Rada ukrainarra

Ukrainako Rada Zentrala (Ukrajinska Tsentralna Rada) ukrainar nazionalistek sortutako ordezkaritza-organoa, lehenbizi Ukrainar parlamentu bezala funtzionatzeko asmoz sortutako organoa zian zen, eta uztailean Ukrainaren autonomia onartua izan zenean, Ukrainako parlamentu moduan funtzionatzen zuen.

Rada 1917ko martxoaren 4an sortu zen, Otsaileko iraultza gertatu eta berehala, ukrainar alderdi nazionalisten bulkadaz ukrainar aldarrikapen nazionalak plazaratzeko fronte gisa, bere lehendakari gisa Mikhailo Hruxevski historiagilea aukeratu zutelarik. Juryj Borys ukrainar historiagile nazionalistak “ukrainar Gobernu-organo” bezala deskribatu zuen Rada, baina gure ustez martxoan paper hori izan zuenik gehiegi esatea da (geroago dio “zentru politiko panukrainar” bat osatzea zuela helburu eta lehen eginkizunen artean “kontzientzia nazionala hedatzea eta ukrainar herriaren indarra helburu nazionaletara bideratzea” zuela, deskribapen hau zuzenagoa dela deritzogu). Hasiera batean, Rada, Errusiako Behin-behineko Gobernuarekin bat lerratzen zen: martxoaren 9an Ukrainar herriari deitutako adierazpenean Radak behin-behineko Gobernua babesten zuela adierazi zuen. Alde batetik esperotakoa zen, Radan nagusi ziren ukrainar alderdi nazionalistak Behin-behineko Gobernua babesten zuten errusiar alderdi sozialisten antzekoak baitziren (Ukrainako Alderdi Sozialista Iraultzailea, “ukrainar eseristak” adieraz ezaguna, Ukrainako Alderdi Sozialdemokrata eta Ukrainako Alderdi Sozialista-Federalista. Juryj Borysen arabera, “ukrainar erakunde garrantzitsu guztiak” bildu zituen, ñabartu beharra dugu “erakunde nazionalista garrantzitsu guztiak” bildu zituela). Apirilaren 6 eta 8 artean burutu zen Ukraina Osoko Biltzar Nazionalaren ostean, Radak bere burua “ukrainar parlamentu” bezala aldarrikatzea erabaki zuen, eta Borysen arabera, “berandu gabe, Ukrainaren ordezkari bilakatu zen rada”. Ekainean Rada Txikia (Mala Rada) sortu zen, praktikoki Radaren komite exekutibo bezala funtzionatzen zuena.

Radaren eta Behin-behineko Gobernuaren arteko harremanak 1917ko maiatzean okertzen hasi ziren, batez ere Radak Ukrainarako autonomia-estatutuaren proiektua aurkeztu zuenean, Petrogradetik jaramonik egin ez zitzaionean (ez behin-behineko Gobernuak, ez eseristen eta mentxebikeen peko Sobietak). Gerora, Irakli Tsereteli mentxebikeak aitortu zuen moduan, akatsa izan zen hori: “ez genuen Rada ondo baloratu (…) intelligentsia erakunde bat izatetik “Ukrainar parlamentu” bat izatera pasa zen eta ez ginen konturatu”. Errusiar egunkari batek ere ez zuen Radaren proposamena argitaratu (proposamen oso moderatua zen, orduko Leninen idatziek onartzen duten moduan. Juryj Borysen arabera “garai honetan, Radaren eskaera nagusia indar armatuen ukrainartzea zen”). Are gehiago, maiatzean, Radak deitutako Ukrainar Biltzar Militarra debekatu egin zuen Behin-behineko Gobernuak (hala ere, biltzar hori burutu egin zen). Ordutik aurrera, Radak bakarrik ekitea erabaki zuen, eta ekainean, Lehen Unibertsala atera zuen, Ukrainako Errepublika Autonomoa aldarrikatuz.  Errusiako Gobernuak orduan (ekain bukaeran) negoziatzea erabaki zuen eta uztailaren 2an, Errusiako Behin-behineko Gobernuak Ukrainaren autonomia onartu zuen, eta Radak “Bigarren Unibertsala” idatzi zuen, Radaren eta Errusiako Gobernuaren autonomia berresteko akordio horren kontu emanaz (Onarpen honek Errusian krisi politiko bat piztu zuen, liberalek Gobernutik dimititu zutelarik). Radak Ukrainako gobernu berezi bat atera zen, Idazkaritza deitutakoa (Volodimir Vinnitxenko lehendakari).

