Xteinberg, Isaak

Letonian jaiotako abokatu eta kazetari eserista judutarra, ezker ildokoa. Familia judutar oso erlijioso batean jaioa, 1906an Moskuko Unibertsitatean Zuzenbidea ikasten hasi zen. Alderdi Eseristako kide egin zen, eta bere militantzia politikoagatik 1907an atxilotu eta deportatu egin zuten. Bi urte barru, 1909an, aske geratzerakoan, erbesteratu egin zen; bere ikasketan Alemanian, Heidelbergen bukatu behar izan zituelarik (artean talmuda ere aztertu zuen). Abokatu titulua lortuta, Errusiara itzuli zen eta Alderdi Eserista barruan ezagunago egiten hasi zen, Dumako diputatu ere izan zelarik. Abokatu gisa, pogromen eta polizi-jazarpenen biktima judutarrak defendatzen zituen. Lehen Mundu Gudan Errusiak parte hartzearen kontrakoa izan zen, eta gudaren biktimak laguntzeko komiteetan sartu zen. Hori dela eta, 1914-16 artean bere militantzia eserista pixka bat alde batera utzi zuen, horrek atxiloketak sufritzetik libratu ez zuelarik.

1917an eseristen barruan ezkerreko ildoari atxiki zitzaion, Behin-behineko koalizioa Gobernua babestearen kontrako ildoari eta boltxebikeen batera koalizioa egitearen aldeko ildoari. Xteinberg 1917ko ekainean Ufa hiriko zinegotzi aukeratu zuten, eta 1917ko abuztuko banaketaren ostean, ezkerreko eseristen buruetako bat izan zen, hauen Komite Zentraleko kide izanez. Xteinberg parte zen ildoak, honek Urriko Iraultzarekiko jarrera bikoitza izan zuen: Estatu Sobietarra ondo ikusten zuen, baina ez boltxebikeek alderdi-bakarreko Gobernua osatzerik, eta hasieran uko egin zioten Gobernuan sartzeari, “Gobernu alderdianitzaren” aldeko jarrera zutelarik. Alta, alderdi honek abendu aldera Gobernuan sartzea erabaki zuen, eta Xteinberg Justiziarako Herri-Komisario gisa izendatu zuten, Peteris Stucka ordeztuz. Xteinbergen lana, historiagile gehienen arabera, “Izu Gorria moteltzen saiatzean” zetzan, Txekaren eta Justiziarako Herri Komisariotzaren artean (eta bi erakundeen buruen Dzerzhinskiren eta Xteinbergen artean) talka eta eztabaida aunitz izan zirelarik. Isaak Xteinberg azaroaren 29an Alderdi Kadetea legez kanpo uztearen kontra agertu zen, hura “Izu Gorriaren lehen ekintza” zela uste zuelarik. Abenduaren 18an, Xteinbergek zenbait preso kontrairaultzaile aske uztea lortu zuen (adibidez Asanblada Konstituziogilea ixtearen egunean, erabaki honen aurka azaldu ziren eseristak eta mentxebikeak, Txernov eta Tsereteli barne; Xteinbergek Asanblada ixtea sinatu bazuen ere, ez zituen norbanakoak atxilotu nahi), eta baita ere Petrogradeko zenbait ikerketa eta ikerketa-organo Petrogradeko Sobietaren pe (eta ez Txekaren pe) geratzea. Xteinbergek adibidez, 1918ko urtarrilean, “atxilotu eta 48 ordura kausarik ez duten presoak aske uztea” agindu zuen. Izan ere, momentu hartan Txeka Sovnarkomen pe zegoen (ez Barne Arduretarako Herri –Komisariotzaren pe), eta horrek, nolabaiteko eragina ematen zion Xteinbergi, Dzerzhinski egoera horrekin pozik ez bazegoen ere. Xteinberg, Txeka Justizia Komisariotzaren peko Epaitegi iraultzaileen pean jartzen saiatu zen, hala ere, Sovnarkomen erabakia, bai Justizia Herri-Komisariotzaren zein Barne Arduretarako Herri-Komisaiotzaren “ikuskaritzapean” ezartzea izan zen; eta horrela, Xteinbergen Txekaren gaineko boterea murriztuz joan zen (batez ere 1918ko otsailaren 21ean Txekaren botereak handitu egin zirenean).

