Krasin, Leonid

Ingeniari, asmatzaile, diplomatiko, enpresari eta militante boltxebikea. Siberian, Tobolsk probintzian jaio zen, eta gaztetatik, karrera teknikoa egitea aukeratu zuen: Tiumen hirian lehenbizi eta San Petersburgen gero. 1890.eko hamarkadan jada mugimendu iraultzailean sartua zegoen (Misha Glenny kazetariaren arabera, 1887.etik zen marxista, bera ikasketak egiteko zegoen Teknologiako Institutua marxisten indargune bat baitzen). Hamarkada horretan bi atxiloketa izan zituen: 1892.ean, Moskuko kartzela batean, eta 1895.ean Irkutsken barne-deportazioa jasan zuelarik (gainera, Institututik kanporatua izan zen 1891.ean). Barne-deportazioan, bere ingeniaritzarako trebetasuna zela eta, eraikuntza lan batzuetan lanean hasi zen, nahiz eta oraindik graduatua ez izan. XIX mendeko 90. hamarkadan San Petersburgeko marxistek fundatu zuten Langile Klasearen Askapenerako Borroka Batasuneko kide izan zen (Lenin eta Martov ziren zirkulu honen buru). Robert Serviceren arabera, mugimendu marxistaren aurrehistoriako garai haietan, Leninekin eztabaida gogorrak izaten omen zituen Krasinek. 1898.etik Errusiako Langileen Alderdi Sozialdemokratako kide zen. Azkenean 1901.ean bukatu zituen ikasketak, Kharkoven, nota bikainak aterata (gero trebetasun hau sobera demostratu zuen).

Alderdiaren militantzia 1900an Kaukason, Bakun jasi zuen. Hura Errusiar Inperioko petrolio-ustiaketaren gune nagusia zen, baina baita ere zirkulu iraultzaileen gune bat baita (han Stalin ezagutu zuen). Krasinek Bakun bi aspektutan egin zuen aurrera: ingeniari moduan izena egiten hasi zen (elektrifikazioa hedatu zuen, eta petriolioa ustiatzeko teknikak berriak asmatu zituen), eta boltxebike moduan mugimendu iraultzailea hedatzen lagundu zuen: adibidez, inprimategi ilegal bat sortu zuen (beran, georgierazko Brdzola (“Borroka”) egunkaria ateratzen zuten) eta 1903.eko Bakuko greban parte hartu zuen. Gainera Iskra egunkaria ekartzen zuen Kaukasora, bertako boltxebikeekin lerratutako pertsona eta talde marxista guztiei marko amankomun bat erraztuz. 1903.ean Alderdi Sozialdemokrataren II Biltzar Nagusia izan zenean, mentxebikeen eta boltxebikeen fakzioak agertu zirenean, Leonid Krasin bigarrenen alde jarri zen, eta Alderdiaren finantzatzaile nagusietako bat izan zen; ez soilik bere ingeniaritza eta enpresa lanagatik, baizik eta banketxeen eta enpresen espropiazioak antolatzeko trebetasunagatik (Simon Sebag Montefiore historiagileak, Krasin, boltxebikeen “diru-garbiketan aditua eta terrorismoaren artean maisua” bezala deskribatu zuen). II Biltzar horretan, Alderdi Sozialdemokrataren Komite Zentraleko kide aukeratu zuten. 1904an Errusia Zentralera itzuli zen. Ingeniari bezala, orduan Errusiako enpresari garrantzitsuenetakoa zen Savva Morozovekin lanean hasi zen (Morozovekiko interesa zuten boltxebikeek: Morozovek sozialistentzat dirua ematen baitzuen, bai bizirik eta baita ere testamentuan. Gainera, bere oinordekoak ezkerrekoak ziren eta diru parte bat Alderdiari utzi zioten. Krasinek esan zuen bera izan zela Morozov eta Alderdiaren arteko bitartekaria). Hala ere, ez Morozovekin soilik, baizik eta bere kontaktuak beste enpresari eta aberats batzuekin erabili zituen hauek komunistei dirua emateko konbentzitzeko. Berak esan zuen moduan, “garai haietan, tsarismoa hain gorrotatua zen, ezen baita ere liberalek oso gustu onekoa ikusten zutela iraultzaileei dirua ematea; eta emaileen artean ez zeuden soilik abokatu, mediku eta irakasleak, baita ere bankari eta enpresariak”.  Ingeniaritzan zuen ezagutza Alderdiaren zerbitzura jarri zuen, adibidez, bonbak egiteko eginkizunean. Bera izan zen hain zuzen 1905ko iraultzan zehar, Alderdiaren talde militarra (Borrokarako Talde Teknikoa zeritzon orduan) sortzeko ideia eman zuena (talde horren lehen ekintza Helsingforseko banketxearen lapurreta izan zen). San Petersburgeko Sobietaren kide ere izan zen. Bestetik, halako ihardueretarako, bai finantzan aritzeko zein borroka armaturako, zuen trebetasunagatik, beste edozein boltxebikek baino gehiago beste ezkerreko taldeekin kolaboratzera eraman zuen, adibidez, eseristekin edo maximalistekin (1906an Stolipinen etxearen kontrako maximalisten atentaturako bonbak Krasinek prestatuak izan ziren). 1905ean, Maksim Gorkirekin Novaia Zhizn (“Bizitza Berria”) egunkaria fundatu zuen, hasiera batean, egunkari hori (eta Gorki bera) boltxebikeen aldekoa zen. 1906.ean Stockholmen egin zen Alderdi Sozialdemokrataren IV Biltzar Nagusian ordezkari izan zen, bertan, mentxebikeekin adostasun formal batera iritsi ziren boltxebikeak. Garai hauetan, Leonid Krasinen jarduerak, ia-ia jeneral baten antekoak ziren, lortzen zuen dirua (enpresarien emakidez zein espropiazioez lortutakoa) Errusia osoko zelula boltxebikeetan banatzeko sare oso bat sortu zuen. Alderdiaren antolakuntza eta finantza, beretzat zientzia bat zen.

