Zhordania, Noe

Georgiar politikari mentxebikea, Georgiako Errepublika Demokratikoaren presidentea izan zen 1918tik 1921ra. Behe-nobleziako familia batean jaioa, Tbilisin eta Vartsovian albaitaritza ikasketak egin zituen. Antza denez, Vartsovian mugimendu sozialistarekin kontaktuan hasi zen. 1892an Georgiara itzuli zen, eta hortik gutxira, georgiar marxisten bilera bat antolatu zuen. Bilera horretatik Georgiako lehen talde marxista sortu zen, Mesame Dasi (“Hirugarren Taldea”), Zhordania talde horretako buru izan zelarik. 1893an erbestera joan zen berriz, han Plekahnov eta Kautsky bezalako marxista ospetsuak ezagutu zituelarik. 1894an erregimen tsaristak in absentia epaitu zuen. 1897an Georgiara itzuli zen, eta Mesame Dasiren Kvali (“Kanpaia”) egunkarian gerora Stalin izenaz ezagutua izan zen gazte baten artikulu eta poemak ateratzeari uko egin zion (honek, boltxebikeak eta mentxebikeak agertu aurretik, jada marxista georgiarren artean banaketa bat ekarri zuen). Mende aldaketarekin bat, Mesame Dasik Errusiako Langileen Alderdi Sozialdemokratarekin bat egin zuen, Zhordania alderdi honetako kide eginez. 1901an atxilotua izan zen, eta urtebat pasa zuen kartzelan, 1902an atera zelarik.

Zhordania 1903an Errusiako Alderdi Sozialdemokrataren II Biltzar Nagusiko  ordezkaria izan zen, fakzio mentxebikearekin lerratu zelarik; eta lerrokatze horrek georgiar marxista gehienak (Stalin, Makharadze edo Orzhonokidze bezalako salbuespenekin) mentxebismora eraman zituen). Hain zuzen ere, Zhordania eta berak fundatutako georgiar egunkariak boltxebikeen eta alderdiaren bi korronteak berriz batzearen kontrako ildokoak ziren. 1905ean iraultza bortitzaren kontra egin zuen, “alderdia legaltasunaren barruan” kokatu behar zela defendatuz (gerora “likidazionista” izenez ezagutua izan zen ildoak ere horixe defendatu zuen). 1906an Dumarako diputatu izatea lortu zuen, baina 1908an atxilotua izan zen, eta hiru hilabetez kartzelaratu zuten. 1907an Errusiako Alderdi Sozialdemokratako Komite Zentraleko kide aukeratu zuten, eta bertatik boltxebikeak eta euren “ekintza ilegalak” (banketxeen espropiazioak, adibidez) alderditik kanpo uztea eskatu zuen (Simon Sebag Montefiore Stalinen biografoaren arabera, halako neurriak Stalinen kontra zihoazen, eta honi galdeketa egitera ere iritsi ziren mentxebikeak, kanporatzeko zorian egon zirelarik). Boltxebikeekin zuen herra hain handia zen, ezen 1907an Leninek mentxebikeekin batzeko inoiz egindako eskaintza bakarra ere ukatu egin zuen: Zhordaniari Kaukasoko alderdiburu izatea eskaintzen omen zion, hau Errusiako politikan sartzen ez bazen, eta hala ere, ezetz esan zuen. 1909an berriz erbestera joan zen. 1912an, boltxebikeen eta mentxebikeen arteko haustura erabat formaldu zenean eta bi alderdi ezberdin sortu zirenean, Zhordaniak mentxebikeen Biltzar Nagusian parte hartu zuen, boltxebikeen kontrako oso ildo gogorra defendatuz. 1912an bertan Bakura (Transkaukasiako hiririk handienera) joan zen, eta han Naxe Slovo (“Gure Hitza”) egunkari mentxebikea editatzeari ekin zion, Transkaukasiako mentxebikeen buru bezala kokatu zelarik. Hirugarren aldiz atxilotua izan zen, baina 1913an askatu egin zuten, amnistia baten ondorioz.

