Armada Berdea(k)

Armada Berdea, edo Berdeak pluralean, Guda Zibilean nekazal guneetan agertu ziren tokiko armadak ziren, baserritarrez osatutakoak eta klase sozial honen (askotan, “batasun” bezala ikusten zutelarik) eta nekazalgunearen (sarri “tokiko eskualdearekin” identifikatuta) interesa defendatzen zutenak. Egia esan, plurala erabili daiteke kasu honetan izan ere ez ziren armada bakar bat, eta kasu askotan ez zuten beren burua hala ikusten ere, baizik eta unean-unean Errusiako eskualde ezberdinetan halako armada anitz agertu ziren (Xtirbul historiagilearen arabera, mugimendu hau “Errusia osoko matxinada” bat izan zen, baina gure ustez ez zuen hala hartua izan zedin koordinazio minimorik. Xtirbulek ere onartzen du mugimendu hau “zatituta” zegoela). Hauen kasuan, gainera esan beharra dago koloreekin identifikatutako beste fakzioengan –gorriak, zuriak, beltzak- ez bezala, “berdea” ez dela autonimoa, exonimo bat baino, hau da, kanpotik ezarritako izena halako matxinadetan zeuden aktore guztiak batean sailkatzeko (berez, izen bateratu bat ez zuten eta). “Berdea” izenak bere jatorria non duen ez dago argi: batzuen arabera, basoengatik da, basoetan gordetzen zirelako; besteen arabera, tankera honetako lehenengo matxinadetako bat zuzendu zuen Danilo Terpilo “Ataman Berdearen” (“Zeleni Otaman”) izenez garatu zen identifikatze-epitomea tankera honetako matxinada guztietarako. Zenbait bibliografian “hirugarren indarra” espresioz izendatzen dira.

Armada Berdeen estruktura ia-ia eza zen, hau da euren arteko loturarik gabeko hainbat armada izan ohi ziren, askotan espontaneitatez errekrutatua. Anton Posadski historiagilearen arabera, Guda Zibilaren hasieran, hainbat soldadu desmobilizatzeak, eta gerora Armada handiak –Gorria eta Zuria- modu inprobisatuan sortzeak, tokiko komunitateak euren interesen defentsan aritzea ikasi beharreko egoeran jartzea ekarri zuen (honek ez zuen soilikberdeen alde egin, beste eskualde batzuetan gerrillari gorriak agertzea ere erraztu zuen). Honetan paper handia zuen euren “tokikotasunak”; askotan, halako armada askorengan soilik euren eskualdean aritzea eta handik at zeuden arazoekiko axolagabekeria nabaritzen zen. Hau izan zen, nolabait Armada Berdeen lehen ezaugarria: eskualde edo “tokiko” sentimendua eta antizentralismoa. Hala ere, koordinazio falta horrek ez zekarren Armada Berde ezberdinen “programak” elkarrengandik oso ezberdinak izatea; talde berde ezberdinen arteko antzekotasun ideologikoak handiak baitziren. Bestetik, noski, euren baserritar izaera dugu. Baserritar izaera hau bi ezaugarritan nabari zen: alde batetik, “baserritar” denak klase sozial bakar bezala tratatzean, eta bestetik “hiriarekiko”, hau da, tokiko instituzioen gainetik zegoen edozein boterekiko aurkakotasunean; beraz, boltxebikeen politikarekiko ukoaren “ikurrak”, alde batetik boltxebikeek 1918an sortu zituzten “Baserritar Txiroen Komiteak” (kombed), eta bestetik Hornikuntza Batzordeak izan ziren. Kombedei zegokienez, berdeek oso gaizki ikusi zuten boltxebikeek klase-borroka nekazalgora zabaltzea, eta nekazariak aberatsen (kulaki) eta txiroen (bedniaki) artean banatzea, eta azken hauek babestea; berdeentzat nekazalgoa bat zen, eta beren instituzioak ere bakarrak izan behar ziren (antzinako mir komunitatearen antzera). “Instituzio boltxebikeei” zegokienez, berdeek, herriko edo asko jota eskualdetik kanpoko politikak eta interesak ukatzean zegoen; adibidez, 1918an gosea latza zen hiriak edo Armada elikatzeko egiten ziren errekisen kontrakoak ziren; eta baita lurren kolektibizazioaren kontrakoak (birbanatzea eta jabetza pribatua defendatzen zuten). Hemen, ia programa berde guztietan agertzen den puntu batekin egiten dugu topo “nekazarien merkatal-askatasunarekin”. Boltxebikeek merkatu askea abolitzearen aurka egiten zuten, finean nekazal jabetza pribatua defendatuz (nekazari askok ez