Asanblada Konstituziogilea

Asanblada Konstituziogilea, 1917.eko azaroko hauteskundeetan deitutako eta 1918ko urtarrilean bildu zen Asanblada izan zen, halere, garai horretarako Estatu sobietarraren kontrako indarrek erabili beharreko tresna izan zenez, segituan disolbatu zuten, saio bat egin ondoren.

Hala ere, kontzeptu edo programa bezala 1917an ibilbide luzea izan zuen Asanblada Konstituziogileak. Esan beharra dago baita, XIX mendeko errusiar iraultzaile askok (iraultzaile burgesek edota ideialistek) Asanblada Konstituzional baten irudikatzen zutela Errusiaren askapena; ideia honek bi tradiziotatik edaten du, XIX mendeko europar iraultza burgesen tradiziotik, eta errusiar herriaren “asanblada” tradizioetatik, botere-hutsunea dagoen toki eta garaietan osatzen (omen) ziren “baserritar herriaren asanbladetatik”. Errusiar iraultzaile askorentzat (tradizio guztietakoak zirelarik), Asanblada Konstituziogilea, parlamentu gisa nazioaren borondatea ordezkatzen zuen instituzioaz gain, Errusiaren “askatasunaren aroa” fundatu behar zuen instituzioa zen.

Otsaileko Iraultzako egunetan, Dumak eta Sobietak (orduan mentxebikeen eta eseristen esku) Behin-behineko Gobernua osatzeko negoziaketetan itundu zuten programetako puntu bat, “ahalik eta bizkorren bozka unibertsal, zuzen, parekide eta sekretuz Asanblada Konstituziogilea aukeratzea” zekarren. Izan ere, esan genezake Otsaileko Iraultzaren oinarrizko printzipioa izan zela Asanblada Konstituzionala, Iraultza hori sostengatzen zuten bi “Botereguneek” (Dumak eta Sobietak) hartzen baitzuten Asanblada Konstituzionalaren deialdia iraultzaren “errematatze” gisa. Hainbeste zen Asanblada Konstituziogileak zirkulu politikoetan zuen ospea, ezen, Gobernuari ere “Behin-behineko Gobernu” izena jarri zioten, Asanbladak berretsi gabeko Gobernu bat “finkoa” ala “iraunkorra” ezin izan zitekeela ulertaraziz. Bestalde, garai hartan, alderdi guztiek zeramaten programan Asanblada Konstituziogilea eratzea, ematen zioten papera berdina ez bazen ere.

Hala ere, hasieran azaletik handia ematen zuen adostasun hori praktikan ez zen hainbesterakoa. Kontutan izan behar da, lehenik Petrograden eta gero Errusia osoan langileen eta nekazarien organo ordezkatzaileak (Sobietak) sortzeak; alderdi iraultzaileek, boltxebikeek batez ere, hauek (etorkizuneko) sozialismoaren organo bezala hartzea ekarri zuela, Asanbalda Konstituziogilea “iraultzaren etapa burgesarekin” identifikatzen zen heinean. Izan ere, Asanblada Konstituziogileak Sobietekin izan behar zuen harremanaren inguruko puntuan alderdi guztiak ez zetozen bat; Estatua Sobietena (eta Asanblada bigarren lerroan) edo Asanbladarena (eta Sobietak bigarren lerroan) egon ote behar zirenaren inguruan. Zanga hau are gehiago zabaldu zen Asanblada Konstituziogilea ez deitzerakoan eta  Sobietak boltxebikeen esku (hau da, Otsaileko Iraultza gainditu nahi zutenen esku) geratzen hasi zirenean, izan ere, boltxebikeen ustez Sobietak Estatu berriaren funtsezko organo izango ziren, ez Asanblada.

