Zasulitx, Vera

Errusiar mugimendu iraultzailearen beteranoetako bat eta errusiar marxismoaren hastaileetako bat. Txiki-txikitatik izan zuen hizkuntzak ikasteko erraztasuna. Gazte zela irakasle izateko asmoz Moskura joan zen ikastera eta han, bere ahizparekin batera, Netxaievek gidatutako zirkulu nihilistekin bat egin zuen. 1869an lehen aldiz kartzelaratua izan zen, abian 1871an epaiketa batean errugabe jo zuten. 1873an Kievera joan zen, bertako mugimendu anarkista batekin elkartu zelarik (dirudienez Mikhail Bakunin bera ezagutu zuen), baina 1876an “Lurra eta Askatasuna” deitutako talde populista batekin bat egin zuen.

1878an Vera Zasulitxek ospea eman zion ekintza egin zuen: San Petersburgoko gobernadore Fiodor Trepov jeneralaren kontra tiro egin zuen hau zaurituz (Trepov errepresore handi bezala ezaguna zen, batez ere Aleksei Bogoljubov presoa publikoki jotzearren). Zasulitxek ez zuen Trepov hiltzea lortu eta atxilotua zian zen. Hala ere, epaiketan errugabe deklaratu zuten,. Haren defentsak epaimahaikideak eraso hori “tiraniaren kontrako protesta” zela konbentzitzea lortu zuelako; epaiketa sistemaren kontra bihurtzeko taktika erabiliz (Dostoievskiren aipuak erabili zituen Zasulitxek). Mundu osoan eman zuten epaiketa haren berri. Epaiketaren ostean Suitzara joan zen, bere kasua berriz zabal ez zedin.

Zasulitx Suitzan marxismora hurbildu zen, eta Georgi Plekhanov eta Pavel Akselrodekin batera “Lanaren Askapena” talde marxista eratu zuen. Hau izan zen Errusiako lehen talde propioki marxista, beraz Zasulitx Errusiako marxismoaren sortzaileetako bat dugu. Zasulitxek Marxen lan batzuk errusierara itzuli zituen, eta horrezgain bere literatura propioa ere idatzi zuen. Marxekin korrespondentzia izan zuen, eta zenbait egileren arabera (Jay Bergman, adibidez), Zasulitxekin izandako korrespondentziak “azken Marxengan” eragina zizan zuen, honek Errusiarekiko eta honen potentzial iraultzailearekiko iritziz alda zezan. Mende aldaketarekin batera, Iskra (“Txinparta”) aldizkari marxistaren zuzendaritzan (Lenin, Plekhanov, Martov, Akselrod eta Potresovekin batera) eta Errusiako Langileen Alderdi Sozialdemokrataren zuzendaritzan aurkitzen dugu. Alderdi Sozialdemokrataren II Biltzar Nagusian, Iskra aldizkariaren zuzendaritza hiru kideko kopurura murriztu zenean Zasulitx kanpoan geratu zen (Akselrod eta Potresov bezalaxe). Robert Serviceren arabera, garai horietan Leninekiko hurbiltasun handia izan zuen, gero arerio politikoak izango baziren ere. Hala ere, gutxira alderdia boltxebike eta mentxebikeen artean zatitu zen, eta Zasulitx azken hauekin lerratu zen (izan ere, Martovek Iskraren zuzendaritza berriz sei kidetakoa izatea proposatu zuen, Martov Leninengandik urruntzen baitzegoen); eta mentxebikeek Iskraren kontrola berriz lortu zutenean (Plekhanov, hasieran neutrala zena, Leninen kontra dekantatu zelako), Zasulitx aldizkariaren zuzendaritzara itzuli zen.Halere, zatiketaren ostean lehen lerroan egoteari utzi zion, parte batean bere tuberkulosi gaixotasunak eraginda.

Zasulitxen ezagutza handia zen, ez ordea hain handia egoera konkretuak analizatzeko edo antolakuntzarako gaitasuna. Leninen arabera “Zasulitxek ez zuen idazten, mosaiko idatziak egiten zituen”. Trotskiren arabera “Zasulitxek marxismoaren gaineko ezagutza nabarmena zuen (…) baina iraultzari buruzko ikuspegi moralegia, klase sozialen analisietatik landaratutakoa, zuen”.

1905ean Errusiara itzuli zen eta mentxebikeen barruan, alderdiaren egitura ilegala desegitearen eta masen alderdi legal bihurtzearen alde egin zuen (ildo likidazionista). 1914ko guda inperialista babestu zuen. 1917rako eta urtean zehar, Zasulitxen itzala oso apaldua zegoen. Garai horietan bere lagun zahar Plekhanoven Jedinstvo taldearen kide egin zen (mugimendu marxistako talderik moderatuena, ia-ia kadeteen mugan). Urriko Iraultza Sozialistaren kontra agertu zen. Hala ere, ez zuen Errusiatik ihes egin. 1919an hil zen.