zuten kapitalismoa eurek ekoitzitako produktuekin edo produkzio indibidualarekin identifikatzen). Honekin jarraituz, Guda Zibila (batez ere guda inperialistarengandik irten berri) ere ukatzen zuten, baserritarrek ez zuten borrokatu nahi behin “jada lurra lortu dugula eta gozatu ahal dugunean”, honek azaltzen du berdeen borrokalari asko Armada Gorriko desertoreak izatea (Andrei Ganin historiagileak esan zuen baita 1918an lehen errekrutatze masiboak ekarri zituela Errusian eman ziren lehen matxinada berdeak, eta soldadu berde gehienak Armadako desertoreak izan zirela dio, 200.000 bat. E. Landisek ere errekrutatzea-desertzioa lotzen ditu Armada Berdeen ageerpenarekin). Finean gorrien eta berdeen arteko borroka, hiria vs nekazalgunea baino, langileak vs baserritarrak klase-borroka bezala ere identifika daiteke. Leninen esaldi batek ondo identifikatzen du joera hau: “gure herrialdean arriskua jada ez da kapital handia, hori desjabetu egin baitugu; uneoro, eskala txikian, masiboki ugaltzen den kapitalismo txiki eta espontaneoa baino”. Hirugarren aldetik, “alderdiekiko” nolabaiteko ukoa zegoen, askotan ikusten zen “Alderdirik gabeko Sobietak!” edo “Sobiet askeak!” bezalako leloak (Asanblada Konstituziogilearen aldeko leloak, izan baziren, oso marjinalak ziren berdeen artean). Berdeekin bat egin zuten baserritar gehienentzat, egoera ideiala 1917ko azken eta 1918ko lehen hilabeteetakoa da: hau da, Urriko Iraultzaren ostekoa eta Guda Zibilaren hasieraren (eta honekin bat etorri ziren neurriak hartzearen) aurrekoa, “Estatua” urrun zegoenekoa eta tokiko birbanatzeak edo erabakiak “baieztatzera” (politika bateratu eta aktibo bat egiteko indarrik ez zuela) mugatzen zenean. Orlando Figes bezalako historiagile batek, paradoxa batekin laburtzen du hauen ideologia: “Askotan “Gora boltxebikeak eta behera komunistak!” bezalako lelo nahasgarriak zerabiltzaten. Hau, Alderdiak bere izena ofizialki 1918an aldatzearekin azaltzen da. Hori dela eta, Iraultza osteko lehen politikak; lurren birbanatzea, Sobietak eta Bakearen Dekretua “boltxebikeekin” lotzen zituzten. 1918ko politikak ordea; errekisak eta Guda berria (Zibila) eta honek zekarren derrigorrezko errekrutatzea, finean, kaltegarritzat jotzen zutena, “komunistekin” identifikatzen zuten” (Anton Posadski historiagileak 1919an jartzen du matxinada berdeen ugaltzearen data, 1918an baino gehiago). Auzi nazionalarekiko, hetereogeneitate bat bai atzematen zen, Armada Berde batzuk antisemitak ziren eta pogromak burutu zituzten (judutar=boltxebikea edo “marxista”=hiritar iraultzailea ekuazioa, tsarismo garaian herri-klaseetako sektore batean, batez ere nekazal guneetan, txertatutakoa agertzen ohi zen), beste batzuetan ordea, halako aurreiritziak ez zeuden. Gainera, kontutan izan behar dugu, batez ere Ukrainan agertu ziren komandante berde askok (Grigoriev, Tiutiunnik, Terpilo eta abar), aurretik ukrainar formazioetan zerbitzatu zutela eta eurengan nolabaiteko ukrainar nazionalismoa ere bazegoela. Bestalde, egin beharreko aliantzen inguruan ere nolabaiteko hetereogeneitatea zegoen: batzuek ondo ikusten zuten etsairik handienaren kontra gorriekin, zuriekin edo beltzekin elkartzea, besteek ordea bakarrik ekin zuten (historiografiak, bai gorrien aldekoak zein zurien aldekoak, armada berde batzuen eta zurien arteko aliantzak handizkatu izan ditu bata eta besteak identifikatzeko asmoz). Adibidez, 1919an eskualde kosakoetan gertatutako nekazal matxinadak, askotan, gorrien hurbilekoak izaten ohi ziren; baina bazeuden “eskualdearen defentsan” alde baten zein bestearen alde leialtasunak aldatzen zituzten baserritar armatuen taldeak; adibidez, 1918an Ufa probintzian, maiatzean, txekoslovakiarren matxinadarekin batera zurien alde jarri ziren baserritarrak, udazkenean, zuriak nagusitzerakoan, gorrien aldera pasa ziren; betiere euren autonomia mantentzeko saiakeretan.