Richard Pipesen arabera, “Asanblada Konstituziogilea” batez ere Alderdi Eseristari lotutako kontzeptu bat izan zen, “hauek, behin deituta, nekazarien bozkarekin Asanbalda dominatuko zutela uste baitzuten”. Normalean behin-behineko Gobernua osatzen zuten alderdien artean, bai eseristen zein mentxebikeen artean, Asanblada Konstituziogilea Sobieten gainetik jartzean zetzan joera. Eseristen Dielo Naroda (“Herriaren Kausa”) egunkariak “Boltxebikeen Sobieten izenean egin beharreko matxinadaren kontsignari guk “Gora Asanblada Konstituziogilea!” kontsignaz erantzungo diogu” esan zuen behin. Viktor Txernov zuzendari eseristaren arabera, Asanblada Konstituziogilearen eta Sobieten artean “ez zegoen kontraesanik”, bere arabera, Sobietak “langile erakundea” ziren sindikatuak bezala, iraultza defendatu behar zutenak, baina Asanblada Konstituziogilea eratzerakoan, honek izan behar zuen botere osoa. Hala ere, Pipesen arabera, Asanblada Konstituziogilea deitzeko ez presionatzea “eseristen akats politiko historikoa” zen, boltxebikeei 1917an zehar –Urriko iraultza baino lehenagoko aroan- “Asanbaldaren defendatzaile” gisan agertzeko aukera eman baitzieten. Mentxebikeen jarrera gogorragoa zen: urrian, Sobieten Komite Exekutibo Zentralaren (orduan eseristen eta mentxebikeen menpe) Izvestija (“Berriak”) egunkariak “Sobietek beren eginkizuna bete zutela” eta ondorengoan beren tokia Asanblada Konstituzionalak bere behar zuela esan zuen. Mentxebikeen ustez, Sobietek, asko jota, behin Asanblada Konstituziogilea ezarrita, honen laguntaile papera izan behar zuten. Alderdi hauen ezkerreko fakzioek (ezkerreko eseristek, Spiridonova buru, eta mentxebike internazionalistek, Martov buru) Gobernu sobietarraren eraketa defendatzen zuten, baina betiere Asanblada Konstituziogilearengandik ateratakoa bazen.

Boltxebikeen artean, hasiera batean, Asanblada Konstituziogilea eta Sobietak elkartzearen aldeko teoriak izan ziren nagusi. Hala ere, Leninek, Apirileko Tesiak aurkeztu zituenetik aurrera, argi zegoen boltxebikeen etorkizuneko Estatuaren organo “erabakigarria” Sobietak izango zirela. 1917ko udaberri, uda eta udazkenean, Behin-behineko Gobernuari egiten zioten kritika nagusia Asanblada Konstituziogilea ez deitzea izan zen, hau ahalik eta azkarren deitzea eskatzen bazuten ere. Egia da Alderdiak Apirileko Tesiak atera ondoren, iraultzaren botere organu funtsezko bezala Sobietak hartzen zituela, baina horrek ez du esan nahi Asanbladaren inguruko eskaera berehalakoan bertan behera utzi zutenik; izan ere, hasiera batean, batez ere “iraultza sozialistaren eboluzio baketsuaren garaian” (hau da, Sobietetan mentxebike eta eseristekin batera gehiengoa lortuz hauek boterea har zezatela posible uste zen garaia), Asanblada Konstituziogilearen deialdi hau sozialismorako biderik mingabekoena ziurtatzeko justifikatu zuen Leninek (betiere, Sobieten pe egongo zela kontuan izanik). Beste alde batetik, Leninen arabera, Asanblada Konstituziogilearen deialdia, errepublika burgesaren demokratizazioa ahalik eta lasterren eman zedin eta honen kontraesanak harik eta lasterren azaleraz zitezen. Baina 1917an zehar Alderdi barruan bi organu hauek nola bilbatzea zen Alderdiaren arteko ildo ezberdinen arteko dema; batez ere “iraultza sozialistaren garapen baketsuaren garaia” Uztaileko Egunen ostean bukatu zenean. Izan ere, Lenin etorri aurretik, alderdia Kameneven eta eskuineko ildoak kontrolatzen zuenean (martxo eta apiril artean), Alderdiaren politika Asanblada deitzea izan zen. Egia esan, 1917an (Urriko Iraultza aurretik); Leninen ildoak eta Kameneven eskuin ildoak, biek, Sobieten eta Asanblada Konstituziogilearen existentzia onartzen zuten; ezberdintasuna bien arteko harremana ikusteko moduan zegoen: Leninen ustez, Sobieten nagusitasuna eztabaidaezina zen, eta Asanblada Konstituziogilea “badaezpadakoa” zen, Kameneven ustez, nahiz eta Sobieten nagusitasuna onartu, biak ziren beharrezko, batez ere boltxebikeek (eta Sobietek) boterea hartzeari “zilegitasuna emateko” (gogoratu behar da Kamenevek azken momentura arte, botere hartzea alderdi sozialista ezberdinen koalizio baten bidez ulertzen zuela).

