Fabrika eta Lantegietako Komiteak (fabzavkomi)

Putilov lantegiko komitearen bilera bat.

Fabriketako komiteak, enpresa bakoitzean langileek aukeratutako komiteak ziren. Fabzavkomi akronimoa, errusierazko Fabritxno-zavodskie komiteti esaeratik dator: hau da, “Fabrika eta Lantegietako Komiteak” bezala itzul genezakeen esaldia (errusieraz “fabrika” lantegi txiki bat da, eta “zavod” industria astuneko lantegi bat. Singularrean fabkom edo zavkom ziren). Sobietekin zuten ezberdintasuna, hasiera batean hauek aldarrikapen ekonomikoen inguruan negoziatzeko eta aldarrikatzeko organoak izatean zetzan (lanegunaren murrizketa, soldaten igoera, lan-baldintzak hobetzea, eta are lantegi barruko kultur ekintzak eta aisialdia hobetzea); Sobietak organo politikoak, edo administrazio-bokazioa ere bazuten organoak zirelarik. Haatik, zenbait kasutan bi erakundeen arteko mugak ez zeuden hain garbi, eta funtzio bikoiztasun bat eman zitekeen. Fabzavkomiak Sobietekin batera sortu ziren (1905ko iraultzan ere existitu izan ziren, are 1905ko San Petersburgoko Sobieta halako elkarteetatik sortu zen), baina 1917an ez zuten Sobietek izan zuten aintzatespenik; ezta ere historiografian, dibulgazio-lanetan apenas aipatzen dituzten, eta espezialisten lanetan ere, eurekiko aipamenak urriak dira. Otsail-martxoan sortutako erakunde hauek apirilean Gobernuaren aintzatespena lortu zuten.

Fabzavkomien arrakasta handi bat, martxoan zortzi ordutako laneguna lortzea izan zen; eta zenbait kasutan, fabrikako zuzendaritzari langileak ez botatzea edo berriak kontratatzea ere inposatu ziezaiekeen, kasu batzuetan fabriken administrazioa ere eramaten bukatu zutelarik; historiagileen arabera, fabriken %7-10 ingurutan hori gertatu zen (1917ko horniketa krisian askotan hori zen lana mantentzeko modu bakarra, 1917ko ekaineko Petrogradeko Fabzavkomien Biltzar Nagusiak esan zuen moduan). John Reedek esan zuen moduan, “antolakunde hauek espontaneoki sortu izan ziren, (otsaileko) iraultzak sortu zuen desordenaren ondoren industri-kontrola gauzatzeko helburua zuten. Komite hauek bide iraultzailetik enpresen jabe egin ziren, eta zuzendu egiten zituzten” (egia esan, enpresen zuzendaritza kasu batzuetan soilik eman zuten). Fabzavkomiak lehenbizi Estatuaren fabriketan sortu ziren (Richard Pipesen arabera “defentsa-sektoreko lantegietan sortu ziren lehenik”), administratzaile tsaristek otsaileko iraultzaren ostean lanpostua utzi zutelarik hauen hutsa betetzeko asmoz, baina laster enpresa pribatuan ere hedatu ziren.

Sobietak Gobernu-erakunde bihurtu ziren heinean (1917ko apiriletik aurrera) eta beren zuzendariek “Estatuaren” (hots, Estatu burgesaren eta berez burgesia inperialista gudukatzailearen) interesak defendatzen zituzten heinean, fabzavkomi zirelakoak, behe-mailako langileen ordezkariak zirelarik, langileen aldarrikapen erradikalen edota are aldarrikapen gardenen (politika-negoziaziotik pasatu gabeko aldarrikapenen) bozeramaile izan ziren. Beste arrazoi bat ere bazegoen honetarako: Petrogradeko Sobieta oso goiz bere Komite Exekutiboaren menpe geratu zen, ordezkari gehienek ia erabakitzeko-ahalmenik ez zutelarik. Komite Exekutiboa, esan bezala, alderdien ordezkariek eta ez hainbeste langileek bozkatutako ordezkariek osatuta zegoenez, alderdien interesak defendatzen zituzten intelektualen organo bat zen. Richard Pipesen esanetan, fabzavkomiak “hasieran programa moderatu batekin jaio ziren, baina gerora erradikalizatu egin ziren”.

