Txeka

Txekaren zuzendaritza 1921an. Ezkerretik eskuinera, Jakov Peters, Josif Unxlikht, Abram Belenki (zutik), Feliks Dzerzhinski eta Viatxeslav Menzhinski

Sobietar polizia iraultzailea, Feliks Dzerzhinski poloniarrak 1917ko abenduan sortutakoa. Bere izen osoa “Kontrairaultzaren eta Sabotaiaren Aurka Borrokatzeko ESESFko Herri-Komisarioen Batzordearen Errusia Osoko Ohizkanpoko Komisioa” zen, Vserossiiskaia Txrezvitxainaia Komissija po Borbe s Kontrrevoliutsiei i Sabotazhem pri Soviete Narodnikh komisarov RSFSR errusieraz. Txeka hitza, berez TxK (Txrezvitxainaia Komisija) sigletatik zetorren, hau da, Ohizkanpoko Komisioa. Beste izenen artean “VTxeKa” edo “Vetxeka” ere agertzen da (VTxK, Vserossiiskaia Txrezvitxainaia Komissija edo Errusia Osoko Ohizkanpoko Komisioa), baita “Vsetxrezkom” akronimoa edo Txrezvitxainaia, hau da, “Ohizkanpokoa”. 1918an izena pixka bat zuen, “Kontrairaultzaren, Espekulazioaren eta Sabotaiaren Aurka Borrokatzeko ESESFko Herri-Komisarioen Batzordearen Errusia Osoko Ohizkanpoko Komisioa” deituz. Txeka Sovnarkomek sortutako agentzia independente bat izan zen, zuenean Gobernu Sobietarraren menpe zegoen, tarteko beste erakunderen menpe ez zegoelarik.

Txekaren aurrekarien artean, Milrevkom Komite Militar Iraultzailea eta honen Ikerketa Militarrerako Komisioa (Milrevkomek Botere Sobietarraren lehen egunetan pisu handia izan zuen Gobernu-eginkizunetan eta Estatu Sobietarra martxan jartzen, batez ere barne-ordena mantentzen), Smolni Institutuaren Segurtasuna (Gobernuaren, Sobieten eta Alderdiaren egoitzara sartzeko baimenak eta bere segurtasuna bermatzen zuen komisioa Dzerzhinski berak zuzentzen zuen), Petrograderen Segurtasuna Berrantolatzeko Komisioa (azaraoren 19an Milrevkomen pe sortu zen komisioa, Voroxilovek zuzendua), “Petrograderen Defentsa Komisioa” (batez ere Kerenski-Krasnov matxinadaren kontra borrokatzea helburu zuena, Muraviov ezkerreko eseristak zuzendua) eta Vladimir Bontx-Bruievitxek zuzendutako “Pogromen aurka borrokatzeko komisioa” ditugu; horiek Urriko Iraultza Sozialistaren hurrengo egunetan sortu zituztelarik. Erakunde hauen funtzioak (ikusi bezala, gehienak Petrogradeko Komite Militar Iraultzailearen pe zeudenak, maila batean ala bestean) bere egin zituen Txekak. Izan ere, Gobernu Sobietarrak bere organismo gehienak sortzean Milrevkom eskuduntza gabe geratuz zihoan. Aukera bat Milrevkom ordena-publikorako erakunde bezala mantentzea izan zen, baina horrek, kontuan izanik Milrevkom duela egin batzuk oso erakunde handia izan zela, eta birdimentsionatzea agian ez zela lanik errazena. Kontuan izan behar dira baita beste bi gauza: Milrevkomen pe Armada erregular zaharraren erregimendu asko zeudela, leialtasun politiko ez oso ziurrekoak; eta bestetik, Goardia Gorriko kide gehienak Don Eskualdera, Armada Zuriaren lehen nukleoen kontra borrokatzera, eta Ukrainara joan zirela. Garai horietan, Alderdi Boltxebikeak eta Gobernu Sobietarrak bestelako erakunde bat nahi zuten, masazkoa izango ez zena, baizik eta “iraultzailerik probatuenak” bilduko zituena; Milrevkomek gidatutako tropa asko ez zetozen profil horrekin bat. Alexander Rabinowitch historiagileak beste interpretazio bat ematen du: bere ustez Langile eta Soldaduen Sobietak eta Baserritarren Sobietak elkartuta, VTsIK berrian ezkerreko eseristen eragin handia izan zezaketen. Hori zela eta, Milrevkom VTsIKi lotua zegoenez, boltxebikeek kontrairaultzaren aurka borrokatzeko ezkerreko eseristen eragin gutxiagoko erakunde bat nahi zuten, beraz Sovnarkomi lotutako erakunde bat sortu nahi zuten. Egia esan, boltxebike batzuek, Martin Latsisek adibidez, Milrevkom kontrairaultzaren kontrako eginkizunetarako agentzia militar bezala gorde nahi izan zuten, baina gehienek haren abolizio eta ordezkapenaren alde egin zuten. Milrevkomeko zenbati kidek ez zuten hau ondo ikusi, adibidez azaroaren 28an Asanblada Konstituziogilea eta kontrairaultzaren aurkako manifestazio bat deitu zuen Milrevkomek Sovnarkomen baimenik gabe: Rabinowitchen arabera, eztabaida hauek eta Milrevkomeko boltxebikeen frustrazioa erakunde honen autodisoluziorako erabakigarriak izan ziren. Hala ere, interpretazio hau kontuz hartu beharrekoa da, izan ere kontutan izan behar dugu ezkerreko eseristek Txekan izan lehen unetik presentzia izan zutela, eta bestetik Txeka sortzeko orduan Sovnarkomen sartzeko negoziazioetan zebiltzala.

Hala, abenduaren 5ean Milrevkom abolitua geratu zen, bere barne-ordenarako indarrak “VTsIKek sortuko duen agentzia berrira” pasako zirelarik. Hala, abenduaren 7an, Sovnarkomen (eta ez VTsIKen) bilera batean Dzerzhinskik bere txostena aurkeztu zuen, kontrairaultzaren kontrako agentzia berria osatzea proposatuz. Dzerzhinskiz gain; Txekako lehen kideak Ksenofontov, Zhedilev, Averin, Petersen, Peters, Jevseiev, Trifonov, Ordzhonikidze eta Vasilievski izan ziren; gehienak Milrevkomeko kide ohiak. Hala ere, laster aldaketa batzuk izan ziren: Zhedilevek eta Vasilevskik ez zuten bilera batean ere parte hartu, eta erakundea sortu eta gutxira Averinek, Ordzhonikidzek eta Trifonovek erakunde utzi zuten; Fomin, Txernov, Xtxukin eta Ilin sartuz (azken hau ezkerreko eserista, oraindik alderdi hau ez zegoen boterean). Horiek osatu zuten Txekaren lehen Bazkuna, edo zuzendaritza-organua.

