Akselrod, Pavel

Errusian jaiotako eta Bielorrusian hazitako marxista beteranoa, mentxebikeen aldekoa, etnia judutarrekoa. Tabernari txiro baten semea, bere familiarekin alde batetik bestera ibili egin behar zuen (gainera askotan erresidentzia baimenik gabe ibiliz). Ironikoki, “juduen asimilazio” kanpaina antisemitak eman zion Akselrodi eskola errusiar batean ikasteko aukera (judutarrek gaziki ikusten zuten judutar umeek errusiar eskoletan ikastea), hori zela eta, Akselrodek bere burua ia inoiz ez zuen judutartasunarekin identifikatu (eta geroago, Bundekiko mesfidantzan nabarituko zitzaion). Bere lehen bokazioa langileei eta euren semeei heziketa emanaz laguntzea izan zen. Geroago Kieveko Unibertsitatean bukatu zituen ikasketak.

Bere militantzia politikoa 1872. urtean anarkismoan hasi zuen, baina 1877an “Lurra eta Askatasuna” talde populistarekin bat egin zuen. 1874an lehen aldiz atxilotua izan zen, baina laster ihes egin zuen. 1875an lehen aldiz erbestera joan zen, Berlinera (han Eduard Bernstein sozialdemokrata ezaguna ezagutu zuen) baina urte berean itzuli zen. “Herrirantz” kanpainaren porrotaren ostean, Akselrod, populismoaren ildo “eboluzionistan” kokatu zen, hau da, “baldintza sozioekonomikoak” heldu arte, mugimendua matxinadak egitera ordez masen heziketa politikora mugatu behar zela zioen aldean. 1878an erbestera joan zen, jada han bizi zen Plekhanovekin Genevan programaz hitz egitera, 1879an berriz Errusiara itzuli zen eta 1880an berriz Suitzan aurkitzen dugu. Samuel Baron historiagilearen arabera, Akselrod epe labur baterako joan zen Genevara baina gerora hain geratu zen (eta zenbait iturriren arabera, Suitzan Jurako Federazioa talde anarkistan kolaboratu zuen). “Lurra eta Askatasuna” alderdi populista zaharra bitan zatitzean, Akselrodek, Georgi Plekhanov eta Vera Zasulitxekin batera “Banaketa Beltza” deitutako taldea eratu zuen 1880ean; talde hau populismotik marxismoranzko trantsizio intelektualean zebilen alderdi bat zen (1879an Errusiara itzuli zen une batez, han talde ezberdinak antolatzera). Erbestean Suitzan Genevan bizi zen, bere emaztearekin batera errusiar esnea egiten zuen labe bat zuen eta hura saltzen bizi zen. 1883an Plekhanov, Zasulitx eta Lev Deitxekin batera “Lanaren Askapena” deitutako beste talde bat fundatu zuen Akselrodek; agian hau zen lehen talde errusiar osoki marxista (“errusiar talde” eta ez “Errusiako talde”; izan ere bere lau kideak, intelektualak denak, erbestean bizi ziren). Talde honek gutxira Piotr Lavrov errusiar filosofo sozialista ezagunaren aldekotasuna lortu zuen, baina oro har, ekintzara baino eztabaida intelektualera emana zen. Akselrodek Marxen lanak errusierara itzultzen zituen, eta Plekahnoven kolaboratzaile hurbilekoa bihurtu zen, urteetan iraungo zuen harreman bat sortuz. 1893ko eta 1896ko II Internazionalaren kongresuetan parte hartu zuen.

1895ean Rabotnik (“langilea”) egunkaria sortu zuen, Plekhanoven eta bere ikuspuntuak zabaltzeko asmoz. Urte horretan, Lenin ezagutu zuen, Suitzara bisita bat egitera joan eman baitzen hau. Akselrod eta Plekhanov izan ziren Lenin bere lehen egunkaria, Rabotxaia Gazeta (“Langileen Kazeta”) sor zezan konbentzitu zituena (Lenin orduan, Martovekin batera, San Petersburgoko Langile Klasearen Askapenetako Borroka Batasuna deitutako taldeko kidea zen). Erbestean zegoenez, ez zuen zuzenean Errusiako Langileen Alderdi Sozialdemokrataren sortze-kongresuan parte hartu, baina hasieratik egin zuen bat harekin. Genevan Iskra (Txinparta) egunkariaren edizioan egin zuen lan (Lenin, Plekhanov, Zasulitx, Martov eta Potresovekin batera); eta baita ere Zaria (“Egunsentia”) organoan. Akselrod, judutarra bazen ere, Bund erakunde judutar sozialistarekin batera lan egitearen erabat kontrakoa zen, Serviceren arabera “Akselrod marxista egin zen bere jatorri etnikoa ahaztekoa eta hartaz askatzeko, orain ez zuen judutarren arteko giro batetara bueltatu nahi”. Robert Serviceren arabera, “Akselrod ez zen oso idazle edo zuzentzaile ona, baina Ulianoven talentua erabat errespetatzen zuen”.Leninek, bere Zer Egin? lanean Akselroden antolakuntzari buruzko ikuspuntu batzuk goratzen zieuen. Laster, berak, Plekhanovek eta Zasulitxek Leninekin ezberdintasunak markatu zituzten. 1903an Akselrodek garaipen bat lortu zuen, Iskraren erredakzioa Londresetik (Lenin han bizi zen) bere hiri Genevara aldatzearekin bat. Errusiako Alderdi Sozialdemokrata bitan zatitu zenean, Akselrod hasiera batetik mentxebikeen alde ezarri zen. Akselrod betiere, mentxebismoaren korronte “ortodoxoan” ezarri zen, hau da, iraultza sozialistarako aurrebaldintza gisa iraultza burgesa ezartzen zuen, beraz, bere ustez errusiar langileriaren egitekoak errusiar burgesiarekin bat egitea zen.