Fabzavkomietan boltxebikeen eragina Sobietetan baino lehenago gailendu zen; adibidez, apirilean Petrogradeko Putilov fabrika handienean boltxebikeek eta aldekoek lantegi-komitearen kontrola lortu zuten, maiatz-ekainean egin zen Petrogradeko Fabzavkomien Biltzarrean boltxebikeek jada nagusitasuna zuten (Orlando Figesen arabera, maiatzean lortu zuten boltxebikeek fabzavkomietan gehiengoa), 1917ko ekaineko sindikatuen biltzar nagusian ordezkarien %36 boltxebikea zen (Biltzarraren antolatzailea Jakov Sverdlov izan zen, eta fabzavkomien idazkari nagusi gisa Mikola Skripnik aukeratu zuten, boltxebikeak biak), 1917ko abuztuko Petrogradeko Fabzavkomien Biltzarrak Alderdi Boltxebikearen VI Biltzar Nagusiko ebazpenak bere egin zituen eta Kieveko Fabzavkomien Biltzar Nagusiak ere hala egin zuen: 1917ko iraileko Konferentzia Demokratikorako fabzavkomi eta sindikatuen ordezkarien artetik, jada %58 boltxebikeak ziren, eta soilik %38 Gobernuaren aldeko alderdi sozialisten aldekoak. 1917ko urrian, Urriko Iraultza Sozialista baino pixka bat lehenago, Fabzavkomien Errusia Osoko Biltzar Nagusia burutu zen, 167 ordezkaritatik 96, bi heren inguru, boltxebikeak zirelarik. Richard Pipesen arabera, “fabzavkomiak izan ziren Errusia osoko mailan boltxebikeak kontrolatu zuten lehen instituzioa, Sobietak eta sindikatuak baino lehenago”.

1917ko Moskuko greba orokorra fabzavkomien bidez deitu zuten boltxebikeek. Fabzavkomien ordezkariak normalean ez zeuden alderdiei eta hauen kontsigna orokorrei hain lotuak, hau, mentxebikeen eta eseristen nagusitasun garaian (1917ko martxoa-abuztua) boltxebikeentzat abantaila bat izan zen. Trotskik honela azaltzen du prozesu hau: “Fabriketako Komiteak ez ziren espontaneoki mitinetan sortzen (…) Masek komite horietarako tinkotasuna, aktibitatea eta langile klasearekiko aldekotasuna frogatu zuten jendea aukeratzen zuten. Horregatik halako komite gehienak boltxebikeek osatzen zituzten. Sobiet kontzilaitzaileek ezin zuten fabriketako komiteen gainetik agindu (…)”.

Zenbait egileren arabera, 1917an, zenbait unetan, boltxebikeek, Sobietetan mentxebikeak eta eseristak nagusi zirelarik, langileriaren ordezkaritza-organo zabal gisa fabzavkomiak ezartzearen alde egin zuten. Honen inguruan baditugu Alderdiaren VI Biltzar Nagusian (1917ko uztail bukaeran), Biltzar horren arduradun nagusi izan zen Stalinek esandako esaldi batzuk: “Sobietak langile klasearen boterearengatiko erakunderik aproposena dira, baina ez dira erakunde bakarra (…) “Botere osoa Sobietentzat! kontsigna erretiratzeak ez du esan nahi langileen ordezkaritza-organo zabalen kontra gaudenik (…) Sobietak langileen boterearengatiko borrokarako erakunde eraginkor bat dira, baina ez bakarra (…) Sobietak formez aldatu baitezakete, edo forma berriak sortu baitaitezke”. Grigori Sokolnikovek ere antzeko postura bat defendatu zuen: “ez dakit zein argibide-liburu marxistan dakarren organu iraultzaile bakarrak Sobietak izan daitezkeenik. Bestelako erakunde batzuk ere izan daitezke”. Bubnovek ere antzeko ikuspegi bat adierazi zuen: “Sobietak boterera eramatearen kontsigna laga behar dugu (…) Baliteke Iraultzaren garapenean zehar behe-mailako klaseen aldarrikapenak hobe islatzen dituzten forma berriak agertzea, fabriketako komiteak, esaterako”. Hala ere, boltxebikeek sekula ez zituzten fabzavkomiak iraultzaren barruan botere-organu bezala izendatu; eta norabide horretan izan ziren proposamen edo iradokizunak 1917ko irailean itzali ziren, berriz “Botere osoa Sobietentzat!” leloa indarrean jarri zutenean (ordurako boltxebikeek Sobietetan gehiengoa izan zuten).

Sobietar Batasunaren garaian, fabzavkomi hitzak beste esaera bat hartu zuen: sindikatuen lantegiko zelulari deitzeko erabiltzen zen.