Beraz, berdeen ideologia definitzea ez da lan erraza, batez ere egungo ideologi estrukturatuen etiketak erabiliz bada. Berdeek dokumentu propio gutxi produzitu izanak ere ez du lana asko laguntzen. Batzuek “Indar demokratikoekin” identifikatu izan dituzte, “Errusia demokratiko (liberal)” baten itxaropenarekin. Interpretazio hau okerra da, halako baserritarrentzat “parlamentua” edo “Asanblada Konstituziogilea” bezalako kontzeptuak oso urrun geratzen ziren, eta batez ere Sobieten asanbladarismoa  gogokoago zuten (historiagile gehienek diote nekazariak eseristekiko hurbilekoagoak baziren eta 1917ko azaroko hauteskundeetan hauen alde bozkatu bazuten, eseristak “Nekazal alderdia” zirelako zela, ez Asanblada Konstituziogilea eskatzen zuten programengatik. Hau Orlando Figes bezalako historiagile liberal batek ere onartzen du). 1918an “Asanblada Konstituziogilearen” bandera “zuri demokratikoaren” pean bildu ziren eseristek eta liberalek ez zuten paperik izan matxinada hauen ugaritzean. Beste batzuek, anarkismoarekin identifikatu ohi dituzte, baina gure ustez hau ere ez da guztiz zorrotza: halako armada gehienek ez zuten Estatuaren abolizioa bezalako kontzeptu labainkorrak defendatzen, baizik eta Estatua euren tokiko ekintzak “zilegiztatzeko paperera” muga zedin, “esku-sartze papera” izan ordez (Posadskiren arabera, “hiriarekiko” eta “boterearekiko” zuten axolagabekeriaren adibide bat da zenbait matxinada berdek probintzia batetan hiri bat ingura zezaketela berau hartzen saiatu gabe). Bestalde, Aleksandr Solzhenitsin idazle antikomunistak Armada Berdeak “botere zapaltzaile ateoaren aurkako nekazal eta herrikoi erreakzio tradizionalista eta natural” batekin identifikatu zituen, Frantziar Iraultzako Vendée kontrairaultzarekin parekatuz. Irakurketa hau ere ez zaigu zuzena iruditzen: egia bada ere errusiar nekazari ia denak ortodoxoak zirela, motibazio erlijiosoak, izan baziren, oso bigarren mailakoak ziren berdeen matxinadetan, ekonomikoak ohi ziren motibazio nagusiak. Bestalde, matxinada berdeek ez zuten inolaz ere klerutzaren boteretzea bilatzen, eta are gutxiago aristokraziaren edo monarkiaren itzulera (matxinada berde batzuek zuriekin kolaboratzea aurreikusten zuten, baina aliantza horien izaera taktikoagoa zen ideologikoa baino gehiago, eta gainera zurien artean ere heterogneitatea handia zen). Laburbilduz, ideologia zehatz batek baino, klase edo sektore sozial baten (nekazalgoaren, Errusian oso handia zen klase baten) interesek gidatzen zuten, “nekazarientzat ona zenak”; zerbaitekin identifika ahal baditugu, eserismoarekin edo zehatzago, ezkerreko eserismoarekin identifikatu ahal ditugu, matxinada berdeen buruak (adibidez, 1921ko Tambovekoa) azken korronte honetako militanteak ziren (betiere, identifikazio hau “nekazal-klase sentimendu batekin” identifikatzen dugun artean, ez alderdi-dotrina konplexuekin). Hala ere, horrek ez du esan nahi mugimendu hau eseristek alderdi antolatu moduan kapitalizatu ahal izan zutenik, Andrei Ganinek adierazten duenez. Anton Posadskiren arabera, 1920an eta 1921an eman ziren matxinada berdeak identifikagarriagoak ziren programa eseristarekin 1919an eman zirenak baino.