Txekaren lehen eginkizuna, Estatu-administrazioko enplegatuen lanuzte kontrairaultzailearen aurkakoa izan zen; baina laster, espekulazioa bezalako kasuak ere bere gain hartzen hasi zen. Halere, bere fama, Estatu-kolpe saiakerak eta konspirazioak azalarazten irabazi zuen (aipatutako enplegatuen sabotaia, Savinkoven saiakerak, 1918ko martxoko Lockhart agente britainiarraren konspirazioa, 1918ko abuztuko Sidney Reillyren konspirazioa, 1919ko Zentru Nazionalaren konspirazioa,1920ko Zentru Taktikoaren konspirazioa, 1921ko Tagantsev konspirazioa, emigrazio zuria, poloniarren zein finlandiarren muga-infiltrazioak eta abar). Txeka bera oso instituzio dinamikoa izan zen, aldaketa askotara emana. Izan ere, zuzendaritza boltxebikean ez zegoen kontrairaultzaren aurka hartu beharreko ohizkanpoko neurrien inguruko erabateko adostasunik. Hasieran, Txeka “ikerketa” eta ez “zigor” organu bat izan zen, hala jaio zelarik, baina laster (1917ko abenduaren 16an) atxilotzeko gaitasuna eman zioten; eta 1918ko otsailean, Armada Zuriaren eta alemaniarren asmoek aurrera egiten zutela, “elementu kriminalen” exekuzioak egitekoa. Egia ere bada, 1918an, Guda Zibila hedatzen ari zelarik eta eseristek Moskun egindako atentatu batzuen ostean, egoerari erantzunez, Txeka beraren barne-ordenaren inguruko eskuduntzak inoiz baino gehiago hasi ziren, “Izu Gorria” delakoaren hastapenarekin, horrekin “Kontrairaultzaileak exekutatzeko eskuduntza” ere izan zuen Txekak (1920an heriotz-zigorraren eskuduntza kendu zuten, baina gutxira eman zen poloniar interbentzioaren hasierarekin berriz jarri zuten). Marija Jakovleva historiagile adituaren arabera, Txekaren gogorkeria eta tamaina “erantzute-logika dela eta” hazi ziren, hau da, bortizkeria kontrairaultzailearen kontra. Jakovlevak dioenez, “Izu Gorriarekin” bat, hau da, 1918ko udazkenetik aurrera izan zen Txeka “zigor-erakunde” bat “ikerketa-erakunde” bat baino gehiago izaten. Guda Zibilean, barne-ordenatik kanpoko eskuduntza batzuk izan zituen: janariaren soberakinaren errekisa ere kontrolatzen zuen, eta 1918an trenbideen arteko garraioa kontrolatzea ere Txekaren menpe jarri zuten. 1919an, ordea, eskumenen inguruko gatazka bat piztu zen, hain zuzen ere sententziatzeko eskumenaren inguruan: Sobietek eskumen hau Auzitegi iraultzaileen pe jarri nahi zutelako. Bestetik Dzerzhinskik, lan gogorraren zale zenak, Gobernu Sobietarrean ardura asko hartzen zituen (1921ean Garraioen Komisarioa izan zen), eta horrekin batera, Txekaren ardurak berez ordena publikoa zenaz areago: adibidez, armen kontrola, gaixotasunen eta izurriteen kontrako borroka, lanari laguntza (elurra kendu eta abar), lehengaien ekarketa eta abar momenturen batean Txekak egindako eginkizunen artean egon ziren. Honen arrazoietako bat, beste departamenduetako zuzendariek askotan Txekaren laguntza eskatzea, edo larrialdi-egoerak kudeatzeko buru askotan Dzerzhinski bera jartzean dugu. Txeka hasieratik Barne-Arazoetarako Herri-Komisariotzaz (NKVD) formalki independentea izan zen, nahiz eta Sovnarkomen barruan NKVD eta Justiziarako Herri-Komisariotza izan Txekaren gainean gehien zeudenak (Dzerzhinski bera NKVDren zuzendaritzako kideetako bat izan). Izan ere, Gobernu Sobietarrak hasieran behin-behineko agentzia bezala sortu zuen Txeka, ez agentzia erregular gisa. Bestetik Txeka Sovnarkomen menpeko komisioa zen, ez VTsIKen menpekoa, bi arrazoirengatik: garai hartan VTsIKen Urriko Iraultzaren kontrako alderdi batzuk ordezkatuta zeudelako, eta bestetik organu hau legegilea eta ez betearazlea zelako.

