Txudnovski, Grigori

Ukrainan jaiotako boltxebike judutarra. Zuzenbide ikasketak egin zituen San Petersburgen. 1905etik Errusiako Alderdi Sozialdemokrataren kide, lehenbizi mentxebikeen fakzioan kokatu zen. 1910ean atxilotua eta Jenisei probintziara deportatua. 1913an Frantziara erbesteratu zen. Lehen Mundu Gudaren aurkakoa izan zen. Parisen Trotskik eta Martovek editatutako Naxe Slovo (Gure Hitza) aldizkariaren taldeari lotu zitzaion (Trotskik 1922an esan zuen aldizkari horretako kolaboratzailerik onenetako bat izan zela Uritskirekin batera). 1915ean AEBra emigratu zuen, eta han Trotskirekin harremana estutu zuen: Trotskik AEBra egin zuenean, Txudnovskik topatu zion apartamendua. AEBtan Trotskirekin batera Novi Mir (Mundu Berria) egunkarian lan gin zuen. Hori dela eta, Mezhraionka fakzioarekin bat egingo zuen, hasieran boltxebikeen eta mentxebikeen arteko fakzio honek bi fakzio marxisten birbatzea defendatzen zuen. 1917an Trotskirekin batera itzuli zen AEBtik Errusiara (eta Ingalaterratik pasatzean atxilotuak izan ziren, aldi batean kontzentrazio eremu batean egon zirelarik. Petrogradeko Sobietaren eta Errusiar Gobernuaren negoziazio baten ostean askatu zituzten).

1917ko maiatzean, Txudnovski Errusiara itzuli zenetik, Mezhraionka gero eta gehiago lekutzen zen Behin-behineko Gobernuari babesa ematearen aldeko politikatik, eta geroz eta gehiago hurbiltzen boltxebikeen aldera. Alderdi Boltxebikearen VI Biltzar Nagusian, Mezhraionkak alderdi horrekin bat egin zuen, beraz Grigori Txudnovski boltxebikeen kide bihurtu zen. Armadan ere izan eman zuen, han soldaduen artean agitatzeko eta soldadu boltxebike gisa, Erakunde Militar Boltxebikeko kide izan zen (gudan alemaniarrek zauritua izan zen). 1917ko Urriko Iraultzan, “guda-oineko” paper handia jokatu zuen. Petrogradeko Milrevkomeko kide, zenbait daturen arabera (Viktor Sergeren eta James von Geldernen arabera, adibidez), Neguko Jauregia hartzeko tropen buru zen hirukotearen kide zen, iturri gehienak horretan ados ez badauden arren. Neguko Jauregia hartu ostean, Neguko Jauregiaren komisario izendatua. Urriko Sobieten II Biltzar Nagusian, VTsIKko kide izendatua. Kerenski-Krasnov matxinada kontrairaultzailea zapaldu zuten tropen burutzan izan zen eta Pulkovoko borrokan parte hartu zuen, destakamendu bat zuzenduz (borroka horretan zauritua izan zen).

Petrograd gorriek ziurtatu ostean, Ukrainara, Hego-mendebaldeko Frontera bidali zuten borrokara. Han alemaniarren zein Ukrainako Errepublika Nazionalaren tropen aurka borrokatu zuen, eta 1917ko abenduan atxilotua eta heriotza-zigorraz kondenatua izan zen. 1918ko urtarril bukaeran, gorriek Kiev askatu zutelarik, Grigori Txudnovski atxiloalditik askatu zuten. Urte horretan hil zen, Kharkov hiriaren inguruetan, borrokan, tropa gorriak Ukrainatik erretiratzen ari zirela.