Krestinski, Nikolai

Bielorrusian jaiotako militante eta abokatu boltxebikea (jatorri errusiar eta ukrainarrekoa). 1903tik aurrera Errusiako Langileen Alderdi Sozialdemokratako kide, alderdi honetan bi sektoreak agertu zirenean, 1905ean boltxebikeekin lerratu zen. 1906an boltxebikeen zuzendaritzaren parte izan zen Ipar-Mendebaldeko eskualdeko (egun Lituania eta Bielorrusia zatekeena) ordezkari gisa. Vilniusen, Vitsiebsken, Kaunasen zein San Petersburgon alderdiarentzat lan egin zuen. 1907an Moskuko Unibertsitatean Zuzenbide karrera bukatu zuen. Bere abokatu lana zela eta, 1908 eta 1914 artean, sindikatuei aholkularitza legala eman zien. Alderdiaren Pravda, Zvezda (“Izarra”) eta Prosvestxenie (“Ilustrazioa”) argitalpenetan, zein Priboi argitaletxean lagundu zuen. Garai horietan bederatzi aldiz atxilotua eta horietako hirutan deportatua izan zen.

1917arekin batera, bere eragina handituz joan zen. Otsaileko Iraultzaren ostean, Jekaterinburg hiriko Komite Boltxebikearen lehendakari eta Uraletako Eskualdeko Komite Boltxebikearen buru aukeratu zuten. Bertan Uralskaia Pravda (“Uraletako Egia”) egunkaria ateratzen zuen. Hasiera batean, Krestinski Leninen alde eta Kameneven “eskuin” ildoaren kontra agertu zen. 1917ko abuztuan, boltxebikeen VI Biltzar Nagusiaren ostean, Komite Zentral Boltxebikeko kide aukeratua izan zen.

Urriko Iraultzaren egunetan Jekaterinburgeko Komite Militar Iraultzailearen burua izan zen. Baina bere lana ekonomiara bideratua izan zen. Azaroan Asanblada Konstituziogilerako aukeratua izan zen. 1917ko abenduan, Estatu-Banketxearen zuzendariorde aukeratu zuten, eta 1918ko martxoan Estatu Banketxearen zuzendari (Finantzetarako Herri-Komisariotzaren zuzendaritzan ere sartu zen). Garai horietan “ezkerreko komunista” bezala ikusia zegoen, bai kanpo-politikan (Brest-Litovskeko Itunaren kontra), zein barne-politikan (neurri sozializatzaile azkar eta hertsien aldeko moduan). 1918ko uztailean, Finantzetarako Herri-Komisario izendatua izan zen, eta bere eragina hortik aurrera asko hazi zen. 1919an Alderdiaren Komite Zentralak Politburo organo berria sortu zuenean, Krestinski bertako kide izan zen (Lenin, Stalin Trotski eta Kamenevekin batera) eta Antolaketarako Bulegoko kide aukeratu zuten. Komite Zentralean gainera idazkari lanak betetzen zituen, lan horretan Jelena Stasova ordeztuz. 1921ean Grigori Sokolnikov Herri-Komisariotza horretan sartu zenean, praktikoki hau bilakatu zen Herri-Komisariotzaren benetako arduradun, Krestinskik 1922ko abendua arte ofizialki Herri-Komisario titulua izan bazuen ere. Izan ere, Nikolai Krestinski Politika Ekonomiko Berria ezartzearen aurka azaldu zen, eta sindikatuen militarizazioaren alde (Trotskirekin bat), posizioa hori garaitua izan zelarik, beraz bere kontrako posizioak nagusitu zirenez, ekonomi postuetatik lekutu zuten. 1921an bertan Alemanian enbaxadore izendatu zuten (Krestinskiren garaian sinatu zen Rapalloko Ituna, eta horrez gain, Locarnoko Itun antisobietarraren ostean Alemaniarekin 1925an beste merkatal-itun bat sinatu behar izan zuen). Sokolnikov eta Krestinskiren ikuspegiak oso ezberdinak ziren, eta Sokolnikoven izendapenak, praktikan Krestinskiren politikarekiko biraketa bat suposatu zuen. 1921an, ildo galtzailearen kide zelarik, Krestinskik Alderdi Boltxebikearen Komite Zentraleko, zein Politburoko, zein Antolakuntza Departamenduko kide izateari utzi zion. Nikolai Krestinskik, 1927 arte, Trotskiren fakzioaren alde egin zuen.

Alemanian enbaxadore izan zela, Krestinskik Alemaniako Errepublikarekiko hurbiltasun politikan laguntzeko eskumena izan zuen. Alemanian enbaxadore izan zen 1922tik 1930ra, eta 1930an SESBko Kanpo Arazoetarako Herri-Komisarioorde izan zen. 1937 arte postu horretan egon zen, eta urte horretan Justiziako Herri-Komisarioorde izendatu zuten; hala ere, hortik gutxira, Estatu Sobietarren aurkako konspirazioagatik atxilotua izan zen. 1938an exekutatua izan zen.