Ideologia aldetik ez bada, euren antolakuntza-arloko heterogeneotasunak, askotan “Armada Berdeen” artean zein sailkatzea zail egiten du. Izan da Nestor Makhno eta bere Armada Beltz anarkista “berde” bezala sailkatu duenik ere. Gu ez gatoz guztiz bat Makhno hauekin sailkatzearekin, izan ere, makhnovistak ideologia unibertsalista batek (eta beraz, “tokikotasuna” gainditu nahi ideologia sendo batek) gidatzen baitzituen, anarkismoak. Halere, egia da makhnovxtxinaren piztu eta azkartzerakoan Armada Berde ezberdinen sorreran eragin zuten kausa sozial berdinek ala antzekoek aktuatu zutela, eta makhnovistek Armada Berdearen zenbait ezaugarri ere partekatzen zituztela, “nekazarien defentsa” adibidez. Bestetik, 1918ko uztaileko ezkerreko eseristen Estatu-kolpea edo 1921ko Kronstadteko matxinada, Armada Berde ezberdinen ideologiarekiko oso hurbil bazeuden ere (Kronstadteko matxinadaren buru Stepan Petritxenkok behin aitortu zuen marinel asko matxinadara beren guraso baserritarren iritziek bultzatu zituztela, 1921ko Kronstadteko marinel asko baserritar jatorrikoak baitziren), zaila zaigu “berdeen” artean sailkatzea; bi matxinada hauen testuinguru geografiko urbanoagatik, eta helburu bezala “botere zentrala” hartzea edo bertan eragitea zutelako, ez “botere zentrala urrun mantentzea”. 1918an Izhevsk eta Votkinsk hirietan, eta Jaroslavl, Murom eta Ribinsk hirietan eman ziren matxinadak ez ditugu “bere” bezala sailkatuko (gainera matxinada hauek Gobernu zuri ezberdinekiko elkartasuna erakutsi zuten, eskuineko eseristak antolatuta zeuden).

1921eko Tamboveko matxinadako borrokalari berdeak

Armada Berdeak askotan boltxebikeekiko eta euren politikekiko “nekazal aurkakotasunarekin” identifikatu ohi izan dira, batez ere Mendebaldeko historiagileen artean. Halako ikuspegia bi ikuspuntutatik indartua izan da: alde batetik, historiografia antikomunista tradizionalaren aldetik (ikuspuntu hauek, matxinada berdeak soilik gorrien lurraldean paratuz, nekazal- eta are herri- erreakzioa antikomunista zela frogatu nahi dute, boltxebikeen boterea zilegitasun gabekoa zela aurresuposatuz). Bestetik ezker libertarioko ikuspuntutik ere halako irakurketa egin ohi da, “komunisten deribazio autoritarioaren aurkako hirugarren iraultza” gisa. Hala ere, kontutan izan behar dugu ez zutela soilik boltxebikeen aurka ekin; baizik eta Errusiako Guda Zibilean aritu ziren Armada edo “estrukturatutako botere” guztien aurka, zurien aurka baita, adibidez, Koltxaken aurka 1919an Siberian, Koltxaken erregimena bideraezin eginez. Historiagile errusiar askok ildo hau jarraitzen dute, eta berdeen etsai nagusiak, gorriak baino gehiago zuriak zian zirela diote: Pavel Zhukov historiagilearen arabera, berdeek intentsitate beraz borrokatu zuten gorrien zein zurien aurka, eta Xtirbulen arabera, berdeentzat “normalean, zuriak gorriak baino onartezinagoak ziren”. M. Dobroven arabera “mugimendu berdea batez ere zurien aurkakoa izan zen”. Halako iritziak, batez ere zuriek lurjabe handien