1917an zehar, boltxebikeek Radaren eskaerekin bat egin bazuten ere, harremanak Urriko Iraultzaren ostean gaiztotu egin ziren. Izan ere, boltxebikeak autodeterminazioaren alde bazeuden ere, horrek ez zuen esan nahi ukrainar burgesiarekin bat egitearen alde zeudenik (eta, paradoxikoki, ukrainar boltxebikeak ez ziren errusiar boltxebikeak bezain autodeterminazio-zaleak). Bestetik, Ukrainako Rada Urriko Iraultzaren aurka kokatu zen hasiera batetik.

1917ko apirileko Ukrainako Kongresu Nazionalean hartutako irudi bat, Ekitaldi honen ostean, Rada, alderdi anzionalisten fronte izatetik parlamentu ziatera pasa zen.

Hori dela eta, Urriko Iraultzaren egunetan, Ukrainari dagokionez, bai oro har, eta bai Radak jokatutako paperari dagokionez, egoera oso nahasgarria izan zen, gertakariak bata bestearen atzetik suertatzen zirelarik. Urriaren 26an, ukrainar boltxebikeek Rada utzi zuten. Urriaren 26an, Petrograden gertatzen ziren berriek mugituta, bai Radak zein boltxebikeak errusiar Gobernuaren tropen aurka matxinatu ziren, borrokek urriaren 31 arte borrokan jarraitu zutelarik. Hala ere, “alde berean” borrokatu arren, praktikoki, bi botere ezberdin bezala konfiguratzen hasi ziren. Matxinada hori gertatzen ari zelarik, urriaren 27an Ukrainako Radak Urriko Iraultza gaitzetsi eta Errusian “alderdi sozialista guztien arteko Gobernu baten” aldeko posizioa erakutsi zuen, Iraultzaren aldekoak Ukrainan erreprimitzeko asmoa erakutsiz: “ukrainan antzeko matxinadarik ez dugu baimenduko”. Urriaren 26an Kieveko iraultzan zehar “Ukrainako Iraultza Defendatzeko Eskualde-Komitean” sortu zen Kieveko indar iraultzaile guztiak (bai Rada, zein Sobietak, zein sindikatuak) bilduz, baina Radaren urriaren 27ko adierazpenaren ondoren boltxebikeek erretiratzea erabaki zuten, eta beren komite iraultzailea sortu zuten. Egun horietan boterea Radaren esku geratu zen, izan ere errusiar Gobernuaren tropek urriaren 31an borrokatzeari uztea eta boterea Radaren esku uztea erabaki zuten, iraultza sobietarra momentuz Kievera zabal zedin galaraziz (errusiar tropen baldintza bat Kieveko “Iraultzaren Defentsa Komitean” boltxebikerik ez egotea zen). Honela azaldu zuen matxinada hau Viktor Sergek: “Sobietak eta Radak batera borrokatu zuten Petrogradeko Gobernua defendatzen zuten Kieveko kadete, mentxebike eta errusiar eseristen aurka. Kerenskiren kausa galdua zegoenean, beste bloke bat eratu zen: kadeteek Radarekin bat egin zuten boltxebikeen aurka. Hor du bere jatorria “Ukrainako Errepublika Nazionalaren” eta Kieveko Sobietaren arteko gatazkak”.

