Txitxerin, Georgi

Errusiar militante eta diplomatiko boltxebikea. Nobleziako familia batean jaiotakoa: bere osaba Boris Txitxerin XIX mendeko historiagile liberal ezaguna eta Moskuko alkatea izan zen. Aleksandr Puxkin poetarekin sendi-lotura batzuk zituen. Heziketa onekoa, Gorodetski historiagilearen arabera hainbat hizkuntza ikasi zituen, eta oso kultuaren izatearen famak betiko iraungo zion (oso musikazalea, zein filosofia zalea izan zen: Nietzscheren ezagutza Errusian zabaltzen lehenetako bat izan zen). 1891 eta 1895 artean San Perterburgon Historia eta Filologia ikasi zuen. 1895 eta 1897 artean Mendebaldeko Europara bidaiatu zuen. Gaztetatik diplomaziara bideratu zen, aita Vasili Txitxerin lanbide horretakoa zuen eta. 1897 eta 1903 artean Kanpo Arazoetarako ministerioaren funtzionarioa izan zen, agiritegietan lan egiten zuelarik. 1904an funtzionaritza utzi egin zuen; bai giro aristokratikoa gogoko ez zuelako eta baita ideia iraultzaileen aldera gerturatzen hasi zelako.

Hasieran eseristek interesa piztu bazioten ere, 1904an Errusiako Alderdi Sozialdemokratarekin bat egin zuen, baina ez zen ez mentxebikeekin ez boltxebikeekin paratu. 1904an, bere konpromiso militantea zela eta erbestera joan zen (ofizialki tratamendua jasotzea izan zen atzerrira joateko arrazoia): Alemaniara.  Bere osasun txarra zela eta 1905ean han geratu behar izan zen, Errusiara itzuli ezin zelarik. Bere senideak hiltzerakoan, hauen oinordekotza Alderdiaren esku utzi zuen. 1907an, Errusiako Langileen Alderdi Sozialdemokratak alderdiaren “Atzerriko Bulegoaren” zuzendari izendatu zuen. Txitxerin, errusiar marxisten artean ez alde betetakoa ez bestekoa izatean, urte horietan, bi aldeen artean eztabaida edo pipertzea pizten zuen gai bat agertzen zenean, sarritan Txitxerin izendatzen zuten “epaile-lanak” egin zitzan, hala gertatu zen adibidez 1907an alderdia finantzatzeko “banketxeen espropiazioen” inguruan bi fakzioek eztabaidatu zutenean: Txitxerin izendatu zuten eztabaida-komisioko buru. Hurrengo urteetan, mentxebikeekin bat egiteko erabakia hartu zuen, arrazoia, bere ustez, bi fakzioen arteko zatiketan boltxebikeek “erru handiagoa” zutela izan zen (eta hurbilketa horrek, 1907ko V Biltzar Nagusiaren ostean “Atzerriko Bulegoaren” zuzendaritza uztea ekarri zion, V Biltzar Nagusiaren ostean boltxebikeak Alderdian nagusi egin baitziren). Laster mentxebikeen Golos Sotsialdemokrata (“Sozialdemokraten Ahotsa”) aldizkari mentxebikearekin kolaboratzen hasi zen. 1908an Alemaniatik bota egin zuten eta Frantziara joan zen bizitzera, eta 1914an Ingalaterrara. Erbestean bai britainiar zein frantziar sozialistekin kontaktua egin zuen: Britainiar Alderdi Sozialistako kide ere izan zen. Guda inperialista hasterakoan, hasiera batean alde jarri zen, baina laster bere posizioa internazionalismora lerratu zen; honek boltxebikeengana hurbildu zelarik. Hasiera batean, Julius Martov mentxebikeak Parisen editatzen zuen Naxe Slovo (“Gure Hitza”) egunkariarekin kolaboratu zuen, baina bere posizioak Alderdi Boltxebikearekin identifikatzekoak ziren (1915ean Britainia Handiko Gobernuan atxilotu egin zuen epe labur batez); hala ere, 1918 arte ofizialki ez zen alderdi honen kide egin. Otsaileko Iraultzaren ostean Londresen egon zen, eta hala iraultzaileak Errusiara joan zitezen errazteko komite batean parte hartu zuen idazkari gisa (hala, AEBtatik Errusiara joatean Ingalaterran atxilotua izan zen Trotskiren askapena lortu zuen). Otsaileko iraultzaren ostean internazionalismoari heldu zion.

