bidali zuten. Askatu zutenean Vitebskera (egun, Bielorrusia) joan zen bizitzera eta gero Rigara.

1904an Letoniako Langileen Alderdi Sozialdemokrata fundatu zuen (hasieran bai boltxebikeak zein mentxebikeak biltzen zituen alderdi horrek). 1905ko Iraultzan parte hartu zuen Rigan. 1906 aldera, Letoniako Langileen Alderdi Sozialdemokrata boltxebikeekin lerratu zen, eta Stučka boltxebikeen artean militante nabarmena bihurtu zen. 1907an San Petersburgra joan zen, han Alderdi Boltxebikea antolatzeko. 1907an Internazional Sozialistaren Biltzar Nagusian parte hartu zuen Alemaniako Stuttgart hirian. Otsaileko Iraultzaren aurreko urteetan hainbat aldiz atxilotua izan zen, 7 urte kartzelan pasatu zituelarik; baina beste alde batetik, Letoniako mugimendu marxista, Errusiako marxismo iraultzailearen gotorleku bihurtu zuen (Urriko Iraultzan ikusi zen moduan).

Egunkari eta aldizkari anitzen editorea izan zen. Komentatutako Dienas Lapaz gain, Errusiako boltxebikeentzat, bai Pravda zein Zvezda (“Izarra”) egunkariak editatu zituen, eta baita ere Prosvestxenie (“Ilustrazioa”) aldizkaria.  1917an, Letoniako  Tsinia (“Borroka”) egunkariko ererdaktorea ere izan zen. Stučka jada letoniar boltxebikeetan ezagunena izan zen. Otsaileko Iraultzaren ostean, Pravdako erredakzioko eta Petrogradeko komite boltxebikeko kide izan zen. Apirileko Alderdi Boltxebikearen VII Konferentzian parte hartu zuen, maiatzeko Letoniako Sobieten Biltzar Nagusian baita, eta Uztail-abuztuko Alderdi Boltxebikearen VI Biltzar Nagusiko ordezkari izan zen. Sobieten I Biltzar Nagusiaren ondoren, Sobieten VTsIKerako ere aukeratu zuten, Viborgeko auzoko ordezkari gisa.

Urriko Iraultzaren garaian, Stučkak eta gainontzeko letoniar boltxebikeek paper handia jokatu zuten. Milrevkomeko kide bezala, Petrograden matxinadan parte hartu zuen, eta Sobieten II Biltzar Nagusian ordezkari izan zen baita (Biltzar Nagusiaren mahairako ere aukeratua izan zen). Iraultzaren ostean, Pēteris Stučka Justiziarako Herri-Komisarioa izan zen, azaroan Justiziako Herri-Komisariotza hartu zuen Georgi Oppokoven ordez, baina abenduan utzi egin behar izan zuen: ezkerreko eseristak Gobernuan sartu zirenean, Isaak Xteinbergi utzi  behar izan zion toki hori. Xteinbergek eta ezkerreko eseristek bere kargutik dimititzerakoan. 1918ko martxoan, Stučka berriz jarri zen Justiziarako Herri-Komisario moduan. Pēteris Stučkak komisariotza horretan alde batetik aurreko lege guztiak baliorik gabe utzi zituen (azaroaren 22an), eta “epaitegi herrikoiak” sortu zituen (urtarrilaren 9an) –neurri hauek hartu zirenean, Xteinberg zen Herri-komisarioa, baina Stučka izan zen legeen ideologoa-. Justiziarako Herri-komisario gisa, Stučka lege idatziaren gainetik rtibunal iraultzaileen ekimena lehenestearen aldekoa zen, “legeak argi eta garbi markatu ezean, tribunal iraultzaileek beren zigor-prozedurak erabakitzeko askatasuna dute” zioen berak sinatutako dekretu batek. 1918ko abuztuan Stučkak postu hori utzi zuen eta Kanpo Harremanetarako Herri-Komisariotzan egon zen ondoko moduan. Ezkerreko eseristen Estatu-kolpea ikertzeko komisioaren kide ere izan zen, eta baita ere Sobietar Konstituzioa idazteko taldearena.

Brest-Litovskeko Itunaren ostean, Baltikoa eta baita ere Stučkaren jaioterri Letonia alemaniarren esku geratu ziren, honek gerora, Baltikoan oso egora konplexua sorrarazi zuelarik. Alemaniak Letonian zein Estonian okupazio Gobernua ezarri zuen (Lituaniari aldeko Gobernu baten pean independentzia eman zion), eta nolabait, errusiar zuriei ere aterpe eman zien, nazionalisten, errusiar zurien eta balto-alemaniarren arteko oreka politikoak egiten zituelarik.

