Gots, Abram

Judutar jatorriko errusiar militante eserista. Familia aberats baina tradizio iraultzaile batetik etorritakoa zen, bere anaia Mikhail Gots militante populista izan zen. 1896an mugimendu iraultzailearekin bat egin zuen, zirkulu populistetan. Alemanian ikasitakoa, bueltan Alderdi Eseristarekin bat egin zuen, eta 1905ko iraultzaren ostean, Borroka Erakunde Eseristako kide egin zen (atentatuak egiteaz arduratzen zen Alderdi Eseristaren adarra). 1907an atxilotua izan zen, ziurrenik Jevno Azef infiltratuaren erruz (Azef Borroka Erakunde Eseristako liderra zen), eta Siberiara deportatua izan zen. 1914an gudaren aurkako posizioa izan zuen. Boris Savinkoven arabera: “Gots fede beteko sozialista iraultzailea zen (…) edozertarako zegoen prest, baita lanik desatseginenetarako ere”.

1917an, otsaileko iraultzaren osteko amnistiarekin itzuli zen Petrogradera. Beste eserista eta mentxebike askok egin bezala “defentsismo demokratikoa” babestu zuen, hau da, 1917ko iraultza demokratikoaren ostean guda inperialista “demokraziaren defentsaren” izenean justifikatzera pasatu zen. 1917an zehar, eseristen eskuineko ildoarekin lerratu zen (erreformen beharra guda irabaztearen beharraren menpe ezartzearen eta burgesiarekin koalizioa egitearen aldeko ildoa). Beraz, Gots martxotik abuztura Sobietak kontrolatzen zituen aliantza eserista-mentxebike moderatuarekin lerratu zen. Petrogradeko Ispolkomeko lehendakariorde aukeratu zuten, eta ekainean, VTsIKeko kide. Horrez gain, Viktor Txernov eta Nikolai Avksentievekin batera, Alderdi Eserista kontrolatzen zuen. Maiatzean, Alderdi Eseristaren III Biltzar Nagusian, berak egin zuen alderdiak gudan jarraitzearen aldeko posizioa babestearen aldeko mozioa (onartua izan zena): mozio hark “alde guztietako anexiorik gabeko bakea” eskatzen zuen, baina aldi berean “bake separatuak” gaitzesten zituen). Uztaileko egunetan, boltxebikeen kontrako errepresioaren aldekoa izan zen. Antza denez, Ministro izatea proposatu zioten, baina uko egin zuen. Garai horietan jokatu zuen paperaz Nikolai Sukhanovek idatzi zuen. “Gots teknikari bat da, ekintza gizon bat, baina ez da politikari bat, ez du ideia propiorik”.

Urriko Iraultza Sozialistaren aurkakoa izan zen, Kerenski-Krasnov matxinadaren aldekoa izan zen, eta honen ostean, eskuineko eserista ia denek Petrogradetik eta Moskutik ihes egin ondoren, Petrograden gelditu zen eseristen zuzendaritzako burua izan zen (Asanblada Konstituziogilerako diputatua ere izan zen). Oliver Radkey historiagilearen arabera, Gots erabakigarria izan zen Txernov Asanblada Konstituziogilearen izenean Gobernu antiboltxebike bat era zezan konbentzitzeko (Gobernu zuri “demokratiko” hura lehenik Samaran eta gero Omsken ezarri zen). Gotsek ontzat jo zuen eseristen atentatu politika zaharra boltxebikeen kontra berraktibatzea, bera izan zen politika honen defendatzailerik handiena; nahiz eta berak atentatuen “departamendua” zuzenean ez zuzendu. Richard Pipes historiagilearen arabera, jakin bazekien Fania Kaplanek Leninen kontra atentatua egin behar zuela, baina ez zuen aktiboki prestatzen lagundu, hura saihestu ez bazuen ere (Pipesen arabera, “guk ez dugu lagunduko, ez eta deitoratuko” izan zen Gotsen posizioa; are gehiago Gotsek orduan Samaran Gobernu antiboltxebike bat eratu zuen zuzendaritza eseristarekin kontsultatu zuen eta hauek ere jakin bazekiten). Gotsek kausa zuriarekiko aldekotasuna utzi zuen Omskeko Gobernu eserista Koltxak almiranteak Estatu-kolpez uzkaili zuenean.

1920an atxilotua izan zen Estatuaren aurkako konspirazioak zirela eta, eta 1922an beste buruzagi eserista batzuekin batera epaitua izan zen. Heriotz-zigorra ezarri zioten, baina bost urtetako zigorraz kommutatu zioten. 1927an kartzelatik atera ostean, Kazakhstanera joan zen lanera. 1937an berriz atxilotua izan zen eta 1939an 25 urteko zigorra ezari zioten. 1940an hil zen (iturri batzuen arabera 1937an exekutatua izan zela dakar, baina ez dirudi zuzena denik).