Podvoiski, Mikola

Ukrainar jatorriko boltxebikea. Ukrainan jaio arren, militante politiko gisa, bere lehen urratsak Errusiako Jaroslavl herrian eman zituen. Apaiz izateko ikasi zuen, baina bere iharduera iraultzaileak zirela eta seminariotik bota egin zuten. Errusiar Langileen Alderdi Sozialdemokratako kide egin zen 1901an, eta 1903an boltxebikeekin lerratu zen. 1904an Ikasle Boltxebikeen Komiteko lehendakaria izan zen. 1905eko iraultzan zehar trenbideko langileen manifestazio bat antolatu zuen, eta hori dela eta erbestera joan behar izan zen (1905eko urrian, talde parapolizial ultraeskuindarren aldetik jipoi bat jasan zuen). 1906an Errusiara itzuli zen eta Ivanovon eta Bakun lan iraultzailea egin zuen. Argitaletxe boltxebikeak fundatu zituen, Zerno adibidez, 1908an kartzelaratua izan zelarik. 1910an, gaixotasun bat zela eta aske utzi zuten, eta 1913an Pravda egunkari boltxebikearen fundatzaileetako bat izan zen, eta baita Zvezda (“Izarra”) aldizkari boltxebikearena ere. 1916an berriz atxilotu eta Siberiara deportatu zuten. Deportazioan, preso boltxebikeen aldizkariak editatzen jarraitu zuen.

1917an deportaziotik itzultzean, Alderdi Boltxebikearen Petrogradeko Komiteko kide aukeratu zuten. Bera izan zen martxoan Kxesinskaia Jauregia Alderdi Boltxebikearentzat okupatzearen arduradunetako bat (eta Alderdiaren irakurketa talde zen Pravda Klubaren hastaileetako bat izan zen). Hasieratik Lenini eta bere Apirileko Tesiei babesa eman zien zuzendari boltxebike apurretako bat izan zen. 1917ko apirilean Alderdi Boltxebikearen VII Konferentzian parte hartu zuen eta ekainean Errusia Osoko Sobieten I Biltzar Nagusiko ordezkari izan zen. Erakunde Militar Boltxebikearen buruetako bat izan zen, eta erakunde honen Errusia Osoko konferentzia berak antolatu zuen. Uztaileko Egunetan manifestazioen antolatzaileetako bat izan zen. Soldatskaia Pravda, Soldat eta Rabotxi i Soldat egunkariak fundatu zituen. egunkaria fundatu zuen. 1917ko urrian Petrogradeko Komite Militar Iraultzailearen lehendakariorde izan zen. Urriko Iraultzan, Neguko Jauregiaren kontrako erasoan parte hartu zuen. Kerenski-Krasnov matxinada kontrairaultzailearen kontra Petrograd defendatzearen arduradunetako bat izan.

1917ko abenduan, Erakunde Militar Boltxebikeko buru gisa, Komite Zentral Boltxebikeari Armada Gorria sortzeko txostena aurkeztu zion. Beraz, bera dugu praktikoki Armada Gorriaren sortzailea.

Guda Zibilaren garaian, Armadarako eta Itsas-Armadarako Herri-Komisarioen Komiteko kidea izan zen, 1918ko iraila arte. 1918an, Armada Gorriaren zuzendaritza-organo zen Sobiet Iraultzaile Militarraren kide izan zen. 1919ko otsailean Ukrainako Errepublika Sobietarreko Guda eta Itsas-armadarako Herri Komisarioa izan zen, Ukrainan guda zibila hainbat fakzioaren artean borrokatzen zutelarik, hura oso postu zaila izan zen. Bere kideen arabera, Podvoiski, postu honetan “oso energikoa” izan zen. 1919ko urrian, Leninek eskatuta, postuz aldatu eta Petrogradeko komandante militar karguan jarri zuten. 1920an Kaukasoko frontean borrokatzen eman zuen. Aldi berean, 1919 eta 1923 artean TxON zigor-destakamendu berezien komandantea izan zen.

Armada Gorriarekin Podvosikik harreman handia izan zuen. Horren froga dugu, Podvoiski izatean Armada Gorriaren ikur nagusi bezala izar gorria proposatu zuena (gaur egun ere, Errusiako Armadak hori darama) eta Leninen Ordenaren Saria proposatu zuena.

Sobietar Batasuneko Alderdi Komunistako Komite Zentraleko kide.

Literaturan, kriolan eta kulturan ere aditua izan zen, adibidez, Sergei Eisensteinen Urriko Iraultzaren inguruko film baten ikuskatzaile izan zen, eta Errusiar Iraultzaren historia bat idatzi zuen. 1920 eta 1923 artean Heziketa fisikorako Sobietar Komiteko buru izan zen eta 1921 eta 1927 artean Nzioarteko Kirol Erakundearen idazkari nagusi (bere ardurapean eraiki zen Moskuko Estadioa). Marx-Engels-Lenin Institutuan lan egin zuen 1935an erretiratu zen arte. 1941an Alemania naziak SESB inbaditu zuenean, Armada Gorrian berriz izena eman nahi zuen, baina adina zela eta eskaera ukatu egin zioten; hala ere, lubakiak egiten aritu izan zen bolondres gisa. 1948an hil zen.