1917ko abuztuan Londresen atxilotua izan zen gudaren kontrako propaganda egitearren  (besteak beste, derrigorrezko errekrutamenduak porrot egin zezan nahi zuen); beraz, ezin izan zuen Urriko Iraultza bertatik bertara ikusi. Urriko Iraultzaren ostean, boltxebikek aske gera zedin presionatu zuten, 1918ko urtarrilaren 3an aske geratu zelarik (trukean boltxebikeek George Buchanan britainiar agentea askatu behar izan zuten). Askatzerakoan, “inperialismo ingelesa hondamenditik gertu” zegoela esan zuen (ziur aski analisi honen bidez helduko zen Alemaniarekin ituna egitea Gobernu Sobietarra mantentzea bide seguruagoa zelakoaren ustera). Urtarrilaren 19an iritsi zen Errusiara, ongietorri masiboa zian zuelarik. Aske utzi zutenean, bere esperientzia eta ezagutza zela eta, Kanpo Arazoetarako Herri Komisario-orde izendatu zuten.

Txitxerin Brest-Litovsk Ituna sinatzearren egin zen ezaguna, itun hori sinatu baino egun batzuk lehenago, Trotskik dimisioz utzitako Kanpo Arazoetarako Herri-Komisariotzaren ardura hartu zuen. Izan era ustekabean iritsi zen Txitxerin kargu horretara, boltxebikeen artean inork ez baitzuen itun hori sinatu nahi. Txitxerin itun hori sinatzearen arduraduna izan zen, eta bere bizitza osoan zehar harreman handia mantendu zuen alemaniarrekin. Hala ere, kontutan izan behar dugu, Iraultzaren lehenengo aste eta hilabeteetan, bere komisariotzako lana (beste komisariotza guztiena bezalaxe), praktiko Alderdiaren eta Gobernuaren zuzendaritzaren esku zegoen; hala behar zuen Iraultzaren lehenengo egunetan.

Europako egoera kontuan izanik, eta jada zitekeena iraultza sozialista Europa osoan ez hedatzea zelarik, hau da, lehentasuna isolamendua apurtzea eta beste herriekin harremana mantentzea edo berreraikitzea zenean (inbasioak ekiditeko bazen ere) Txitxerin bezalako esperientziadun eta heziketa handiko diplomatiko bat egokia suertatu zen postu horretarako. Hala, postu horretan 12 urtez egon zen. Oreka askotarako postua izan zen: 1918ko apirilean protesta egin behar zian zien alemaniarrei Brest-Litovsk itunean zehaztutako mugez haratago joan baitziren alemaniarren tropak (adibidez Rostov hiria hartu zuten Krasnov jeneral kosakoaren eskuetan uzteko). Alemaniarrez gain, hauen menpeko eta formalki indpendente zen Ukrainar Estatuarekin edo “hetmanerriarekin” (Pavlo Skoropadski hetmanaren diktadura) ere akordioak egin zituen: Txitxerinek, Kieven errusiar zuriek Skoropadski antikomunistaren babesaz errekrutamendua egiten ari zirelarik, errekrutamendu hori debekatzea lortu zuen. Txitxerinek AEBrekin ere harreman onak mantentzen saiatu zen, hauek 1918ko irailean Vladivostoken sartu baziren ere. Leninen arabera, Txitxerin Herri-Komisarioetan onenetako bat zen.

1918 osoan zehar, alemaniarrekin negoziatu zuen; ez zen lan erraza izan, izan ere ezkerreko eseristek Mirbach enbaxadorea hil ostean, boltxebikeak boteretik kentzeko asmoak ere erakutsi zituzten. 1918an, britainiarrek Errusian zurien alde eskua sartu ostean, Txitxerinek alemaniarrak interbentziotik aparte mantendu zitezen lortu behar izan zuen, eta ez zitzaion lan erraza suertatu, alemaniarrek Krasnov bezalako militar zuriei eta Ukrainako Skoropadski hetmanari laguntza ematen baitzieten. Txitxerinek, behintzat, alemaniar eskusartzea urrunago joan ez zedin lortu zuen, hala europar potentzien artean fronte antiboltxebike bat sor zedin ekidinez. Alemaniak I Mundu Guda galdu ondoren, Aliatuak Errusiatik erretira zitezen saiatu zen, baina ez zuen lortu (Aliatuek zuriei bukaera arte laguntza militarra eman zioten).

1919an III Internazionalaren Sortzen Bilkuran, Errusiako Alderdi Komunistaren ordezkarietako bat izan zen; Internazionalaren lehendakaritzako kide ere aukeratu zutelarik. Bere izendapenerako klabe bat (ez dugu ahaztu behar bere iragana mentxebikea zela) bere lana izan zen, izan ere Kominternek Iraultzaren hedapena ere helburu baitzuen, eta beste herrietako langile antolakundeekin harremana mantentzea erabakigarria izan zen.

