Muraviov, Mikhail

Errusiar militar eserista, baserritar familia batean jaiotakoa. 1898an, 18 urte zituela Errusiako Armadan izena eman zuen, 1901an graduazioa lortu zuen junkerren eskola batetik. Armadan hasi zela, badirudi duelu batetan ofizial bat hiltzearren bi urteko kartzela zigorra jarri ziotela, bian barkatu egin ziotela. 1905ean Errusiar-Japoniar Gudan parte hartu zuen (larriki zauritua izan zen), eta urte berean lotinant kargua lortu zuen. Hasera batean Alderdi Kadetearen aldekoa omen zen, baina 1907an Alderdi Eseristaren kide egin zen (gerora berak beste adierazpen batzuetan “Ofizialki” Alderdi Eseristarekin Otsaileko Iraultzan zehar bat egin zuela esan bazien ere). Urte batzuk Europan pasatu zituen, Frantzian batez ere, non Napoleonen izaerak miretsi zuen. Bere militantzia eseristagatik sekula ez zen atxilotua izan, eta Kaukasoko erregimendu bat zuzendu zuen. 1914an Lehen Mundu Gudan hasi zenerako, jada kapitaina zen, eta Krakovian zauritua izan zen.

Otsaileko Iraultza ondo ikusi zuen, eta armada “abertzale-iraultzaile” bat osatzeko aukera bezala ikusi zuen, hau da, aberriaren kausa eta herriarena uztartuko zuen armada bolondres moduan, Napoleonen eredu hartuta (Muraviovek korsikarra asko miresten zuen). Behin-behineko Gobernuari bolondresen batailoiak osatzea eskaini zion. John Reeden arabera, “heriotzaren batailoietako” (1917an sortu ziren batailoi bolondresak, talkarako lanak hartzen zituztenak, beraz gerra jarraitzearen aldekoek osatutakoak eta boltxebikeen oso aurkakoak) kide izan zen, eta Reedek dioenez, Behin-behineko Gobernuari aholkatu zion “Boltxebikeekin hainbeste kuxidade izan behar ez zuela”. 1917an zehar Kamianets-Podolski inguruko frontean ibili zen eta kainean lotinant-koronel kargua lortu zuen. Hala ere, batez ere Korniloven kolpearen ostean, Muraviov geroz eta gehiago atsekabetu zen Behin-Behineko Gobernuarekin, eseristen barruan ezkerreko ildoarekin bat egin zuenik.

Urriko Iraultzaren ostean, Urriaren 27an, Petrogradeko defentsarako arduradun izendatua, Kerenski-Krasnov matxinadaren aurka. Matxinada hau garaitzeko Pulkovon eta Tsarskoie Selon borrokatu zuen, eta paper handia izan zuen. Antonov-Ovseienkoren arabera, Muraviovek, momentu horretan neutralak ziren ofizial asko konbentzitzen paper handia jokatu zuen. Ezkerreko eseristek azaroaren lehen egunetan Komite Militar Iraultzailea utzi zuten ostean, azaroaren 8an, Muraviovek dimisioa eman zuen.

Gerora, abenduan, Mikhail Muraviov, Antonov-Ovseienkok zuzentzen zituen Ukrainako fronteko indar gorrien Estatu Nagusiko buru izan zen (momentu horretan ukrainako Sobieten Errepublika Nazionala Kharkoven zegoen egoitza hartuta=. Badirudi Muraviov postu horretarako izendatzea, Antonov-Ovseienkorekin batera, boltxebikeen eta ezkerreko eseristen arteko oreka mantentzeko izan zela. Fase honetan, “trenbideetako gudaren fasean”, Muraviovek oso trebea eta eraginkorra eman zuen, bere tropek mobilitate handia erakutsi zutelarik. Muraviovek ukrainar gorrientzat Poltava eta Kiev askatzen lagundu zuen. Hala ere, politikoki ez zirudien Muravioven aukeraketa zuzenena zenik, Mikhail Muraviov errusiar nazionalista sutsua eta are antiukrainarra baitzen (esaldi oso polemikoak egiten zituen: ukrainarrak “Vendée berria”, Austriar espioiak”, “Mazepistak” eta abar zirela esanez eta “Bost ukrainar poeta ospetsuenak garaiz urkatuko bagenitu, egun ez zitekeen Ukrainarik izango” bezalakoak botatzen zituen; Xevtxenkoren argazkiak hormetatik kentzea agindu omen zuen eta abar). Muraviovek ez zuen batere estimurik ukrainarrekiko eta tropen gehiegikeriak baimentzen zituen eta are ukrainar komunistekiko errespetu faltaz ere jokatzen zuen (Poltavan bertako Sobieta desegin zuen, adibidez). Bere antiukrainartasunak ukrainar boltxebikeak ere gogaitu zituen, eta momentu batean, 1918ko apirilean boltxebikeek “Ukrainan botere sobietarra erori araztearren arduradun” ere jo zuten (hala ere, Armada Gorriaren epaitegi batek 1918ko ekainean zigor gabe utzi zuen, frogarik ez zegoela eta). Ukrainako Errepublika Sobietarreko zuzendariak Lenini Muraviov postutik ken zezan eskatzera iritsi ziren.

