Krzhizhanovski, Gleb

Militante eta ekonomialari boltxebike errusiarra, jatorri poloniarrekoa. Samaran jaioa, nerabezaroan zirkulu populistekin bat egin zuen, horrek grina iraultzailea piztu ziolarik; baina geroxeago ikasle gia San Petersburgora joan zenean, han, 1891an, 19 urterekin, zirkulu marxista batzuetan militatzen hasi zen, bera bezala ingeniaria (eta bera bezala baita, geroago zuzendari boltxebike izan zen) Leonid Krasin kide zuelarik. 1893an, Vladimir Ulianov, gerora Lenin goitizenaz ospetsu egin zenaren lagun egin zen. 1894an Institutu Teknologikoko titulua lortu zuen eta ingeniaritza lanak egiten hasi zen Vladimir Ulianovekin bat 1895an Langile Klasearen Askapenerako Borroka Batasuna fundatu zuen, han Rabotxeie Dielo (“Langileen Kausa”) egunkaria editatzen hasi zelarik. Ikasketak bukatuta, Nizhni Novgorod hirira joan zen lanera, han ere lan iraultzailea egin zuelarik. Ingeniaritza lanak eta militantzia marxista biltzen zituen: alde batetik, 1895an atxilotua izan zen, eta 1899 arte kartzelan eta deportazioan egon zen. Leninekin gertukotasun handia izan zuen, Lenin 1897an deportaziora bidali zutenean, Krzhizhanovskik haren herri berdinera joatea lortu zuen. Askatzerakoan. 1899 Aleksandrovsk planta lantegian hasi zen, eta Errusiako Langileen Alderdi Sozialdemokrataren kide egin zen.

1901an berriz erbestera joan zen, han berriz ere, Leninekin bat egin zuelarik, adibidez Iskra aldizkaria ateratzen. 1903ko Londreseko Biltzar Nagusian (boltxebikeen eta mentxebikeen arteko zatiketaren biltzarrean) boltxebikeekin lerratu zen, eta bilera horretan Komite Zentraleko kide izateko aukeratu zuten. Errusiara itzuli zenean, Samaran eta Kieven lan klandestino iraultzailea egin zuen. 1903 eta 1904 artean, boltxebikeen alde jarraitu zuen, baina Robert Serviceren arabera, Leninekin hausteko zorian egon zen, honi mentxebikeen kontrako jarrera “Pertsonalegia” izatea leporatzean baitzion (Serviceren arabera, Krzhizhanovski mentxebikeengana hurbitzearen aldekoagoa zen). 1903an eta 1904an Kieven eta Moskun lan iraultzailea egin zuen. 1905an klandestinitatera joan zen, eta boltxebikeen beso militarrarekin bat egin zuen (berriz, bere lagun Krasinekin bat), bere ingeniaritza-jakituria bonbak egiteko erabili zuelarik. 1905ko iraultzan parte hartu zuen trenbideetako greban parte hartuz, eta 1905ean bere jaioterri Samarara itzuli zen han Alderdi Boltxebikea eratzen laguntzera. 1906an, Volna (“Olatua”) egunkarian eta Misl (“Pentsaera”) aldizkarian lanean hasi zen. 1907an, Elektrikako Elkartean lanean hasi zen, 1909an elektrifikazioari buruzko liburu bat idatzi zuen, eta 1910ean Saratov hirian zentral elektriko baten eraikuntza-lanetako ikuskatzaile ere izan zen. Ingeniari elektriko bezala bere izena hazten joan zen: 1910an Moskun zentral elektriko bat egiteko enkargua jaso zuen, 1912tik aurrera Moskuko sare elektrikoaren zuzendari izan zen, eta 1913an Saratoven, zentral hidroelektriko baten eraikitzeko ideia eman zuen. Lehen Mundu Gudaren aurretik, Errusiako Elektrizitatearen Biltzarretako partaide izan zen. 1915ean, industri guneen eta elektrizitate hornitzaile merkeen arteko tentsio-lineak eraiki zituen.

Otsaileko Iraultzaren ostean, Moskuko zinegotzi boltxebike izan zen, eta Moskuko gasolinaren arduradun ere izan zen. Urriko Iraultzaren egunetan, Moskun matxinada planifikatu zuen Komite Militar Iraultzailearen kide izan zen.