interesak defendatzen zituztelako gertatzen zen, gorriak, finean Iraultzaren aldekoak, paktatzea posible zen indar bezala ikusten zituzten nekazari askok. Gainera, kontutan izan behar dugu halako lehen matxinadak Ukrainan eman zirela hango Estatu nazionalista proalemaniarren aurka, bai Ukrainar Errepublika Nazionalaren aurka, zein Skoropadskiren Ukrainar Estatuaren aurka, hauek Alemaniak eskatutako gari-bilketak egiten hasi zirenean (eta komandante berde batzuk gorriekin itunak egin zituzten). Bestetik, berde batzuek, Grigorievek adibidez, beltzen aurka ere borrokatu zuen. Matxinada berderik garrantzitsuenak, 1918an Ukrainan emandakoak (Grigorievena eta Terpilorena), Errusian 1918ko Udan Livni probintziakoa gorrien aurka (Ivan Kliopov buru), 1918 eta 1919an Siberian Koltxak zuriaren kontrako hainbat matxinada, 1919ko udaberrian Samaran eta Simbirsken eman zen “txapan matxinada” (Aleksei Dolinin buru), 1920ko otsail-martxoan Ufa eta Kazan probintzietan eman zen “sardeen matxinada” (Aleksei Milovanov buru), 1921ko “Tamboveko matxinada”, agian denetan handiena zena (Alensandr Antonov buru) eta 1921 eta 1922 artean Mendebaldeko Siberian (Vasili Zheltovski buru). Oro har 1919-20 urteak izan ziren armada berdeak gehien ugaldu ziren garaia (Anton Posadski historiagilearen arabera, batez ere 1919ko maiatza eta abuztua artean eta 1920ko udazkena eta 1921ko uda artean izan zen), bai gorrien zein zurien atzealdean. Matxinada berde gehien izan zituzten zonaldeak Ukraina, Siberia (batez ere Mendebaldeko aldea, Uraletatik gertukoa), eta Errusia europarrean, Hegoaldeko probintziak izan ziren. Matxinadarik handienek hiruzpalau hilabete irauten zuten (agian, salbuespena Makhnorena da, baina esan bezala hau ez dugu “berdeen” artean sailkatzen).

Berdeek normalean beren kontrakoek (gorriek, zuriek, zein beltzek) baino armamentu okerragoa zuten. Hala ere, halako matxinada askoren indarra lurraldearen ezagutza izanik, oso gutxitan hedatzen ziren eskualdeetatik at (eta matxinatzeko arrazoia “herrixkaren” edo “eskualdearen interesen defentsa” izateak ere, ez zituen soldadu berdeak euren eskualdeetatik at borrokatzen laguntzen). Oro har, mugimendu honen espontaneotasunagatik, ez da erraza mugimenduak zenbat borrokalari izan zituen jakitea, armada ezberdinek kopuru heterogeneoa zuten eta (bazeuden hamarnaka milaka gizon batzen zuten armada berdeak eta baita ere 15 bat pertsona biltzen zituzten taldeak, eta dokumentu ofizialetan denominazio berdinez agertu zitezkeen halako talde ezberdinak). Posadskiren arabera, Lehen Mundu Gudaren azken hilabeteetan, jende askok frontetik desertatzeak edo desmobiliatzeak, eskualde eta herrixka guztietan gizon armatu asko egotea zekarren,honek, gerora (batez ere Guda Zibilera joan nahi ez zutenen artean), matxinada berdeak ematen ziren tokietan errekrutamendua erraztu zuelarik. Setinov demografo sobietarrak dio, guztira, sobietar gizonezko populazioaren %2 eta %5 artean aritu zirela noizbait talde berderen batean.

