Menzhinski, Viatxeslav

Poloniar jatorriko boltxebike errusiarra (bere izena polonieraz Wiaczesław Menżyński edo Mienżyński idazten da). Behe nobleziako familia batean jaioa, ogibidez abokatua zen, 1898an Zuzenbide karrera bukatu zuelarik. Gaztetan literatur lan batzuk idatzitakoa ere izan zen, “Roman Demidov” eta “Jesus: Barrabasen liburutik” lanak adibidez, eta literatur giroetan murgildua ibili zen. 1895tik langile mugimenduaren parte izan zen, 1902an Errusiako Langileen Alderdi Sozialdemokratako kide egin zen, eta 1905etik aurrera, alderdi horren atal militarreko kide (atal militar hori laster desagertu zen, 1917an berriz agertu zelarik). 1903an boltxebikeak eta mentxebikeak agertu zirenean, Menzhinski hasieratik boltxebikeen alde paratu zen. 1903 eta 1905 artean, Jaroslavl  probintzian egon zen lan iraultzailea egiten. 1906an Kazarma boltxebikeen egunkaria editatzen hasi zen. Urte horretan izan zen, baina ihes egin zuen eta gero erbestera joan zen; Frantzian, Belgikan, Suitzan eta AEBn bizi zelarik. Erbestean errusiar erbesteratu marxisten arteko kultura eta filosofia-eztabaidetan aritu zen (adibidez Bolonian langile heziketarako eskola bat zabaldu zuen). 1915an Crédit Lyonnais banketxean lanean sartu zen, esperientzia hori erabakigarria izan zen gero Finantzetarako Herri-Komisario izateko.

1917ko uztailean itzuli zen Viatxeslav Menzhinski Errusiara. Berandu itzuli zenez, ez zen Alderdi Boltxebikeko goren postuetan egon, hala ere Pravda eta Soldat egunkari boltxebikeen erredakzioan egon zen.  Erakunde Militar Boltxebikeko zuzendaritzako kide aukeratu zuten, eta haien Vpered (“Aurrera”) egunkaria ere editatu zuen. Postu horretatik, Urriko Iraultzan paper garrantzitsua izan zuen (Petrogradeko Komite Militar Iraultzaileko kide ere izan zen).

Ez zen lehen Sovnarkomeko kide hasieratik izan, baina Sovnarkom sortu eta gutxira Finantzetarako Herri-Komisario Ivan Skvortsov-Stepanovek dimisioa eman zuenean, Menzhinskik haren tokia hartu zuen. Menzhinskik finantzetan oso esperientzia urria zuen, banketxe batetako langilea izan baitzen oso epe laburrez, baina beste boltxebike askok baino gehiago izan zuen. Leninek Menzhinskiri hau esan zion: “ez zaitugu postu honetan jarri ekonomiaz asko dakizulako, ekintza-gizona zarelako baizik” (egun horietan, Estatu-instituzio gehienetako enplegatuak Sovnarkom boikotatzen zebiltzaten, eta egoera gogorra zen). Menzhinskik paper erabakigarria izan zuen Estatu-Banketxeko enplegatuan greba eta blokeoa (eseristen, mentxebikeen eta liberalen eraginpean zeuden enplegatuek ez zuten Estatu-funtsak Gobernu Sobietarrean esku utzi nahi) puskatzen; bera izan zen enplegatuei funts-gordailuak irekitzeko eskatu ziena, eta ireki ezean, ateak dinamitatu eta diruari heldu ziona. Menzhinski Finantzetarako Herri-Komisario izan zelarik banketxeen nazionalizazioa gertatu zen.

