Kubixev, Valerian

Errusiar militar, politikari, poeta, musikari eta militante boltxebikea. Omsk hirian jaio zen, militarren familia batean, eta familia tradizioari jarraiki, ofizialen eskola batean sartu zen ikasten. 1903an mugimendu iraultzailean hasi zen (iturri batzuen arabera, bere lehen ekintza iraultzaileak 1900 urtean egin zituen). 1904an Errusiako Langileen Alderdi Sozialdemokratan sartu zen, boltxebikeekin bat lerratu zelarik. Sheila Fitzpatrick historiagilearena arabera, oso kultua zen, eta mugimendu iraultzailean ospe hori izan zuen hil egin zen arte (Molotov bezalako beste intelektual batek hura aitortzen zion).

1905ean Medikuntza Militarreko Eskolan sartu zen, baina hurrengo urtean bota egin zuten ikasle protesta batzuetan parte hartu zuela eta. 1906tik 1914ra Alderdi Boltxebikearen aparailuarentzat “iraultzaile profesional” lanetan ibili zen, Omsken lehenbizi (1906an eta 1912an) eta gero Kainsken (1907-1908an), Tomsken (1906-1907an eta 1909-1910an), Barabinsken (1907an), San Petersburgon (1908an), Narimen (1910-1912 artean), Vologdan eta Kharkoven (azken bi hauetan 1913 eta 1914 artean); bere lanak batez ere literatura banatzea eta zenbait kasutan armak garraiatzea ere izan zen. 1906 eta 1914 artean zortzi aldiz atxilotu zuten eta Siberiara lau aldiz deportatua izan zen (Kainsk, Narim eta Turukahnsk hirietara). Bi aldi egin zuen ihes: 1912an egin zuen, berriz atxilotua eta Tambov probintziara deportatua izan zen, eta 1913an berriz (1909an Tomskeko Unibertsitatean Zuzenbidea ikasten saiatu zen, baina 1910an ere bota egin zuten). 1916an Samaran azken aldiz atxilotu zuten eta Turukhanskera bidali zuten. 1917an, Otsaileko Iraultzarekin batera, aske geratu zen, orduan Turukhansken zegoen (Andrei Bubnovekin batera geratu zen aske).

1917an, Samara hirira bizitzera joan zen, martxotik aurrera Samarako Sobieteko lehendakari eta apiriletik aurrera hiri hartako Alderdi Boltxebikearen buru izan zelarik (1918ko apirila arte izan zuen postu hori). 1917ko apirilean Alderriaren Zazpigarren Konferentzian parte hartu zuen. Urriko Iraultzan, Samara boltxebikeen alde lerra zedin lan erabakigarria egin zuen, Smara botere boltxebikea onartu zuen lehen hirietako bat izan zen. Samarako Sobieteko lehendakari izan zen (beraz, Samarako alkate) 1917 eta 1918 artean, eta Samarako Komite Militar Iraultzaileko lehendakari baita. 1918ko martxoa eta maiatza artean arazo handiak izan zituen Samarako maximalista eta anarkistekin. Guda Zibilean Armada Gorriko zuzendari nabarmenetako bat izan zen (kontuan izan behar dugu txekoslovakiarren matxinadaren ondoren, 1918tik aurrera Samara zurien pe zegoela): 1918ko uztailetik aurrera Armada Gorriaren I komisario politiko izan zen eta 1918ko irailetik aurrera IV armadako komisario militar baita; urte berean Sobiet Militar Iraultzaileko (Armada Gorriaren zuzendaritza) kide eta 1919an Ekialdeko Fronteko komisario politiko (Mikhail Frunzeren gertuko laguntzaile izan zen). 1919an Turkestango Fronteko komisario politiko ere izan zen. Zurien kontra, Kirovekin batera, Astrakhan hiriaren defentsa zuzendu zuen. Siberia eta Asia Erdialdea askatzen borrokatu zuen. 1919ko urrian bertan Sovnarkomeko eta VTsIKko lehendakariorde aukeratu zuten. Turkestanen ere ardura politiko garrantzitsuak izan zituen.