Azaroaren 7an, Kieveko kontrola zuelarik, Ukrainako Radak, bere Hirugarren Unibertsala aurkeztu zuen eta Ukraina “Errepublika Nazional” izendatu zuen, “Errusiari federatua”. Aldarrikapen hori “Errusian Gobernurik ez zegoelako” egin zuen, Gobernu boltxebikea ez aintzatetsiz, eta honen kontra bere burua “Ukrainako botere bakar” gisa ezarriz (Stalinek abenduaren 12an konstatatu zuen “duela zertxobait, Radarekiko harremanak gaiztotzen hasi dira…”). Unibertsal horretan, “Ukrainarentzat gobernu indartsu bat behar da, Ukraina anarkiatik eta guda zibiletik salbatzeko…  eta Errusia federalizatzen laguntzeko”. Viktor Sergek kontatzen duenaren moduan, hizkera sozialista erabili zuen adierazpen horrek, baina aldi berean Sobieten boterearen aurka ezarri zen (adibidez, “lurren desjabetzea eta birbanaketa” aldarrikatzen bazuten ere, segituan, desjabetuko ez ziren salbuespen handiak egin zituzten). Horrez gain, Radak, Errusiako Gobernu Sobietarraren eta Don eta Kuban eskualdeetako nukleo zurien artean forma hartzen ari zen gudaren aurrean, “neutral” deklaratu zuen bere burua (Juryj Borisen arabera, are Errusiako Asanblada Konstituziogilea eratzeko egoitza gisa Kiev eskaini zuen). Errusiako Errepublika Boltxebikeak mugimendu hori boltxebismoaren posizio-hartze gisa ikusi zuen. Honek Errusiako politikara begira Rada indar kontrairaultzaileekin bat jartzeaz gain, Ukrainan bertan Radaren eta ukrainar boltxebikeen arteko guda zibilerantz beste pausu bat suposatu zuen, 1918 eta 1921 artean sobietarrak eta Rada jada bi alde ezberdinetan kokatu zirelarik. Beste alde batetik, mugimendu honen ostean Radaren eta kanpoko potentzia ezberdinen arteko elkarrizketak hasi ziren, kanpo potentziek boltxebikeen kontrako Estatu batengan interesa jartzen ari zirelarik. Adibidez, abenduan frantziar misio militar bat jaso zuen Rdak, eta honekin egindako itun batzuen bidez, Ukrainako Errepublika Nazionalak tropak Errumaniaren mugetan kontzentratu zituen guda jarraitzeko, eta Frantziaren eta kosako zurien arteko merkataritza erraztu zuen (aldi berean, nukleo zurien kontra borrokatzera zihoazen Sobietar tropei Ukrainatik pasatzea galarazi zien Radak; hauxe, justifikatuz bada ere, Juryj Borysek ere onartzen du). E.H. Carr historiagilearen arabera, Radaren eta frantziarren arteko akordioak nahiko aurreraturik zebiltzan: 1917ko abenduaren 29an Frantziak “Ukrainar Errepublika laguntzeko asmoa” erakutsi zuen (eta Viktor Sergeren arabera, 180 milioi franko laga zizkion Frantziak Radari). Beste aldetik, 1917ko abenduaren 12an alemaniarrek Rada eta honek ordezkatzen zuen Ukrainako Errepublika Nazionala Brest-Litovskeko negoziazioetan parte hartzera gonbidatu zuten. Radak bi aldeetako inperialistekin negoziatzen zuen, eta bi aldeetatik atera zuen etekina.

Egoera berri honen aurrean, boltxebikeen posizioa, Rada indar kontrairaultzaile bat bezala hartzea izan zen, horrek ukrainar autodeterminazioaren kontra jotzea esan nahi gabe. Hala ere, hasiera batean behintzat Rada bera aintzatestetik abiatzen ziren: adibidez abenduaren 3an Gobernu Sobietarrak (Sovnarkom) Radari bidalitako ultimatumean “Ukrainako Errepublikari Errusiatik bereizteko eskubidea onartzen diogu (…) Finlandian egin bezala, nahiz eta errepublika burgesa izan, herrien independentzia eskubidearen kontra ez goazelako” aldarrikatzen zuten, baina aldi berean “Botere burges bezala, ez dugu Rada ukrainar langile masen ordezkari gisa aintzatesten”. Ultimatum honetan, Radak, frontean “ukrainar tropen lekualdatzea” agindu zuelarik, frontea desantolatu zuela, ukrainar Sobieten tropak desarmatzen zituela eta “Don eta Kuban eskualdeen (zuriak orduan eskualde horietan gotortuta zeuden) ustezko autonomia defendatuz, zurien kontra borrokatzera doazen tropei Ukrainatik pasatzen galarazi eta hara zurien aldera doazenei pasatzen uzten die Radak”. Beraz, 48 ordutan, frontea desantolatzeari uzteko, Ukrainatik pasatzen diren tropa iraultzaileak laguntzeko eta kontrairaultzaileak oztopatzeko eta Ukrainan tropa sobietarrak ez desarmatzeko konpromezua eskatzen zuen Gobernu Sobietarrak “bestela Rada Errusiako eta Ukrainako botere sobietarraren kontrako gudan dagoen subjektu gisa hartuko dugu”. Abenduaren 19an, Sovnarkomen eta Radaren arteko negoziazioak has zitezkeela ematen zuen (Sovnarkomek Smolensk edo Vitsiebsk proposatu zituen), baina abenduaren 30ean, Sobietar botereak “Radaren erantzuna hain zehazgabea da, ezen barregarria ere baden”, beraz “Radarengan, Errusian guda zibila luzatzearen ardura jartzen dugu” ondorioztatu zuen Gobernu Sobietarrak “honek ukrainar herri-errepublikaren independentzia aintzatesten zelarik”.

