Novaia Zhizn

Maksin Gorki idazlea, Novaia Zhizn egunkariaren zuzendaria, egunkari horren bulegoan.

Euskaraz, “Bizitza Berria” izenekoa, Maksim Gorki idazleak zuzendutako aldizkari bat izan zen, nahiz eta 1917ko bukaeran jada praktikoki talde politiko gisa funtzionatzen zuen. Langileen Egunean, 1917ko apirilaren 18an (Errusian orduan egutegi 13 egun aterago zihoan) sortu zen. Bere ikuspegiak gero eta gehiago, mentxebikeen ezker adarrarekin (Martoven adarrarekin) eta hein txikiago batean, boltxebikeen eskuin adarreko gutxiengoarekin (Kameneven adarrarekin) identifikatzen ziren. Gorkiz gain, Novaia Zhiznen polemistarik ezagunenak Nikolai Sukhanov eta Vladimir Bazarov ziren, biak ezker-ildoko mentxebikeak (hala ere, geroago Alderdi Boltxebikearekin bat egin zuten kazetariak ere bazeuden aldizkari honetan, Larisa Reisner eta Anatoli Lunatxarski, esaterako).

Novaia Zhiznen zuzendari Gorki eta Martoven ezker aldeko ildo mentxebikea posizio amankomun batzuek lotzen zituen: adibidez, bortizkeria iraultzailearen kontrako nolabaiteko posizio “etiko” edo “humanistak”, edota sozialismoa eraiki aurretik “masen hezkuntza” (“demokraziaren” bidez soilik lor omen zitekeena) aurrebaldintza bezala ezartzea (bi puntu hauek Leninengandik urrundu zuten Gorki). Bai Gorki eta bai Martov, gainera, Errusiak I Mundu Gudan  jarraitzearen kontra zeuden, horrek “Gobernuko sozialistengandik” (eskuineko eseristengandik eta mentxebike defentsistengandik) urruntzen zituelarik (hemen Lenin eta boltxebikeekiko hurbilago zeuden). Beste alde batetik, “boterearekiko” zuten kontzepzio negatiboak ere Gorki eta Martov (“Iraultzaren Hamlet”) elkartu zituen: biek uste zuten irteerarik onena alderdi sozialista sobietarren koalizio-Gobernu bat zela, baina betiere Asanblada Konstituziogilearen pe, hau da, Sobietek “Botere osoa” izan gabe (boltxebikeen ideiaren kontra). Martovek, adibidez, ezkerreko eseristak ez bezala, sekula ez zuen Alderdi mentxebikearekin harremanik hautsi, ezta ere, abuztuko kongresuan bere posizioak (guda uztea eta Asanblada Konstituziogilea deitu arte Sobietetako alderdien arteko behin-behineko Gobernua) alderdiaren zuzendaritzak ukatu egin zituenean.

Hasiera batean, Novaia Zhiznek nolabaiteko independentzia eta pluraltasuna mantentzen zuen, adibidez, Uztaileko Egunen ostean, Gobernuak boltxebikeen kontrako jazarpena deitoratu zuen, eta are boltxebikeen adierazpen batzuk atera zituen (eta horrek Kerenskiren Gobernuak egun batzuez aldizkaria ixtea ekarri zuen, eta uztailetik irailera Svobodnaia Zhizn –“Bizitza Askea”- izenburuaz atera zen). Baina geroz eta gehiago, esan dugun moduan mentxebike internazionalisten ikuspuntuaren bozeramaile izan zen. Kontuan izan behar dugu mentxebike internazionalistek ez zutela (ezkerreko eseristek edo Mezhraionkak ez bezala) euren ildoaren egunkari edo aldizkari bat, beraz Novaia Zhiznen “babes hartzeko” nolabaiteko “beharra” izan zuten. Aldizkari honek adibidez, 1917ko abuztuko mentxebikeen “Bateratze” kongresuan parte hartu zuen, Martoven sektorearen alde eginez.

Novaia Zhiznen politizazio edo alderdikoitzearen adibide bat dugu Stalinek, 1917ko abuztuko artikulu batean, Udal Dumetarako hauteskundeak komentatzerakoan “Novaia Zhiznen hautagaitzak” aipatu zituela, hauei “Boto bakar bat ere eman ez zezaten” eskatuz. Beraz, esan dezakegu ordurako talde politiko gisa funtzionatzen zuela Novaia Zhiznek. Lenin bera gero eta gehiago oldartu zitzaion aldizkari honi, Novaia Zhizneko jendea “sasi-internazionalista” eta “marxista, besterik ezean” bezala kalifikatuz. Leninek 1917ko irail-urrian idatzitako “Eutsiko al diote boltxebikeek botereari?” artikulu luzean Novaia Zhiznen oinarrizko ikuspuntuak kritikatu zituen. Novaia Zhiznen arabera, “mentxebikeek eta eseristek bakarrik jada ezin zuten gobernatu”; baina “Langileriaren eta nekazari txiroen gobernu bat” (hau da, boltxebikeena) ere ezinezkoa zen; sei arrazoirengatik: proletalgoa beste klaseengandik isolatuta zegoelako, proletalgoa demokraziaren “indar biziengandik” isolatuta zegoelako, proletalgoak ezin zelako teknikoki Estatu-aparailuaren jabe egin, aparailu hau hartzen bazuen ere ezin izango zuelako “martxan jarri”, egoera “ezin konplexuagoa zelako” eta “Kontrairaultzari berak bakarrik ezin izango ziolako aurre egin”. Leninek argudio guzti hauek ihardetsi zituen: Leninen arabera, jada prozesu iraultzaileak hainbeste egin zuen aurrera, ezen jada Errusia bi esparrutan polarizatuen (burgesiaren diktadura eta proletalgoaren diktadura), eta ez zegoen Novaia Zhiznek proposatzen zuen moduko tarteko proposamenentzako tokirik.

Novaia Zhiznen eta boltxebikeen arteko erabateko apurketa agian 1917ko urriaren 16an koka dezakegu. Egun horretan, sei egun lehenago Komite Zentral Boltxebikearen bileran egondako Kamenev eta Zinovievek bertan hartutako erabakia, matxinada armatua hastea, Novaia Zhiznen orrialdeetan salatu eta haizatu baitzuten. Novaia Zhizn Urriko Iraultzaren kontra agertu zen, iraultza sobietarra baino “alderdi bakar baten iraultza” bezala ikusten zuelako. Hurrengo egunetan “Vikzhel negoziazioak” babestu zituen, hau da, Gobernu alderdianitz bat (boltxebikeek, mentxebikeek eta eseristek osatutakoa) ezar zedin eskatu zuen (mentxebike internazionalistekin erabat lerratuta).

Mentxebike internazionalistek 1917ko azaroan euren alderdiaren kontrola hartu zuten, baina jada mentxebikeak oso ahulduta zeuden (gainera, Martoven alderdiarekiko kontrola ez zen mentxebikeek indartsu jarraitzen zuten toki bakarrera, Georgiara, hedatu). Martoven postura, Urriko Iraultzaren aurretik bezala, alderdi anitzez osatutako “Gobernu sobietarra” zen, Asanblada Konstituziogilearen subirautza pekoa (beraz, Sobietak honen azpian ezartzen zituen). Mentxebikeek Martoven pean, 1918an, Sobietetan gehiengoa lortzen saiatu ziren, matxinada armatu antiboltxebikeekin bat egin gabe. Hala ere, euren posizioa, jada ahula zena, gero eta ahulagoa egin zen.

Novaia Zhiznek 1918ko uztailean argitaratzeari utzi zion.