Herri-Ekonomiarako Sobiet Gorena (VSNKh)

1917ko abenduaren 2an (E. H: Carren arabera abenduaren 5ean) fundatu zen organo honek sobietar ekonomia bere ardurapean zuen. Siglak zirela eta, “Vesenkha” ere deitzen zitzaion. Abenduaren 2an ofizialki sortu bazen ere, Sovnarkomek arinago izan zuen hau sortzeko proiektua, azaroaren 17an Behin-behineko Gobernuaren ekonomi entitateak disolbatu zituelarik “ardura hauek behin-behinean Sovnarkomek hartzen ditu Ekonomiarako Kontseilu Goren bat sortu artean” baitzioen.

VSNKhren sortze-dekretuan agertzen zen, honen eginkizuna, langile-kontrolaren printzipioekin bat, “ekonomiaren arautze planifikatua” izan behar zela. Bere lehen lana, E. H. Carren arabera, Estatu-banketxearen kontrolaren hartzea ikuskatzea izan zen. VSNKhren lehen eginkizuna industria ezberdinak nazionaltzea izan zen, erakunde honek, hasiera batean, arautzeko, plangintzak egiteko, enpresak batzeko, desjabetzeko eta nazionaltzeko botere handia zuelarik. Enpresa nazionalizatu eta trust kolektibo handiak VSNKhk zuzentzen zituen; baita ere sektore ekonomiko bakoitzeko zuzendaritza-organoak (glavki, 1920an hauetako 42 zeuden); garrantzitsuenak Elektrifikaziorako GOELRO eta 1921an sortutako planifikaziorako GOSPLAN zirelarik. Esan beharra dago, E. H. Carren arabera, hasierako asmoa ez zen Vesenkhak politika industrial osoa gidatzea, baina azkenean hala suertatu zen, batez ere “Langile kontrolaren” gabeziak bete egin behar izan zirenean. Hasiera batean, VSNKhren kideak Lantegietako Komiteetatik (fabzavkomietatik), Langile Kontrolerako Komiteetatik eta adituen artetik aukeratu zituzten, Leninek esan zuen bezala “Langile-kontroletik Herri-Ekonomiarako Sobiet Gorenera igaro gara”. Praktikan, fabzavkomiak VSNKhren estrukturan sartu ziren. Leninek 1918ko martxoan hitz egin zuen argiago horri buruz: “Estatuaren ekonomi-tramankulu osoa makina bakar handi bat bihurtzean, ehunka milioika pertsona plan handi baten arabera funtzionatu araztea” aipatu zuen. E. H. Carren arabera, hasiera batean, Leninen asmoa gehiago zen kontrola erabateko nazionalizatzea baino. Baina Vesenkha, hasieran, ezkerreko komunistek osatzen zuten, estatizazio gogorraren eta neurri kolektibizatzaile azkarraren aldekoak zirenak, Leninek baino gehiago. Trotski berak, adibidez, 1918an sei edo zazpi Herri-Komisariotza VSNKhren pe jartzearen asmoa erakutsi zuen.

Hala ere, 1918ko uztailean, ordurako lehendakari Valerian Obolenski Aleksei Rikovek ordeztearekin bat, ikuspuntu “kontserbakorragoak” bultzatu zituen VSNKhk, bere “burmuinik” ezagunena Juri Larin zelarik. Hiru izan ziren aldaketa hau egiteko arrazoaik: “Langile-kontrolaren” politikaren porrota, gudaren hasiera eta Brest-Litovskeko galerei erantzun beharra. “Guda komunismoaren” garaian, VSNKhk bere funtzioak Horniketa Batzordeekin bilbatzen zituen: VSNKh produkzio sektorera dedikatu zen batez ere, eta Horniketa Batzordea kontsumo sektorera. Rikov eta Larinen zuzendaritzapean, VSNKhren eredua guda garaian Alemaniak aplikatutako estatalizazio “ordenatua eta diziplinatua” (sozializazioaren ordez). izan zen (noizbait Leninek bere idatzietan ere miretsi izan zuena), Larin berak esan zuen glavki hauek guda garaiko alemaniar trust estataletan oinarrituta zeudela. Bi hauek Vesenkhan aditu eta intelektual ez boltxebikeak sartzearen apustua egin zuten (VSNKh izan zen 20. hamarkadan agian Estatu-organorik anitzena). VSNKhk 1918ko ekainaren 28an nazionalizazio sistematikorako dekretua atera zuen, ordura arteko nazionalizazio-olatua (behetik baino goitik bultzatua izan zena) “ordenatzeko” asmoz. Richard Pipesen arabera, Juri Larinek nazionalizazio masiboen aldeko kanpaina egin zuen “alemaniarrak errusiar industriaren jabe egin ez zitezen”. 1920rako VSNKhk guztira bi milioi bat langile zituzten 37.226 enpresa kontrolatzen zituen. Esan beharra dago, esanguratsua da eta, 1920 eta 1921an Kollontaik eta Xliapnikovek fundatutako “Langile Oposizioa” barne-korronte artxi-sindikalistaren jomugan VSNKhren politika “profesionala” eta “adituen nagusitza” zegoela.