Stalinek Gobernu Sobietarraren posizioa defendatu zuen hainbat artikulutan. 1917ko abenduaren 12an idatzi zuen Ukrainar burkideei erantzuna gutunean esan zuenez “hau ez da ukrainar eta errusiar herrien arteko gatazka bat (…) bai ukrainar zein errusiar herriak langile eta nekazariez osatuta daudelako (…) bi herrien arteko gatazka dela langileen etsaiek diote (…) hau Radaren idazkaritzaren eta Sovnarkomen arteko gatazka bat da”. Erantzun horretan Stalinek ukatu egin zuen Sovnarkom ukrainar herriaren autodeterminazioaren kontra zegoenik: “gu ukrainar langileek botere osoa izatearen alde gaude (…) eta Radaren Idazkaritza ez. Hortan datza arazoa, ez zentralismoan”. Geroago jarraitzen zuen “ez dezatela Kaledinekiko aliantza “autodeterminazio” bezala aurkeztu, hori autodeterminazioan jolastea baita”. Jarraituz “ez da egia guk Ukrainako Errepublika aintzatesten ez dugunik, hainbat aldiz aintzatetsi dugu (…) baina errepublika Kaledinekiko aliantzarekin nahasten dute eurek”. Stalinen arabera, ez da Errusiar Sobietak Ukrainako Errepublika aintzatetsi ez zuela, baizik eta Ukrainako Errepublikak Errusia Sobietarra aintzatetsi ez zuela. Radak Guda Zibilean nukleo zurien aldeko posizioa zuela salatu zuen, eta Radako alderdien “sozialismoa”, “Kerenskirenaren, Savinkovenaren eta Avksentievenaren tankerakoa” zela salatu zuen.  Hala ere, oraindik konponbiderako une bat uzten du: “edo Radak Kaledinekiko aliantza puskatzen du eta errusiar langileekin ahaidetasuna sendotzen du, edo Kaledinekin aliantzan irauten du eta herriaren etsaien aldera pasatzen da (…) ukrainar herriaren esku dago konponbidea, hark Rada behartzeko duen indarraren esku”. Abenduaren 14ean, Rada ukrainarraren inguruan deitutako Komite Zentralaren aurrean emandako hitzaldi batean, “Radak boterea burgesiaren eta langileriaren artean banatu nahi du, Sobietek ez dute boterea banatu nahi, botere osoa langileentzat nahi dute (…) Esaten ohi da gatazka autodeterminazioaren ingurukoa dela. Hori ez da egia: Radak Errusia federala proposatzen du, eta gu urrunago goaz, guk independentziarako eskubidea ere defendatzen dugu (…) Radak langile kosakoen autodeterminazioa ebasten du Kaledin defendatuz”. Abenduaren 15ean Zer da Rada ukrainarra? deitutako artikulu batean, Rada Guda Zibilaren testuinguruan zeharka zurien aldeko lerratu zela salatu zuen Stalinek, eta Radaren Idazkaritza “sozialismoari traidore dien Gobernu” bezala izendatu zuen: “Kaledinekin aliatu da, eta aldi berean Ukrainako Sobietak desarmatzen ditu”. 1918ko urtarrilaren 15ean, Sobieten III Biltzar Nagusiaren aurrean “Nazio auziari buruzko txostena” aurkezten ari zelarik, Stalinek “Radako “sozialisten” sozialismoa hitz-emate guztiak haustean datza: lurraren birbanaketaren gainean, Sobietekiko fideltasunaren gainean, neutraltasunaren gainean…”. E. H. Carr historigileak bertsio hori babesten du: radaren eta Sobieten arteko tirabirak sobietar boterearen ingurukoak izan ziren, ez hainbeste nazionalitatearen ingurukoak; eta bat egiten du Sobietek Radarekin puskatzeko zuten arrazoietan: armadaren desantolatzea eta Kaledinen kosako zuriei emaniko laguntza.

