Judenitx, Nikolai

Errusiar militar kontrairaultzailea, Armada Zuriaren Ipar-Mendebaldeko Fronteko burua. Karrera militarra Aleksandrovski Eskolan egin zuen, eta geroago Goardia Inperialean (elitezko indarretan ere aritu zen). 1892an lotinant-koronel gradua lortu zuen, eta 1896an koronel gradua, eta 1902an dibisio baten komandante izatea lortu zuen.

Bere lehen guda Guda Errusiar-Japoniarra izan zen, non bi aldiz zauritua izan zen, baina dibisio-jeneral gradua lortu zuen. 1907an Kaukasora eraman zuten, kuartel-buruzagi karguarekin, eta 1913an, Kaukasoko Armadaren Estatu Nagusiko buru izan zen, lotinant-jeneral kargua lortuta. Lehen Mundu Gudan, Kaukasoko frontean borrokatu zuen turkiarren aurka, garaipen batzuk lortu zituelarik, horietako lehena Sarikamixeko borrokaldian, defentsa estrategia erabiliz. 1915ean graduz igo zuen, eta Kaukasoko Armadako buruzagi ere ezarri zuten. Turkiako Van hiri armeniarra konkistatzea lortu zuen. Hala ere, 1915ean Nikolai tsarrak, Nikolai Nikolaievitx Romanov Duke Handia armadaburu bezala ordeztea erabaki zuelarik, Nikolai Nikolaievitx Kaukasoko Fronteko komandante bezala ezarri zuten, Judenitxen ordez, hau berriz Kaukasoko Armadaren Estatu Nagusiko buru jarri zutelarik (hala ere, Judenitxek autonomia handia gorde zuen, izan ere, Nikolai Duke Handia batez ere administrazio-lanetan zentratzen zen). 1916ean Erzurumgo eta Trabzongo borrokaldiak irabazi zituen, kasu honetan erasoan. Nikolai Judenitxen erasoek Mesopotamiako britainiar indarrak desblokeatu egin zituen eta Armeniar lurren parterik gehienak errusiarren pe jartzea lortu zue. Agian arrakasta handiena izan zuen errusiar jenerala izan zen (Aliatuek Errusiar Armadarengandik gehien estimatzen zuten “antzeztokia” Kaukasokoa zen), baina kontuan hartu behar dugu baita bere “antzeztokia” bigarren mailakoa zela, eta otomandarren armada ez zela alemaniarrena bezain indartsua. Bere menpekoen artean oso inpresio ona utzi zuen, eta Armada Inperialaren zuzendaritzan oso izen ona zuen.

Otsaileko Iraultzarekin batera, Kaukasoko Armadaren buruzagitza berreskuratu zuen (Nikolai Nikolaievitx Romanov kargugabetua izan zen). Hala ere, maiatzean, Aleksandr Kerenskik postu horretatik kendu eta armadatik erretiroa hartzera behartu zuen “desobedientziagatik”. Judenitxek, ostean, Korniloven Estatu-kolpea babestu zuen.

Urriko Iraultzaren ostean, Errusiatik ihes egin zuen, Finlandian gordez. Finlandian errusiar zurien komunitateko buru izan zen, eta hala, Aleksandr Koltxak, zurien buru formala zenarekin kontaktua egin zuen. Judenitxek potentzia ezberdinak konbentzitu nahi zituen Finlandiatik Petrograd erasotzeko, eta 1919ko maiatzean Mannerheim Finlandiako armadaburuarekin egon zen eraso bati buruzko akordioa lortzeko asmoz. Koltxakek 1919ko ekainean Judenitx “Armada Zuriaren Baltikoko eta Iparraldeko komandante” izendatu zuen, Aleksandr Rodziankoren ordez (Rodziankok oso tropa gutxi zituen, alemaniarrek entrenatutakoak, eta ia erabiltezinak, Baltikoko lurraldeak beste potentzia batzuen laguntzaz independente aldarrikatu baitziren. 1918an zehar, Rodziankoren tropa zuriek, beste atzerritar batzuekin batera, Alemaniaren erretiratzearekin bat sobietarrek Estonia aska ez zezaten hesi-lana egitera mugatu ziren). Judenitxek bere kontaktuak erabili zituen armada oso bat osatu ahal izateko, inguruko Gobernu antikomunistekin eta baita ere potentzia inperialistekin hitz egin zuen horretarako nolabaiteko arrakasta izan zuelarik (eta Baltikoko gorputz errusiar zuriek alemaniarrekiko zuten aldekotasuna aliatuen aldera aldatu zuen). 1919ko abuztuan, britainiarren laguntzaz, bere mugimendua eta armada zilegiztatzeko “Errusiako Ipar-Mendebaldeko Gobernua” eratu zuen. Judenitxek Baltikoan 1918ko borroketan parte hartu zuten errusiar soldadu kontrairaultzaile batzuk bildu zituen, eta horrez gain Britainia Handiaren laguntza militar zein ekonomikoa ere jaso zuen. Laguntza eman zion beste Estatu bat Estonia izan zen, lurralde-base bat eman ziolarik (trukean, britainiarrek presionatuta, 1919ko abuztuan Nikolai Judenitxek eta “Ipar-mendebaldeko Gobernuak” Estoniaren independentzia aintzatetsi behar izan zuen, azkenean formalki aintzatetsi ez bazuen ere, hori egingo zuenaren berme bat sinatu zien britainiarrei). Finlandiaren laguntza ordea, askoz ere txikiagoa izan zen, izan ere Mannerheim Finlandiako armadaburuak Judenitxekin harreman onak bazituen arren, eta berarekin aliatzeko nahia bazuen arren, Koltxakek uko egin zion Finlandiaren independentzia aintzatesteari (Judenitxen iritzien kontra), beraz, Finlandiako Gobernuak uko egin zion abenturan parte-hartzeari. Beraz, Judenitxek asmo Finlandiatik erasotzea bazuen ere, bere basea Estoniara aldatu behar izan zuen. Orlando Figesek oso iritzi txarra zuen Judenitxez, “Lehen Mundu Gudako bat-batek heroia” deitzen dio, eta bigarrenik, “inor buruzagi moduan inspiratzeko zaharregia eta potoloegia zen (…) Sekula ez zuen Inperio tsaristaren erorketa onartu, eta hori izan zen bere tragedia (…) Judenitxek ez zuen ez politikarik, ez programarik, soilik boltxebikeekiko gorrotoa, eta beraz, aurrera egin ahala, populazioaren gehiagoa kontra jarri zitzaion”. Evan Mawdsleyk balantza orekatuago bat egiten du: “fronte hau Judenitxek, Lehen Mundu Gudan Errusiako heroi apurretako batek zuzentzen zuen (…) baina jada beste belaunaldi batetako gizona zen (…) Operazio praktikoak ez zituen berak zuzentzen, beste komandante batzuek baizik (…)  eta ez zegoen erreforma politikorik onartzeko prest”. Aleksandr Rodzianko Judenitxen menpekoak oso irudi txarra zuen honetan.