1907an, Krasin Kaukasora joan zen, Leninen laguntzaile on zen Kobarekin (geroago, Stalin izenpean ezaguna egin zena) lan egitera. Tbilisiko banketxeko lapurreta legendarioa antolatzen lagundu zuen. Kolpe ikusgarri horren antolatzailea Josif Stalin eta Simon Ter-Petrosian armeniarra izan ziren, Leonid Krasinekin ekintza zuzenerako grina eta militantzia boltxebikea partekatzen zituztenak; hirurek Kaukasoko Alderdi Boltxebikea (batez ere honen adar militarra) zuzentzen zuten. Kamok Alemaniara ihes egin zuenean eta Errusiak bere estradizioa eskatu zuenean, Krasinek bere defentsa kontratatu behar izan zuen.

Hala ere, beste talde iraultzaileekiko Krasinen hurbiltasuna ez zen Leninen oso gustokoa. Anatoli Lunatxarskik garai horretan deskribatu zuen moduan, “Lenin boltxebikeen ezkerreko ildoan zegoen, eta Krasin eskuinekoan”. Leninek ez zuen Krasin galdu nahi, asko estimatzen zuen, baina bi gizonen ikuspegiak ez ziren bateragarriak: Krasin “ezkertiarren” edo “sozialista guztien” kolaborazioaren aldekoa zen, Leninen ustez ordea, Alderdiak bere doktrina-zuzentasuna beste edozerren gainetik jarri behar zuen. Horrek Krasinek Alderdiaren Komite Zentraletik dimititzea ekarri zuen (Misha Glennyren arabera, 1905ean bota zuten Komite Zentraletik, baina 1906ko IV Biltzar Nagusian berriz aukeratu zuten). Leonid Krasin 1908an Finlandian atxilotua izan zen (poliziak 1907ko Tbilisiko lapurreta gertatu zenetik jarraitzen zion), baina amarru juridiko baten bidez, finlandiar poliziak errusiarrari entregatu aurretik (orduan Finlandia Errusiar Inperioan bazegoen ere, autonomia handiko lurraldea zen), aske geratzea lortu zuen eta erbestera joan zen. Erbestean, boltxebike disidenteekin egin zuen bat, adibidez Aleksandr Bogdanov filosofoarekin eta honen aldeko Anatoli Lunatxarskirekin (lehen Gobernu Sobietarrean Kulturarako Herri-Komisario izango zena). Korronte hori, intelektualez osatua batez ere, legezko instituzioetan parte ez hartzearen aldekoa zen. Horrek Alderdi Boltxebikearen zuzendaritzatik (Krasin jada ez zen Komite Zentraleko kide) are gehiago urrundu zuen: 1908an alderdiaren finantza-arduraduna izateari utzi zion. Ingeniari eta enpresari karrera oso arrakastatsu bat hasi zuen eta aberastu egin zen: 1911an Siemensen Berlingo plantaren zuzendari izendatu zuten. 1912an Errusiara itzuli zen eta postu bera gorde zuen San Petersburegko plantan (baliteke boltxebikeRIK aberatsena bera izatea).