Abenduan, errusiar Sobietekin Guda Zibila zela eta harremanak okertzeaz gain, ukrainar Sobietekin ere gaiztotu zituen harremanak Radak. Lehenik, azaroaren 29an Radak Kieveko boltxebike nagusiak kartzelaratu zituen. Abenduaren 4an Ukrainako Sobieten I Biltzar Nagusia burutu zen; eta posturak are gehiago urrundu ziren elkarrengandik: Radaren ordezkariek Sobietar Gobernuaren kontra, eta honen ultimatumaren kontra (hau da, ordura arteko politika egiten jarraitzeko) euren aldeko babesa lortu nahi zuten, boltxebikeek, ordea, Errusian Sobietar boterea ezarrita, Ukrainak bide beretik ekin behar zion eta Radak boterea ukrainar Sobieten esku utzi behar zuen. Biltzar Nagusi hori bertan behera geratu zen, ordezkari batzuen kredentzial falta, eta iruzurra zela eta (boltxebikeek Radari azken unean euren aldeko ordezkariak gonbidatzea leporatu zioten; 1.500 bat ordezkari sartu ziren kredentzialik gabe), baina horrek ez zuen ezkutatu eratorritako ondorio politikoa: Radak-Ukrainako Errepublika Nazionalak eta sobietek are etsaituago bukatu zutela. Boltxebikeek abenduaren 12an Kharkoven Ukrainako Sobieten I Biltzar Nagusia antolatu eta Ukrainar Errepublika Nazional Sobietarra deklaratu zuten, bere Gobernu propioarekin (Herri Idazkaritza, Jevgenija Box Gobernuburu moduan; beraz, emakume batek –jatorri aristokratikokoak kenduta- gidatutako lehen Estatua dugu), organo propioarekin (Ukrainako Sobieten Komite Exekutibo Zentrala, edo TsIKUk) eta armada propioarekin (“Kosako Gorriak”). Interesgarria da ohartaraztea, lehen ukrainar Gobernu sobietar honek, zilegitasuna eta ondarea disputatu nahi zizkiola Radari, bere izenean agertzen denez, hau da Radaren UNR (Ukrajinska Narodna Respublika) errepublikaren siglei “sobietar” abizena jarriz (Ukrajinska Narodna Respublika Rad); Gobernuaren izenean (Herri Idazkaritza) Radaren Idazkaritzarekin kontrastatuz; biak Ukrainan 1917an eman ziren gertakarien ondorengo bailiran. Beraz, hemendik aurrera, Ukrainan elkarren kontrako gudan zeuden bi Gobernu agertu ziren. Stalinek, esanguratsuki, abenduaren 15ean (Zer da Rada ukrainarra? artikuluan), Kharkiveko Gobernua fundatu aurretik, esan zuen moduan “Rada berri batek soilik, langile eta nekazarien Radak, defendatuko ditu ukrainar herriaren interesak”.

