Miliutin, Vladimir

Militante boltxebike errusiarra. Irakasle familia batean hazitakoa, Zuzenbidea ikasi zuen, nahiz eta kazetari gisa ere ibili zen. 1903an egin zen Langileen Alderdi Sozialdemokrataren kide, hain zuzen ere alderdia bitan zatitu zen urtean. Bere jaioterri Kursk hiriko zirkulu marxista fundatu zuen. San Petersburgora joan zen lan iraultzailea egitera, baina 1905ko iraultzaren ostean atxilotua eta hiriburutik deportatua izan zen, Kurskera itzuli zelarik. 1907an deportazioa berriz hautsi zuen (Moskun, Oriolen, Tulan eta San Petersburgon berriz aritu zen lanean)eta berriz atxilotua izan zen, Kresti kartzelan bi urtez ego zelarik (1909 arte). Lehenik mentxebikeekin bat egin zuen, baina 1910ean boltxebikeen aldera pasa zen. 1912an atzerrira egin nahi zuen Pragako Konferentzian parte hartzeko, baina mugan atxilotua izan zen, eta Vologda probintziara hiru urtez deportatua izan zen (guztira, atxiloketa txikiekin batera, zortzi aldiz atxilotua izan zen). Lehen Mundu Guda artean, horniketa organismo batean egin zuen lan.

1917an alderdiaren ildo eskuindarrarekin, Kamenevek gidatutakoarekin identifikatu zen. Apirilean, Alderdiaren VII Konferentzian, Komite Zentraleko kide aukeratu zuten. Saratov hiriko Alderdi Boltxebikeko burua izan zen, eta 1917ko urrian Komite Militar Iraultzaileko kide ere aukeratu zuten, Urriko Egunetarako Horniketarako arduradun lana eman ziotelarik. Nekazaritzan aditua zelarik, Urriko Iraultzarekin batera, lehen Gobernu sobietarreko Nekazaritzarako Herri-Komisario izendatua izan zen; hori zela eta, boltxebikeen lehen dekretu famatuenetako bat, Lurraren Gaineko Dekretua (Leninek zioenez, programa eseristaren gauzatzea zena) kudeatzen hasteko ardura izan zuen. Hala ere, gutxi iraun zuen, eseristak eta mentxebikeak Gobernuan sartzeko negoziazioek kale egin ostean, bai Komite Zentraletik zein Gobernutik dimisioa eman zuen “eskuineko ildoko” beste boltxebikeekin batera (Kamenev, Riazanov, Rikov, Zinoviev). 1917ko uztail-abuztuko Alderdi Boltxebikearen VII Biltzar Nagusian, bera izan zen ekonomiari buruzko txostena idatzi zuenetako bat.

1918an, Sobietar Goi-Kontseilu Ekonomikoan (VSNKh) lan egin zuen, eta bertan, Grigori Sokolnikoven ildoa jarraituz, “adituen” aldeko apustua egin zuen. 1918ko martxo eta apirilaren artean VSNKhko burua ere izan zen. Postu horretarako bidea, Brest-Litovskeko ituna zela eta, Bukharinek eta “ezkerreko boltxebikeek”  (tartean VSNKhko lehen lehendakari Obolenskik) ardura postuak uzteak zabaldu zion. Lehendakari bezala, Miliutin kontzentrazioaren eta plangintza ekonomikoaren alde azaldu zen, eta lan-diziplina boltxebikearen lehen araudia egin zuen. Hala ere hor denborarik gehiena  lehendakariorde bezala eman zuen, 1918 eta 1921 artean hain zuzen; Aleksei Rikov “moderatuak” ordeztu zuenean. Lan horretan, estatistikei eman zien garrantzia, eta E. H: Carren arabera, Miliutin izan zen kanpo-merkataritzarako Estatu-organo monopoliozko bat sortu behar zela ohartarazten lehenetakoa. Ekonomikoki, Alderdiaren ezker ildoan kokatu zen: 1920an industria oro nazionalizatzearen alde egin zuen: “Industria guztiak eta sektore guztiak, Estatu-enpresa bakar baten moduan hartuko ditugu. Lehiaren ordeaz batasuna ekonomi arloan” esan zuen (1920ean kooperatibak nazionaltzearen alde ere agertu zen). Miliutin 1917an politikoki boltxebikeen eskuin ildoan bazegoen ere, ekonomiari zegokionez, ezker ildoan kokatu zen, eta Sokolnikoven “adituak erabiltzearen” politikaren aurkako nagusienetako bat genuen. Hala ere, bere ikuspuntuak Leninek kritikatu egin zituen, 1921eko otsailean, Sobietar Gobernuaren lehendakariak: “gure arazoetako bat industria burokrazia haztea da, eta hau Miliutinek ez du ikusten” esan zuen. NEParen zantzuei kritikak egin zizkion 1921an “Industria arina lehiaren oinarria suspertzeko plan hauek ekonomia sozialistaren oinarria arriskuan ez ote duen jartzean adierazten duten kexa asko jaso ditut”.  1922an Kominternen ordezkari izendatu zuten Austrian eta Balkanetan; agian postu horretan jartzeak zerikusia izan zuen ekonomi norabidean emandako aldaketarekin. 1924ean lan ekonomikora bueltatu zen: lehenbizi (1928) arte, Langile eta Baserritar Ikuskaritzarako Herri-Komisariotzan eta 1928 eta 1934 artean GOSPLANen lehendakari ere izan zen (Estatistika Arduradun izateaz gain). 1926an nekazal auziari buruzko lan bat idatzi zuen. Alderdi barruan ere, berriz goi-postuak berreskuratu zituen: 1920 eta 1922 artean Sobietar Batasuneko Alderdi Komunistako Komite Zentraleko kide izateko hautagai izan zen, postu hori 1925an lortu zuelarik eta 1934 arte mantendu zuelarik. 1934an zientzia eta hezkuntza-deportamendu batetara lekualdatu zuten, eta aldi berean, Alderdiaren Komite Zentralaren Akademiarako komisioaren lehendakaria izan zen (postu hori ez zen berria berarentzat, 1925 eta 1927 artean Akademia Komunistako lehendakariorde zian baitzen).

Alderdiaren eskuin ildoarekin Estatuaren kontrako konspirazioa egiteaz akusatua, 1937an atxilotu zuten.