1918ko azaroan, Alemaniak I Mundu Gudan amore eman ostean, Letonian kaos politikoa sorrarazi zen. Horrela, Pēteris Stučkak, letoniar boltxebikerik ezagunenetako bat izanik, Letoniara itzuli behar izan zuen. Rigan, Kārlis Ulmanisek Gobernu nazionalista eta independentzia aldarrikatu zuen aliatuen laguntzaz. Baina beste alde batetik, erretiratu gabe zeuden alemaniar soldaduek (Alemaniaren amore-ematean, baldintza bezala, “boltxebikeei aurre egiteko” Baltikoan presentzia izatea baimentzen zitzaien) eta euren menpeko errusiar zuriek euren Gobernu propioa ezarri zuten, Andrievs Niedraren pe. Komunistek, Letonian zuten herri babesa kontutan hartuta, Letoniako Sobietar Errepublika Sozialista eta “Langileen Soldaduen eta Desjabetuen Gobernua” eratu zuten Valka hirian. Stučkaren lehen manifestuak “orain arteko lege guztiak hankaz gora botako ditugu eta lege guzti horiek gure lege den langileen botere sobietarraz ordeztuko ditugu!” idatzi zuen. Pēteris Stučka lehen lehendakaria izan zen, eta 1919ko urtarrilean Riga hartzea lortu zuten. Hala ere, Ulmanisen nazionalisten eta alemaniarren eta errusiar zurien arteko aliantza kili-kolotsu eta hauskor batek, 1919ko apirilean Riga berriz hartu zuen letoniar gorriak mugara urrunduz. 1919ko apirilaren eta 1920ko urtarrilaren artean, Stučkaren “Letoniako Langile eta Desjabetuen Gobernuak”, asko jota, Letoniako mugako lurralde txiki bat kontrolatzen zuen. 1920ko urtarrilean, Gobernu horrek dimisioa eman zuen eta otsailaren 1ean Errusia Sobietarrak eta Letoniak suetena aldarrikatu zuten, Letoniako lehen esperientzia sobietarra hala bukatu zelarik.

Pēteris Stučka Errusia Sobietarrera itzuli zen. Errusiako Alderdi Komunistaren IX Biltzar Nagusian 20. hamarkadan, Letoniako Alderdi Komunistako lehendakari gisa Kominterneko zuzendaritzaren parte izan zen, eta 1921an Errusiako Justiziarako Herri Komisario-orde ere izendatu zuten. 1924 eta 1932 artean Kominterneko Kontrol Komisioaren parte izan zen. Baina hamarkada horretan sobietar legegile edo jurista moduan ezaguna egin zen. 1921ean Estatuaren eta Legearen Jokamolde Iraultzailea liburua atera zuen, eta 1923an Legearen Iraultza liburua. Hainbat artikulu eta liburu idatzi zituen gai horren inguruan. Pēteris Stučka, auzi honetan Eugenijus Pašukanis teoriko sobietar lituaniarraren aitzindari eta irakaslea izan zen. Bien artean Legearen Iraultza deitutako aldizkari bat fundatu zuten, eta Estatuaren eta Legearen Entziklopedia idatzi baita, hala ere, Samuel Farber estatubatuarraren arabera, bien arteko ezberdintasunak gerora handitu egin ziren; Stučkak ildo moderatuagoa bere egin omen zuen Pašukanis erradikalagoarekin alderatuta (adibidez, Stučkak trantsizio aldian Sobietar Zuzenbidearen indarrean-egotea defendatzen zuen; eta bestetik Pašukanisek zuzenbide pribatuaren eta publikoaren artean nahikoa bereizketa egiten ez zuela esaten zuen). Pēteris Stučka Sobietar Batasuneko Auzitegi Gorenaren lehen lehendakaria (1923) eta Zuzenbiderako Sobietar Institutuaren sortzailea (1931) ere izan zen.

Stučkaren arabera, legea betiere klase-interesak babesteko tresna bat zen, eta justizia klase-interesen korrelazioaren isla. Bera izan zen “bi sektoreetako ekonomia-zuzenbidearen” aitzindaria; bere ustez giza eskubideak ekonomia garatu heinean desagertuz zihoazen. Bere ikuspegi juridikoa, Marxen Kapitala eta Ekonomia Politikoaren Kritikaren inguruan eta Leninen Estatua eta Iraultza liburuetatik zetorren (azken honen izenburu bera zuen artikulu bat idatzi zuen). Alekseieva eta Xarov akademikoen arabera, Stučkak eskola juridiko positibista, normalista, soziologiko eta psikologiokaren aurka egin zuen legearen eta zuzenbidearen inguruko eskola marxista eratzeko. Pašukanis bere ikaslearen arabera “Stučkak idatzi zuen garaian, gure etsairik nagusiena eskola normatibista zen. Hori dela eta, legearen forma material eta objektiboa, ekonomiarekin lotura zuzena zuena, lehenetsi behar izan zuen gure teoriak”. Izan ere, legearen teoria formalistek edo positibistek, objektuari (hau da, klase-harremanei) baino, objektua definitzeko formari edo kontzeptuari, izate subjektiboari ematen zioten lehentasuna, hala subjektua eta objektua bananduz. Teoria soziologikoek, aldiz, “gizarte-harremanei so egiten badiote ere, klase-borroka beti bigarren mailan ezartzen dute, edo alde batera uzten dute”. Stučkak zioenez, “Nik beti klase-borroka lehenesten nuen”. Stučkaren arabera, marxismoak ez zuen legearen zentzu berri bat asmatzen, legearen ulerkera berri bat asmatzen, legea ulertzeko metodo berri bat aportatzen baino (beraz, legaren nolabaiteko ikuskera monista zuen).