Abenduaren 27an Ukrainako Asanblada Konstituziogilea sorrarazi zuen Radak, eta 1918ko urtarrilaren 22an Ukrainako Errepublika Nazionalaren independentzia osoa aldarrikatu zuten, Laugarren Unibertsala argitaratuz (E. H. Carren arabera, hauxe, galtzen ari zen babesa berreskuratzeko Radaren propaganda-jokaldi bat izan zen; Juryj Borysen arabera, ordea, “Botere Zentralekin” -Alemania eta aliatuekin- bakea sinatzen laguntzeko mugimendu bat. Halere, interesgarria da Borys bezalako nazionalista batek esatea orduko ukrainar nazionalista gehienek euren burua “federalistatzat” zutela eta independentzia “inguruabarren arabera” aldarrikatu zutela). 1918ko urtarrilaren 26an, indar boltxebike gorriak (Kosako Gorriak eta Armada Gorria) Kieven sartu ziren, langileek Kieveko Sobietak zuzendutako matxinada proletario baten laguntzaz (Arsenal matxinada). Beraz, Rada praktikoki desegin egin zuten, eta Ukrainako Gobernu Sobietarra (Herriaren Idazkaritza) Kievera aldatu zen (boltxebike guztiek ez zuten mugimendu hori ondo ikusi, batzuek Kharkiven Donetsk-Krivoi Rog Errepublika Sobietarra aldarrikatu zuten, “etorkizunean Sobietar Errepublikak nazionalitatean baino ekonomi-mugetan oinarrituko direla” argudiatuta. Mugimendu hau Leninek eta Sovnarkomek ez zuten babestu. Zenbait historiagileen arabera, Donetsk-Krivoi Rog Errepublika alemaniarren eta Radaren ituna “Ukrainako Errepublika Nazionala” aintzatesten zuena, Donetsken ez aplikatzeko mugimendu bat izan zen).

Otsailaren 9an, “Botere Zentralekin” ituna sinatu zuen Ukrainako Errepublika Nazionalak, botere hauek Ukraina independente moduan aintzatesten zutelarik. Martxoaren 3an Errusia Sobietarrak ere Botere Zentralekin itun hori aldarrikatzean, errusiar tropa gorriek Ukraina utzi egin behar zuten, eta beraz, Ukrainako errepublika sobietar ezberdinak laguntzeari uztera derrigortuak zeuden. Honek Radari, alemaniar tropen eskutik, aukera militar handia eman zion, ukrainar errepublika sobietar ezberdinek (momentu horietan lau zeuden: Ukrainakoa, Donetsk-Krivoi Rogekoa, Odessakoa eta Krimeakoa) ez baitzuten Alemaniari aurre egiteko moduko armadarik. 1918ko otsailaren 24an, Stalinek Ukrainako Errepublika Sobietarrari Brest-Litovskera ordezkariak bidaltzeko eskatu zion, honela Ukrainak bere aldetik ituna sina zezakeen eta Ukrainan Botere Sobietarra iraunarazi (Stalinek otsailaren 9an Ukrainako Errepublika Nazionalak Alemaniarekin sinatutako ituna Ukrainako Errepublika Sobietarrak berritzea nahi zuen), baina alferrik izan zen: Alemaniak ez zuen Errepublika hori aintzatetsi. Hala ere, E. H. Carr historiagilearen arabera, “bi ukrainar ordezkaritza egoteak (…) egun batzuez negoziazioak atzeratu egin zituen, eta hura boltxebikeei ondo etorri zitzaien”.