Hala, Baltikoan, Armada Zuriaren fronte berri eratu eta gidatu zuen. Fronte horrek Baltikotik Petrograd erasotzea zuen helburu, eta 1919ko irailaren 28an hasi zuten eraso hori, estoniar tropen laguntzaz. Egia esan, nahiz eta Petrograd zuzenean mehatxatu, hiru fronteetan ahulena zen, 15.000 bat gizon soilik zituen bere menpe. Evan Mawdsleyren arabera “propaganda gorriak, Koltak Denikin eta Judenitxen armadak Ententearen sokari lotutako hiru zakur handi eta mehatxagarri bezala marrazten zituen, baina Judenitxen armada txakurtxo bat besterik ez zen”. Hala ere, Jelena Txudnova historiagilea ez dator iritzi horiekin bat, bere ustez “zaila da beste fronteekiko konparatuta Ipar-mendebaldekoak zein garrantzia duen esatea (…) baina Parisen zein Omsken (Koltxak zegoen hirian) honen garrantzia estimatzen zutela argi dago”. Bestalde, Petrograd ere ez zen gorriek hoberen defendatzen zuten zonaldea, bere troparik gehienak Siberian edota Hegoaldean baitzeuden; baina dudarik gabe, Judenitxek baino tropa gehiago zuten. Nikolai Judenitxen armadak, Jamburg (urriaren 12an) eta geroago Krasnoie Selo, Tsarskoie Selo, Luga, Pavlovsk eta Gatxina hartzea lortu zuen, eta urriaren 20an Pulkovoko gailurrak, Petrogradetik 20 kilometrotara paratzea lortu zutelarik; baina ez zuten lortu Petrograd-Mosku trenbidea moztea. Urriaren 21ean gorrien kontraerasoa hasi zen eta Pulkovoko gailurretan zuriak garaituz zituzten. Azaroaren 7an Gatxinan zuriak garaituak izan ziren, erretiratu egin behar zirelarik. Judenitxen gizonen erdia hil zen kanpaina honetan; Nikolai Judenitxek galdu zuen lehen borrokaldia izan zen.

Erretiratzerakoan, Judenitx eta bere soldaduak Estonian aterpe bilatzear zeuden, azaro bukaeran heldu ziren hara. Baina borrokaldia gertatzen ari zelarik, boltxebikeek, Leonid Krasinen bitartez  Estonia independentearekin negoziatzen ari ziren, eta honek zuriei atzegoardiako basea kendu zien. Nikolai Judenitx eta bere armada Estonian sartzeko aukerarik gabe geratu ziren, Estoniako gobernuak eragotzi egin baitzien. 1919ko azaroan, zenbait egunez, mugaren ondoan egon izan behar zuten, akanpatuta, Estonian sartu ezinik. Azkenean, egun batzuk pasatuta, Estonian sartzen utzi zieten errusiar zuriei, baina desarmatua, eta asko kontzentrazio eremuetan preso sartu zituzten. 1919ko abenduaren 31n Errusia Sobietarrak eta Estoniak elkar aintzatetsi zuten, eta 1920ko otsailean bake-itun bat sinatu zuten. Urriaren 22an Judenitxek Ipar-mendebaldeko Armada disolbatu zuen. Gainera Judenitx eskandalu baten protagonista izan zen, izan ere, urriaren 28an, Armada Zuriaren dirua zeramala ihes egin nahiaz akusatuta, errusiar zuriek eta estoniar tropek atxilotu egin zuten.

1920ko otsailean, Ingalaterrara joan zen erbestera, baina handik gutxira Frantziara joan zen bizitzera. Bertan erretiratuta bizi izan zen, erbesteratutako zurien artean paper politiko nabarmenik jokatu gabe. 1933an hil zen.