Historiagile askok, batez ere alde antikomunistatik, Txekaren sorrera, “Estatu poliziala” eraikitzea boltxebikeen asmo totalitarioen frogatzat hartzen dute; Txekaren sorrerak, Estatuaren “burokratizazioa” edo “bertikalizazioa” ekarriko bailu. Adibdiez, Richard Pipes dugu Txeka errepresioaren eta Alderdi-autoritarismoaren “ikur” bilakatu zuen mitoaren zutarrietako bat: Pipesen arabera, ezkerreko eseristek Gobernu Sobietarrean sartzeko Txeka desegitea eskatu zuten, boltxebikeek ezkerreko eseristei “Txekan postuak emanik” eskaera hori saihestu omen zutelarik –ez zen hala izan, Sovnarkomera batzeko negoziazioetan ezkerreko eseristek Txekan postuak eskatu bai, baina berau desegitea sekula ez baitzuten eskatu-. Hala ere, esan beharra dago Txeka, batez ere bere sorreran, inprobisazioaren kumea izan zela; eta beste alde batetik oso organismo deszentralizatua izan zela. Jakovlevaren arabera, “zientifikoki ezin da eutsi alderdi iraultzaileak iraultzaren lehen egunetatik ohizkanpoko errepresio-komisio bat ezinbesteko tresna bezala sortzea helburu izan zuenik”. Izan ere, Txekaren sorrera azaltzen duen lege edo dekreturik ez dago (Dzerzhinskiren txostenaz at), eta 1918ko urria arte, ez zuen araudi propiorik, egoera hau bi arrazoiren seme zelarik: “behin-behinekotasuna” eta inprobisazioa alde batetik, eta bestetik Alderdi Boltxebikeak ulertzen zuelako bare kontrairaultzaren aurka borrokatzeko norbere buruari mugak jartzea kaltegarria izan zitekeela. Bestalde, Txekaren hasierako funtzionamendua “zerbitzu sekretu” batekiko antagonikoa zen: bere bulegoak herritarrentzat zabalik zituen, eta sobietar prentsan laguntza-eskaera publikoak egiten zituen. Txekak, “Polizia osoaren izaera” 1918ko udazkena arte ez zuen izan, “Izu Gorria” delakoa hasi zenean. Egoera paradoxiko eta ez-definitu hau, hasiera batean Botere Sobietarrak “bilatua” izan zitekeen; baina etorkizunera, Tekaren eta Herri-Komisariotza batzuen (batez ere Justiziakoaren) arteko gatazka-iturri izan zen; askotan gatazka hauek 1917ko bukaerako eta 1918ko hasierako Isaak Xteinberg ezkerreko eseristarekin lotzen dira (lehena, Xteinbergek Txekak atxilotutako pertsona batzuk askatzea agindu zuenean), baina Justizia-komisario boltxebikeekin ere halako gatazkak eman ziren; izan ere, Justizia edo Barne komisario ezberdinek Txekari aurre-ekiditeko edota zigortzeko eskumena kendu nahi zioten, adibidez Hrihori Petrovski Barne Arazoetarako Herri-Komisarioak 1918ko urrian, batez ere probintzietako eta tokiko txeken kontrolaren ingurukoa (Petrovskik Txeka gehiegi handitzearen mesfidantza zuen, eta tokiko departamendu bereziak Sobieten pe jartzearen alde egin zuen). 1919an, Gobernu Sobietarrak, batez ere Justiziarako Herri-Komisario Krilenkok bultzatuta, sententziak egiteko eskuduntza berriz Auzitegi Iraultzaileen esku jartzea erabaki zuen, honek Justiziako Herri-Komisariotzaren eta Txekaren artean gatazka bat eragin zuelarik. Beste alde batetik, Txekaren eginkizunetan Armada Gorrian egon zitzazkeen desertzioak eta traizioak zelatatzea ere bazegoen; txekakideen testuinguru soziala (proletarioa) kontuan izanik, hauek Armada Gorriaren barneko “aditu burgesak” (tsarraren armadatik zetozen aditu militarrak) jomugan jartzen zituzten. Armada Gorriko zenbait zuzendarik (Trotski berak, adibidez) aditu hauen aldeko apustua egin zutenez, horrek zenbait tira-bira sor zitzazkeen. Dzerzhinski berak, askotan Txekaren errepresioa lagundu ordez mugatzeko joera izan zuen (adibidez 1920ko martxoan bidalitako gutun batean); hasiera batean “Okhranaren metodoak” (infiltratuak eta abar erabiltzea) ez erabiltzearen aldeko apustua egin zuen, gerora Gudaren gogortasuna zela eta, neurri gogorrak hartzea saihesterik ez bazuen ere. Marija Jakovlevaren arabera, Txekaren lana “egokia eta neurrikoa” izan zen, zenbait gehiegikeria eman baziren ere. Jakovlevaren arabera, Txekaren aktuazioak, oro har, lege sobietarraren barrukoak izaten ziren.

