Eduskunta (Finlandiako Parlamentua)

Finlandiako Dieta, suomieraz “Eduskunta” deitutakoa 1906 urtean sortu zen; 1809an, Finlandiak Errusiarekin bat egin ostean sortutako Maapäivät (Finlandiako Dieta) ordeztuz.

Finlandiako Dieta, errusiarrek Finlandiari autonomia zabala emateko Aleksandr I tsarraren erabakiarekin sortu zen. Finlandiako Dietan, hasiera batean, klaseen bidezko sufragio ponderatuz aukeratzen ziren boto diputatuak. Finlandiako Estatuburua eta diputatu guztiek zin egin behar ziotena, Finlandiako Duke Handia, hots Errusiako tsarra zen; baina Finlandiak bere instituzio propioak zituen, Errusiarenak ez zirenak, honek nolabaiteko “Estatutasun” kontzeptua bermatzen ziolarik (egia esan, Finlandian, XX mendea arte ez zen asimilazio politikarik izan). Hasiera batean, Finlandiako Gobernua (Senaatti) tsarrak aukeratzen zuen eta honi erantzun behar zion, ez parlamentuari, baina gehienetan, gobernukideak finlandiar eliteen artean aukeratzen zituen tsarrak (XX mendeko “errusiartze” politikan izan ezik) XIX mende osoan zehar, Maapäivät (suedieraz, Riksdag) delakoan nagusigoa finlandiarrek baino suediarrek izan zuten, tradizionalki suediarrak baitziren Finlandiako elitea. 1863tik aurrera, Dieta erregularki biltzen hasi zen. Maapäiväteko arauak, 1772ko Suediako “Gobernu Instrumentuan” (konstituzioan) oinarritzen ziren. 1899 eta 1905 artean, errusiartze garai bat izan zen, 1905ko iraultzak, Finlandian ere oihartzun nazionalistak izan zituena, lagunduta.

1906an, Iraultzaren ostean, instituzio berri bat zabaldu zen Dietaren ordez, Parlamentua edo Eduskunta. Eduskuntarako hauteskundeetan sufragio unibertsal osoa ezarri zen emakumeen botoa onartuta, Finlandia emakumeen bozka onartzen zuen lehen Estatua zelarik (batzuen ostez XVIII mendean Korsikako Errepublika izan zen, baina ez dago garbi hala izan zenik). Munduan herritar guztiek (24 urteko muga jarrita) boto eskubide parekidea zuten lehen herrialdea bilakatu zen Finlandia (Australian eta Zeelanda Berrian garai hartan emakumeek ere bozka zezaketen, baina soilik hiritar zuriek zuten bozka-eskubidea). Hala ere, Gobernua aukeratzeko eskumenak, tsarraren eskuetan jarraitzen zuen. Urte horretako hauteskundetan 19 emakume aukeratu zituzten, eta 1913koetan kopuruak gaina jo zuen 21 emakume aukeratuta (200 kide zituen Parlamentuak). Hala ere, 1906tik aurrera, Errusian garai atzerakoiak eman zirenean, Errusiak ordura arte ez bezala Finlandiako politikan aktiboki eskua sartu zuen eta Eduskuntaren boterea asko murriztu zen Gobernuaren ondoan, 1909tik aurrera Gobernurako errusiarrak aukeratzen zituelarik (honi “Errusiartze garaia” deitu zitzaion Finlandian). 1906tik 1917ra, Finlandiako Gobernua eta haren lehendakariak Errusiak aukeratuak ziren (lehendakariak errusiarrak denak), Eduskunta “kontrol” eginkizunera murriztua geratu zelarik. Eduskunta zabaldu zenetik sozialistak izan ziren alderdirik bozkatuena, hauek baitziren aldi berean Finlandiaren independentziaren aldekorik gogorrenak (orduan finlandiar identitatea behe-klaseei lotua zegoen, goi-klaseak suediarrak zirelarik); 1916an gehiengo absolutua ere erdietsiz (hala ere, garai hauetan Parlamentuak inoiz baino boto-sistema demokratikoagoa bazuen ere, tsarraren eskusartzea geroz eta handiagoa izaten ohi zen).

Finlandiar parlamentuak eta herriak “errusiartze” politika horren kontra borrokatu zuten. Stalin berak bere Marxismoa eta nazio-auzia lanean (1913) honela deskribatu zuen finlandiar legeen izaera demokratikoa eta finlandiarren erresistentzia-politika: “Finlandian ere aspalditik badago Dieta bat, finlandiar nazionalitatea “erasoen” aurka defendatzen ere saiatzen dena. Baina zentzu honetan edonork ikusi dezake zenbat egin dezakeen. Noski, Dieta guztiak ez dira berdinak eta Dieta demokratiko finlandiarra ez da Dieta aristokratiko poloniarra bezain azpiratzen erraza”.

1917ko Otsaileko Iraultzarekin batera berriz zabaldu zen Finlandiaren eta honen parlamentuaren statusaren inguruko eztabaida, izan ere tsarrik gabe, Finlandiaren eta Errusiaren batasuna (tsarraren batasun  pertsonalean oinarritutakoa). Eduskuntak eta Behin-behineko Gobernuak azken urteetako neurriak baliogabetu zituzten eta Finlandiako Gobernu autonomoa Eduskuntak aukeratzea erabaki zuten, hau da, Gobernua parlamentuaren pe ezartzea adostu zuten. Beraz, Europan lehen aldiz, parlamentu bidezko Gobernu sozialista bat ezarri zen Finlandian. 1917ko uztailean, sozialistek ezarritako valtalaki (Botere-Adierazpena) delakoaren ondoren, Finlandiako subiranotasun parlamentuaren esku ezarri zuten, baina Errusiar Behin-behineko Gobernuak Finlandiako parlamentua itxi egin zuen, berriz ere Finlandia impasse batean utziz. Urrian burutu ziren hauteskundeetan, kontserbakorrek irabazi zuten, zeintzuek boterea Gobernuaren esku egotearen aldekoak ziren. Eztabaida honek nolabaiteko eragina izan zuen 1917ko abenduko independentziaren inguruko eztabaidan: izan ere independentzia proposamena kontserbakorren Gobernuak plazaratu zuen, sozialistek (independentziaren bultzatzaile historikoak) ezezkoa eman zioten independentzia eskaerari, halako adierazpen bat parlamentuak eta ez Gobernuak egin behar zuela argudiatuta (izan ere, halamoduz lortutako independentziaren ondorioa, Gobernu kontserbakorraren eta eskuinaren hegemonia indartzea ote zirenaz beldur ziren sozialistak).

1918an zehar, Eduskuntaren funtzioak ia-ia anulatuta izan ziren, izan ere Finlandia Guda Zibil batean sartu zen, Zuriek Gobernua erabiltzen zutelarik (Vaasa hirian, Helsinki gorrien aldean geratu baitzen), eta gorriek langile-biltzarrak. Guda Zibila Alemaniaren laguntzarekin irabazi ostean, bazirudien Finlandia alemaniar errege baten peko monarkia bat izango zela, baina 1918ko bukaeran Alemaniak guda galdu ondoren plan horiek bertan behera geratu ziren. 1919an Finlandiak Konstituzio errepublikanoa bozkatu zuen, eta ordutik Errepublika batetako parlamentua da Eduskunta.