Armada Berde asko, batez ere txikienak, askotan bandolerismoaren mugan aritzen ziren, batez ere ia programarik eta helburuak lortzeko perspektibarik gabe geratzen zirenean. Izan ere, askotan, halako taldeak atsekabetasunak jotzen zituen, eta errekurtsoak Estatuarengandik lapurtuz, nekazarien artean banatu baino, talde matxinoko kideen artean banatzen zituzten (M. Dobrov, berdeak ikertu dituen historiagileak ere badio berdeen atean “matxinatu zintzoak” zein “kriminalak” aurkitzen zirela). Alta, halako kasuak, eman ziren arren, esan beharra dago ez direla errusiar nekazal matxinaden ezaugarri, Hobsbawmek berak azaltzen du halako “matxinada primitiboetan” (kausa ideologiko zehatzik gabeko matxinada sozialetan) matxino ideologikoaren eta bandoleroaren arteko muga askotan labainkorra zela. Dokumentu ofizial batzuetan hala agertzen ziren izendatuta. Bestetik, kontutan hartu beharra dago, askotan Estatuaren biolentziaren (soberakin konfiskatzea, zergak, errekrutamenduak, Armada Gorriaren berdeen kontrako biolentzia) kontrako altxamendu bezala agertzen badira ere, berdeek askotan euren kontrako (boltxebikeen aldeko) baserritarren eta beren familien kontrako bortizkeria handia erabili zutela. Izan ere, berdeek euren borroka “eskualdearen defentsan, kanpoko etsaiaren (hiriaren, Estatuaren, burokraziaren) kontra” bezala aurkezten zuten arren, egia esan, matxinatutako eskualde barruan ere gerra zibil txikiak piztu ziren, baserritar guztiak ez baitziren berdeen alde. Berdeek, baserritarren komunitate tradizionalaren (mir) defentsa egiten zutelarik (orain mir delakoa Sobietetan jarraikortasuna zuelarik), normalean, mirrean ahots gehien izaten zituzten baserritarrak ziren berdeen aldekoak: baserritar egonkorrenak, txiroenak askotan gorrien alde paratzen zirelarik. Orlando Figesek bestelako interpretazio bat ematen digu, Figesen arabera, berdeen alde baserritarrik zaharrenak (mirrean ahots gehiago izaten ohi zutenak) jartzen ziren, eta gorrien alde gazteenak, “nekazal guneetako bizitza aspergarriarekin puskatu nahi zutenak”. Figesen arabera, gazteek Sobietar Estatuak zekarren modernitatea eta hiritartzea aukera bezala ikusi zuten, eta hurrengo hamarkadetan Estatu Sobietarraren zerbitzuak, instituzioak eta eraldaketak baserritar guneetan hedatzeko eroalea izan ziren.

Azken matxinada berdeak 1922rako itzaliak zeuden. Boltxebikeek hainbat taktika erabili zituzten, 1920-22 arteko matxinadak itzaltzeko errepresiotik hasita, propagandarekin segituz, euren instituzioak nekazal guneetan garatzearekin eta hala baserritarrak erakartzearekin jarraituz eta emakidetan (amnistiak, adibidez; edo eskaera politikoen onarpen partzialak) bukatuta; izan ere, euren jarduna, Mendebaldeko historiografian azaltzen zena baino malguagoa zen. Bestalde, Guda Zibila bukatuta, eta indarrezko errekrutatzeak jada ez zirelarik, desertatzeko edo errekrutatzeari uko egiteko arrazoirik ere ez zegoen, beraz, matxinatzeko motibazio bat gutxiago zegoen. Matxinadak itzaltzeko azken faktorea, 1921tik aurrera, berdeak garaitzeko aukera geroz eta gutxiagorekin, matxinatuta jarraitzen zutenengan, programak baino euren bizirauteak garrantzia handiago hartu zuela, eta beraz, bandolerismora eta lapurretara geroz eta gehiago hurbiltzen zirela izan zen, euren oinarri sozialarengandik urrunduz. Armada Berdeek, nahiz eta jende nahikotxo mugitu, ez zuten bataila garrantzitsurik irabazi, betiere Makhno sailkapen honetan sartzen ez badugu (matxinadak, Armada gutxiago zegoen tokietan –frontetik urrutikoetan- edo botere argirik gabeko tokietan –Ukrainan, adibidez- gertatu ziren, eta hori zela zuten arrakasta hasiera batean). Egia esan, Evan Mawdsleyren arabera, “barne-frontean”  edo honen eraginez gorriek ez zuten borrokaldirik galdu; kuriosoa da Mendebaleko historiagileek batez ere mugimendu hau gorrien aurkako mugimendu bezala aurkeztu izana, baina arrakastarik handiena 1919an Koltxaken kontra lortu izana. Mawdsleyren arabera, “barne frontea” ez zen izan gudarren frotena bezain garrantzitsua gorrientzat, eta izango balitz bezala aurkeztea, zenbait historiagileek boltxebikeak “herriaren aurkako” bezala aurkezteko zuten gogoei deritze. Hala ere, Armada Berdeak eta matxinada berde ezberdinek sektore sozial baten kezkak, nahiak eta eraldaketa sozial ezberdinen aurreko jarrera erakusten zuten, eta baita ere Errusia Sobietarraren lehen fasean eman zen klase-borrokaren aspektu bat ulertzeko. Historiagile askoren arabera, berdeen agerpenak, Gobernu Sobietarrak 20. hamarkadan NEP Politika Ekonomiko Berrian indarrean jartzea ekarri zuen.