Hala, 1918ko martxoan Rada, alemaniar okupatzaileen laguntzaz boterera itzuli zen, hala ere, berez Ukrainar Errepublika Nazionala Alemaniaren kolonia bat zen, ukrainar garia Alemania elikatzeko errekisatu behar zuelarik. Nekazarien ukoa handiegia zenez, eta Rada hauei bere agintea inposatzeko ezgai zenez, alemaniarrek Estatu-kolpea eman, eta Rada deseginez, boterea Pavlo Skoropadski jeneralaren esku utzi zituen, honek Ukrainako Estatua (Ukrajinska Derzhava; Alemaniaren beste “protektoratu” bat, baina kasu honetan diktadura-Gobernukoa) aldarrikatu zuelarik. Estatu-kolpe hori boltxebikeen aldetik, batez ere bake-negoziazioen ikuspuntutik izan zen baloratua. Stalinen ustez (1918ko maiatzaren 9an Izvestia egunkariko kazetari batek egindako elkarrizketari erantzutean), esan zuen boltxebikeak Radarekin eta alemaniarrekin bake negoziazioetan zeudela, eta Estatu-kolpeak Rada kargugabetzean negoziazio horiek bertan bera utzi zituela, baina “ez zituela berriz hastea deskartatzen” (Juryj Borysen arabera, negoziazio hauek 1918k martxoan hasi ziren, Juri Neronovitx ukrainar boltxebikeak proposatuta. Borysen arabera, negoziazioak martxoaren 30ean hasi ziren). “Skoropadskiren Gobernuak ez du honi buruz ezer ere esan, ez dakigu ukrainar Gobernu berriaren bake-programarik, Radarena bagenekien”. Kolpearen arrazoiak aztertzerakoan, Stalinek “Radaren politika burges-ttipi kontraesankorra” aipatu zuen “alde batetik sozialista-itxurak egiten zituzten, langileei eta baserritarrei hitz-emate piloa eginez, eta bestetik Alemaniarekiko erabateko menperakuntza zuten (…) klase borrokaren legearen arabera, Radak ezin zuen denbora askoz boterean iraun (…) Ukrainako egoerak bi irtenbide posible zituen: langile eta baserritarren diktadura ala burgesiaren diktadura. Radak ezin zuen ez bata ez bestea eman”. Analisi honek, 1917ko uztailetik aurrera boltxebikeek Errusiako Behin-behineko Gobernuarekiko egin zituzten analisien antza zuen, eta ez zen Stalinek halako analisi bat egiten zuen lehen aldia, 1917ko abenduaren 12an (Ukrainar burkideei erantzuna) 15ean egindako analisi batzuetan (Zer da Rada ukrainarra?) puntuz puntu Radaren politika eta Kerenskirena erkatu zituen Stalinek.

Pavlo Khristiuk historiagilearen arabera, 1917ko uztailean Radak 822 kide zituen, batzuk alderdiek zuzenean aukeratuta, beste batzuk probintziek aukeratuta, sindikatuek, baserriko kooperatibek, soldaduek aukeratutakoak eta gutxiengo etnikoen ordezkariak ere bazeudelarik. Juryj Borysen arabera, 822 kideen %30a “Ukrainako gutxiengo etnikoentzako” izan zen, hauek batez ere Bigarren Unibertsala sinatu ondoren sartu ziren Radan.

Rada 1918ko apirilaren 28an desegin zen, teorian bere funtzioak Ukrainako Asanblada Konstituziogileak hartu zituelako, baina de facto, garai horietan, alemaniar okupazioak Pavlo Skoropadski hetmanaren diktadura (Ukrainako Estatua) ezarri izana izan zen arrazoia. Ukrainar nazionalistek, Skoropadskiren Gobernua uzkaili eta Ukrainako Errepublika Nazionala berrezarri nahi zutelarik, ez zuten Rada berpiztu eta Direktorio izeneko Behin-behineko Gobernu paralelo bat osatu zuten. 1918ko bukaeran alemaniarrek Ukraina utzita eta Skoropadskiren Gobernua erorita, 1920 arte Ukrainako Errepublika Nazionalak tarteka eta txitean-pitean Ukrainako zenbait eskualde kontrolatu bazituen ere, ez zuen Rada berriz bildu ez eta hau botere-egitura gisa erabili.

Halere, gerora “Rada” hitza ukrainar asanblada ezberdinak izendatzeko erabilia izan da. Ukraineraz, 1917ko abenduko Kharkiveko gobernua eratu zenetik, “Sobiet” esateko hitza “Rada” izan da, eta hitz hori erabiltzen jarraitu izan da Ukrainako Sobietar Errepublika Sozialista izendatzeko: Ukrajinska Radianska Sotsialistitxna Respublika (SESB ukraineraz SRSR/CPCP deitzen zen: Soiuz Radianskikh Sotsialistitxnikh Respublik). Ukrainako Errepublika Sobietarraren goi-organo legegilea, informalki “Verkhovna Rada” (Rada Gorena) deitu ohi izan zen. 1991an, SESB desegin ostean sortutako Ukraina “independentearen” parlamentua Verkhovna Rada deitzen da ofizialki. Ukrainaz, at, Bielorrusian, bielorrusiar nazionalistek euren organo politikoak ere “Rada” bezala izendatu zituzten.