Lehen mundu gudarekin batera, Errusiak gudan parte hartzearen aldeko ildo defentsistaren alde kokatu zen. Otsaileko iraultzaren ostean Tbilisiko Sobieteko lehendakari aukeratu zuten. 1917ko abuztuko Biltzar Nagusi mentxebikean, Komite Zentraleko postua berretsi zuen, hala ere, Errusia osoko mailako politikan ez zen asko nabarmendu. Zhordaniaren postura Estatu Sobietarraren kontrakoa eta parlamentarismoaren aldekoa zen. Hori zela eta, Urriko Iraultzaren kontrakoa izan zen, eta hau gertatzerakoan, Georgiara itzuli zen (han Iraultza Sozialista ez zen lehen unean hedatu). Pixkanaka, mentxebismoa eta georgiar nazionalismoa uztartzearen aldeko ildorantz mugitzen hasi zen. Hala, 1917ko azaroan Georgiako Kontseilu Nazionalaren (Georgiako proto-parlamentu antzeko organu bat) buru izendatu zuten. Georgia eta Transkaukasia, 1917ko bukaeran, botere boltxebiketik at zeuden, eta han, antiboltxebikeek kontrolatutako sobiet eta instituzioek, Transkaukasiako Komisariotza osatu zuten, lurraldea gobernatzeko. 1918ko apirilean Transkaukasiako Komisariotzak, Transkaukasiako Errepublika Federal Demokratikoa aldarrikatu zuen. Alta Estatu horrek gutxi iraun zuen, hiru nazioetako bakoitzeko nazionalistek kanpo-politika ezberdina baitzuten (azeriarrek Turkiaren aldekoa, armeniarren Britainia Handiaren aldekoa eta georgiarrek Alemaniaren aldekoa). 1918ko maiatzean, Georgia Alemaniaren baimenarekin independizatu egin baitzen, Georgiako Kontseilu Nazionaleko buru bezala, independentzia hori Zhordaniak aldarrikatu zuelarik. Hori dela eta Georgiako Errepublika Demokratikoko lehendakari izendatu zuten 1918ko uztailean.

Georgiako Errepublika demokratikoko buru moduan, Zhordaniaren politika nahiko bilintzi-balantzakoa izan zen. Barne-politikan, alderdi sozialista batetako burua bazen ere, bere erreformak oso mugatuak izan ziren, “klase guztien Gobernua” ezarri nahi baitzuen: adibidez zortzi ordutako laneguna onartu zuen, baina ez langileek botere politikoa izan zezaten (bere politika 1917ko Errusiako Behin-behineko Gobernuarenaren antzekoa izan zen). Arazo sozialak 1919an eta 1920an nabaritzen hasi ziren. Kanpo-politikan, Georgiaren independentzia Alemaniak bultzatutako mugimendu moduan babestu zuen Zhordaniak. 1919an Anton Denikinen Armada Zuriarekin elkarri laguntzeko itun bat sinatu zuen, eta 1920an Errusiako Errepublika Sobietarrarekin bake itun bat sinatu zuen. Zhordaniak gidatutako Estatua, iraun zuen urteetan, II Internazionalaren eta Karl Kautsky bezalako teoriko sozialdemokraten erreferente izan zen.

Iraultza Sozialista Georgiara zabaldu zenean, Frantziara joan zen erbesteratuta, eta han Georgiako Errepublika Demokratikoaren erbesteko Gobernua gidatu zuen. 1924ko georgiar matxinada antiboltxebikearen bultzatzaileetako bat izan zen, erbesteko Estatuekin kontaktatu zuen matxinada horretarako (erbestean, Zhordaniaren ildo politikoa, kanpo potentzien laguntzaz sobietarren kontrako politika egitea zen, adibidez Nazioen Ligari edota beste Gobernuei eskutitzak bidaltzen zizkien, bere kausa lagun zezaten eskatuz; adibidez 1930tik aurrera, poloniar inteligentziarekin kolaboratzen hasi zen, eta 1934an SESB Nazioen Ligan onartzearen kontrako protesta egin zuen). Bigarren Mundu Gudan Mendebaldeko Aliatuen aldeko adierazpena egin zuen, baina ez SESBen aldekoa. 1953an hil zen.