Txekak, Milrevkomek ez bezala “Errusia Osoko mailan” aktuatzea zuen helburu hasieratik, baina tokiko erakunde eta adarrek autonomia handia izan zuten batez ere lehen urteetan. Honi lagundu zion Txeka Sovnarkomen pe jaiotzeak, baina Sovnarkomek beste hirietan ez egoteak; hain zuzen beste hirietan Txeka Sobieten pe jaio zen, tokiko Sobieten arauaz. David Leggetten arabera, 1918ko martxoan Errusiako hiriburua Petrogradetik Moskura aldatzeak ekarri zuen Txekaren zentralizazio fasearen hasiera (Txeka ere Moskura mugitu zenean, 1918ko martxoan, Petrogradeko Txeka  sortu zuten Moisei Uritskiren kontrolpean); 1918ko maiatzean tokiko txeka guztien lehen koordinazio-bilera burutu zen. 1918ko ekainean hasi zen Txekaren zentralizatze fasea, probintzietako eta tokiko txeken eskuduntzak eta menpekotasun-loturak definituta geratu zirenean. 1918ko urrian, Txekaren lehen barne-araudia atera zen, erakundearen maila ezberdinak are gehiago zehaztuz, eta Txekaren zuzendaritzaren nagusitasuna tokiko txekekiko berretsiz eta tokiko txekek Txekaren zuzendaritzari erregulartasunez txostenak bidaltzeko zuten beharra gogoraraziz. 1918ko abenduan, tokiko txekek zigor administrazioak egiteko eskubidea zutela erabaki zuten; baina ez sententziak egin edo pertsonak exekutatzekoa. Bestalde, “Errusia Osoko” Txekak, soilik Errusiar Errepublika Sobietarrean aktuatu zezakeen, ez Ukrainan, Ukrainak bere Txeka propioa zuen. Ukrainar Txeka 1918an sortu zuen Hrihori Petrovskik, Errusiako Sovnarkomen Barne Arazoetarako Herri-Komisarioa izan zenak. 1920an Errusiar Txekaren eta Ukrainar Txekaren arteko akordio bat sinatua izan zen, bi txekak elkarri laguntzera konprometitu zirelarik.