1919 eta 1920 urteetan, isolamenduaren kontrako borrokak jarraitu zuen: Versailleseko itunaren ostetan arrisku berri batzuei aurre egin behar zian zien Txitxerinek, izan ere, Errusiar Inperiotik independizatutako Estatu berri batzuk azaldu ziren, hauetako asko Gobernu antikomunisten menpe zeudelarik eta Errusiaren kontrako politika bultzatzen zutelarik, adibiderik nabarmenena Polonia zela. Hauetako Gobernu batzuek errusiar zuriei aterpe ematen zieten, eta kasu batzuetan Errusia Sobietarraren kontrako eskaera irredentistak zituzten. Txitxerinen eskaintzei kasu egiten lehena, Estonia izan zen: abuztuan hitz egiteko proposamena onartu zuen, 1919ko abenduan su-etena sinatu zuten, eta 1920an elkar aintzatesteko ituna (nahiz eta Estoniak 1919an Judenitx jeneral zuria babestu).

Poloniako gudaren aurrean, Georgi Txitxerinek berriz bere trebetasun diplomatikoa erakutsi zuen. Hasiera batean, 1919 bukaera, hasierako istiluak bere horretan gera zitezen saiatu zen, baina Poloniak Kievera egindako aurrerapenarekin guda erralitate egin zen. Gerora, iniziatiba militarra sobietarren eskuan zegoenean, Polonia eta Mendebaldeko Gobernuak kritikatu zituen, euren bake-eskaintzak zintzoak ez zirela eta, aldi berean bake-eskaintzak bata bestearen atzetik egiten zuelarik. Honela, Sobietar Errepublika bakezale bezala ikus zedin ezarri zuen, Polonia espantsionista bezala (guda hasi baitzuen) geratu zelarik. Txitxerinek ordea ez zuen bere burkide gehienen “Vartsovia gorri egin dezagun” bezalako leloak konpartitzen, eta abantailazko bakea sina zedin nahi zuen. Vartsoviako borrokaldia galduta, berriz ere bere beharra izan zen bake-ituna sinatzen laguntzeko. Txitxerinek Baltikoko herrialdeekin, Poloniari mesfidantzaz begiratzen zioten Lituania eta Letoniarekin elkar-aintzatesteko itunak sinatu zituen Polonia isolatuz eta mahaiaren gainean eseri araziz. Hala, 1921an, Poloniak Rigako Bake-ituna sinatzea lortu zuten.

Txitxerinek, 190 eta 1921 artean, Mongoliako Herri Errepublikaren independentzia bermatzen lagundu zuen (SESBtik kanpo, 1945 arte indarrean iraun zuen errepublika sobietar bakarra). 1921an bertan, Turkiarekin, Iranekin eta Afganistanekin harremanak hasi zituen SESBk. Erdialdeko Asiako Estatu independizatu berriengana edo iraultza burgesa izan berri zutenengana hurbiltze hori, politika antikolonialista antibritainiar bezala ulertzeko interpretazioa ohikoa da historiografian (Britainia Handiak Erdialdeko Asian interes handiak baitzituen eta halako herri asko Erresuma Batuaren kolonia ohi edo orbitan egondakok baitziren). Urte horren bukaeran Britainia Handiarekin itun komertzial bat sinatzea lortu zuen, eduki politikorik gabekoa bazen ere (Frantziak oraindik ezezkoan jarraitzen zuen). Britainia Handiak 1924an SESB aintzatetsi zuen. Hala ere, Txitxerinek hurrengo urteetan Asiatik ideia antikolonialistak zabaltzeko asmoei eutsi egin zien. 1926an sobietar sindikatuek britainiar sindikatuen greba orokorra babestu zuten.

