Brexko-Brexkovskaia, Jekaterina

Errusiar militante eserista, “iraultzaren amona” deitutakoa. 1844an jaioa (egun Bielorrusia den herri batean) izaki, XIX mendeko errusiar zirkulu iraultzaileetako beteranoa izan zen (1860ko hamarkadatik oposizio mugimenduetan zegoen, baserriguneetako eskoletan lan eginez konbentzitu zen ideia iraultzaileak hartzeko), eta tendentzia ia guztietatik pasa zen: liberalismotik, anarkismotik zein populismotik. 1873an anarkistekin bat egin zuen eta 1874ko mugimendu “herrizalean” parte hartu zuen (mugimendu horrek intelektual iraultzaileak baserrietara, baserritar gisan bizitzera joatea bultzatzen zuen) 1874an atxilotua eta espetxean kartzelaratua izan zen epaiketaren zain. 1878an epaitua eta Siberiara deportatua izan zen, zigor gogorra jarri zitzaion epaiketan izan zuen desafio-jarrera zela eta (ez zuen epaimahaia aintzatetsi); behartutako lanak egitera kondenatutako lehen emakumea izan zen. Honek, nolabaiteko fama bat eman zion emakume iraultzaile eta preso gisa, Century aldizkarirako George Kennan kazetariak ere elkarrizketatu zuen, honela Brexko-Brexkovskaiak nazioarteko fama lortu zuelarik. 1881an ihes egin zuen, baina berriz atxilotu zuten. 1896an, amnistia bat zela eta kartzelatik atera zenerako, jada kartzelako kideen eraginez populismoarekin edota honen ondorengo korronteekin bat egin zuen. Eboluzio honen hurrengo urratsa, 1901ean Alderdi Eserista (populismotik eratorria) fundatzea Viktor Txernovekin eta Grigori Gerxunirekin batera. 1903an erbestera joan zen, Suitzara eta AEBra. 1904an Alderdi Eserista ordezkatu zuen II Internazionalaren Amsterdameko Biltzar Nagusian. 1905ko iraultzan zehar berriz itzuli zen Errusiara, baina 1907an, Jevno Azef probokatzailearen erruz berriz atxilotua eta Siberiara bidalia izan zen (nahiz eta kasu honetan ere ihes egiten saiatu, 1913an, ez zuen lortu).

1917an iraultza gertatu zenerako, Brexko-Brexkovskaia agian ordura arteko Errusiako mugimendu iraultzailearen ibilbide osoaren “historia bizia” zen pertsona bakarra zen. 1917ko otsaileko iraultzaren ostean, bere ibilbide luzea eta bere adina zela eta “iraultzaren amona” ezizena jarri zioten. 1917ko apirilean erbestetik itzuli zenean, bere 73 urteetatik 44 presoaldian, deportazioan edo erbestean pasatu zituen (bere etorrera hain esperotakoa izan zen, ezen Behin-behineko Gobernuak kotxe berezi bat jarri zion). Alderdi Eseristaren barruan eskuineko ildoarekin (burgesiarekin koalizio-Gobernua egitearen, guda jarraitzearen, lurraren nazionalizazioa guda bukatu artean edo Asanblada Konstituziogilea bukatu artean atzeratzearen aldeko ildoarekin) erabat lerratu zen (ildo horretako beste askok baino joera gogorragoa erakutsiz gainera), batez ere Aleksandr Kerenski Lehen Ministroarekin –egia esan 1907an jada Brexko-Brexkovskaiak joera hau erakutsi zuen, eseristen eta kadeteen aliantza baten alde egin baitzuen-. Kerenskirekin izan zuen identifikazioa hain handia izan zen, ezen Alderdi Eseristaren III Biltzar Nagusian, Brexko-Brexkovskaia Komite Zentral Eseristako kide eta a aukeratua izan zelarik dimisioa eman zuen “Kerenskirekiko elkartasunez”, azken hau ez baitzen aukeratua izan. Biltzar Nagusi horretan alderdiaren ohorezko lehendakari izendatu zuten. 1917ko maiatzean, Baserritarren Sobieten Lehen Biltzar Nagusian, Komite Exekutiboaren kide aukeratu zuten. Kerenski babesteaz gain, guda inperialistan jarraitzearen alde eta boltxebikeak organo demokratikoetatik kanporatzearen alde egin zuen: uztailean Kerenskiri boltxebikeen VI Biltzar Nagusia desegiteko eta boltxebikeak legez kanpo ezartzeko eskatu zion. 1917ko Estatu-konferentzian Gobernuarekin lerratu zen. Halako muturreko jarrerek alderdiaren zatiketa eragin zuten, eta Jekaterina Breshko-Breshkovskaia geroz eta eragin politiko txikiagoaren jabe zen, nahiz eta bere kurrikulum iraultzailea zela eta, prestigio pertsonal handia mantendu.

Lenin Brexko-Brexkovskaiaren oso aurkakoa zen. Behin, artikulu batean “eseristen Plekahnov anderea” deitu zuen, Jekaterina Brexko-Brexkovskaiaren posizioa mentxebikeen buruzagi historiko Plekhanovek hartutako eskuineko ildoarekin konparatuz. “Plekhanov  eta Brexko-Brexkovskaiaren ildoa ez da demokrata-konstituzionalistengandik ezertan ere bereizten”.

1917ko Urriko Iraultza Sozialistaren aurka jarri zen, Asanblada Konstituziogilerako aukeratua izan zen eta 1918an Uraletako hirietan sortu ziren Gobernu zuri “demokratiko” batzuk babestu zituen, adibidez, Samarako Komutx edo Omskeko direktorioa. 1919an erbestera joan zen, lehenik Japoniara eta AEBra, non Armada Zuriarentzat laguntza topatzen saiatu zen, eta geroago, Frantziara, han Dni (“Egunak”) egunkari zuriarentzat idazten zuelarik. 1924an Txekoslovakiara, hain zuzen “Mendebaldeko Errutenia” deitutako eskualdera (eskualde hori egun Ukraina da). Han eskoletan klaseak ematera eta politikan (zentro-ezkerreko alderdi errusiarzale batean) sartu zen berriz. 1934an hil zen, 90 urte zituela.

(Anekdota: Bere alderdikide Viktor Txernovek kontatzen duenez, Brexko-Brexkovskaia, nobleziako familia liberal batean jaioa izaki, etxean frantsesez hezi zen. Frantziako sozialistei frantsesez egiten zien, baina frantses zaharkitu batean. Horrek bere “amona” erreputazioa handitu egin zuen).