1903ko Errusiako Alderdi Sozialdemokrataran Biltzarrean, Iskraren zuzendaritza hiri kidetara mugatzea bozkatu zen, beraz, Akselrod bertatik kanpo geratu zen (zuzendaritza horretan; Lenin boltxebikea, Martov mentxebikea eta Plekhanov, momentuz independentea, baina zirudienez Leninekiko gertukoagoa zeuden. Gertaera honek Plekhanov eta Akselroden arteko harremana hautsi zuen). Hala ere, Plekhanoven insistentziaz 1904an Iskraren erredakziora itzuli zen (erabaki honek Plekhanov mentxebikeengana gerturatu zuen, Lenin Iskraren baitan isolatuz eta honek dimisioa eman zuelarik –orduan mentxebikea zen Trotski sartu zen Leninen ordez erredakzioan-). Akselrodek alemaniar sozialistekiko arteko harremanak kontrolatzen zituen, eta boltxebikeekiko zatiketa handitu zuen, alemaniar sozialistek errusiar sozialistentzat bildutako dirua mentxeebikeen eskuetan osorik jarri baitzuen. 1906 eta 1907 artean, hogei eta sei urtetan lehen aldiz Errusiara itzuli zen. Urte horietan, Iskra egunkaritik dimititu zuen. 1907an Londresen Alderdi Sozialdemokrataren V Biltzar Nagusian (“bateratasunaren biltzarrean, asmo horrek kale egin bazuen ere), eta han mentxebikeen buru bezala jokatu zuen (1908 eta 1911 artean mentxebikeen Golos Sotsial-demokrata –“Sozialdemokraten Ahotsa”- egunkariaren editorea izan zen), praktikoki garai horietan mentxebikeen liderra zen, Martov eta Plekhanov baino gehiago. 1908an Akselrod izan zen boltxebikeei banketxeen lapurretak uzteko eta hauek deitoratzeko eskatzen zuten mentxebikeen artean gehien nabarmendu zena. Akselrodek, urte horietan boltxebikeen zuzendaritzarekin bat etortzea ezinezkotzat jotzen zuen, eta alderdi berri bat sortzearen alde egin zuen. 1910an bi fakzioak “langile alderdi legal” batean batzearen alde agertu zen.

1914an, gudaren kontrako ildoan kokatu zen. Urte berean, mentxebikeen aldetik II Internazionalaren ordezkari izan zen. Zimmerwaldeko Konferentzian parte hartu zuen eta gudaren aurkako posizioa berretsi zuen, baina ez zuen Leninekin honen “guda inperialista guda iraultzaile” bihurtzeko proposamenean bat egin. Akselroden proposamena “guda ahalik eta lasterren bukatzeko nazioarteko bat kanpaina” batean saiatzea izan zen. 1917an itzuli zen Errusiara, trenez, Martovekin, Lunatxarskirekin eta Sokolnikovekin batera (Lenin baino pixka bat beranduago heldu ziren). 1917ko maiatzetik abuztura Alderdi Mentxebikearen zuzendaritzako partaide izan zen, Komite Zentraleko leehndakari ere aukeratu zutelarik, haatik, postu horrek gehiago zuen ohore-aipamenetik eraginetik baino: Tseretelik zen alderdiaren benetako zuzendaria. Petrogradeko Sobieteko Ispolkomaren partaide ere aukeratu zuten. Beste mentxebike batzuek ez bezala, Akselrodek sekula ez zuen guda babestu edo “defentsismo demokratikoarekin” bat egin, eta guda babesten hasi ziren mentxebikeak kritikatzen zituen. Alta, ez zitzaion mentxebikeen barneko ezkerreko ildoari itxiki, izan ere burgesiaren gobernua babestea defendatzen zuen, eta Martovek proposatutako alderdi sozialistekin soilik osatutako koalizioaren aurkakoa zen (mentxebismo ortodoxoaren ildoan, Errusiako iraultzaren mugak iraultza burgesaren barruan zeudela uste zuen). Akselrodek Behin-behineko Gobernuaren politikari babesa ematen zion gudaren auzian izan ezik. Bi ildoren artean kokatze honek alderdian bere eragina asko txikitzea ekarri zuen.

Urriko Iraultza gertatu zenean, Stockholmen zegoen. Iraultza hau gogor deitoratu zuen, “historian parekorik ez duen krimena” deituz. Mentxebike askok ez bezala, Akselrodek ez zuen uste Urriko iraultza “aurrerapen historikoa, akastuna, baina aurreranzko urratsa” zenik; eta hori dela eta, erbesteko Alderdi mentxebikearen zuzendaritzatik dimititu zuen. Estatu sobietarraren aurkakoa izan zen eta are honen kontrako interbentzio armatu “sozialistaren” aldeko kanpaina egin zuen nazioartean. Sekula ez zen Errusiara itzuli. 1928an Berlinen hil zen.