Txekak bere tropa propioak zituen. Hasiera batean, oso komisio murritza izan zen, izan ere soilik ikerketara (eta hasieran Petrograd hiriburuan soilik) zentratzen baitzen, guztira 40 kide soilik zituelarik, eta 1918ko urtarrilean 100 bat soilik (tartean txekakiderik gazteena, 17 urtetako Praskovija Putilova). Jakov Peters Txekaren zuzendarietako batek ere esan zuen 1917ko abenduan “komisioa oso txikia” zela. Garai horietan (gogoratu beharra dugu lehen asteetan Txekak soilik ikerketa egin zezakeela), honekin bat Goardia Gorrien indarrak joaten ziren atxiloketak egiteko. Baina Txekaren eskuduntzak handitu ahala, bere tropa kopurua ere handitu egin zen: 1918ko urtarrilaren 14an Txekari tropa propioa errekrutatzeko aukera eman zitzaion 1918ko martxotik aurrera, tokian tokiko txekak sortuz joan ziren; urte bukaeran 38/40 probintziako txeka, 75 barrutietako txeka eta 300 baino gehiago tokiko txeka zeudelarik (tokiko txeka hauetako batzuk, aurretik beste izen batzuen pean sortutako “departamendu berezien” edota milrevkomen jarraipena ziren). 1918ko ekainerako, Txekak mila pertsona zituen bere menpe, eta gainera orduan bere borrokarako tropa bereziak errekrutatzen hasi zen (“Borrokarako Gorputzak”, Korpus Voisk). 1918ko abuztuan, garraioa eta janari banaketa hobetzeko “trenbideetako txeka bereziak” zein “mugetako txeka bereziak” ere sortu ziren, eta 1918ko abenduan Armada Gorriaren barneko txekak (batez ere desertzioa ekiditeko). 1918ko irailean, “Izu Gorria” delakoa hastearekin bat, bere tropa kopurua asko handitu zen. 1919an, Dzerzhinski Barne Arduretako Herri Komisarioa zelarik, Txekak bere kontrolpeko Errepublikaren Barne-Segurtasunerako Tropak sortu zituen (Barne Komisariotzaren tropak hona pasatuz). 1919an klerutzarako txeka sortu zen, 1920an mugaz-kanpokoa, eta 1921ean mugausketaren kontra borrokatzekoa. 1919ko urtarrilean 37.000 kide zituen erakundeak, eta 1921.ean, momenturik gorenean, 200.000 txekakide zeudela kalkulatzen da (horietako gehienak Errepublikaren Barne-Segurtasunerako Tropak ziren). Eginkizuen Beerezietarako destakamenduak (TxON), Alderdiaren tropak, nominalki ez ziren Txekarenak, operazio gehienetan Txekak aginduak baziren ere. Kontuan izan behar dugu 1918ko maiatzean, Armada Gorria boluntarioa izatetik, errekrutamendu-armada izatera pasa zela, beraz, Txekan “Iraultzaren militanteen elitea” izatea zen Dzerzhinskiren asmoa: moral altuko iraultzaile konbentzituak bilduko zituena, masazko Armada Gorriarekin kontrastatuz. 1918ko urtarrilaren 31n egin zen errekrutatze deialdian halako profila zuten burkideak biltzeko eskatzen zuten, eta baita ere 1918ko apiril-maiatzean hartutako ebazpenean (Marija Jakovlevaren arabera, Txekak bere kideak politikan jantziak eta kontzientzia altukoak izan zitezen eskatzen zuen). Txekako zuzendari gehienak halakoak izaten ziren: mugimendu iraultzailearen edo Alderdiaren beteranoak ziren; eta 1920ko datuen arabera, txekakideek %50 alderdikideak ere baziren (hau Errusiar Txekari dagokionez, Ukrainar Txekan portzentaia altuagoa zen). Bestetik, esan behar dugu askotan Txekaren zuzendaritzaren eta txekakideen arteko gatazkak ere nabariak izan zirela: Dzerzhinski bezalako integritate handiko pertsona batek txekakideak bera bezalakoak izan zitezen nahi zuen. Hori dela eta, txekakideak askotan epe laburrez egoten ziren lanean, txandakatze askoko lanpostu bat zen, askotan lan honek txekakideak izutu edo usteldu baitzitzakeen. Dzerzhinskik berak esan zuen “hau sainduentzako lana da, moral handiko pertsonentzakoa”. Hori del eta Txeka barruan, barne-purgak ugariak ziren.