Finean, lehen etapa honetan, VSNKhren gora-beherak, Leninen langile kontrolaren inguruko idatzietan (adibidez Estatua eta Iraultza lanean utzi zituenetan) agertzen ziren iritzien, boltxebikeen artean askok jarraitzen zutenen, eta inguruabarren (adibidez, gudaren edo 1917- eta 1918 arteko industri desantolaketaren) arteko erlazioaren produktu izan ziren.

NEPen garaian, enpresa txikien gaineko esku-hartze zuzena baino, arautze-kontrola zuen. NEParen garaian VSNKh “profesionalizatu” egin zen, eta sektore ezberdinetako plangintza-komisioak sortu ziren (1921an, batez ere). Bestalde, departamendu, sektore eta lantegi ezberdinen arteko koordinaketa lana ere egin behar zuen Vesenkhak. VSNKh praktikan Estatuaren beharrei erantzuten zion eta honen arabera moldatzen zituen bere jarraibideak: guda-komunismoaren garaian, behar militarrak asebetetzea zuen bere lehen egin eginkizuna, NEPekin bat, eginkizun berriak izan zituen: alde batetik, interbentzio aktibotik arautze-funtzioetara pasa zen, eta bestetik sobietar ekonomia finantzatzeko moduak topatzea ere bazen VSNKhren lana. Beraz, finantza lanean kontzentratu zen VSNKh, Banketxe Industrialari kreditu emate politika diktatuz, eta Estatu-banketxeari diru jaulkitze politika aholkatuz. 1929an, NEParen bukaeratik aurrera, arautze-organo izatetik interbentzio aktiboko organo izatera pasa zen, industrializazio azkarra bultzatuz (1928ko Valerian Kubixev lehendakariak esan zuenez: “Industrialtzearen eta merkatuaren interesek talka eginez gero, merkatuak laga behar du”). Garai horietan, Rikov eta Larinen garaietatk ugaldutako VSNKhren burokrazia asko murriztu zen. Kubixeven garaina Vesenkhak bat egin zuen mugimendu stakhanovistarekin, hau bultzatuz. Vesenkhak lehen bosturteko plana egiten ere lagundu zuen, hala ere, Bosturteko Planean bertan, Hiroaki Kuromiya historialariaren arabera, Vesenkhako zuzendariak ekonomi-gidarizaren lehen lerrotik kanporatuak izan ziren; “burokratismoagatik” eta “masen ekimena balaztatzeagatik” (eta honek azkenean 1932an Vesenkha disolbatzera eraman zuen). Garai horretan, VSNKhren “areriorik” garrantzitsuena Langile eta Baserritar Ikuskaritzareko Herri-Komisariotza (Rabkrin) izan zen. 1930an bertan, VSNKh barruko zenbait mentxebike (ohi) saboteatzaile atxilotu zituzten.

VSNKh hasieran Errusia mailan antolatzen zen, bere lehen lehendakaria (1917 eta 1918 artean) Valerian Obolenski-Osinski izan zelarik, eta honen ondorengoa (1918 eta 1920 artean), Aleksei Rikov. Ukrainak ere bere VSNKh propioa zuen, 1920 urtean sortua (Emmanuel Kviring izan zen honen lehen lehendakaria). Bai errusiar zein ukrainar VSNKhk tokiko departamenduak ere bazituzten, Vesenkharen historiaren hasieratik sortutakoak. 1922tik aurrera, VSNKh Sovnarkomen parte zuzenean izatera pasa zen (bertako burua, Sovnarkomeko kide izan zen); tokiko plangintza lana, hein handi batean, tokiko administrazio-organoen esku geratu zelarik. 1923an, SESBko VSNKh sortu zen, Aleksei Rikoven zuzendaritzapean, 1924an Dzerzhinskiri tokia utziko ziolarik. 1926an Dzerzhinski hiltzerakoan, VSNKhren burutza Valerian Kubixevek hartu zuen.

1925ean SESBko VSNKhren barne-antolakuntza estrukturatu egin zen, 100 bat pertsonek osatzen zutelarik: lehendakariak, sektore nagusietako edo glavkietako buruek, sindikatuen ordezkariek eta erakunde ezberdinetako ordezkariek. VSNKhk, 1927tik aurrera, industria babesteko gorputz armatu bat ere bazuen. VSNKh, “Industri-departamenduetan” (zuzenean enpresen gaineko kontrol eta zuzendaritza ardura) eta “funtzio-departamenduetan (plangintza eta ikerketaren ardura) banatzen zen (nahiz eta azken hau praktikan Industriarako Herri-Komisariotzaren esku egon).

VSNKh guztiak (SESBekoa zein errepublika ezberdinetakoak) 1932an disolbatu ziren erakunde independente moduan, bere lanak Herrio-Komisariotza ezberdinek hartu zituzten (batez ere Industria Arinerako Herri-Komisariotzak). 1963 eta 1965 artean SESB mailako beste VSNKh berri batek funtzionatu zuen.