Stučkak zuzenbidearen hiru aspektu bereizten zituen: bata konkretua eta beste bi abstraktuak. Konkretua, legea eta forma ekonomikoak bat egiten dutenaren aspektua zatekeen (adibidez, jabetza-eskubideak duen forma juridiko eta forma ekonomikoko edukia). Legaren forma abstraktuak, gainegituraren esparrukoak dira: legegintzaren arauak batetik eta bestetik kontzientzia legala (“lege ideologia”). Bere arabera, arruntena “Hiru forma hauek bat ez etortzea da”, adibidez, kapitalismoan gertatzen den bezalaxe. Stučkaren arabera, Estatu oro, ekonomi harremanen isla zenez gero, behin-behineko egoera bat zen, eta hala zen legea baita ere. Honi jarraiki, Pēteris Stučkak “botere banaketaren” printzipio liberala ukatzen zuen. Ondorioz, legea, unean uneko klase botereduna babesteko beste tresna bat litzateke, Estatua bezala, behin-behinekoa eta klase korrelazioaren araberakoa zatekeena. Stučkak legeari ematen zion berezitasuna, Estatu orok beharrezkoa duen “klase boteredunaren antolaketarekiko –Estatuarekiko-  menerapenarekiko tresna bat izatean” datza. Stučkak legeari buruz ematen duen definizioaren arabera, “legea, klase edukitzaileen interesei dagokien giza-harremanen ordenaren inguruko arau-sistema da, klasek antolatutako indarrez babestutakoa”.

Hala, Stučkak giza-historia bost fasetan bereizten ditu; Estaturik eta legerik gabeko bi faseak, komunismo primitiboa eta komunismoa hasierako eta amaierako ertzak ziratekeen. Tartean hiru fase leudeke: formazko eta materiazko desberdintasunen aroa edo feudalismoa, formazko edo legezko berdintasunaren eta materiazko desberdintasunaren aroa, hots kapitalismoa, eta trantsiziozko aroa, edo proletalgoaren diktaduraren aroa. Pēteris Stučkaren arabera, klase-gizartearen hastapenetan, legearen forma abstraktuak eta konkretuak bat datoz; baina kapitalismoan forma legearen forma konkretuak eta abstraktuak bereiziz doaz, materia arloko desberdintasunaren eta arlo juridikoko berdintasunaren arteko kontraesanak handitzen doazelarik. Trantsizio aroa (proletalgoaren diktadura), Stučkaren ustez, legearen hiru formak berdintasunaren oinarrian bat etortzen hasten diren uneko garaia da, eta guztizko bat-egitea legearen eta Estatuaren eta hertsapen ororen desagerpenarekin soilik etorriko da. Beraz, Stučkaren arabera, lege proletarioak, idatziari baino “proletalgoaren zentzu iraultzaileari” aditu behar zion; berez, legea zentzu idatzi hertsi bezala iraultza-prozesuarekin bateraezin jotzen zuen (“legearen mamia ez dago legean, legezko harremanetan baino”); izan ere, legearen letrari lehentasuna ematea, “lege-sisteman, berezkotasun bat bailitzan fedea izatea litzateke (…) Guk ez dugu halako federik, badakigu dekretuak garrantzitsuak direla, baina ondoren kontzientzia iraultzailea eta justiziaren zentzu iraultzailea etorri behar dira”. Pēteris Stučkaren iritzitan, langile botereak bi arriskuri egin behar zien aurre, alde batetik “lege iraultzailea produkzio-modu burgesen alboan indarge dela dioten teoria ekonomizistei, eta bestetik “abokatu iraultzaileen” teoriei, dekretu iraultzailearen botere ahalguztidunean sinesten duten teoriei”. Finean, Justiziarako Herri-Komisario moduan eta Letoniako lehendakari sobietar moduan egin zuen lanarekin (aurreko legeak abolitzearekin eta lege berriak langile armatuen botere sobietarraren oinarrian aldarrikatzearekin) bat zetorren bere zuzenbidearen inguruko ikuskera. Bere kritikarien arabera, Stučkak ez zuen legearen eta zuzenbidearen balio sortzaileen sinesten, ea ezta ere bere izate bereizian, beraz legea ez zatekeen kategoria bereizi bat izango. Stučkak akusazio horiei aurre egin behar izan zien, legearen garrantzia bere neurrian ikasten zuela argudiatuz.

1932an hil zen.

(Anekdota: Stučka Rainis letoniar poeta nazionalaren koinatua zen).