20 hamarkadan, Georgi Txitxerinek Alemaniako Errepublikarekin hurbiltze-politika eramatearen aldeko ildoa bultzatu zuen. Txitxerinek bazekien beste potentzien SESB aintzatesteak ez zuela nahi honen kontrako gorrotoa txikiagoa egin zenik, eta isolamendua oraindik arrisku bat zen. Egoera horretan, I Mundu Gudaren osteko ordenak gehien kaltetutako herrialdea, Alemania, SESBekin itunak sinatzearen aldekoagoa zenaren analisia egin zuen. 1922an SESBen eta Txitxerinen bultzadaz Genoako Konferentzia deitu zuten, baina potentzia ezberdinek ez zuten akordiorik lortu. Alta, Genoan hitz egin zena, Txitxerinek Alemaniarekin itun berri bat lortzeko erabili zuen. Txitxerinek bere karrerako garaipenik handiena lortu zuen: Genoako hizketaldien ondorioz, Rapalloko Ituna sinatu zuen Weimar Errepublikarekin (Walther Rathenau izan zen Txitxerinekin batera ituna sinatu zuen Alemaniako Kanpo Ministroa). 1923an Lausanneko konferentzian parte hartu zuen SESBen ordezkari moduan; han Itsasestuen inguruko akordio bat sinatzea lortu zuen. 1924rako, Frantziarekin ituna sinatu ostean, Txitxerinek Europako potentzia handi guztiek SESB aintzatetsi zezaten lortu zuen; alta, ez zen Nazioen Elkartean sartu, izan ere “frantziar eta britainiar inperialismoen tresnatzat” zuen elkarte hori. Hala 1924an Alemania elkarte horretan sartzea, eta 1925ean Locarnoko Ituna sinatzea atsekabe handiz ikusi zituen, nahiz eta 1926an Alemaniarekin elkar ez erasotzeko itun bat sinatu.

Txitxerinentzat, Alemaniarekin (I Mundu gudaren osteko galtzailea, beraz, bere ustez SESBekin ondo konpontzeko interes handiena zuen herrialdea) harreman onak izatea lehentasuna behar zen sobietar kanpo politikan. Kargu hartzen zien beste zuzendari komunistei harreman hau arriskuan jartzen zuten adierazpenak egiten bazituzten, hala gertatu zen, adibidez, Nikolai Bukharinekin edo Kliment Voroxilovekin kasuren batean. Hala ere, Txitxerinek Stalinen babes osoa zuen, honek behin esan zuen: “kanpo-inbertsioari buruzko gai hauei buruz ez dago Txitxerin burkidea baino gehiago dakienik”.

Kanpo-politikaz aparte, 1925ean, Sobietar Batasuneko Alderdi Komunistaren XIV Biltzar Nagusian Alderdiko Komite Zentraleko kide aukeratu zuten. Postu horretan egon zen 1930a arte. Musikaren inguruan zuen jakinduria hain zabala zen, ezen Mozarti buruzko liburu bat atera zuen. 1926an bere osasunak txarrera egin zuen, eta erdi-erretiratuta egon zen, bere gaixotasuna sendatzeko Errusian baino klima hobea zuten herrialdeetan (Frantziaren Hegoaldean edo Alemanian, adibidez) denboraldi luzeak pasatzen zituelarik. Txixtxerin lan gogorraren oso zalea zen, eta askotan horrek Komisariotzaren lan osoa berarengan kontzentratzea ekarriz zion, baina gaixotasunaren ostean ardura gehienak Maksim Litvinov Komisario.ordearen bizkar uztea beste irtenbiderik ez zuen.

Kanpo Arazoetarako Herri Komisario izan zen 1930 urtea arte, orduan Maksim Litvinovek ordeztu zuen (Txitxerin 1928an dimititzen saiatu zen, baina ez zioten utzi). Izan ere, 1930 urtean Alemanian faxismoaren goraldia sumatu ahal zen; faxismoak Alemania hartuz gero (gertatu izan zen moduan), Txitxerin bezalako Kanpo Arazoetarako komisario “alemaniarzale” bat agian ez zen egoera berri horretarako profilik egokiena. 30. hamarkadan Sobietar Batasunaren kanpo politika “segurtasun kolektiboan” oinarritu zen, hau da, Alemania isolatzen saiatzean eta Frantzia eta Britainia Handiarengana hurbiltzen saiatzean, Litvinovek (emakume ingeles batekin ezkondua eta britainiar kulturari Txitxerinek baino estimu handiagoa zionak), Txitxerinek baino soslai egokiagoa eskaintzen zuen. Beste arrazoi bat ere izan zen postua uzteko: gaixotasunak okerrera egin zuela.

Erretiro politikoaren ostean, Mozarti buruzko liburu bat idatzi zuen. Georgi Txitxerin 1936an hil zen, gaixotasunak jota.

(Anekdotak: a) Txitxerin Mikhail Kuzmin poetaren oso laguna izan zen, bien artean urte eta urteetako korrespondentzia izan zuten. b) Txitxerin heziketaz protestantea izan zen, ez ortodoxoa; bere familiakoak eliza protestante bateko kideak ziren, eta hala hezi zuten Georgi Txitxerin. d) Txitxerin oso langilea eta lan gogorraren zalea zen, baina aldi berean oso desordenatua zen. Apenas ateratzen zen bere lanpostutik, eta hainbat egun eta gau osoz lan egiteko gai zen)