Asanblada Konstituziogilea Behin-Behineko Gobernuak, iraun zuen zortzi hilabeteetan, ez zuen konbokatu. Hau, ordura arteko Europako iraultza burgesetan, kasu ez-ohikoa izan zen. Atzerapen hauek, erakundearen popularitatea galtzea ekarri zuten, batez ere, ezker iraultzaileko kide batzuentzat atzerapen hauek neurri batzuk (adibidez guda uztea, nekazal erreforma edo nazionalitateen eskubideak) ateratzeko aitzakia bezala hartzen zituen, Gobernutik “neurri horiek ezin dira hartu Asanblada Konstituziogilea bildu arte” erantzuten zelarik. Atzeratze honen azalpen ofiziala “gudan egonagatik Asanblada deitzeko unerik egokiena ez izatea” zen, eta bestetik, araudi zuzen bat egiteko beharra (hala ere, Orlando Figesek ere aipatzen du halako araudi zehatz bat egiteko nahia atzerapenerako aitzakia huts bihurtu zela). Hala ere, benetako arrazoia, Gobernuak langileekiko izan zuen urruntasunean zetzan, izan ere Gobernuaren kide ziren alderdi sozialistek (hain zuzen ere Asanblada Konstituziogilea babesten zutenek) beren ekintza politikoa berez aldekotzat zuten jendearentzat inpopularrak ziren politikak (guda jarraitzea, lurren sozializazioa ateratzea, burgesiarekin koalizioa egitea) “Estatuaren interesen” izenean justifikatzean zetzanez, Asanblada Konstituziogilea berehalakoan deitzeak hauteskundeak galtzea ekarri ahal baitzieten. Behin-behineko Gobernuak, Asanblada Konstituziogilea deitu artean, hautatua izan ez ziren organuak sortu zituen antzeko lan legegilea egin zedin: Estatu Konferentzia lehenik, Konferentzia Demokratikoa gero, eta Errepublikaren Kontseilua (Aurre-parlamentua) azkenik. Organu hauek sortzea eta Asanblada Konstituziogilea hauez ordeztea, Alderdi Boltxebikeak iruzur moduan salatu zuen: momentu batzuetan, Asanblada Konstituziogilea Botere Sobietarrak soilik berma zezakeela ere esan zuten.

Azkenean Aleksandr Kerenskiren Gobernuak uztailean Asanblada Konstituziogilerako hauteskundeak azarorako deitu zituen; baina hauteskundeak burutu orduko, Urriko Iraultza gertatu zen eta Sobietek boterea hartua izan zuten. Beraz, paradoxa bat gertatu zen: nazioaren organu gorena izan behar zen Asanblada hau (bestela ez du zentzurik) hala aintzatesten ez zuen Gobernu batek deitu zuen. Beraz, kontraesan batean sartu zen Asanblada Konstituziogilea, bere papera argi ez zegoela deitu zuten, bere berezko papera aintzatesten ez zuen Estatu batek deitu zuen.