1917ko hauteskundeetan, Asanblada Konstituziogileko diputatu aukeratu zuten. 1918an, Asanblada Konstituziogilea desegiteko dekretua berak sinatu zuen. Hala ere, martxoan, beste ezkerreko eserista denekin batera Gobernua utzi zuen, Brest-Litovskeko Itunaren kontra protestatuz (Peteris Stuckak ordeztu zuen). Xteinbergen arabera “Izu Gorria ez zen 1918ko abuztuan hasi, 1918ko martxoan baizik”, hau da, berak eta bere alderdikideek Sovnarkom utzi zutenean. Brest-Litovskeko Itunaren ostean, Ukrainara joan zen, han alemaniarren kontra borrokatzera. Ukrainako Ezkerreko Alderdi Eseristaren Komite Zentralaren kide aukeratu zuten. 1918ko udaberrian Errusiako Ezkerreko Alderdi Eseristaren Bigarren Biltzar Nagusian parte hartu zuen. 1918ko uztaileko ezkerreko eseristen Estatu-kolpean ez zuen parte hartu, data horietan Europan baitzegoen eseristen aldeko propaganda egiten. Errusiara itzultzerakoan, ezkerreko eseristen eta boltxebikeen artean bitartekaritza lana egiten saiatu zen. 1919ko otsailean atxilotua izan zen eta lau hilabete eman zituen kartzelan.

1923an berriz utzi zuen Errusia eta Alemaniara joan zen bizitzen. Handik 1933an, naziak boterera heltzerakoan joan zen eta Londresen eta geroago Kanadan bizi izan zen. Europan zehar “Vienako Internazionalaren” (“II eta Erdi Internazionalaren”) zuzendaritzan parte hartu zuen ezkerreko eseristen ordezkari gisa. Geroago, zirkulu anarkistengana hurbildu zen, hauen hitzaldi eta tertulietan parte hartuz. Hala ere, Xteinbergek beti ukatu zuen bera anarkista zenik, hauen ikuskera “antiautoritario” asko eta izpiritu “libertarioa” partekatzen bazituen ere, ez zen Estatuaren abolizio osoaren aldekoa. Europan zehar nukleo eseristak bildu zituen, eta hainbat egunkari ezkertiarren editorea izan zen, judutar ezkertiarren nukleoak eta aldizkariak ere antolatu zituelarik. Liburuak idazteari ere ekin zion, adibidez bere alderdiko buru Marija Spiridonovaren biografia, edo Errusiar Iraultzari buruzko antzezlan famatu (eta saritu) bat.

Bere bizitzako azken urteetan, Isaak Xteinberg mugimendu terrotorialistarekin inplikatu zen, “Lur Askearen Liga” fundatuz eta honen buru izan zelarik. Mugimendu honek judutarrak bilduko zituen lur-komunitate bat finkatzeko asmoa zuen. Xteinbergen territorialismoak sionismoarekin zituen ezberdintasun nagusiak bi ziren: bata territorialismoak benetan hutsa zegoen lur bat bilatzen zuela, eta sionismoak egindako Palestinaren hautua onartezin bezala ikusten zutela (lur hori arabiarrena zelako); eta bestea, territorialistentzat judutarrak Europako jazarpenetik salbatzea berezko helburua zela, ez Estatu-nazio judutarra eraikitzeko helburuaren tresna (sionistentzat zen moduan). Gainera Xteinbergek jiddisharen alde egin zuen judutarren hizkuntza gisa, sionismoak hebreera defendatzen zuelarik. Isaak Xteinberg bera oso kritiko agertu zen sionismoarekiko, eta Palestina “bi nazioen lurra” zela esan zuen, ez nazio bakarrarena. Xteinbergek Australian eta Surinamen proposatu zituen komunitate hori finkatzeko aukerak, eta negoziazioetan ere ibili zen. Kurioski, Xteinbergen ideiak Sobietar Batasunak bete zituen, Birobidzhango Oblast Autonomo Judutarra 1933an sortu baitzuen.

1955ean AEBn hil zen. Xteinbergen semea, Leo Steinberg, arte historialaria izan zen.

(Anekdotak: a) Oso erlijiosoa zen, Lenin lehendakari zuen Sovnarkomaren kide zenean ere, larunbatetan lan egiteari uko egiten zion. b) Erich Fromm filosofo eta psikoanalista oso lagun zuen).

(Oharra: Bere izena, alemaniar jatorrikoa, errusieraz “Xteinberg” ahoskatzen da eta zirilikoz ahoskera hori jarraituz idazten da; baina alemaniar jatorrikoa izaki, askotan “Steinberg” bezala transkribatzen da. Guk errusiar transkripzioa lehenetsi dugu).