George Leggetten arabera, 1918ko urtarrilaren 7an (eta Leggettek aipatzen dituen iturri batzuen arabera, are 1917ko abenduaren 8an) izan zen Viatxeslav Menzhisnki Txekako zuzendaritzan sartua, baian egia da 1918an zehar beste zeregin batzuk zirela eta ez zela Tzelaren dinamikan erabat sartu (martxo-apirilean izan ezik). 1918ko martxoa arte Finantzen Herri-Komisario izan zen, 1918ko martxo eta apiril artean (orduan hiriburua Moskura aldatu zuten) Petrogradeko Txekako buruetako bat, eta 1918ko apirilean Alemaniako kontsul nagusi izendatu zuten. 1918ko urrian Alemaniarekin lehen itun komertziala sinatu zuen ordezkaritza baten kide izan zen. 1918ko azaroan, Errusiako Errepublika Sobietarrak Alemaniarrekin harremanak hautsi zituenean, postu hori utzi zuen (propaganda boltxebikea zabaltzearren alemaniar Gobernuak Alemaniatik bota zuen) eta Errusiako Errepublika Sobietarraren Kanpo Arazoetarako Herri-Komisariotzan sartu zen. Aldi berean, 1919ko urtarriletik aurrera, Ukrainako Errepublika Sobietarreko Estatu-Ikuskaritzako Herri-Komisariotzako kide ere izan zen, Ukrainan Guda Zibila oso egoera zailean zegoen momentu batean.

1919ko irailean Txekako zuzendaritzan buru-belarri sartu zen, hain zuzen ere Operazio Berezietarako adarraren buru (Mikhail Kedrov ordeztuz). Viatxeslav Menzhinski Txekan jartzeko arrazoien artean, Aleksandr Khinstein historiagilearen arabera, bere abokatu-formazioa eta hizkuntzetarako gaitasuna zegoen. 1919ko ekainean Ukrainako Txekaren zuzendaritzako kide ere izan zen (1919ko abuztuan Ukraina zuriek konkistatu zutenean Ukrainako Txekak izateari utzi zion). 1920an Menzhnski Txeka eta Alderdiaren Komite Zentralaren lotura nagusi bilakatu zen, eta 1920ko azaroan Txekaren “Mugak Babesteko Departamenduaren” buru. 1923an Txekako lehendakariorde postura igo zen (poloniarra ere bazezn Unxlikht/Unszlicht ordeztuz), eta 1926an, bera bezala poloniarra zen OGPUko (Txekaren ondorengo erakundea) lehendakari Feliks Dzerzhinski hil zenean, Menzhinskik hartu zuen bere postua (1926ko uztailaren 30ean izan zen izendatua; hala ere, esan beharra dago 1924an Dzerzhinski Estatu-Ekonomiaren Kontseilu Gorenaren lehendakari izendatu zutenetik Menzhinski zela OGPUko buru praktikoa). Txeka eta OGPUren zuzendaritzako kide moduan, 20 hamarkadan erbesteratu zuriak tronpatzeko Errusian erakunde zuri faltsuak sortzearen ideia Menzhinskirena izan zen (Boris Savinkov kontrairaultzailea eta Sidney Reilly super-agente britainiarra horrela harrapatu zituzten). Menzhinski, OGPUko buru bezala, Dzerzhisnki bezain eraginkorra izan zen. OGPUko buru moduan, Menzhinski bereziki lotua zegoen bertako enplegatuak arean eta kulturan iaioak zian zitezen, eta arte-lanak babesteko OGPUren departamendu bat sortu zuen. Bere garaian, britainiar konspirazioak, sabotaia industriala eta Asia Erdialdeko basmatxiak garaitu zituen, eta konspirazio berriak saihesteko mugen kontrola indartu zuen. Bestetik sobietar polizia sekretuaren atzerriko bulegoak (rezidentura) ere indartu egin ziren. Menzhnskiri 1930ko kolektibizazioen eta nekazari aberatsen (kulaken) kontrako borroka garai zailetan OGPU zuzentzea tokatu zitzaion.

1927tik aurrera, SESBko Alderdi Komunistako Komite Zentraleko buru izan zen, eta baita Sobietar Batasuneko VTsIKeko kide. OGPUko buru zelarik 1934an hil zen. 1937an, bere ondorengo izan zen Genrikh Jagoda Menzhinski pozoitzeaz akusatua izan zen, eta arrazoi hori dela eta, exekutatua.

(Anekdotak: a) Menzhinskik hamabi hizkuntza ondo zekizkien, eta gai zen beste lau ere hala-nola hitz egiteko. b) Menzhinskik egunean 75 zigarro erretzen zituen).