Urriko Iraultzaren ostean, Asanblada Konstituziogilearen esanahia aldatu egin zen. Talde kontrairaultzaileek Asanblada Konstituziogilea “bandera” bezala hartu zuten, honen “zilegitasuna” Urriko iraultzari kontrajarriz, euren leloa “Botere osoa Asanblada Konstituziogilearentzat!” izan zen; lelo hori izan zen Asanblada Konstituziogilearen saio bakarrean Viktor Txernov eskuineko eseristen buruaren hitzaldiaren laburdura: “Asanblada Konstituziogilea da Errusiako organu politiko zilegi bakarra”. Irakli Tsereteli mentxebikeak antzeko ildo bat erabili zuen, Asanblada Konstituziogilearen mugarik gabeko boterearen alde egin zuen. Kadeteek, eskuineko eseristek eta eskuineko mentxebikeek Asanblada Konstituziogilean eta hau aukeratzeko hauteskundeetan boltxebikeak uzkailtzearen itxaropen guztiak jarri zituzten. 1917ko azaroan, abenduan eta 1918ko urtarrilean Petrograden operatzen zuen talde kontrairaultzaile nagusia “Asanblada Konstituziogilearen Defentsarako Batasuna” zen; eta, gerora, Guda Zibilaren garaian, Asanblada Konstituziogilea itxi eta gero, hau talde kontrairaultzaileen lelo bilakatu zen; adibidez, Samara hirian “Asanblada Konstituziogilearen Kide Ohien Komitea” (Komutx) deitutako Gobernu zuri bat ezarri zen. Armada Zuriak (armada zuri ezberdinek), “Asanblada Konstituziogilea” bere programa politikoaren oinarri bezala hartu zuen.

Boltxebikeek ordea, Iraultzaren ostean, Asanblada Konstituziogilearen aurkako postura gero eta gehiago markatu zuten. Leninek esan zuen moduan, Asanblada Konstituziogilea Sobieten menpe egon behar zen, eta azaroko hauteskundeek argi uzten zuten Iraultza Sobietarraren aurkako alderdiak izango zirela nagusi organu berrian. Leninek esan zuen moduan, Botere Sobietarraren eta Asanblada Konstituziogilearen artean, “Botere Sobietarraren eskubideak ziren nagusi”. Izan ere, halako ideia XX mende hasieran Plekhanovek bota zuen: “salus revolutionis suprema lex (Iraultzaren osasuna lege gorena da) (…) Asanblada on bat aukeratuz gero, Asanblada hori iraunkorra izan dadin lortu behar dugu, baina Asanblada oso kaxkar eta kontrairaultzaile bat aukeratuz gero, bi hilabetetan ez, baizik eta bi astetan disolbatua izan dadin lortu behar dugu”.