1914ko guda inperialista babestu zuen, boltxebikeen artean postura “defentsista” izan zuen apurrenetakoa izan zen. Honek, urte batzuez, Alderdiaren bizitzatik baztertua egotea ekarri zion. Egile ia denen arabera, ordurako Alderditik kanpoan zegoen, oso argi ez badago garai honetan edo 1907-09 garaian Leninekin izandako eztabaiden ondorioz izan bazen ere. Lehen Mundu Guda garaian, Putilov fabrikaren zuzendari moduan ere lan egin zuen, eta Armada eta Estatuaren antolakuntza hobetzeko enpresari industrialen komiteen kide ere izan zen (halako komite hauek, Gobernuaren eraginkortasun faltaren aurrean, “kontzientzia zibiko-patriotikodun” burgesiaren zenbait ordezkarik osatutako elkarteak ziren, bai barne antolaketa belikoa hobetzea eta bai liberalismoa eta burgesia aukera politiko serio gisa paratzea zuten helburu).

1917.eko otsaileko iraultzaren ostean, Maksim Gorkiren Novaia Zhizn argitalpenean hasi zen berriz idazten. 1917an zehar, bere posizioak ez ziren Alderdi Boltxebikearekin bat, izan ere, Gorkik eta bere egunkariak bezala “alderdi sozialista ezberdinen arteko koalizio-Gobernua” defendatzen zuen. Hala ere, aukera hori ezinezkoa izan zen, eta Urriko Iraultza onartzen bukatu zuen. Iraultza Sozialistaren ondoren, Leonid Krasinen lehen lana, bere trebetasun diplomatikoa medio, Brest-Litovskeko Ituna sinatu zuen ordezkaritzaren parte bezala izan zen,  1917ko abenduan sartu zuten ordezkaritza hartan. 1918an itzuli Alderdi Boltxebikera. 1918 eta 1920 artean Herri-Ekonomiarako Sobiet Gorenaren (VSNKh) kide izan zen eta baita ere industri eta Merkataritzarako Herri Komisario (E.H. Carren arabera, Armada Gorriaren Horniketa Batzordeko lehendakaria ere izan zen). Ez zen hori bere ardurapeko herri-komisariotza bakarra: 1919 eta 1920 artean Trenbide eta Garraioetarako Herri-Komisarioa ere izan baitzen. Postu hauetan Sokolnikoven posizioak, hau da NEP Politika Ekonomiko Berrian sakontzearen aldekoak, babestu zituen; adibidez, kanpo-inbertsioak ekartzearen alde egin zuen, nazionalizatutako atzerritar batzuen enpresen parte handi bat lehengo jabeei itzultzea ere proposatu zuen (Aleksandr Mosiakin kazetariaren arabera, bera izan zen NEP politikaren aitzindaria). Honek kritika gogorrak ekarri zizkion Alderdiko beste zuzendari batzuen partetik, adibidez Jevgeni Preobrazhenskik “Errusia kolonizatze arriskuan jartzeaz” salatu zuen. Zinoviev eta Bukharin ere, gehiegizko emakida hauen kontra mintzatu ziren. Bestetik, bere “gehiegizko erregulazioaren” kontrako ideiak Pravda egunkarian ere kritikatuak izan ziren, proletalgoaren diktaduraren kontrakoak bailiran. Ludo Martens belgikar historiagileak ere, Krasinen joera “liberalismorakoa” eta mentxebikeen gertukoa zela dio. Hala ere, hainbat historiagileren arabera (E.H. Carr eta Misha Glenny adibidez), Krasin kanpo-merkataritzaren arloan, Estatuaren monopolioa eustearen alde zegoen.

