Botxkariova, Marija

Errusiar militar nazionalista, Historia Garaikideko lehen emakumezko batailoi militar erregularra antolatzearren ezaguna. Tradizio militar eta nazionalista batetako familia batean Novgorod probintzian jaiotakoa, baina Siberia hazia. Oso karakter independenteko emakumea zen, 16 urterekin etxetik joan egin zelarik (aitaren jipoiak jaso ondoren). Gaztetan bai harakin bezala eta bai eraikuntza lanetan egin zuen lan, azken lan honetan obretako arduradun zian zelarik.

Bi aldiz ezkondu zen, baina bi gizonak utzi zituen tratu txar eta bortitza ematen ziotelako. 1914an, 25 urterekin, errusiar armadan sartu zen, Tomskeko 25 Ordezkoen Batailoian. Hasiera batean, bere nagusi militarrek ez zuten bere gaitasuna estimatzen, eta Gurutze Gorrian sartzeko edo erizain moduan boluntarioa izateko konbentzitzen saiatu ziren, baina Botxkariovak armadarekin borrokatu egin nahi zuen. Beraz, guda hasi zenean, tsarrari telegrama bat bidali zion borrokarako baimena eman ziezaion, baita lortu ere: frontera bidali zuten. Bere lehen misiotako batean, Polotskeko frontean (Bielorrusian), berrogei eta hamar soldadu salbatzea lortu zuen, ausardiaren domina bat irabazi zuelarik. Hainbat aldiz zauritua izan zen, baina borrokan balentria handiak egiten zituen, ausardiaren domina asko irabazi zituelarik (tartean, Gorka Deunaren Gurutzea, Brusilov jeneralak berak emandakoa, sari hori lortzen zuen lehen emakumea izaki). Laster kaporal eta geroago azpi-ofizial (sarjentu antzerako postua) postuetara igotzea lortu zuen. Hala ere, halako balentriek ez zioten begirunerik ekarri, gizonezko soldaduen aldetik erasoak eta trufak pairatzen jarraitu baitzuen.

Otsaileko iraultzarekin bat, orduan Errusian zeuden giro berriak kontuan harturik, agintariei (hain zuzen Rodzianko Dumako lehendakari eta Kerenski ministroari) emakumezko hiritar bolondresen unitate bat sortzeko proposamena egin zuen: Emakumezkoen Heriotza-Batailoia. 1917an Kerenski guda ministroak eta Brusilov armadaburuak batailoi hori sortzeko baimena eman zuten eta 1917ko ekainaren 21ean batailoiak estatus ofiziala eta Errusiar Eliza Ortodoxoaren Nikon patriarkaren eskutik bedeinkapena jaso zituen. Marija Botxkariovak eginiko deia osoa arrakastatsua izan zen eta berak uste baino emakume gehiago apuntatu ziren batailoira: 2.000 bat (nahiz eta azkenean gutxiagok borrokatu, Botxkariova diziplina eta baldintza gogorren aldekoa zenez gero, batzuek atzera egin zutelako eta beste batzuek Botxkariova berak onartu ez zituelako: Emakumezkoen Heriotza-Batailoian adibidez ez zegoen onartuta soldaduek euren ordezkarien komiteak aukeratzerik, edo alderdien propaganda egiterik: Botxkariovak biziki gorroto zuen politika, antipatriotikoa zela uste zuelako, eta soldaduak gudako eginbeharretatik distraitzen zituela uste zuelako). Gainera, Botxkariovaren unitatearen ereduak, emakumezko batailoi gehiago sortzeko iniziatiba piztu zuen emakume askorengan (Petrogradeko Emakumezkoen Lehen Batailoia, Moskuko Emakumezkoen Bigarren Batailoia eta Kubango Emakumezkoen Hirugarren Batailoia sortu ziren). Emakumezkoen Heriotza-Batailoia ekainaren 24-25ean joan zen frontera: Kornilov jeneralaren Zortzigarren Armadara bidali zuten, 525 erregimentura. Botxkariova bera kapitain kargura igo zuten. Botxkariovak zionez, batailoia frontera iristerakoan ez zuten ondo hartu: “batzuek ez zuten onartzen errusiar emakumeek gizonezkoek baino ausardia, aberriarengatiko maitasun handiagoa eta askatasunarengatiko atxikimendu handiagoa erakusterik (…) Beste armadek ez zuten emakumezko batailoirik, errusiarrak bakarrik (…) Guk erakutsi behar genien borrokan koldar horiei!” (kasu batzuetan, Botxkariovaren arabera, etsaitasuna sexista baino politikoa zen; hau da, guda uztearen aldeko soldaduek, ezker muturreko alderdien aldekoek, gudan “bolondres” joandako, beraz joera nazionalista eta Gobernuaren aldekoa zutenentzat hartutako soldaduekiko zuten etsailtasuna). Hala ere, badirudi armadako agintariek errespetu handiagoa zutela, adibidez Kornilovek bere armak eman zizkion Botxkariovari: “zuk merezi dituzu” esanez. 1917ko ekaineko “Kerenski Ofentsiban” Halitxinako Frontean borrokatu zuten, Smarhon herriaren sektorean (Belaia herrian zuten koartela), eta ofentsiba horretan emaitza onak izan zituen unitate apurrenetakoa izan zen: alemaniarren hiru defentsa-lerro gainditu zituzten. Hala ere, beste unitateek izandako emaitza kaskaren ostean, azkenean emakumeak ere erretiratu egin behar ziren; hori bai, beste unitateekin konparatuz, oso baja gutxirekin: %10 hildako, eta %20 zauritu (borroka horietan Botxkariova berriz zauritua izan zen). Armadako agintariak txundituta zeuden, baita ere hasieran unitatearekiko mesfidati izan zirenak ere (adibidez, Anton Denikin)