Urriko Iraultzaren ostean,  Krzhizhanovskiren lana plangintza ekonomikora eman zen, batez ere teknologiara eta elektrifikatzera, arlo horretan sobietar sistema elektrikoaren “aita” izan zelarik. 1918an, Estatu-eraikinen Komisioko zuzendari izendatu zuten, eta 1919an, Herri ekonomiarako Sobiet Gorenaren (VSNKh) Elektrizitate-departamenduaren arduradun. Leninek emandako leloa “komunismoa botere sobietarra gehi herrialde osoaren elektrifikatzea da” betetzearen arduradun izan zen, bigarren parteari dagokionez behintzat; Volkov historiagilearen arabera, bera izan zen elektrifikazioak zuen garrantziaz jabetu zen lehena (Volkoven arabera, “elektrifikazioaren garapen integratua” bultzatu  zuen Krzhizhanovskik, gerora eredu bezala erabili zena). 1920an, Errusiaren Elektrifikatzerako Estatu-Komisioko (GOELRO) lehendakari izan zen; Errusia Sobietarrak ez zuen arlo horretan Krzhizhanovskik baino esperientzia handia izan zuen pertsonarik (hala ere, GOELROn, hasiera batean, Krzhizhanovski bera izan zen boltxebike bakarra, bere laguntzaile asko, lehengo garaietako “aditu burgesak” ziren). Volkoven arabera, Krzhizhanovskik Errusia osoko ekonomia unitate integratu bat bezala hartu zuen, hori dela eta gai izan zen, beraz plangintza ekonomikorako aurre-plan edo plan osagarri bat ere izan zen Krzhizhanovskirena. 1921an, Plangintza Ekonomikorako Estatu Komisioko (GOSPLAN) buru izendatu zuten. Bi etapatan izan zen GOSPLANeko lehendakari: 1921tik 1923ra eta 1925tik 1930ra (E. H. Carren arabera, Leninek bere Krzhizhanovski hor jartzean, merkatuaren liberalizazioaren aldekoei kontrapisu bat bilatzen zuen). GOSPLANeko lehendakari bezala, bere plangintza ekonomikorako apustua konplexu industrialak eraikitzea izan zen, eta energia iturri bezala, fuela eta beste iturri batzuen bilbaketa erabiltzea. Postu horretatik, NEParen, edo merkatuaren zabalkundearen defendatzaileen, batez ere Sokolnikoven kontra aritu zen (1924an, NEP ia eztabaidaezina zenean, Krzhizhanovskik jada Estatuaren aldetik merkatuaren kontrol handiagoa eskatzen zuen). Bestetik, nekazaritza arloan sovkhozak babestearen aldekoa izan zen, nekazaritza indibidualen aurretik. 1922an Hagako Konferentziarako  sobietar ordezkari izan zen. 1927tik 1930ra, Volga-Don autopista eraikitzeko lanen buru izan zen, eta epe berean Lan eta defentsa Kontseiluko buru ere izan zen. 1929an, Alderdiaren Biltzar Nagusian, lehen bosturteko plana defendatzeko txostena aurkeztu zuen. Krzhizhanovskik industria babesten zuen nekazaritzaren gainetik, eta bere joera, industriarako Estatu-inbertsioak handitzea izan zen. Bere menpe, GOSPLAN, sobietar erakunde ekonomikoen artean, plangintzaren aldekoena izan zen. Krzhizhanovskiren arabera, teknologia berriak eta plangintza txanpon beraren bi aurpegiak ziren. 1930tik 1932ra Industria Astunerako Herri-Komisariotzaren zuzendari izan zen eta sobietar ekonomiako lehen “Ekonomi Plan Orokorra” berak idatzia da, eta hortik tera zen Lehen Bosturteko Plana. Politikari dagokionez, 1924tik 1939ra Sobietar Batasuneko Alderdi Komunistako Komite Zentraleko kide izan zen.

Lan akademikoa ere egin zuen: 1926tik 1929ra, Lomonosov Institutu Mekanikoko (egun, Lomonosov Unibertsitatea) errektore izan zen, 1925an Sobietar Entziklopediaren zuzendaritzaren kide ere egin zuten, eta hartarako hainbat artikulu idatzi zuten. 1929tik aurrera Zientzien Sobietar Akademiako kide eta lehendakariorde aukeratu zuten, postu horretan 1939 arte eman zuelarik (erakunde horretan, 1930an, Energiaren Institutua fundatu zuen). Gleb Krzhizhanovskik, 30. hamarkadan elektroenergiako zentral konbinatuak eraiki zituen SESBen, eta garai horietan Volgako kanalak eta presak eraiki zituzten. Dnieperreko presa proiektuan ere bere arrastoa utzi zuen. 1932an eguzki energia erabiltzeko planak ere hasi zituen Energia Institututik. 1932 eta 1936 artean Hezkuntza Teknologikorako Komiteko arduradun izan zen, eta aldi berean Errusiako Errepublika Sobietarreko Hezkuntzarako herri  komisario ere izan zen. Krzhizhanovskiren ikerketek, SESB 1934an urtean 40 mila milioi kilowatt produzitzetik 1956an urtean bilioi bat kilowatt produzitzera heltzea ekarri zuten.

1941an, Alemaniak SESB inbaditzerakoan, Krzhizhanovski, armadan sartzeko edadetuegia zenez gero, Kazango institutura ebakuatu zuten. Gudaren ostean proiektuak egiten jarraitu zuen, 1957an Elektrika-Zentralen beste eredu bat eraikitzen hasi zelarik. 1957an Lan Sozialistaren Heroiaren titulua irabazi zuen. 1959an hil zen.

(Anekdotak: a) Krzhizhanovskik poloniar abertzaleen Warszawianka abestia errusierara itzuli zuen: Varxavianka izenez 1917an errusiar langile klasearen ereserkietako bat izan zen. Beste abesti iraultzaile hasi ere idatzi zituen. b) Krzhizhanovski Leninen aspaldiko laguna izaki, honek inoiz errusierazko “ti” bigarren pertsona singularreko deitura oso informala (euskarazko hikaren parekoa) harekin erabili izandako pertsona gutxienetakoa izan zela).