Diplomazia-lanak ez zituen alde batera utzi, adibidez, 1918anko maiatzean, Adolf Jofferekin batera, Alemaniarekin “Brest-Litovskeko Itunaren itun osagarri ekonomikoa” sinatu zuen. 1919 eta 1920 artean Estoniarekin bake-ituna sinatu zuen ordezkaritza sobietarraren buru izan zen (bake-itun hau garrantzitsua izan zen Nikolai Judenitx jeneral zuriari atzegoardiako babesa kentzeko), gero Suedian eta Danimarkak salmenta-erosketa itun batzuk sinatu zituen (itun hauek egiteko sobietar kooperatibek sortutako testaferro-enpresak sortu zituen, Mendebaldeko Gobernuek ez baitzuten Sobietar Errusia aintzatesten) eta 1921 eta 1923 artean, Britainia Handirako sobietar ordezkaria izan zen (posizio horretan, Gobernu Britainiarrarekin Itun Anglo-Sobietarra sinatu zuen Horne Ingalaterrako Altxorraren zuzendariarekin. Antza zenez, Krasinek Lloyd George lehen ministro britainiarrarekin harreman nahiko ona izatea lortu zuen; kontutan izan behar dugu garai horietan guda ez zegoela guztiz bukatua). Leonid Krasinen posizioak, Txitxerin Kanpo Arazoetarako Herri-Komisarioaren antzekoak ziren, ezberdintasun batekin: Krasinek Aliatuekin aliantza egitea lehenesten zuen, Txitxerinek ordea, Alemaniarekin. Krasin, Txitxerin bezala, Errusia Sobietarra Nazioen Elkartean sartzearen kontrakoa zen, eta Alemania sar ez zedin ere saiatu zen.

Barne-politikan, 1920tik 1925era Kanpo Merkataritzarako Herri-Komisarioa izan zen (postu hori sortu berria izan zen, izan ere, kanpoko potentziekin merkatal-harremanak izaten orduan hasi zen SESB), eta 1924ko Alderdi Komunistaren Komite Zentraleko kide ere aukeratu zuten (1907tik ez zuen kargu hori). Gainera, SESB 1922an sortzerakoan, Leonid Krasin SESBko Sobieten VTsIKeko kide izan zen. 1924.ean Frantzian enbaxadore izendatu zuten, sobietar lehen enbaxadorea izan zen Parisen (Frantzia, europar potentzien artean, Estatu Sobietarra aintzatetsi zuen azkenetakoa izan zen). 1925.ean Britainia Handiko enbaxadorea izatera pasa zen (kurioski, aurretik Britainia Handian zegoen Hristian Rakovskik ordeztu zuen bera Frantziako enbaxadore gisa. Sobietar ordezkari gisa, Genoa eta Hagako nazioarteko konferentzietan parte hartu zuen. Bere lana oso apreziatua izan zen, Maksim Gorki idazlearen arabera, “Krasin, Leninen ostean, Alderdiko pertsonarik argiena eta talenturik handikoena da”. 1926.ean hil zen Londresen, oraindik enbaxadore zela, gaixotasun baten ondorioz.

(Anekdotak: a) Krasinek bere lehen emaztea, Liubov Milovidova, XIX.eko mugimendu marxistan ezagutu zuen. Alta, bere Milovidovak ez zuen Urriko Iraultza babestu eta erbestean geratu zen, Krasin botere berriaren defendatzaile handi eta nabarmena izan zen bitartean. b) XX mende hasieran Bakun zegoenean, Krasinek aldi berean boltxebike eta fabriketako zuzendari bezala egin zuen lan. Boltxebike gisa, bere lana oso klandestinoa zen, hain klandestinoa ezen zeluletako eta tokiko taldeetako buruak soilik ezagutzen zituen, baina ez langile masak. Bizitza bikoitz honek egoera dibertigarriren bat eman zuen: adibidez, grebaren batean langile grebalariek fabrikak Krasin botatzea eskatu zuten. d) Krasinek gizakiaren hilezkortasuna lorgarria zela uste zuen. 1924.ean Lenin hil zenean, Leninen gorpua enbalsamatua gordetzea bere ideia izan zen –hasiera batean kriogenizatu ere egin nahi zuen- izan ere Lenin hilezkor izan zedineko itxaropena zuen. Bere gaixotasuna gainditzeko ere, bere lagun Aleksandr Bogdanov zientzialariaren tratamenduak hartzen zituen; Bogdanoven arabera, odol-transfusioen bidez gizakia gaztetu egin zitekeen).