Hala ere, karrera laburra izan zuen batailoiak, Korniloven Estatu-kolpearen ostean batailoia, “kornilovista” fama tarteko, disolbatu egin baitzuen Gobernuak (izan ere, Kornilov izan zen Botxkariovarena bezalako bolondresen unitate zibiko-militarrak sortzearen aldeko eta bultzatzaile nagusia). Emakume gehienak Emakumezkoen Petrogradeko Lehen Batailoia unitatean berrantolatu ziren, baina ez Botxkariova bera (batailoi hau izen zen Neguko jauregian boltxebikeen kontra borrokatu zuena).

Urriko Iraultzaren kontrakoa izan zen (hala ere boltxebikeak saiatu ziren Botxkariovak Armada Gorian izena eman zezan), eta bere hitzetan, Leninekin batzartu zen behin, honi Brest-Litovskeko Ituna sina ez zezan esan ziolarik. 1918an Petrograden atxilotua izan zen Lavr Kornilovekin bat egitera zihoanaren akusaziopean. Heriotz-zigorra jarri zioten, baina boltxebikeen artean ezaguna zuen soldadu baten bitartekaritza lanari esker (soldadu hori Botxkariovaren menpekoa izandakoa zen) askatu egin zuten, bai eta atzerrira joateko baimena eman. 1918ko apirilean Vladivostoketik erbestera egin zuen, Armada Zuriaren kausaren aldeko propaganda egitera, eta Guda Zibilean Armada Zuriaren alde egin zuen; Woodrow Wilson AEBtako lehendakaria eta George V Britainia Handiko erregea ezagutu zuten (azken honek “errusiar Jeanne d’Arc” deitu zuen Botxkariova). Erbestean bere autobiografia idatzi egin zuen. 1918an zuriek kontrolatutako Errusiako zonaldera itzuli zen, Iparraldera, Murmansk eta Arkhangelsk hirietara, Britainiar Misioarekin bat (hiri horiek, britainiar, frantziar eta AEBtako armaden interbentzioari esker lortu zituzten zuriek, eta pentsatzekoa da interbentzio hori Botxkariovaren propagandari esker erabaki zutela potentzia horiek); hala ere ez zen ondo konpondu fronte horretako Maruxevski jeneralarekin (zeinak ez zuen nahi Botxkariovak borroka zezan eta are gutxiago emakumezkoen beste unitaterik sor zezan, baizik eta soilik propagandarako erabili; Botxkariovak, ordea, behin publikoki “aliatuengatik balitz ni jeneral izango nintzateke” esan omen zuen). 1919an Aleksandr Koltxaken tropekin bat egin zuen Siberiako Tomsk hirian. Koltxakek Botxkariovari emakumezkoen medikuntza-unitate bat sortzeko egitekoa eman zion. Halere 1919ko azaroan gorriek Tomsk hiria askatzerakoan atxilotu zuten, eta 1920ko maiatzean Krasnoiarsk hirian exekutatua izan zen (antza denez, Leninek ez zuen Botxkariova exekutatu nahi, eta exekuzioa aginduen kontrakoa izan zen).

(Oharra: Batzuetan, bere izena “Botxkarieva” edo “Botxkareva” bezala ere transkribatu izan da).