Sukhanov, Nikolai

Errusiar kazetari, ekonomilari, historiagile eta militante mentxebikea. Gaztetan Lev Tolstoiren ideologia bakezale-utopistarekin bat egin zuen, eta agian Tolstoiren populismoak eraginik, Alderdi Eseristarekin bat egin zuen. Garai horietan, bere kezka nagusia ideologia marxista eta populista uztartzea zen.. 1904an lehen aldiz atxilotua izan zen, baina ez zuen denbora handirik pasa kartzelan. 1905eko iraultzan parte hartu zuen. 1909an Ekonomia ikasten hasi zelarik, marxismoarekiko interesa izan zuen, bere kezka nagusia marxismoa eta populismoa uztartzea zelarik. 1910an berriz atxilotua eta deportatua izan zen, baina 1913an aske geratu zen. Orduan Gorkiren Letopis (“Kronika”) aldizkari literario-politikoan lanean hasi zen, idazlearekin iraun egin zuen harreman bat hasiz.

1914an, Lehen Mundu Gudaren kontra egon zen posizio internazionalista harturik. Guda pizteak eta bere erreakzioak, Martoven jarraitzaile ziren mentxebikeengana hurbildu zuen, hauekin bat egin zuelarik (nahiz eta eseristekin sekula ez zuen guztiz puskatu). Otsaileko gertakariak bertatik bertara jarraituz zituen eta halaxe, batez ere alderdi guztietan zituen kontaktuak zirela medio, otsaileko egunen protagonista bat izan zen. Petrogradeko Sobietaren birsortzean parte hartu zuen eta Komite Exekutiboko parte aukeratu zuten (hala ere, akats larri bat egin zuen otsailaren 25ean iraultzarik egongo ez zela esan zuenean: “Petrograden istiluak daude, baina ez dago inongo iraultzarik”). Nikolai Sokolov abokatu mentxebikeak Lehen Zenbakidun Ordena idatzi zuenean, Sukhanov izan zen honen inspiratzaileetako bat. Horrez gain, Nikolai Sukhanov bera izan zen martxoaren 1ean, Sobietaren izenean Dumako Kideen Komitearekin Behin-behineko Gobernua osatzeko eta honen programa negoziatzeko ordezkarietako bat; Orlando Figesen arabera, Sobietaren aldetik ordezkaririk nabarmenena izan zen. Martxoan Behin-behineko Gobernuaren eta Sobietaren arteko “Lotura-Komisioko” kide izan zen, hau da Sobietak Behin-behineko Gobernua kontrolatzeko sortutako komisioaren kide. Otsaileko gertakariei buruzko liburu bat idatzi zuen, egun historiagileek ere erreferentziazkotzat dutena.

1917ko otsaileko egunetan Alderdi Mentxebikearen gizonik garrantzitsuenetako bat izan bazen ere, ez zuen lortu bere alderdiaren edota politikan itzal handirik izaterik. Orlando Figesen arabera: “alderdi barruan ez zuen babesik, ez zen fakzio batekin ere lerrokatzen eta gainera oso zalantzatia zen. Arazo politikoak intelektual baten ikuspuntutik ikusten zituen, ez politikari batenetik”. Trotskiren arabera: “Sukhanov begirale bat zen Estatu-gizon bat baino, kazetari bat iraultzaile bat baino, argudio-emaile bat kazetari bat baino; gai zen ikusmolde iraultzaile bat babesteko hura praktikara eramateko unea iritsi arte”. 1917tik aurrera, mentxebikeen ezker-aldean, “mentxebike internazionalisten” aldean kokatu zen, Martovekin bat. Maksim Gorkiren Novaia Zhizn egunkarian idazten zuen. Pixkanaka berak sortzen lagundu zuen Behin-behineko Gobernuarekiko mesfidantza handiagoa garatu zuen, batez ere gudatik ateratzen ez zelako; baina ez zuen programa alternatiborik, izan ere, boltxebikeekin aliantza egitearen kontrakoa zen: 1917ko ekainean eta Uztaileko Egunetan, boltxebikeek “Estatu-kolpea” edo “Matxinada” prestatu zuten ikuspuntua defendatu zuen. Sukhanoven arabera, Uztaileko Egunetan gertatutako manifestazioek “Komite Zentral Boltxebikea, izen horrekin edo beste batekin, Gobernu gisa aldarrikatzeko helburua” zuten, eta bere arabera, Krasnoie Selo herriko 136 erregimentuak Sobieteko zuzendaritza atxilotu behar zuten, Gobernu berria aldarrikatuz. Ikuspuntu hau 1920an bere memorietan defendatu zuen, baina geroago aitortu zuen teoria horren “elementu batzuk kontraesankorrak” zirela. Nikolai Sukhanov “Gobernu sobietar” baten aldekoa zen, baina ez “Estatu sobietar” baten (hau da, botere osoa Sobietetan oinarritzen zuen Estatu baten) aldekoa; eta ez zuen uste Errusian sozialismorantz jo zitekeenik, bere ustez Sobietek “iraultza demokratiko-burgesa” burgesiakbaino hobeto egingo zuen.

1917ko urriaren 10ean, boltxebikeek matxinada armatua erabaki zuteneko Komite Zentral Boltxebikearen bilera, ironiak ironia, bere etxean egin zen, bera enteratu gabe (bilera hura bere emazte Galina Flakserman boltxebikeak antolatu zuen). Ez zuen Urriko Iraultza Sozialista babestu, eta honen  kontra egin zuen hainbat puntutan. Sobieten II, III eta IV Biltzar Nagusietan VTsIKeko kide izan zen, mentxebikeak ordezkatuz (postu hori 1918ko ekainean, Sobieten V Biltzar Nagusian galdu zuen, Sobietek VTsIKetik mentxebikeak eta eskuineko eseristak botatzea erabaki zutenean). 1921an Alderdi Mentxebikea utzi zuen eta Alemaniako Alderdi Komunistaren kide egin zen, Alderdi Boltxebikeko kide ere egin nahi izan zen, baina ez zuten onartu. Gerora, Nekazal Institutu Komunistan lanean hasi zen, 1930an kanporatua izan zen arte (Sukahnoven ikuspuntuak industrialtzearen kontrakoak ziren). 1931an atxilotua izan zen, talde mentxebike klandestino bateko kidea izatearren, eta 10 urteko deportazio-zigorra ezarri zioten Tobolsk probintzian, baina 1935an zigor hori bertan behera utzi zuten. 1937an berriz atxilotua eta 1939an exekutatua izan zen.

Egun, batez ere, 1919 eta 1921 artean idatzi eta 1922an argitaratu zuen Errusiar Iraultza zazpi liburukietako liburu eskergagatik da ezaguna.