Lamanov, Anatoli

Kronstadteko militante maximalista. Berez ez zen kronstadtarra, hara itsas-ingeniaritza ikasten joan zen.

Kronstadteko Sobieteko lehendakari aukeratu zuten, Fiodor Raskolnikov boltxebikea bere ondokoa zuela. Kronstadteko Sobietaren Izvestia (“berriak”) egunkariaren zuzendari izan zen. Hasieran Lamanov “Alderdirik Gabekoen Taldeko” kidea zen. Baina laster talde honek (bere leloa “Sobietak, ez alderdiak” zen) maximalistekin bat egin zuen. Israel Getzler hitoriagilearen arabera “sobietismo hutsaren alde” zeuden Lamanov eta bere kideak. Lamanoven arabera “alderdien arteko istiluek iraultza hondatu zezaketen”.

1917ko maiatzean, bera Kronstadteko Sobietaren lehendakari zela, honek Behin-behineko Gobernua ez aintzatestea erabaki zuen (hala ere Israel Getzlerren arabera, Lamanov ez zen Behin-behineko Gobernuarekin harreman oro haustearen aldekoa, eta boltxebikeek presionatuta hartu zuen neurri hori). Uztaileko Egunetan ordea oso jarrera pasiboa izan zuen eta boltxebikeek hartu zuten langile eta marinelen gaineko kontrola (Istilu gehienez berandu enteratu zen, eta praktikoki Raskolnikovek hartu zuen erreboltaren gidaritza).

1921ean berak esan zuenez “1919an maximalisten alderdia utzi egin nuen beste alderdi sozialisten aurkako izua onartezintzat jotzen nuelako” (maximalistek komunisten kontrako atentatu bat egin zuten). 1920an Lamanov Alderdi Boltxebikeko kide egin zen, baina gutxira alderdia utzi zuen eta Kronstadteko matxinadako egunetan (1921) maximalistengana itzuli zen antza. Paul Avrich, Kronstadteko matxinada ikertu duen historiagilearen arabera, “hori hala zen antza, baina ez dago militantzia hau baieztatu edo gezurtatzen duen informaziorik” (ñabartu egiten du esanez 1917an zehar “agitatzaile maximalista ezaguna” izan zela).

1921eko Kronstadteko matxinadan garrantzi handia izan zuen. Israel Getzler historiagilearen arabera, maximalistak izan ziren erreboltan paper handiena jokatu zutenak. Lamanoven ustez, Urriko Iraultza historikoki defendagarria bazen ere, gerora “diktadura” bat ezarri zen Sobietar Errusian, zeinak “langileen irabazitako guztia honda zezakeen”. Lamanovek Kronstadteko Behin-behineko Komite Iraultzailearen Izvestija (ez nahastu Moskun ateratzen zen VTsIKen Izvestijarekin) egunkaria editatzen zuen. Paul Avrichek dionez “Izvestijan ateratako programak maximalistenarekin bat egiten zuen (…) beraz honek mugimenduaren burutzan maximalistak eta Lamanov zeudenaren inpresioa ematen zuen”: Lamanovek “Sobietetarako hauteskunde askeak” eta Txekaren disoluzioa eskatzen zuen. Lamanoven ustez “hirugarren iraultza” bat beharrezkoa zen. Gerora ordea, mugimenduaren atzean “eskuina eta goardia zuriak” zeudela esan zuen eta “akats” bat izan zela.

Kronstadteko matxinadaren ostean exekutatua izan zen.