1918ko otsailetik aurrera, Muraviov Moldavian borrokatu zen gorrien alde, Errumaniaren kontra (Errumaniak Moldavia anexionatzeko asmoak zituen). Modu horretan, frontetik hurbil zegoen Odessan Botere Sobietarra ezartzen lagundu zuen. Muraviovek Errumaniar Frontean nahiko emaitza onak izan zituen, errumaniarrak bake itun bat eskatzera behartuz.

Brest-Litovskeko Itunaren ostean, errusiar indar sobietarrek Ukraina utzi behar zutelarik (Errumaniak ere bake ituna utzi zuen eta berriz Moldavia hartzeko aprobetxatu zuen). Muraviov saiatu zen alemaniarren tropak geldiarazten, baina ezin izan zuen, eta alemaniarrak Ukrainaren jabe egin ziren, berriz Rada boterean jarriz. Orduan, Muraviov lehenbizi Don Eskualdera bidali zuten Kaledinen kontra borrokatzera, eta gero, ekainaren 13 Siberiara bidali zuten, Ekialdeko Fronteko komandante moduan, han maiatzean ernaldu zen matxinada txekoslovakiar-zuriaren aurka egitera. Antza denez Bakura bidali nahi izan zuen Gobernuak, baina Bakuko Komuna boltxebikearen buru Stepan Xaumianek ez zuen onartu Muraviov bertara bidaltzerik.

1918ko uztailean, Kazan hirian, ezkerreko eseristen Estatu-kolpearekin bat egin zuen, eta etsaiaren aldera pasa zen: indar antiboltxebikeak (teorian gudan bere aurka ari zirenak) batu nahi izan zituen, Moskura joan eta Langile Boterea uzkailtzeko asmoz, “Alemaniaren aurkako guda jarraituko duen Gobernu baten alde”. Uztailaren 10ean, txekoslovakiarren laguntzarekin Simbirsk hiria hartu zuen, eta han “Langile, Soldadu, Kosako, Marinel eta Anarkista denei!” deitutako alokuzio batean, Bresteko Ituna “bertan behera uzten zuela” aldarrikatu zuen eta Alemaniaren aurkako guda deklaratu zuen (Badirudi Muraviovek bere alokuzioan gezurra, alemaniarrek Errusia Sobietarraren kontrako erasoa hasi zutela, esan zuela; hori egia ez zela). Hiriko Posta Bulegoetatik, ezkerreko eseristak “Volgako Errepublika” eratzera gonbidatu zituen eta Errusian boltxebikeen aurka ari ziren indar guztiei (zuriei, txekoslovakiarrei, inperialista interbentzionistei…) Mosku hartzeko koalizio batetan batu zitezen deialdia egin zien (iturri gehienen arabera, Moskun Estatu-kolpea eman zuten ezkerreko eseristek ez zuten Muraviovekin kontatu, baizik eta hau berri horiek jakiterakoan matxinatu zen). Muraviov, Mikhail Tukhatxevski komandante gorria ere atxilotzera heldu zen. Gobernu Sobietarra Muravioven mugimendua zapaltzeko laster abiatu zen eta Simbirskeko komunistek hiriko biztanle eta soldaduen artean propaganda iraultzailea egin zuten; horrela, hasieran Muravioven alde jarri ziren soldadu asko, bere asmoez jabeturik, honen kontra jarri zirelarik. Hurrengo egunean, uztailaren 11an, sobietarrek, Valerian Kubixeven gidaritzapean, Simbirsk berriz hartu zuten eta Muraviov atxilotzen saiatu ziren. Honek erresistentzia jarri izan zuen eta bi aldetako tiroketan hil egin zen (iturri batzuek bere buruaz beste egin zuela esaten dute).

Ez dago argi zergatik erabaki zuen Muraviovek aldez aldatzea, izan ere, bazirudien Moskuko ezkerreko eseristek ez zutela berarekin kontatu. Baliteke baita ere Muravioven errusiar nazionalismoan arrazoi hauen parte bat azaltzea: Brest-Litovskeko Ituna ezin onartzea, adibiez. Ekainean, berak alemaniar enbaxadore Mirbachekin (uztaileko Estatu kolpean zehar ezkerreko eseristek erail egin zutena) harremanak izan zituen, eta bada harreman hauek ezkutatzeko matxinatu zela dioenik. Leninek antza denez, ekainean, Muraviov “estu zelatatzeko” agindu zuen. Savtxenko historiagilearen arabera, Muravioven matxinatzeko arrazoiak bere egoa eta “Napoleon gorria” bihurtzeko obsesioa izan ziren. Boltxebikeek ere ez zuten Muraviovez iritzi onik, bai Antonov-Ovseienkok zein Dzerzhinskik politikoki min  handia egin zuela azpimarratu zuten.