Bestetik, Txeka ez zen inondik inora ere Alderdiaren erakunde bat, George Leggett historiagile antiboltxebikeak ere hau onartzen du (nahiz eta egia izan Txekak Alderdikideak nahi bere pertsonalean, eta horrek “Alderdi-organo” izatearen inpresioa eman). Ezkerreko eseristak adibidez, Txekan Gobernu Sobietarrean baino lehenago sartu ziren. Are gehiago: boltxebikea ez ziren beste alderdiek (ezkerreko eseristek batez ere), Txekan izan zituzten euren Estatu-barneko azken eragin-guneak. Ezkerreko eseristak 1918ko martxoan Sobietar Gobernutik atera egin ziren, baina Txekan 1918ko uztaila arte egon ziren; presentzia hau euren Estatu-kolpe saiakerarako erabakigarria izan zelarik. Estatu-kolpe saiakera hori eman ez balitz, agian denbora gehiagoz iraungo zuketen. Txekaren eta Alderdiaren arteko harremanaren inguruko beste mito bat da boltxebikeek Txekaren jarrera gogortu nahi izan zutela, eta ezkerreko eseristek ordea “humanizatu”. Eseristen eta boltxebikeen arteko “Txekaren inguruko ikuspegi ezberdinen ikur” gisa azaltzen da askotan Xteinbergen jarrera (halere esan beharra dago Xteinberg bera izan zela Txekaren eskumenak handitu zuen lehena, 1917ko abenduaren 16an bera Justiziarako Herri-Komisarioa zela atxilotzeko gaitasuna aintzatetsi baitzion Txekari).Baina Xteinbergen jarreraren motibazio humanista onartzen badugu ere, ezin dezakegu esan hori oro har txekakide ezkerreko eseristen jarrera hori zenik boltxebikeen alegiazko “autoritarismo militar” batekiko antagonian. Izan ere, 1918ko urtarriletik uztailera Viatxeslav Aleksandrovitx ezkerreko eserista izan zen Txekaren lehendakariorde beraz, ezkerreko eseristek Gobernua utzi ondoren ere jarraitu zuen), Dzerzhinskiren arabera “nire adinako boterea zuen”, eta ez dago Txekaren jarduna mugatzeko, edo nahiago bada, “leuntzeko” saiakerarik egin zueneko frogarik. Hala ere, ikusi dugun bezala Txekak arduradun politiko eta herri-komisario boltxebikeekin ere izan zituen kalapitak, adibidez, 1918ko ekainean, Volodarskiren erailketaren ostean, Zinovievek masak eta Txeka erantzuteaz ohildu zituen. Bukharinek ere 1919an Txekaren eskumenak murriztu nahi izan zituen, eta Lev Kamenev ildo berekoa omen zen. Beste batzuek, Viktor Serge adibidez, Txeka bera sortzearen kontrakoak ziren, “akats izugarri” moduan kalifikatu zuen erakundea. Marija Jakovlevaren arabera (eta David Leggett bat dator), 1919ko hasieran izan zen Txeka sobietar instituzioetan eta Alderdi Komunistan okerren ikusita zegoen garaia eta bere abolizioaren gaineko ahotsak indartsuago ziren garaia (eta agian horrek izango zuen zerikusia sententziak emateko eskubidea Txekatik Auzitegi Iraultzaileetara pasatzeko erabakiarekin). Hala ere, Alderdi Komunistako pertsonairik garrantzitsuenak (lenin, Stalin, Trotski, Svevrdlov) Txekaren aldekoak ziren.

Txekaren agenteen eta zuzendarien artean, gutxiengo etnikoak gain-ordezkatuak zeuden, batez ere judutarrak eta letoniarrak, eta are gehiago, poloniarrak (Kaukasoko kasuan, armeniarak). Txekaren lehen hiru zuzendariak; Dzerzhinski, Menzhinski eta Jagoda poloniarrak izan ziren. Txekaren lehenengo batailoi antolatua letoniarra zen, eta 1918ko apirilean finlandiar batailoi bat gehitu zitzaion. Bestetik, ez dago txekakideen klase-jatorriari buruzko estatistika oso fidagarririk, baina David Leggetten arabera, asko langileak edota marinelak (hau da, 1917an zehar sektorerik ideologizatuenak zirenak) izan ziren.