1920an Sindikatu Gorrien Internazionalaren zuzendaritzako parte aukeratu zuten (aldi berean, Errusia Osoko Sindikatuen zuzendaritzako kide ere bazen). 1920an Alderdi Komunistaren Komite Zentraleko kide izateko hautagai aukeratu zuten, eta hurrengo urtean kide aukeratu zuten (1922ko apirilean Komite Zentralaren idazkari ere aukeratu zuten, Stalin Idazkari Orokorraren ondoko gisa, Leninek proposatuta. Postua 1923an utzi zuen, 1927an berreskuratuz). 1922an, SESBen eratze-proiektuan aholkularitza egin zuen “Errepublika sobietar ahaideen komisioko” lehendakari izan zen. 1923 eta 1927 artean, Alderdi Komunistaren Kontrol Komisioko lehendakari izan zen. Postu horietatik, E. H. Carren eta Sheila Fitzpatricken arabera, Alderdi barruko fakzio-borroketan garrantzia handia izan zuen, Stalinen aldeko postura mantenduz. Baina batez ere 20. hamarkada ekonomiari eman zion, SESBko ekonomialaririk garrantzitsuenetako bat izan zelarik: 1921an VSNKhren zuzendaritzan sartu zen, 1921 eta 1923 artean, GOELROren (Elektrifikaziorako Organoaren) buru izan zen, 1923 eta 1926aren artean Sovnarkomeko kide izan zen Langile eta Baserritarren Ekonomia-Ikuskaritzako buru zelarik. 1927an Alderdi Komunistako Zuzendaritza Politikoko (Politburo) kide aukeratu zuten (eta Komite Zentraleko kide izatera itzuli zen). 20. hamarkadan, Hiroaki Kuromiyaren arabera, “NEP politikaren geroz eta kontrakoagoa egin zen”. Adibidez bat dugu 1927 bezalako data goiztiar batean esan zuena: “gure ekonomia garapen fase berri batean sartuko da, ez gure ez inongo herriren historiak oraindik ezagutzen ez duena”; Fitzpatricken arabera, adierazpen hauek NEPen bukaera eta industrialtze planifikatuaren hasiera aurreikusten zuten. 1926 eta 1930 artean Herri-Ekonomiarako Sobiet Gorenaren (VSNKh) lehendakari izan zen, eta 1930 eta 1934 artean GOSPLAN Estatu-Plangintzarako Erakundea zuzendu zuen eta aldi berean SESBko lehen ministro-orde ere izan zen. Postu horietan industrializazioaren eta Estatu-plangintza handiagoaren alde egin zuen, bere esaldi bat izan zen: “merkatuaren eta industrializazioaren arteko kontraesanik balego, merkatuak laga beharko du”. Kuromiyaren ustez, “ezkerreko ildoaren”, industrializatze azkarraren eta industria astunaren aldekoa zen: Kubixevek 1928an esan zuen moduan, “egun, ondasun fabrikatuen falta baldin badago, industria nekazaritzaren atzetik jarri dugulako da”, eta are 1929an “industrialtze erritmo azkar” baten alde egin zuen. Pertsonalitate oso autokritikoa zuen: 1928an, VSNKhko lehendakari gisa “gure ekonomia oparoa beharko zatekeen, baina egun ez da hala. Aurrera ez bagoaz, atzera goaz” esan zuen. Kurioski, VSNKhren lehendakari de moduan, Kubixevek ez zuen harreman onik izan Langile eta Baserritar Ikuskaritzarekin, lehen zuzentzen zuen erakundearekin: Kuromiyaren ustez, 1930ko postu aldaketa (VSNKhtik GOSPLANera) “Langile eta Baserritar Ikuskaritzak Alderdiaren XVI Biltzar Nagusian VSNKhren eta Kubixeven kontra eginiko eraso baten ondorengoa izan zen, eta Biltzar horretan Ordzhonkidze zen erasoen buru ”. Sobietar Entziklopedia Handiaren fundatzaileetakoa izan zen. 1934an SESBeko Sovnarkomeko lehendakari (lehen ministro) izendatu zuten. Modu horretan, bai Lehen Bosturteko Plana zein Bigarren Bosturteko plana landu zuen pertsonarik garrantzitsuenetako bat izan zen. 1935ean hil zen. Bere omenez hainbat hirik izan zuten “Kubixev” izena (oraindik batzuek ere badute); famatuena, Samara, 1935etik 1991ra.