Vikzhel

Errusiar trenbideetako langileen sindikatua, joera eserista-mentxebikekoa. Teknikoki, “Vikzhel”, sindikatuaren zuzendaritzaren izena zen, bere izen ofiziala Errusia Osoko Trenbideetako Langileen Sindikatuko Komite Exekutiboa zen (Vserossiiski Ispolniteni Komitet Zheleznodorozhnogo Profsoiuza), baina praktikoki “Vikzhel” izen horrekin sindikatu osoa ezagutzen zen.

1917ko apirilean sortu zen (6tik 22ra izan zen biltzar batean), aurretik 1905ean  trenbide langileen sindikatuak sortzeko saiakerak izan baziren ere (tsarraren errepresioak zapuztutako ahaleginak). 1917ko uztailaren 15ean Errusiako Trenbide Langile Sindikatuen Lehen Biltzarra izan zen (25a arte iraun zuen). Vikzhelen helburuen artean, trenbideen kontrola izatea zetzan (Diane Koenker eta William Rosenberg historiagileen arabera, horrek nolabaiteko tira-birak eragin zituen Sobietekin) Vikzhelen zuzendaritzan, eseristak ziren nagusi hasiera batean, baina irail aldera ezkerrera egin zuten, bertako eserista gehienak ezkerreko eseristekin lerratu baitziren. Irailaren 15ean Vikzheleko buru Malitski aukeratu zuten. Sobietar Entziklopediaren arabera, momentu horretarako Vikzhelen zuzendaritzak 9 ezkerreko eserista, 6 mentxebike, 5 eskuineko eseristak, 3 boltxebike, beste alderdietako 6 kide, eta alderdirik gabeko 11 kide zituen.  Vikzhelek irailaren 23 eta 24 artean trenbideen greba handi bat deitu zuen, baina aipatutako historiagileen arabera, zuzendaritzaren erabakia baino, beheko (eta boltxebikeen) presioari laga eginez deitutako greba bat izan zen.

Vikzhel ezkerrera biratzeko eta erakundea bera hazteko faktore garrantzitsu bat Korniloven Estatu-kolpe saiakera izan zen. Vikzhelek azkar erreakzionatu zuen Korniloven kolpe-saiakeraren aurka, eta Errusiako trenbide guztietako geltokietara telegramak bidali zituen kolpearen mugimenduen aurka. Aldi berea, kolpisten tropen informazioa batzen zuen langileen bidez, hala, erresistentzia erraztuz.

Urriko Iraultzaren kontrako joera izan zuen Vikzhelek, batez ere boltxebikeen Gobernu alderdi bakarrekoaren aurkakoa: Vikzhelek urriaren 26an ateratako komunikatu batean “alderdi bakar batek boterea bere eskuetan hartzea” deitoratu zuen (Sobieten II Biltzar Nagusian ere Vikzhelek Gobernu boltxebikea sortzearen kontra hitz egin zuen)eta Gobernu alderdanitz bat osatzea eskatu zuen (zehazki, “demokrazia iraultzailearen organu ahalguztidun bati erantzungo dion Gobernu sozialista iraultzaile alderdianitza” eskatzen zuen); artean “trenbideen gaineko aginte osoaren jabe” eginez. Vikzhelek Gobernu alderdianitz hori osa zitezen negoziazioak hasi zituen eta horrekin bat, lehenik bi aldeetako (Petrogradeko Gobernu gorriari zein honen kontra matxinatutako Kerenski-Krasnov matxinadari) tropei hornikuntza emateari uko egin zion, eta gero, urriaren 29an trenbideetako greba deitu zuen (E. H. Carren arabera, egun batzuetan “Vikzhel Errusiako trenbideen jaun eta jabe egin zen (…) beste edozein autoritate politikoz at”. Vikzhelek asmo hori ia hasieratik zuen, baina egoera politiko horretan egikaritu zuen). Hala ere, Vikzhelek negoziazio horietan izan zuen postura eta asmoa “Gobernu alderdianitz” batez haratago zihoan, izan ere boltxebikeen eta Estatu Sobietar berriaren kontra sortutako “Aberria eta Iraultza Salbatzeko Komiteko” (zeina batez ere Sobieten II Biltzar Nagusiaren eta bertan hartutako erabakien kontra zihoan) kide egin zen sindikatu hau (Gerora Malitski Vikzheleko buruak hori ukatu bazuen ere); eta Vikzhelek bultzatutako negoziazioetan ere, Sobieten II Biltzarrean aukeratutako VTsIK (gehiengo boltxebikeduna) organu legegile bezala aldatzea proposatzen zuen (ez zuen VTsIK aipatutako “demokrazia iraultzailearen organu ahalguztidun” bezala aldarrikatzen); hori Sobieten subiranotasunaren aurkako erabakia zelarik. Negoziazio horien ondorioz botere goren bezala ez Sobieten Biltzar Nagusia eta honen Komite Exekutiboa, baizik eta Asanblada Konstituziogilea onartzeko arriskua zegoen. Dimitri Txurakov bezalako historiagile batzuek beste posizio bat ematen dute, Txurakoven arabera, Vikzhel ez zen erabat antiboltxebikea, izan ere “bere Gobernu alderdianitzaren proposamenean boltxebikeak sartzea proposatu zuten (…) Urriko iraultzaren osteko egunetan bi aldeei tropak mugitzea debekatu zuen, baina neurri horrek kalte handiagoa egin zion Kerenski-Krasnov matxinadari boltxebikeei baino, trenbideen behar gehiago zuten eta (…) eta urtarrilean, eserista batzuek Asanblada Konstituziogilearen aldeko Estatu-kolpea ematen saiatu zirenean, VIkzhelek euren tropak mugitzeari uko egin zion”.

Hala ere, Vikzhelek bultzatutako negoziazioen porrot egin zuten, hara azaldutako alderdi handiek (boltxebikeek, mentxebikeek eta eseristek) bai euren arteko zein barne-ezberdintasun handiak zituzten, eta beste aldetik, Vikzheleko kide askok ere ez zuten sindikatuaren posizio politikoa babestu, boltxebikeen alde agertu zirelarik (hala ere, negoziaziook boltxebikeen barruan, hauen eskuin ildoko zuzendarien, negoziazioak jarraitzearen aldekoen, dimisioa probokatu zuen). Kide boltxebike hauek beste erakunde bat sortu zuten; Vikzhedor (Errusia Osoko Trenbideetako Langileen Komite Exekutiboa; errusieraz, Vserossiiski Ispolnitelni Komitet Zeleznodorozhnikov). 1917ko azaro-abenduan, boltxebikeek ezkerreko eseristekin Gobernua partekatzea erabaki zutenean, Vikzhelek urrats hau babestu zuen. Azaroaren 20an, Trenbideetarako Herri-Komisario berria (hutsik zegoen postu bat) Vikzheleko kide zen boltxebike bat aukeratu zuten: Mark Jelizarov; honenbestez, Vikzhelek Sovnarkom aintzatetsi zuen. 1917ko abenduan egin zen Trenbideetako Langileen Biltzarrean jada Vikzhelek ez zuen ordezkari gehienen aldekotasuna, eta 1918ko urtarrilean desegin zen, bere boterea Vikzhedorri pasaz.