Txekaren amaiera 1922an izan zen, hauxe Estatuaren Administrazio Politikoa (Gosudarstvenoie Polititxeskoie Upravlenie) deitutako, GPU siglez ezaguna egindako erakundeaz ordeztua izan zenean. Arrazoi anitz egon daitezke aldaketa honen atzean. David Leggetten arabera, Txeka erakunde berri batez ordeztea Estatuari NEPren hasiera garaian, irudi liberalago bat emateko beharra zegoen, horregatik “Izu Gorriaren ikur” zen erakundea sakrifikatu beharra zegoen. Arrazoia zein zelarik ere, argi zegoen Guda Zibila bukatuta (baina oraindik barnean klase-tentsio asko zeudela), Txekaren papera birformulatzearen inguruko eztabaida piztu zela. Kurioski Dzerzhinski bera izan zen Txekaren boterea eta zigorrak murriztearen aldekoetako bat, adibidez tokiko adarrei euren aldetik heriotz-zigorra abolitzearen alde egin zuen, eta baita ere honen funtzioak Auzitegi Iraultzaileen esku uztearen alde. 1921eko urtarrilean, Leninek egindako dekretu batean, ordura arte Txekaren kontrolpean zeuden Errepublikaren Barne-Segurtasunerako Tropa gehienak Armada Gorrira pasa zituen. Armada Gorrira1921ean Auzitegi Iraultzaile Gorena sortu zuen VTsIKek (aldi berean Trenbideetako Auzitegi Iraultzaile Gorena, Trenbideen Herri-Komisariotzaren pe, eta Auzitegi Iraultzaile Militar Gorena, Armada Gorriaren Sobiet Militar iraultzailearen pe; gogoratu behar dugu 1918tik aurrera bi instituzio horietan Txekak sortu zirela) sortu zituzten. Leninek berak “legaltasun iraultzailearen” aldeko apustua egin zuen, hots, Txekaren boterea eta erakundea bera are gehiago mugatzearen alde. Beste alde batetik, Dzerzhinski berak Siberian garraioaren inguruko postu bat izan zuen, beraz, ezin zen alde guztietan egon. Unxlikht Txekaren lehendakari-ordea saiatu zen 1922ko urtarrilean Txekaren independentzia, izena eta funtzio batzuk gordetzen; baina kontrako iritziak askoz handiagoak ziren. Erakunde berria, GPU, 1922ko urtarrilaren 23an sortu zen, Barne Arazoetarako Herri-Komisariotzaren (NKVDren) menpe jaio zelarik (Txeka zuzenean Sovnarkom osoaren agentzia bat zen). Txekaren ikerketarako agente guztiak erakunde berrira pasa ziren. Erakunde berriak ez zuen sententziak diktatzeko botererik izanen, horiek Justiziako Herri-Komisariotzaren pe geratu baitziren. GPU berria Txeka baino askoz ere arautuago zegoen erakunde bat zen.

Txekaren lana beharrezkoa izan zen Gobernu boltxebikeari eusteko, hala onartu zuten zuzendari boltxebikeek, adibidez Liev Kamenevek esan zuen “Txeka diziplina komunista hutsa zen (…) Sobietar Gobernuaren neurririk ezin izango zatekeen hartu Txekaren laguntzarik gabe”. Zinovieven arabera, “Txeka gure bitxia, gure edertasuna da”. Leninen arabera, “jende asko dabil Txekaren akatsa partikularrak azpimarratzen (…) Arazo honetan marxismoa izan beharko genuke kontutan (…) Txekak proletalgoaren diktadura sendotzeko egiten du lan, eta honi dagokionez, euren papera izugarrizkoa da”.