Fakzio batzuek, batez ere Martovekin lortutako mentxebikeen ezker aldeak (1917tik aurrera alderdi mentxebikearen zuzendaritza kontrolatzen zuenak), Iraultza aurretik jarraitutako estrategia bera erabili zuen: Urriko Iraultzaren “legezkotasuna” nolabait onartzea, eta honen organuen bidez Asanblada Konstituziogilea berriz deitzen saiatzea; Sobietak eta Gobernu sozialista Asanblada Konstituziogilea organu goren zuen Estatu baten pe ezartzea zuten helburu. Martoven eta honen jarraitzaileen (1917ko abendutik aurrera mentxebikeen alderdiaren hondarrak kontrolatzen zituzten) programa, 1918an zehar, Sobietetan hauteskundeak irabaziz, Asanblada Konstituziogilea berrezartzea izan zen. Bestalde, ezkerreko eseristek, Asanblada Konstituziogilea gainditutako etapatzat jo zuen; beren buruzagi Marija Spiridonovaren arabera, eseristek Asanblada Konstituziogilean “iraultzaren gorentasun moduan epe luzez sinetsi dugu (…) eta honela masa-kontzientzia iluntzean ere lagundu dugu (…) Aro berrian, parlamenturik (…) egongo den gaineko ilusioak ezabatu ditugu”. Ezkerreko eseristak Estatu sobietarrera eta Sobieten subirautzara biratu ziren erabat, honen gaineko kontzepzioa boltxebikeenarengandik ezberdina bazen ere. Boltxebikeen barneko fakzio eskuindarrak ere, Sobietak eta Asanblada Konstituziogilea elkartu nahi zuen, hain zuzen ere oraintsu aipatutako fakzioekin koalizioa errazteko asmoz. Hala ere, garai honetan, fakzio honek indar gutxi zuen, beren zuzendari nagusienek (Kamenevek, Zinovievek, Rikovek, Miliutinek, Noginek, Riazanovek eta bestek) Sovnarkometik eta Komite Zentraletik dimisioa eman baitzuten. Dena den, 1918rako boltxebikeen bi fakzioen arteko ezberdintasunak nahiko urtuta zeuden, eta Sobietar Boterearen eta Asanblada Konstituziogilearen arteko borroka erabat polarizatua.

Hala ere, alderdiek, batez ere Asanbladaren aldekoek ziotenaz gain, kontutan izan behar dugu herriak (batez ere nekazariek, hau da, eseristen bozka-emaileek) beste iritzi bat zuela. Kontuan izan behar dugu baserritar eta herritar gehienentzat “Asanblada Konstituziogilea” oso urruti geratzen zitzaien kontzeptua izan zela. Iritzi honetan bat datoz Iraultza Sozialistaz iritzi positiboa duten zein iritzi negatiboa duten historiagileak. Honek kalte handia egin zien batez ere nekazalgoan euren bozka “Asanblada Konstituziogilearen aldeko” programarekin lortu zutenei, hain zuzen eseristei, izan ere euren boto-emaileen eta euren programaren arteko zanga nabaria zen. Gainera, Asanblada Konstituziogilearen fenomeno hau, Estatu Sobietarra oraindik behetik gorako eraikuntza fasean zegoelarik gertatu izanak, hau da, tokiko botereen aniztasuna eman zelarik gertatu izanak, ez zuela Asanblada Konstituziogilearen berrezarpenaren programa eseristaren alde jokatu, izan ere, tokiko Sobieten aldean, nekazariek Asanblada Konstituziogilea “zentruko”; beraz “urruneko” erakunde bezala hartzen zuten, baserritarren tokiko Gobernuaren aurkakoa izango zitekeenaren mesfidantzaz hartuz. Orlando Figes historialariak, komunisten aldekoa ez zenak, esan zuen moduan “baserritarrak, (Iraultza Sozialistaren markoan) nekazal Sobieten bidez, beren nekazal iraultza propioa egiten ari ziren, eta ez zuten Asanblada Konstituziogilearen beharrik sentitzen”. Figesek aipatzen duen Boris Sokolov diputatu eseristak honela deskribatzen du “soldadu gehienentzat, Asanblada Konstituziogilea guztiz ezezaguna zen (…) eurek Sobietak maite zituzten”. Beste historiagile antikomunistak batek, Richard Pipesek ere, Asanbladak “Intelligentsia sozialistari soilik kentzen ziola loa” zioen; “nekazariek eseristen alde bozkatu zuten inertziaz, baina euren interesak ez zihoazen barrutitik haratago”. Leonard Schapirok ere esan zuen “armadak axolagabekeriaz hartu zuela” Asanbladaren desegitea. Viktor Serge boltxebikearen arabera, “desegite honek nazioartean sumin handia sorrarazi zuen, baina Errusian oharkabean pasa zen”.